2015(e)ko urriakren 22(a), osteguna

HIGH SIERRA - Bidaia



   Sentitu al duzue inoiz, klaustrofobia? Nik motel batetan sartua nengoela pairatu nuen, Reno hirian
   Bakarrik nengoen, horrela bidaiatzea erabaki nuelako. Planak okertu egin zitzaizkidan eta, lo egiten ez duen hiri horretan egonaldia luzatu behar izan nuen. Eta amets gaiztoaren gauean; bihotza azeleratu zitzaidan, ezin nintzan ezertan kontzentratu, gelako paretak kartzela bihurtu ziren. Leihora joaten nintzen argitasun bila, eta, ikusten nuen panoramak ez zidan batere laguntzen; motelaren frente nuen Sands kasinoko parkingean, poliziak miaketak egiten zituen. Kale ilunean, ordu txikietan, zeuden pertsona bakanak, norabiderik gabe zijoazen, espektroak moduan. Nire buruari yonki baten tankera hartu nion, lau pareta barruan giltzaturik bere heroina dosiaren eske zegoen gizajoa nintzen. Inoiz pasaturik baduzue antsietate krisi bat, ez dizuet desiatzen.




   Nevadako hiriburuan gertatu zitzaidan, Bishopera eraman behar zidan autobusak tiratua utzi ninduen, bi egun pasa behar izan nituen jokoaren kapitalean.




   Reno kasinoz beteta dago, izugarrizko eraikinak dira; Circus, Sands... bereganatu dute hiriaren ezaugarria. Inoiz lokartzen ez den hiri bat da, egunez edo gauez pareko dira. Baina, nik uste aurreratu egin naizela, hasieratik hastea hobea izango da.




   Bidai honek bi funtzio bete nahi zituen; alpinistiko aldea, eskalada zoragarriak daude Kaliforniako High Sierran, eta, bidaiari sentitzeko desioa bestetik, nire erritmo eta beharretara libre, garraio publikoa erabiliz. Lortu nuen.
   Sierra Nevada mendi zerraren ekialdeari, High Sierra deitzen diote, eta, gailur garaiena, Mount Whitney 4421m da. Mendi dotore honek, inguruan dituen besteekin batera, ipar aldera erakusten duten itxura, eskalatzaileen begietarako, txundigarria da. Granitozko mendi eta dorreak dira, zeru urdin argitsutik, bapatean, basamortu zabalera amiltzen direnak. Lur lehor horietan, Bishop, Lone Pine, Big Pine, Bridgeport daude. Herri hauek dira mendi eta pareta zoragarri hauetara gerturatzeko puntuak.

  


   Ehundaka western filmetan azaldu diren paiasaiak dira hauek, nire ume garaietan, larunbat arratsaldero, ikuskatzen nituen pelikulen lekuak. Zuri beltzezko telebistan botatzen zituzten filmen grabazioak hemen eginak dira. Heroi gogor eta garratzak, John wayne modukoak, pistola soinean zutela, bata besteak akabatzen zuten inungo gupidarik gabe.



   Sierra Nevadako ekialdea US 395 errepideak zeharkatzen du. Estatu batuetan errepideen izenak garrantzi handia dute, batzuk mito ere egin dira. Errepide hau ikaragarri luzea da, bi mila kilometro pasa ditu, Kanadan hasi eta Mexiko mugan bukatzen da, Estatu Batuetako mendebaldea, iparretik hegora, zeharkatzen du. Errepide honen zati txiki batean dago Hight Sierra zoragarria.



   Nik, eskalada bidaia hau prestatzeko, Chris MacNamara eta McKenzie Long-en “High Sierra Climbing” liburua erabili nuen. Eskalatzaile famatu hauek, oso begi onez, inguru hauetako eskalada bideen aukeraketa bat egiten dute. Berrogei bide proposatzen dituzte mendi zerra osorako, plazer hutsa dira eskalatzaileen zentzumenerako.

Mount Whitney eta ekialde ertza

   Autaketa horietako bi eskalada bide egin ditut nik; Mount Whitney mendian dagoen, east buttress ertza, eta, Incredible Hulk horman, Red dihedral ikusgarria. Bi bide hauek deskribatzen saiatuko naiz.


