Huandoyko esperientziaren ondoren, hurrengo urtean, Perun nintzen berriro. Oraingoan bakarrik egiten ari nintzan bidaia. Aritza Monasteriorekin hitz egina nuen sokadan aritzeko. Saiatuko zen bere lan agendan zulotxo bat bilatzen.
Hiru asteko bidaia nuen aurretik, laburra paraje hauetan eskalatzeko,
nahikoa familia konpromisoa duen batentzat. Denboraz larri ibili behar
nintzenez, esperimentu bat saiatu nintzan egiten; Hondarrabiako kiroldegian
hipoxia sesio batzuk hartu nituen etxetik aklimatazioa eramatearren. Emaitzak
ez ziren espero nuen bezalakoak izan, naiz eta berehala hasi nintzen alturan
ibiltzen, gaitza sintomak latz jasan nituen.
Bidaiaren gora beherak kontatzen hasi aurretik, Aritza eta bere familiari
eskerrak eman nahi dizkiet, bereziki bere emaztea den Giselari, etxean bezala
hartu ninduten, zorretan nago zuekin.
Betidanik gustatu izan zait arin bidaiatzea, minimalista izatea bidaiaren
alor guztietan, espedizio planteamenduetan ere. Motxila egiteko unean oso
beharrezko ditudan gauzak sartzen saiatzen naiz, eta, joan-etorriak garraio arruntetan
egiten, era horretara, nire bi pasioak, mendia eta bidaia, uztartzea lortzen dut.
Beraz, uztaileko goiz epel batean, Ordiziako autobus geltokian, motxila oinetan
zutik nuela, hegazkinean arazorik gabe sartzeko pisuz ongi neurtua, Barajas aireportura eraman behar ninduen
garraioa itxaroten nengoen. Sorbaldan zintzilik bidai osoan bistatik galduko ez
nuen motxila txikia neraman ere, balorezko gauzez betea, argazki makina,
pasaportea...
Arazorik gabe, ordutegiaren barruan, iritsi nintzen Lima. Oraingoan zuzen
joan nintzan aireportutik autobus geltokira, aurreko urtean ordu txikietan
iritsi ginenez Miraflores auzoan pentsio batean egin genuen gau.
Beti harritu nau Peruk, eta oraingoan horrela izan da ere. Autobusera
sartzerakoan, bidaiari guztiei, bideoz grabatu gintuzten. Arrazoia; azken
aldian gertatzen ari ziren erasoak. Dirudi, lapurrek, kide bat sartzen dutela
autobus bidaiarien artean, eta honek, une egokian, gidariari autobusa
gelditzeko eskatzen dio, eta orduan gertatzen da erasoa, lapurrak bere ezkutalekutik
atera eta oldartzen dira.
Huarazera iritsi nintzenean ez nuen Aritza monasterioren helbideaz
galdetu behar izan, aurreko urteko oroitzapenak fresko nituen oraindik.
Berezia da Aritzaren etxea, nahastezina, garbi dago Euskaldun bat bizi
dela bertan. Berak diseinatu zuen etxea, baserri baten tankera du, teilatuaren
okertasunetik hasi, horma sendoetaraino, bitxia ondoko etxeekin parekatuta.
Ez da hotela, erresidentziala baizik, ingelesek guesthouse deitzen duten
horietakoa. Honelako ostatuetan familiak eta bezeroak etxea partekatzen dute;
egongela, sukaldea, jangela. Beraien kasuan, logela da intimitate pittin bat
duten lekua bakarra. Aritza, Gisela eta Zuhaitz semeak, mundu osoko bezeroekin
partekatzen dute beraien etxea.
Lehen egunak, Aritzak lana zuenez, inguruetako tontorretara igotzen pasa
nituen, Huarazen ongi sentitzen nintzen arren, garbi nuen etxean eginiko
aklimatazio saioak ez zirela eraginkorrak izan.
Aritzak planifikatuak zituen burutu behar genituen irteerak. Lehena Ulta
mendiaren hego paretan bide berri bat zabaltzea zen, aspaldidanik begi puntuan
zuen horma zen hau.
Kolektiboa hartu genuen hurbilketa egiteko, Huaraz - Chacas bidea egiten
duen garraio publikoa ain zuzen. Gidariak, Aritzaren esanahia betez, bidearen
puntu zehatz batetan utzi gintuen. Egunaren azken ordua zen, laster ilundu
behar zuen, inguruan lo egitea erabaki genuen.
Gau itxian, lo zakuaren epeltasunean ametsetan geundela, iskanbila hotsak
esnatu gintuen, gizon talde bat zen oso jarrera urdurian. Ganadu lapurrekin
nahasi gintuzten, azalpenak eman behar izan genien bakean uzteko, une latzak
izan ziran.
Ikaragarri ederrak dira paisai Andinoak, mendi pikotx elurtuak ur putzu
gardenetan islatzen direnean, ez dago parekorik.
Altuerak, eta bizkarrean neraman zamak, ordaina eskatu zidan, leher
eginda iritsi nintzen morrena gaineko kanpamentura, 4600 metrotara geunden.
Gorputzak eskatu ez arren, saiatzen naiz edaten eta jaten, ez dago beste aukerarik
indarrak berreskuratu nahi badira.
Hurrengo egunean trasteak bildu eta, glaziar nahasia
gurutzatu genuen, denbora dezente eraman
zigun eginkizun honek. Arratsa aurrera zihoala gaua pasatzeko leku bat prestatu
genuen horma azpian, 5100 metrotara.
