2026(e)ko abuztuaren 22(a), larunbata

PICO RIGUELO - 3 Chaussons pour 2 Riguelos / Divine Surprise

 

Zorioneko ni. Ez nuke inolaz galdu nahi mendien gailur airosoei begiratzeak sortzen didan ilusioa. Urte luzez honelako lekuetan egoteko egindako ahaleginek balio izan dutelako ziurtasuna. Bizitzeak benetan pena merezi duenaren uste osoa.
Aurrean dut Lecherines, bere geometria zuzenaz harro. Harrizko dorre laukia, gailur ordeka misteriotsuaren zaindari. Aspeko hegoaldeko horma gorria ere hor dago, punta famatura iristeko, modu zailagoan bada ere, bide alternatiboak hartzea ez dela bizitza zailtzea xuxurlatzen, edertasuna bilatzea baizik.



Duela urte batzuk unibertso natural hau guztia kontenplatu nuen lekuaren frente nago, eta badakit egun horretan gaur ditudan sentimendu berberak izan nituela. Xabierrekin nintzen orduan, oraingoan Ikerrekin nago, abizen berdina izan arren ahaidetasunik ez duten bi Artola. Rigueloko pareta gris leuna zatitzen duen pitzadurak bide bat erakutsi zidan Tolosarrarekin nintzen horretan, zirrara eragin zidan harrizko mendi argitsu horrekin bat egiteko ildoa, paisaiarekin galdatzeko modua. Gero jakin nuen eskalatua zela. Ez nion garrantziarik eman, balio bera zuen. Gauza bakarra eskatzen nuen, bidearen funtsa, bere arima, eskalada hartan suntsitu ez izana.


Gaurko egunez, interneten, informazio ugari dago bide honi buruz, Divine Surprise. Ez dudana aurkitu, idatzitako hitz mordo horren artean, bat bera ere euskaraz izan da.
Agian, erabiltzen dudan datu-zerbitzariak zakuaren hondoan gordetzen dituelako gure hizkuntza gutxituan idatzitakoak. Egunen batean lortuko dugu parekotasuna. Hor euskaraz idatzitako kronika xume bat, pirineo guztian zehar oztoporik gabe hitz egin den hizkuntzaren edukiak gehituz joateko.


Ikerrekin ditudan hizketaldiak aberatsak eta sendoak iruditzen zaizkit. Elkartzen garen unetik, bueltan banatzen garen momenturarte, mila gaiez aritzen gara. Hiru hitzetan esanda, ez gara isiltzen. Riguelo ipar-ekialde hormaren azpira iritsi ginenean, magal harritsu pikoa igotzearen erruz arnasestuka, baina, jorratzen ari ginen gaiari eutsiz, bidean sokada bat sartua zela jabetu ginen. Konszientuki, buruan reset txiki bat eginez, hizkuntzaz aldatu genuen, eta nongoak ziren galdetu genion bileratik zintzilik zegoen neska irribartsuari. Bera Huescakoa zela esan zigun, eta pitzadura zabaletik gora zihoan mutila Errioxarra. Huescarrak, dedukzio ona erabiliz, - y vosotros no sois de Cadiz, bota zigun. Umore ona izan zen nagusi bide ederrean zehar partekatzea tokatu zitzaizkigun bileretan.


Asko gustatu zait bidea, JP. Rio eta F. Six zoriondu nahiko nituzke, maisuki jakin dute haitzean zintzelatutako bideari bere nortasuna mantentzen. Eskalada bide ederra sortu dute. 
Ez ditut bideak dituen lau luzeak banan banan zehaztuko, ez da nire estiloa. Bakarrik gustatuko litzaidake kronika honen irakurleari, bide hau eskalatzeko hautagaia izan daitekeen horri, mendi eskalada baten aurrean gaudela ohartaraztea. Bere harri aldakorrarekin, batzuetan delikatua. Intuizioa eskatzen duen trabesia luzearekin, zuzen gora segitzeko bihozkada eutsi beharra. Gailur batera iristen den ertz zorrotzarekin, gailurra ote den hain argi ez dagoena. Jaitsieraren zalantzarekin, rapelatu edo destrepatu, hor dilema.