Mono village campgraund
   Mount Whitney, bere 4421m-ekin, Estatu Batuetako behe 48 estatuen mendirik garaiena da, hau da, Alaska estatua kendu eta beste guztiak hartuz. Altuena izate horrek, leku denetan bezala, jende andana erakartzen du, mendizale orok mendi garaiena igo nahi izaten du. Hau ikusirik, Sequoia National Park and Inyo National Foresteko buruek, baimen bat ezarria dute mendia igo al izateko, egunero pertsona kopuru batetara mugatua dago sarrera. Imajina dezakezue udan ia ezinezkoa dela baimena lortzea, jakinda gainera denbora dezente aurretik internetez erreserbatu daitekeela, ziurtasun handirik gabe jendeak eskuratzen du eta, are gehiago zailtzen du honek baimena lortu al izatea. 



Whitney eta Needles

   Hori, zorionez, Whitney Trail bidean gertatzen da, oiko bidean alegia. Eskalatzaileak beste bide bat hartzen dugu pareta ikusgarri hauetara hurbiltzeko, North fork of Lone Pine bidea. Hemen, naiz eta erregulatua egon, beste irizpide bat segitzen dute Rangerrak, eskalatzaileak ez omen gabiltza hain tropelean. 




Ekialde ertzean

   Errazena, baimena lortu ahal izateko, Mount Whitney eskalada egunean egitearena da, igo eta jaitsi egun berdinean. Oso indartsu eta altueran ongi egokitua behar duzu egon era honetara eskalada burutzeko. Beste aukera horma azpian kanpa egitea da, hemen, segun ze garaietan, juxtu xamar ibili dezakezu baimena lortzeko.



Ekialde ertzean

   Nik eskalada urrian egin nuenez, ez nuen arazorik izan baimena lortzeko. Kontran, urte sasoi honetan, zorte gehiago behar duzu eguraldiarekin izan. Elurtua topatu nuen nik ingurua, eta, emana zegoen eguraldi iragarpena ez zen adore ematekoa.



Ekialde ertzean

  Kontuan izan beharreko beste puntu bat hartzena da. Basozainek oso serio dute gai hau. Dirudi, hartzek, jan usainean ibiltzen direla eta, edozer egiteko kapaz omen dira mokadu bat lortzeko. Bitxikeri bezala, Bridgeport herriko Rangerak, Incredible Hulk paretarako baimena betetzen ari nintzela, ea hartzetatik babesteko armarik eraman behar nuen galdetu zidan. Hau, guretzako, astakeria da, baina, Ipar Amerikan ba dakigu… 
   Oikoena, hartz erasoen kontra, jana plastikozko zilindro sendo eta astun batzuetan sartzea da, Rangerrak eskuratzen dizkizute tramankulu hauek. Nik zorionez ez nuen hartzekin problemarik izan. 



Mount Whitney gailurrean

   Beleek berriz bai egin zizkidaten bihurrikeriak. Mount Whitney ekialde ertzaren kanpalekuan nengoela, hartzetatik nire burua babestu nahian, jana arroka handi batean zintzilikatu nuen eta, eskalatzera joan nintzan. Hartza ez zen agertu, beleak bai ordea. Dena jan zuten, ez zidaten ezer utzi, eskalada ondoren bailara bueltatzeko nituen jan guztia irentsi zuten. Gau horretako oroitzapenak ez dira atseginak, sabela hutsik nuen, eta, gainera, izugarrizko ekaitzak astindu zuen nire kanpa denda gau osoan.
   Eskalada aldetik, Mount Whitney ekialde ertza ez da zaila, bai aldiz interesgarria. Oso alpinoa da, niri tokatu zitzaidan baldintzetan are gehiago esango nuke. Kanpalekua, Iceberg Lake, elurrez zuri zegoen, negua ate joka zegoenaren seinale zen. Paretan, elurtutako pasarteak topatu nituen ere, eta, laino fin batek dena estaltzen zuen. Jaitsierako bidea, Mointainer bidea, elur kanal bat zen, zortez ez nituen kranpoi eta pioleten beharrik izan.
   Asko gustatu zitzaidan bidea eta ingurua, gogoz saiatu behar izan nintzen eskalada hau lortzeko, eguraldia bihurri xamar zebilen, eta, ez nuen denbora soberan, hartu edo utzi izan zen.
Bigarren eskalada egiteko lekuz aldatu nuen, Bridgeport herrira hurbildu nintzan.