Zaletasun handia behar da, edo, burugogorra izan, nik pasatu nuen gaua
txarraren ondoren, eskaladarako tramankuluak hartu eta horman sartzeko. ez
nengoen ongi, baina ez nion Aritzari hutsik egin nahi.
Kondizio txarrak topa genituen paretan, elur asko eta transformatu gabea, oso
nekagarria zen paretari metroak irabaztea. Erresalte tente batetara iritsi ginen
izotz ustelduz estalia, ez zuen inongo sendotasunik izotz honek, segurtasuna hutsaren
hurrengoa zen. Egoera aztertu eta gero, gure nahiaren kontra, buelta
hartzea erabaki genuen.
Egunak nituenez oraindik eta Aritzak lan ajendan tokia, Huayhuas
mendietara joatea erabaki genuen. Rondoy-ko mendebal horman izotz bidea
zabaltzeko asmoarekin. Aritzak ikusia zuen marra, berak zioenez ez zegoen
aurretik biderik zabaldua. Genekienez saiakera bat egona zegoela, Marc Richley
eta beste kide Estatu Batuar baten eskutik. Kondizio exkaxak zirela eta, gau
bat paretan pasa ondoren jaitsi egin omen ziren.
Ande mendiak, Perun, kordilleraz betea dago; Cordillera Blanca,
Cordillera Chila, Cordillera Vilcabamba... asko daude, Rondoy mendia
Cordillera Huayhuasen dago.
Cordilleras Huayhuas ezaguna da bere edertasunaren gaitik, eta mendi
multzoari buelta ematen dion trekkina asko egiten da. Punturik altuena Yerupaja
mendia da 6635 metroekin, eta Rondoy mendebal hormara inguratzeko azken herria
Llamac genuke.
Llamac herri txiki bat da, nekazari eta ganaduzalez osatua, kaletan
entzuten den hizkuntza Quechua da. Aritza eta biok, Ulta mendian egin genuen
bezala, garraio publikoaz bidaiatu genuen Huayhuasera ere, hau da, colectibo
deitzen dieten furgoneta erabiliz. Llamacen Aritzaren lagun arriero baten
laguntza lortu genuen, Jahuacocha laku miragarriaren inguruetara zama
garraiatzeko, Rondoy mendiaren mendebal aurpegi azpira.
Zaldi bat nahikoa izan genuen materiala garraiatzeko. Animaliaren albo
bana gure motxilak zintzilik zituela, ekainaren azkenetan, goizeko freskotasuna
lagun, bidearen lehen malda astunak igotzeri ekin genion. Askotan galdetu
izan diot nire buruari zeintzuk izaten diren mendi bidai batetako une
atseginenak. Mendiaren eskalada da bidai batetan momentu garrantzitsuena, baina
atseginena hori al da? Nik, Rondoyn bizi nituen egun errepika ezin horietako
momentu gozoenak, Jahuacocha lakura egin genuen ibilaldian izan nituela ez dut
dudarik. Dagoeneko altuerara ongi egokitua nengoen, eta horrela, paisai
paregabeak eskaintzen ninduen xarma oztoporik gabe dastatu ahal izan nuen,
sentsazio atseginez blaitu arte.
Jahuacocha laku inguruan uda garaian bizi diren artzain
eta nekazarien begiesteak hunkitu ninduten, antzinara bidaiatzera bezala izan
zen, gizartea naturarekin harmonian bizi zen garai batetara.
Jahuacocha lakua zeharkatu genuen ezker aldeko pendizetik, Llamac herriko
lurrak omen dira eta guk zeharkatzeko baimena genuen.
Zorte ginen, urte horretan Rondoy mendiaren mendebal pareta era bat zuri
azaltzen zen, jakin behar genuen kapa fin hori izotza ala elurra zen.
Mendia gure aldeko izan genuen, pareta kondizio ezin hobean zegoen.
Non-stop eran saiatu genuen pareta eskalatzen; arintasunak, eta, azkartasunak, azken finean segurtasuna eskaintzen dutelako.
Glaziar zapuztuan gau pasatu ondoren, eguna oraindik
argitzea zela, Rondoy mendiaren mendebal aurpegiko kanal zabala eskalatzeari
ekin genion. Hasi eta metro gutxira utzi genion ensanble teknika erabiltzeari,
pentsatu genuena baino teknikoagoa zen lehen zati hau.
Kanalaren ondoren horma tentetu egiten da, izotz
bertikala eskalatu behar izan genuen zati honetan, kalitate handiko izotz
jauziak.
Zati hau pasatu ondoren, dagoeneko horma erdia egina
genuen, gailurrera daramaten elur kanalak hasten dira, zein kanal hartu da
zalantza hemen, eta or egon daiteke
eskaladaren arrakasta. Elur kanalan gaua
egin zitzaigun, arista azpiko kornisa izugarriaren azpian geunden. Nondik
jo ez genekien. Gure frontalen argiak ez zigun aukera handirik ematen. Bertan
gaua pasa eta egun argiz saiatzea apustu arriskutsua zen. Era bat
deshidratatuak geunden, gau jelatua pasatzeko ekiporik gabe, gure
osasunari gailurrari baino garrantzi gehiago eman genion. Beraz, bide berria
bai, baina gailurrik gabekoa suertatu zen ihardura hau, jaistea erabaki genuen.
Errapelatzen
gau osoa igaro eta gero, goiza aurrera zihoala iritsi ginen glaziarrean kokatua
genuen dendaren berotasunera. Bagabiltza izenez bataiatu genuen gure
igoera. Konpromisoan VII gradua dauka, 5 gradua zailtasun teknikoan, hori da
gure proposamena.