 Eskalatzaileak ere jakin gainean izan beharko du Rigueloko horma txorien gatik erregulazio baten azpian dagoela, abuztuak batetik abenduaren batera ahal dela bakarrik eskalatu.
Gauza negatiboak esaten hasita, bi edo hiru eskalada luze gehiago egiteko gogoz geratzen dela bat aipatuko nuke. 


Azkar egiten den igoera izanik, denbora dago Aisako herriko plazako tabernan tragoa hartzeko. Hori egin genuen Iker eta biok, eta gu bezala txirrinduan pirinioak zeharkatzen ari diren bi txekiar. Europa ekialdeko bi gizon puska hauek egarri zirela bistakoa zen, tragoz edan zituzten zerbeza pitxar parea. Euskaldunak ginela esan genienean jakin-mina sortu zitzaien. Hondarribian hasi ziren pedalei astintzen, baina, sobrare, ez zuten aukerarik izan zituzten galderei erantzuna bilatzeko.
Zaila bada eguneroko gauzez zurea ez den hizkuntza batean hitz egitea, zer esanik ez gaia Euskal Herriko egoera soziopolitikora eramaten baduzu, hor amaitzen zaizkizu edozer gauzatarako dituzun hitz zerrenda, eta konturatzen zara hitz serioen falta duzula. Txekoslovakia estatu sobietarra izan zen. 1993an bi estatu independentetan banatu zen arte, Eslovakia eta Txekia. Europako bi herritar horiei frankismoaz hitz egitea ulergarria zitzaien, tiraniak ez du kolorerik, guztion aldarria duintasunez bizi ahal izatea da. Bi txirrindularien galderak gure, batez ere, historia odoltsuari buruzkoak ziren. Gure erantzunak, ordea, kezka adierazten zuten, beldurra etorkizun gertu batean ez ote diren berriro indarkeria lehertzeko baldintza berdinak ematen, faxismoa ate ondoan dugu. Bosteko bero batez agurtu genitun bi txekiarrak, gu etxera bueltatzen ginen, beraiek erantzun gehiagoren bila partitzen ziren.


Ezer ez da berdin. Astebetean bi aldiz etorri naiz Riguelora eta azken eskalada hau desberdina izan da. Aurrekoa paseoa izan zen, gaurkoan estutu dut. 3 Chaussons pour 2 Riguelos bidea eskalatu dut. Divine surprise bidearen sortzaile berdinak dira, Six eta Rio asezinak. 


Ni gehiago saiatu beharraren arrazoia ez da zailtasun tekniko izan, graduz eramangarriak ditut bide honen zenbakiak, hormak dituen zati auskorretan tentu handiz mugitu behar izan dudalako izan da nire estutasuna. Sortzaileek ez dute harri solte bat ere bota, eta hau deigarria egin zait. Lehen luzean izan dut ziurgabetasun sentsazio nabarmenena, bi murru tente pasatzeko garaian. Harri solte asko dagoen lekuak dira, helduleku fidagarri bat bilatu aurretik zalantzazko hamar ikuitu behar dituzun horietakoa. Ez da kostatzen, eta hau kexa bat da, sokan bigarren doan eskalatzaileak minutu batean egin dezake, zatia pixkabat garbitu, eta horrekin, sen onekoa iruditzen zaidan, bloke handi zalantzagarriak botatzea. Krokisa baten bitartez bidea eskalatzeko gonbidapena jasotzen dugunok eskertzen dugu. Edo idatziz jarri, abisua krokisean markatuz, hau ere egiten da.


Lehen bilera kokatua dagoen erlaitzera eskalada askean, eta zortez, luzea kateatuz iritsi naizenean, aurrera jarraitu edo eskalada bertan behera utzi pasatu zait burutik. Hasitakoa bukatzea gustoko dudanez, aurrera jarraitzea erabaki dut. Deliberamendu egokia, jarraian datozen bi luzeak onak bai dira.


