Elurretan arrastoak aurkitzea, negu gordinean,
lau ordu pasa martxa oinetan daramazula, mendiaren handitasunaren barruan, zure kokalekua garbi ez duzula, zorte bat da.
Aztarna hauek arrasto sinple batzuk baino gehiago dira, bide bat markatzen dute, handik norbait pasa da. Momentu horretan ia ez zaude hain
bakarrik, aztarna batzuk aurkitu dituzu elurretan, honek itxaropena ematen dizu.
 |
Nik segitutako planoa.
|
Mulhacen
mendia neguan eta egunean bere iparretik igotzea ez da lan makala. Zazpi ordu behar izan
nituen nik Iberiar peninsulako gailurrik altuena den punta zapaltzeko, eta beste lau ordu luze furgonetara berriro
bueltatzeko. Bi mila laurehun metro desnibel positibo gainditu behar izan
nituen bide amaiera gabe batetan, hemezortzi kilometroko distantzia joanean
bakarrik. Gainera, honi gehitzen badiozu neguko baldintzetan zela, eskiak bizkarrean
eraman nituen tramo luze eta naketsuan bide bazterrean utzi nituen arte, gero, aurrerago, elur sakona topatu nuen une
batzuetan damutu ere egin nintzen eskiak utzi izanaz. Bi piolet eramaten
nituen ere, hasierako asmoa Mulahacen ipar korridorea igotzekoa zen, granpoiak eskizko
botei jartzeko, jana eta arropa. Gauza guzti hauen pisua zenbatuz motxilaren zama hamar kiloak errez gainditzen zituen.
 |
Pico Juego de Bolos.
|
Guejar
Sierra herrian dagoen Barranco de San Juan parajean hasiera eman nion erronka honi. Goizeko bederatziak ziren. Vereda de la estrella bidea hartu nuen. Bidea
ona da, gozatzekoa beste egoera batetan izango bazen, oso desnibel gutxi gainditzen du
kilometro luzeetan. Genil erreka jarraitzen du bideak arroila estu batzuetatik.
|
Pico Juego de Bolos arista.
|
Elurra ukitu nuenerako hiru orduko martxa neraman egina, ordurako eskiak utziak
nituen bide bazterrean. Elurra biguna zegoen hasiera honetan, tarteka ia
belauneraino sartzen nintzan, honek izugarrizko nekea eta frustazioa sortu zuen nire asmoetan, damutua nengoen ordu erdi lehenago eskiak utzi izanaz. Kostata lortu
nuen zati horiek gainditzea, eta, ipar hormako maldak igotzeari ekin nion. Alcazaba
mendia nire ezkerrera azaltzen zen airoso. Gainean pareta izugarri bat
nuen, Mulhacen mendiarekin erratu nuena. Orain, etxean, internet laguntzarekin,
Pico Juego de Bolos 3018m dela dakit. Elur malda tenteak hasi zirenean eskuinerantz jo nuen kanal nabarmen bat
hartzera. Han topatu nituen idatzi honen hasieran aipatu ditudan arrastoak, Pico Juego de Bolos ipar arista zorrotzean. Hanka sartu nuela jakitun izan nintzan momentu horretan, baina, haserretu partez, lekuaren edertasunak hunkitu ninduen, eta, aztarna haiek jarraitzeak, bihotza alaitu.
 |
Arista goitik.
|
Ez zen
xamurra izan aristatik igotzea, haitz bloke erresalteak gainditu beharra zeuden
koherentzia gutxi zuen elurretan. Arista hau 1962ko Olmedo-Guardia bidea
omen da. Juego de Bolos gailurrera
iritsi nintzenean ikusi nuen Mulhacen ipar korridorea, nire aurrean zegoen ni tentatu
nahian. Berandu zen, eta, oso nekatua nengoen, Mulhacengo ipar korridorera aldera jotzeak bailara behera trabeska luzea egitea suposatuko zuen. Imanak bezala erakartzen zizkidaten arrastoak segiz Collado
del Ciervo deritzon lepora heldu nintzan, arratseko hirurak ziren. Nire
ezkerretara, elur malda luze baten bukaeran, Mulhacengo gailurra zegoen.