Incredible Hulk pareta

   Incredible Hulk paretera joateko baimena beharrezkoa da ere. Hau, Bridgeport herriko Ranger etxean lortzen da. Normalean, Mount Whitneynen baino arazo gutxiago izaten dira eskuratzeko. 


   


   Bridgeport herritik, Mono Village-ra joan beharko dugu Incredible Hulk hormara iristeko. Herri honetatik hamabi milatara dagoen zona errekreatibo bat da hau, auto-stop egin beste aukerarik ez nuen izan Mono villagera ailegatzeko, ez dago garraio publikorik.




 Mono village aisialdirako sortutako kanpamentu bat da, itsuraz udan jendez gainezka egoten dena. Izei baso erraldoi baten erdian, Upper twin lake lakuaren ondoan, mendi garai eta dotorez inguratua, paradisua da Mono village.



Incredible Hulk pareta
   Incredible Hulk hormara iristeko ongi begiratu beharko ditugu mapak eta erreseinak, ez bai da bide arrunta. Mono villagetik Robinson creek trail hartu beharko dugu, ondoren, belardi zabal bat zeharkatzen ari garela, piñu handi eta bakarti baten ondoan, bide hau utzi eta ezkerreko magalera tiratuko dugu bertatik igotzen hasteko. Motxila astunekin lau edo bost orduko bidea da kanpatzen den lekurarte, bibak eder bat dago harri blokez egina.
   Pareta hau izugarria da, oso estetikoa. Azken urte hauetan asko errepikatzen ari dira bertan zabalduak dauden bideak. Asko dira, eta, zailtasun handikoak gainera. Red Dihedral bidea,nik eskalatu nuena, bide klasiko bat da.



Red dihedral hirugarren luzea

   Arratseko eguzkitan, mendebalde orientazioa du hormak, harria suaren kolorez pizten denean, arrakalak zainak balira bezala agertzen dira. Red diedral nondik igotzen den argi ikusi daiteke orduan, hurrengo egunean, nik beintzat, ez nuen bidea bilatzen denborarik galduko.
   Urrian eta, altura honetan, goizeetan fresko egiten du. Gainera, gau luzean zehar ibili zen haize bortitzak ez zidan egun sentiko nagiak ateratzen utzi, gosaldu eta bereala martxan nintzen, gorputzaren berotasunari eutsi nahi nion. Kartak botata zeuden jadanik, horrela beharko zuen izan. 
  Red diedral bidearen azpian, tentuz eta patxadaz, jantzi nituen eskaladarako beharrezko nituen materialak. Harriaren ukitua ez zen ona. Behatzek ez zuten heldulekuen ximurra ongi sentitzen, zaila ez zen harren arriskutsua iruditu zitzaidan bidearen hasiera.
   Hirugarren luzera iritsi nintzenean, hau da Red diedral bidearen giltza, konturatu nintzan, diedro zoragarri hori bakarka eta librean igotzeko ez nuela material nahikorik. Hirurogei metroko arrakala garbiak camalot ertain pilo bat eskatzen zizkidan, eta. ez nituen. Seguru jokatu nuen, ez nengoen nire burua arriskuan jartzeko egoeran, erorketa handi batean min hartzeko moduan. Eskalada artifiziala erabiliz gainditu nuen diedro zoragarria.
   Luze horretatik aurrera gehiago gozatu nuen, naiz eta haizeak nire sokari bihurrikeriak egiten segitzen zuen, bufadak pittin bat apalagoak zirela iruditu zitzaidan. 
   Honelako horma bat bakarka eskalatzen denean, luze egiten da. Pareta bi aldiz igo behar izaten duzu, eta, noski, bi aldiz jeitsi. Sokadaren lana batek egin behar izaten du. Gustura iritsi nintzen gailurrera eta, bertan zegoen metalezko kaxa laranja barruko koadernoan sinatu, honek, egin nituen ahalegin guztiei zentzua emango lioke bezala.