Bigarren luzearen hasieran harrizko maila batzuk hartzen dira, eskuin aldera. Ondoren, haitz trinkoko zati bat gainditu beharra dago ezkerretara eginez. Bihurgune honekin bideak jarraitzen duen pitzadura sisteman zaude berriro. Eta hemen, deskribatu dudan zati honetan, sortzaileak zoriontzeko gogoa sartu zait. Zalantzaz blai eginda, horma konpaktuan heldulekuak bilatzen, espero ez dituzun lekuetan seguru onak sartzen, eskalada mugimendu ederrak egiten, zati ziurgabea pasatu dut. Eskarrikasko parabolta ez sartzeagaitik, boleto asko zituen leku aldrebes honek zulatua izateko.


Eskalada luze bat badago besteengandik nabarmentzen dena, hirugarrena da. Diedro erraldoi bat. Ziur nago bide hau zabaltzeko arrazoia hona iristea izan zela. Ederra da, gustagarria. Sortzaileak, bere abileziarekin, eskalada zuzentzeko gaitasuna du, nondik gainditu aurrean dituen zailtasunak, horrela utzi dute trazatua frantsesek, chapeu.


Azken luzeak, laugarrenak, bi orratzen arteko urkilla eder batean jartzen zaitu. Gustura nago, pixkabat harro, zergaitik ez esan, nik ere ez badiot garrantzirik ematen egin dudanari hobe dut uztea.
Terreno errazean, urkillatik metro batzuk jaisten zara ipar aristaren irteerako kanala hartzeko, zailtasun gutxiko eskaladan Rigueloko gailurrera iritsiko zara.
Denboraz nago Aisa herriko taberna bisitatzeko. Egun osoa daramat bakarrizketa egiten, nire gauzei buruan bueltak ematen, konbertsazio baten bitartez norbaitekin interaktuatzeko gogoa daukat.


Berandu ez den arren, sukaldea itxia dute. Nahi izan ezkero kroketak eskugarri ditudala esaten dit zerbitzari gazteak. Bakailua eta urdaiazpiko parea gustuz jango nituzkela erantzuten diot nik. Bitartean edaria ateratzen dit itxaronaldia eramangarriagoa egiteko. Bezero bakarra dago taberna koxkorrean. Nire ondoan dago mostradore aurreko ahulki luzean hesierita. Herrikoa dela bistakoa da, tabernako bezero fixoa. Ez zait kostatzen zein adina duen esatea ausartzen ez naizen gizonarekin hitz egiten hastea, gustuko duela nabarmentzen zaio. Nola ez, Oroel mendiko sutea jartzen dugu hizketa gaia. Larri ikusi duela Jaca esaten dit, aurreko egunean Oroel mendiko ipar magaletik sugarrak jaisten ikusi zituenean herriraino iritsiko zirela ez zuen zalantzarik izan. Herritarren artean kezka handia zen. Arratsean, ekaitza lehertu zenean, eta su frentea ia itzaltzeraino ahuldu, bera bezala bizilagun askok lasaitu ederra hartu zutela. Tabernaren babesean, iritzi bat emateko titulazio teknikorik behar ez den lekuan, Aisako bizilagunarekin bat egin nuen klimaren menpe gaudela ondorioztatuz, Oroeleko sua euriak itzali zuela, gizakiak ez duela modurik horrelako suteak amatatzeko, prebentzioa dela giltza. Hau hasi besterik ez da egin, Lurra gara, naiz eta batzuk burua Marten izan. 
























































2026(e)ko maiatzaren 4(a), astelehena

DRU - Lesueur bidea

 