 |
Mulhacen gailurra Collado del Ciervo-tik
|
Collado del ciervo lepoan sobran ziren gauzak utzi nituen; pioletak, termoa, arropa batzuk, arinago
behar nuen ibili. Gogorra egin zitzaidan gailurrerako azken zatia, maiz
deskantsuak hartu beharrean izan nintzen. Objektiboak jartzen nituen, -harri
artaraino iritsi eta deskantsua hartuko dut- . Himalaiako igoera baten zentzua
hartzen hari zen erronka. Arratseko lauretan gailurrean nintzan. Kataluniako
bikote bat zegoen Mulhacengo puntan, eskiekin egina zuten igoera, hego aldetik,
Poquieira aranetik. Piku lehor batzuk eskaini zizkidaten, nik gustura hartu
nituen. Hizketa saio labur bat egin ondoren jaitsierari ekin nion.
|
Ibereriar peninsulako gailur altuenean.
|
Azkar iritsi nintzan collado del Ciervo lepora berriro eta, gauzak bildu nituen motxilan. Ez nuen igoerako bide berdina
erabili jaisterakoan, zuzen bota nintzan maldan behera Valdeinfierno arana hartzeko asmotan. Une
batzuetan elur sakona zegoen, or hasi ziren benetako arazoak, kalanbreak bi
izterretan. Ingeetako giharrak gortu egiten zitzaizkidan, eta, beldur nintzen,
ez zen lekua eta momentua ligamendu haustura bat izateko. Zati sakon horiek
pasatzean, elur sendora iristen nintzenean, lortzen nuen pausoa egokia mantentzea. Asko sufrituta Valdeinfierno
errekatxo bazterrera iritsi nintzan, hemen elurra ez zen hain sakona, hobeto
mugitzen nintzen. Eskiak zeuden lekura ailegatu nintzenerako iluntzen ari zuen.
Azkar, botak aldatu nituen, eta, eskiak motxilan kokatu, frontala ere
atera nuen. Eroso nijoan bidexkatik behera, oinak erantzuten ari zitzaizkidan.
Bide zidorra zabaldu zenerako gaua egina zegoen jadanik, frontala pizteko alegiña
egin nuen, ez zebilen. -Erabili nuen azken aldian ongi zihoan eta!!! Ez zegoen errukitzeko
astirik, furgonetara ailegatzeko geratzen ziren hamar kilometroak ilunpetan
egin beharko nituen. Iluntzeko zortzietan furgonetaren babesean nintzan
berriro.
Nahi izan ezkero
xamurrago egin ahal izago nuen. Mulhacen
ipar kanala igotzeko erarik komodoena Poqueirako aranetik da, Alpujarratik
igota, Sierra Nevadako hego aldetik. Poqueirako aterpea hartuz, collado del Ciervora iritsiz, soilik jatsiera errez bat geratuko litzaiguke ipar kanalaren
hasiera bitarte.
Urrunetik ikusitako imajenak erakarri zidaten niri, Mulhacen mendiaren ipar horma itzalean, tente, elur zuri marra fiña haitzean markatua, segi behar nuen bidea adierazten zidan. Atrakzio horrek zuzen tiratzen zidan, pioneroen garaietan bezala, esplorazioa eta alpinismoa bat zen egunetan bezala.
Granadan egin dudan egonaldi honetan, haitzean
eskalatzeko aukera izan dut ere. Oso leku onak ditu Andaluziako probintzia honek kirol eskalada
egin ahal izateko; Cahorros, Moclim, Vados, Cogollos… Bakarka edo lagunekin
eskalatu ditut kalitatezko bide asko, gainera, bertako jendea segituan prestatzen zen ni aseguratzen
laguntzeko. Chemari eta Olatz animatu ziran eskola hauetan zehar beraien oporrak disfrutatzeko ere, pare bat alditan kointziditu dugu.