Nondik has ninteke istorio hau kontatzen ulergarriagoa
izan dadin? Agian berrogei urte atzerago Etxauriko Zerbinitoren azpian, Manu
Beriain eta Carlos Garcia irribarretsu eta pozik agertu zitzaizgunean, egindako
balentriaz harro. Edo, bide paregabe hau eskalatu ondoren, nire xehetasunak
kontatzen has ninteke, ba dago zer kontatu. Eta zergatik ez Nafarroako eskalada
gida berria eskuetan lehen aldiz izan nuenean, Xabierrek lanera ekarri zuen
eguna. Bai, une hori hartuko dut ardatz:
Ez da kritika bat, sentimendu bat baizik, tristura
sortzen didan begi-bistakoa, jabetua bai naiz, lurraren errotazioa bezala,
inertzia hau geldiezina dela. Baina honek ez nau axolagabe uzten, kontatzera
noa: gero eta handiagoak diren eskalada-gidak ikusten ditudanean, kirol berezi
honen bilakaeran garrantzitsuak izan diren eskalada bide batzuen istorio
txikiak lekurik gabeak sumatzen ditudanean, lerro eta zenbaki hutsetara
kondenatzen dituztenean, zalantzan jartzen dut egindako ahalegin guztiak,
pasatako beldurrak, merezi izan ote zuten.
Baina dena ez da denboraren amnesiaren kulpa, gauzak
besterik gabe aldatzen doazela, guk ere, gure jarrera arduragabearekin, erru
handia dugu. Bere garaian ez genituen eskalada asko idatziak utzi, krokis xume
bat ere ez genuen egin, garrantzirik eman ez geniolako galdu egingo dira.
Ez da ohikoa Etxaurira soka doble eta friend sorta
hartuta joatea, eskalada garbia eskaintzen duten bideak urriak dira. Xabier
Artolak ez zuen zalantzarik izan nire asmoak azaldu nizkionean motxila trastos
betetzeko, benetan eskertzen diot jestua.
Ez da bigarren luzearen kasua, arantzaz betetako
harria dauka, eskuak sartzea eskatzen duten eskalada pausuak; bide latz
honetatik jaisten zarenean, tigre batekin borrokatu zarela dirudi, eskuak eta
besoak odoletan izango dituzu.
Manu Beriainekin (Ordizia 1965) elkartu naiz
Ordiziako taberna batean, irrikitan nago entzuteko "En tu cabeza
rapada" bidearen lehen eskalada egin zutenaren xehetasunak. Manu 80. eta
90. urteetan Euskal Herriko eskalada panoraman punta-puntakoa izan zen, beste
bi Ordiziarrekin batera, Rikar Otegi eta Ramon Senperena, eta bere garaian
Daltonak egin zuten moduan, Goierriko herri txiki hau eskalada munduan ezaguna
egin zuten. Eskalatzaile indartsu honi zor dizkiogu esanguratsuak diren bide
askoren sortzailea izatea, adibidez; Jentilbaratzako Bimba Mazinga
suntsitzailea, berak dardara bat ere egin gabe aixa igotzen zuena. Baina, batez
ere, eta hau eskalatzaile gutxik dakite, Araotzeko korea sektorearen
bultzatzailea izan zen, lehena izan bai zen sabaia erraldoi horretatik
zintzilikatu eta bide bat ekipatzen, Panoramix berea dugu. Mito bat izan zen,
eta da, Manu, eskalatzaile generazio batentzat.
Irribarretsu eseri gara tabernaren izkinako mahia
batean, barre algaraz begiratzen ditu nire esku zartatuak; - Atzokoak ahal dira
zauri horiek?. - Bai, borroka latza izan uan.