Aurrean dudan orri zuria hitzez betetzen hasteko nire nahia zaila gertatzen ari zait, bidai zirraragarri honen bizipenak oraindik nereganatu gabe ditut. Azpimarratzeko gauza asko gertatu dira. Hauetako bat, dudarik gabe, eskalada da, bizia eta gogorra suertatu dena. Baina, Inorekin bidaiatzeak ba du beste alor bat, soziala, lagun artekoa, garrantzia handia hartzen du, eta hortik hasiko naiz, eskerrak ematen Chamonixen bizi den diaspora aktiboari. Hemendik eskertu nahiko nituzke, Marina, Carlos eta Ruth, gure galderen aurrean erakutsi duten pazientzia gaitik, eman dizkiguten xehetasun guztiak garrantzi handikoak izan dira, eskalada hau posible egin dute. Eta nola ez, Simon agurtu nahi dut ere, beste behin gizon puska bat dela erakutsi duelako, bere eskuzabaltasunak bidai hau ahaztu ezina bihurtu du. Zorretan gaude.


Euskal Herritik Chamonixerainoko bidaia pisua da. Hau ez da aldatu, asfaltozko kilometroak bata bestearen atzetik pilatzen doaz, gorputzeko poroak saturatu arte, eta porrot egiteko zaudenean, orduan agertzen da, urrunean, Mont Blanc, erraldoi zuria, eta duzun nekea kezka bihurtzen da, ondo aterako da gure asmo handiko nahia? Oraingoan, Dru orratz lirainaren iparrean, Lesueur bidea eskalatzea.


Mont Blanceko mendi zerra berezia da, mendi mekanizatuak dira hauek, makinek agintzen dute. Alpinismoa instalazio hauen inguruan egin da, teleferikoak igotzen zaitu, eta behin goran zaudela, hormetara iristeko modua bilatzen duzu. 
Ni, eta nirekin nire mendi materiala, zahartzen goazen eran, Dru orratzera iristeko modua aldatu da ere. Hiru alditan egon naiz horma azpian, eta hiruetan, leku desberdinetatik iritsi naiz. Claudiorekin batera, bide zuzen amerikarra bloke trabaturaino igo nuenean, Montembersko trenetik iritsi ginen. Ez ditut behatzak gorputzean pasatu diren urteak zenbatzeko. Keparekin berriz, ipar kanal bide klasikoa egitera etorri nintzenean, Les Grands Montetseko goiko geltokitik egin genuen. Gogorra izan zen. Inorekin berriz, Lesueur bidea egiteko, Bochard geltokitik izan da. 


Azalpenak eskatzen ditu Les Grands Montets eski estazioko Bochard geltokitik Drura egiten den hurbiltzeak, Carlosek azaldu zidan arte ulertzen ez nuena: 2018ko iraila 18an sutea egon zen Les Grands Montets geltoki batean, eta hau obretan dagoenez, teleferiko linea itxia dago. Beherago dagoen Bochard geltokia erabiltzen da orain gerturatzea egiteko, eta nire iritziz, hobeagoa da Drura iristeko. Les Grands Montets goiko geltokiko hurbiltzea, Verte mendiaren Sans Nom mendebal hormaren azpitik zeharkatuz egiten dena, behin eginda nahikoa da, ez du errepikatzeko gogorik ematen.
Bochard geltokira iristeko eskiak beharrezkoak dira, estazioko arauak dira. Bi geltoki arteko joan etorria, Lognan eta Bochard, egiteko erabiltzen dira, ez dute oinez zeharkaldi hau egiten uzten. Argentierren teleferikoa hartzen duzunean Lognaneko goiko geltokira igotzen zaitu honek, eta handik, eskiatzen, Bochard linearen hasiera jaisten zara. Azkenik, telekabina hau hartzen duzu goiko geltokira iristeko. Bueltatzeko, Bochardik Plan Joranera jaitsi behar duzu, eta han Argentierrera jaitsiko zaituen kabina hartu.


Ostiralean, apirilak 24, Les Grands Montets eski estazioa irekitzerako han ginen gu, aparkaleku hautseztatuan mendiko arropak janzten, goizeko bederatzietan zabaltzen dituzte instalakuntzak. Generamatzan motxila pisuetan izotz eskalada materialetik aparte; esan beharra dago, izotz torloju sorta txikia hartu genuela, soilik hiru, Lesueur bidea ez da izotz asko hartzen duen linea bat. Hiru gau pasatzeko jana garraiatzen genuen ere, kanping denda txikiarekin batera. Inok, mendi botetatik aparte, eski botak gainean zituen. Nik, ordea, mendi botekin konponduko nintzen, biziraute eski teknika erabili beharko nuen.