Red dihedral bostgarren luzea


   Jaitsiera ez da zaia, bai kontuz ibili beharrekoa. Ehun bat metro eskalatzen jaitsi beharra dago lepo batetaraino. Harria oso ona da eta, honek, konfiantza ematen du. Lepotik behera kanal bat segitzen da kanpamentu arte.


Incredible Hulk gailurretik




   Egun batzuk nituen oraindik. Tamalez eguraldi txarra sartu zen. Udazkeneko ekaitzak elurtu zituen berriro Sierra Nevadako gailurrak. Aukerak aztertuta, Bishop inguruan dauden Bulder zona famatuak ezagutzea erabaki nuen.
   Benetan txunditurik geratu nintzen lekuaz. Blokeen kalitatea aparta da, mundu osoko jendea etortzen da bloke egitera, eta, bati bat, inguruaren edertasunak txunditu ninduen.

Buttermilk bulder zona


   Bi zonatan ibili nintzen estutzen. Buttermilk famatuan, eta, Happy Bulders ez ain ezagunean. Mugitzeko autorik ez nuenez, ostatu hartu nuen California hostelekoek bizikleta bat utzi zidaten eskalatzera joan ahal izateko.


   Lehen tokia Buttermilk izan zen. Leku txundigarri hau aspalditik da oso ezaguna. Hirurogei garren hamarkadan Yosemite aranean bizi ziren eskalatzaileak egin zituzten harri koskor hauek famatu. Neguan, Yosemite elur geruza zuri batez estaltzen zuenean, eskalatzaileak trasteak biltzen zituzten eta honuntza etortzen ziren hotzaldia pasatzera. 
   Blokeek harri granito kalitate ezin hobea dute. Azpiak oso garbiak dira, harea fin bat dago, segurtasuna ematen die erorketei.
   Aipatu dudan moduan txirrinduan egin nituen bloke zonetara hurbilbideak, eta, Buttermilk kasuan, iristea ez zen makala izan. Hogei bat kilometro aldapatsu dira, azken zatia pistaz, utzi zidaten bizikleta koskorrarekin oso neketsua egin zitzaidan.


   Harri bolkaniko blokeak ditu Happy Bulders-ek, arrakalak eta sapaiak oikoak dira. Blokeen azpiak ez dira Buttermilk bezain onak, beraz bakarrik ibili ezkero, eta, koltxonetarik gabe, nire kasuan bezala, kontu gehiagorekin ibili beharko dugu. 
   Zona hau askoz gertuago dago Bishop-etik, bizikletaz txango atsegin bat da.
   

   Bidaiaren datu batzuk pasatzen ditut, agian norbaitek baliagarriak ditu:
   Garraio publikoa erabiliz eta auto stop eginez burututako eskalada bidai bat da hau; 
   Ordiziatik trenez Donostiara joan nintzan lehenik, Urriaren bosta zen. Gipuzkoako hiriburutik autobusez Madrileko aireportura ondoren. Hegazkinez San Franziskora, eta autobusaz berriro, Reno-ra iritsi nintzen, Urriaren zazpia zen. Reno hirian urriaren bederatzian hartu nuen autobusa Bishopera joateko, eta High Sierra aranean auto stop eginez ibili nintzen. 
  Guztira hamabost eguneko bidai bat izan zen.

 
California Hostel lema

   Norbaitentzat lagungarri izango delako, aiba bidai kostu batzuk:
Hegazkina Madrildik - San Franciscora  600€ ateratzen da +-
Metroa San Franziskon, aireportutik Greyhound autobus geltokira joateko 8,5$
Autobusa San Francisco - Reno  36$
Reno-n Motela edo Kasinoren bat 40$
Autobusa Reno - Bishop  53$
Hostelak Bishop, Lone Pine  28$
Campground-ak  22$
Erosketa normalak, jana, etxean baino garestiagoak dira.
Diru kanbiorik hoberena, txartelarekin egiten da.
Estatu Batuetatik bidaiatzeko, erosoena, kotxea alokatzea da. Merkea eta erraza da egiten.
   Nik ordea beste egoera bat bilatzen nuen...