Eski taulak motxilan erantsiak genituela jaitsi genuen Bochard kanala, eta beheko elur zelai zabalean, hau gogorra zegoela ikusi genuenean, eskiak bertan uztea erabaki genuen. Oinez, kranpoiak jarrita, kanpamendura iritsi ginen. Hiru ordu kostatu zitzaigun hurbiltzea, eman ziguten tartearen barruan zegoen, ordu bat eta hiru ordu artean, luzeena noski. Zati hau seguruen egiteko goizeko freskura da, itzalean, arratsean eguzkiak jotzen du kanala eta hor egotea ez da batere gomendagarria. Zeharkaldia ere astuna gerta diezazuke eguzkiaren izpien azpian.


Dru azpiko harri bloke handia oraindik itzalean zegoela iritsi ginen. Nabariak ziren ordeka honetan eskalatzaileen aztarnak, kanping dendak jartzeko eginiko plataformak. Hauetako bat aukeratu genuen gurea muntatzeko. Eski parea eta zaku batzuk utziak zeuden baztar batean, norbait horman sartua zegoen, lokalizatzen saiatuta ere ez genituen ikusten.
Ez zuen asko iraun itzalaren hotzak, eguzkia Dru mendi-puskaren atzetik agertu zenean goxotasunak estali zuen dena. 


Aspergarria da ezer egin gabe egotea, derrigorrezkoa ordea hurrengo egunean, guk bezala, eskalada gogor bat aurreikusita baduzu, dendan etzanda eman genituen orduak. Ilunabarrak eskeini zigun ikuskizuna ikusteko atera ginen denda txikitik, txundituta, mendien atzeko zerumuga sutan kontenplatzeko.
Gaua ez zen hotza izan, goizeko ordu bietan esnatu ginenean ur botila ez zegoen izoztua. Lasai prestatu ginen borrokarako, ez genbiltzan presaka, tartez gindoazen, bi egunetan burutu nahi genuen Lesueur bidea. Baina honek badu prezioa bat, bizkarrarrean pixu gehiago eramatea, baldarrago eskalatzea.


Ino izan zen errimaia pasatzen lehena, izotz pitzadura azpitik ikusi nuen frontalaren argi dardartia nola txikitzen zen paretaren barnera sartzen zela. Ez da zaila lehen zatia, eskaladari erritmoa jartzen saiatzen zara, baina ez du asko irauten, oraindik ilun zela iritsi ginen murru tentera.
Krokisak markatzen duen lehen M6a da horma tentearen hasiera. Gauaren beltzduran ilun ikusten zen, izotz gutxi zuen, harri biluziarekin borrokatu beharko genuen izotz erremintak erabilita. Piolet eta kranpoiez egiten den eskalada mekanikoa da mixtoa deitzen duguna, zehatza, altzairu puntak doitasun handiz kokatu behar dira harriak dituen zulotxo eta erliebeetan, konfiantza behar da beraien tinkotasunaz sinesteko.


Bat bestearen atzetik zetozen eskalada luzeak, antzekotasun handikoak guztiak, errutina moduakoa bihurtu zen igoera. Tarteka, elur plaketan, trabeskak egin behar ziren bideak segitzen duen pitzadura nabarmena hartzeko. Hauetako elur tirada batean, eskuinetik ezkerretara egiten den trabeska luze batean, gorriak ikusi nituen. Egun batzuk lehenago, ustegabeko elurte batek, Dru zuritu zuen, elur zelai hauek kontuz ibiltzeko tokiak bihurtu zituen. Zenbakiz kokatzen ezinezkoa zaidan tirada horretan, haitz plakan erantsita zegoen elur soltearen gainean mugitu beharra nuen. Zaila izango dut bilera sarrera horretan sentitu nuenea ahaztea; seguru bat sartzeko haitza elurrez garbitzen ibili ondoren, konfiantza asko ematen ez zidan totem urdina sartzea lortu nuen, eta grabedadearen menpe utzi nintzen, elur soltean flotatzen, birikak hustuta, arnasa hartu gabe, jakitun, pisuz aparteko miligramos batek ekar zezakeela hondamendia.
Zenbakiz graduatzen zailak diren konpromezuko luze hauek, gradua finkatua duten beste batzuekin alderatzen baditugu, emaitza antzekoa da, ahalegin mentala eta ahalegin fisikoa eskalatzailearen nekean antzekoak dira, hustu egiten zaituzte.


Bideak duen lehen M7a kasu. Besoak sutan jartzen dizkizu, are gehiago guk garraiatzen genituen motxilekin ekiten badiozu, baina konpromezu aldetik ez da hainbeste, mina hartu dezakezun beldurra baztertuta, indarrean eta erresistentzian kontzentratzen duzu zure atentzioa. Poza handia hartu nuen kateatzea lortu nuelako.
Bigarren M7az antzeko idatzi ahalko nuke, gehituz, tximinia estu horretan motxilarekin aritzea, torturaren antzekotasun handia hartu zuela eskaladak. Pitzaduran ez gora ez behera sartuta rato luzea egon ondoren, kemen izugarria aterata, porrotari irabaztea lortu nion.


Dagoeneko arratsa gainean genuen, eta gaua pasatzeko ekipoa gurekin genuenez, atseden hartzera geratzeko desirak irabazi zuen, zailena non egitea zen. Kroisak bi lagunentzako bibak aukera markatzen zuen puntu batean, itxaropen horrekin aurrera egin genuen bi edo hiru luzeetan. Frustantea izan zen leku horretara iritsi eta elur pala zuri lisu bat aurkitzea. Zalantzak sartu zitzaizkigun, gorago izango zen?. Telefonoa hartu eta Marina deitu genion. Eskalatzaile madrildarrak, Ikerrekin batera, egun batzuk lehenago lortua zuen bidea egunean bertan eskalatzeko balentria. Marinak, oso adeitsu, hor zela esan zigun, beraiek bertatik pasatu zirenean bibaka egiteko erlaitza eraikia zegoela ikusi zutela. Asko pentsatu gabe pioletak hartu eta izotzean zulatzen hasi ginen.
Ez zitzaigun gaua luzea egin, Inok ametsak izan zituela zioen, konturatzerako Zervinia aldeko mendiak argitzen hasi ziren.
Indar berrituta altxatu ginen. Zaila dirudi metrora iristen ez den elur erlaitz batean etzanda gaua pasatu ondoren, amildegi ikaragarrian zintzilikaturik, deskantsatu daitekeenik. Hori zen, edo, haitz punta desiratura iristeko gure desirak gogoz eskalatzen hastea eragin zigula.


Ino izan zen lehena pioletak harrian kontra kamusten. Soka bildu zuenean nik segitu nuen optimismoz beteta, zailtasunak atzean utzi genituela sineskor nintzen. Ez zen horrela. Eskura ikusten genuen ipar kanalera iristeko beste horma zati tentea gainditu beharra zegoen. Harresi kilkilgarri horretan nabarmentzen da pitzadura orizontalaren tirada. Gainean generamatzan motxila astunak enbazuak ziren haitz plaka lisuan ikusten genuen arrakala zabala gainditzeko, itxurarekin bakarrik sumatzen genion borroka hori galdua genuela. Kalkulo mentala da hau, norberak daki zenbateko indar erreserbak dituen, eta, zenbateko kostoa izango den horretan tematzea, friendetatik zintzilik atzean utzi genuen harresi eginezina.


Buru argiarekin jokatu genuen, eskalada asko geratzen zen oraindik, zenbatzea ezinezkoa egiten zaizkidan tirada mordoa.
Eta bat batean ipar kanalaren ondoan ikusi genuen gure burua, eskura hainbeste desiratu genuen izotz bidea.
Delikatua suertatu zen trabeska bat egin ondoren lortu nuen kanalean bilera muntatzea, eta, segidan, konturatzerako, ensanblean atera behar izan nuen, tirada luzean, Inoren atzetik, lepoan zain nuen Errioxarra. Zein behatoki aparta, ze ikuskizun ederra, lehio naturaletik kanpo burua atera nuenean, Mont Blanceko elur zuriak nituen frente, izozki erraldoia, txundituta nengoen.


Ez dakinak daki ikastea zenbat kostatzen den. Gailurraren bila abiatu nintzen, nire aurrean altxatzen zen haitz punta tontorra zelakoan. Ez zizkidan gauzak erraz jarri harri kasko horrek, kostata, eskalada pauso neketsu batzuk egin ondoren, lortu nuen ondora iristea. Ino soka buru jarri zanean, eta harri bloke handiaren beste aldera pasatu zenean, konturatu zen hori ez zela punta, hau aurrerago zegoela, bikia zuen beste haitz batean. Bidea behetik zihoala ere konturatu zen, ikasitzat jo genuen lezioa.


Ezin dut deskribatu nire poza harrizko lautadan, amildegira begira, chamonix bailara oinetan, figura zuria ikusi nuenean. Dru mitikoaren punta zen hura, alpinismoaren historiarik epikoenak idatzi diren gailurra, dardarka hasi nintzen, asko zen niretzat. Harrizko mundu hori menderatzen duen dama zuriarengana hurbildu eta eskularruak erantzi gabe igurtzi nuen, hotz eta garbi sumatu nuen.


Alde batean jarri nintzen irudi erakargarriari gerritik helduz, Ino beste aldean zegoen, eta argazkia egin genuen, hirurok, Ino, gora begira dagoen emakume misteriotsua eta ni, elkartuz. Harrizko figura zuriaren begirada galdua segitu nuen, eta ikusi nituen, haizearen menpe gure gainean bueltaka zebiltzan bi aingeru koloretsuak. Zerura iritsi ahal nahiz?, pentsatu nuen.
Argazki kamerarekin argazkia egin nion txori erraldoi horietako bati, ederra iruditu zitzaidan eszena, Mont Blanc atzean zuela pasatu zen nire aurrean.


Arratsa joan zitzaigun gailurrean, eta ipar kanaletik behera rapel egiten. Ilunabarrean, zerumuga berriro su gorri koloretan zegoela, iritsi ginen kanpamendura. Telazko denda txikian deskantsatzea, lo egitea, zen gure saria. Hurrengo egunean ibilitakoa desegitea besterik ez zitzaigun geratzen.

Mikel Martiarenak Pyrenaican argitaratutako kronikatik ateratako krokisa

Igande goiza zen. Argentierra jaisten ari ginela, mendiko koktela dosi perfektuan, nekatuak bi eren, eta oso pozik erena, Simonen deia jaso genuen. Bere etxetik pasatzeko zioen, parrilla martxan jartzen ari zela. Aldatzeko ia denbora hartu gabe, eta hiru eguneko gosea gainean genuela, Errioxar handiaren etxean azaldu ginen. Sartu eta berehala nabaritu genuen goxotasuna, ongi etorriak ginela. Mont Blanc bistan duen lorategi kuttunean, itzal suspergarri baten azpian, mahia handiaren bueltan, guri begira zeuden aurpegi irribartsuak dena esaten zuten.
Gailurrean ikusi zaituzte, bota zuen bat batean Simonek, Cloe eta Hugo seinalatzen zituen. Ezin nuen sinetsi, aurrean nuen bikote jatorra ordu batzuk lehenago gure buruen gainean hegan ibili zirenak ziren. Barrez lehertzen ari nintzela eman nien nire bosteko beroena, merezi zuten. Zein txikia geratzen ari zaigun mundua. Festa hasi baino ez zen egin.