2014(e)ko abuztuakren 2(a), larunbata

USHBA 2014 SOUTH PILLAR - Myshliaev route

   
    Pertsonak nortasuna behar dugu harremanak izateko, bai propioa eta baita kolektiboa ere. Nortasun propioa hazten goazen eran, urteen poderioz, sortzen dugun izaera da. Azkenean, elkarrengaitik bereizten gaitu, ez daude bi pertsona nortasun propio berekoak.
   Nortasun kolektiboa edo identitatea, aldiz, giza taldeak hartzen ditu, eta izaeratik aparte zentzu kulturalak baditu ere.
   Lehen aldia da bidai batetan, eta bidai batzuk eginak ditut, Euskaldunon nortasun kolektiboa ezaguna zela. Behingoz, Aleman, Txinatar edo Espainiar baten pareko sentitu naiz. 
   Gehienetan gure nortasun kolektiboa ezezaguna gertatu izan zaie jakin minean ziren horiei. -where are you from?  Galdetzen zidaten eta, nire erantzuna ulergaitza gertatzen zitzaien. Eta bat-batean, Georgia ahaztu honetan, Euskaldunen berri zuten. Are gehiago, estimatzen gaituzte. Gure kulturarekiko interesa nabari zaie, Mikel Laboa ezagutzen duen neska batekin egin nuen topo. Baina gure nortasun kolektibotaz gehien preziatzen dutena zera da; Euskal kulturak, traba guztien gainetik, hortzekin helduta, denboran irautea lortu duela da.
   





   Ushba nortasun handiko mendi bat da, bai hego punta, baita bizkia duen ipar punta ere. Oso mendi tentea da, naiz eta aurpegi guztiak ongi aztertu, ez duzu eroso igotzeko lekurik aurkituko. Gure eskalada hego-mendebaldeko ertzean gertatu zen. 
   Trazatu dotore hau era poetiko batetan deskribatzen ausartu naiz, sexu gosea oinarri hartuta, emakume liraina balitz bezala ikusi eta sentitu dudalako. 
   
   "Glaziar zuri eta biurri batek estaltzen dizkio oinak, izara zuri garbia balitz bezala. Erdi etzana dago, hankak jasota, izter desiragarriak luzeak eta nabariak dira. Gorputz lerdena tentetua dauka, altxatu behar dela dirudi. Gerri mehetik hasi eta sorbalda helezinetaraino, ondo formatako figura baten parte dira, erakargarria, berotzen zaituena. Buru urruna atzera botata dauka, eta hile zuriak erortzen zaizkio lepo xarmagarriaren gainera, musukatzen saiatzera bultzatzen zaitu. Guztira bi mila metro bekatu, amets erotikoa."




   Uztailaren bederatzian Mestian ginen Kepa Escribano, Raul Gonzalez eta idazten ari den hau. Bidai azkarra izan zen, Bilbo-Madril-Tbilisit-Mestia, dena segidan egin bai genuen, 36 orduko non-stop bidea. Bidaia garraio publikoa erabiliz egin genuen, eta azken zatia, Tbilisitik - Mestiara, "marshuka" batetan izan zen, pertsonaz bete arte irteten ez diren furgonetak. Oso oroitzapen onak ditut "marshukaz" egin genuen zati honetaz, bideoan ikus dezakezue zein giro sanoa eraman genuen, musika komunikazio bidea bihurtu zen, gure nortasun kolektiboak azaldu genituen.
   Mestian Roza´s guest house pentsioan hartu genuen ostatu, eta izugarri ongi portatu ziran gurekin. Roza etxeko andrea da, berak eramaten du ostatuaren ardura. Bere senarrak, eta familiako ainbat kidek, laguntzen dute eginkizun horretan. Svanetian ikusi dut, ekialdeko herrialdeekin alderatuta, emakumeak familia antolamenduan duen agintaritza, onartzen dute emakumeak izatea familiaren sostengu ekonomikoetako bat. 
   Mendi irteherak prestatzen oso lagungarri egin zitzaigun Roza; non eta zer jaki esosi, ibilgailuak eta zaldiak bilatu... 
   Mestia Georgian dago, Svanetia probintzian. Turismoa ez da arrotza Mestian, indartu nahian dabiltza inguruko ekonomiari laguntzeko. Hemen, oraingoz, ez duzue jende andanak bilatuko. Atsegiña iruditu zitzaidan Mestia, oso gustura egon ginen.
  Ez genituen egun asko mendian aritzeko, hiru astetako bidai bat zen hau, egunak aprobetxatu behar genituen. Bidai luzetik indarberritzeko beharrezkoak izan genituen bi egunen ondoren martxan jarri ginen, gainera eguraldi iragarpenak juxtu pare bat egun on ematen zituen, aprobetxa beharrak zeuden, mendi puska hauetan eguraldiak aintzen du.
   Uztailaren hamaika Ushbarako hurbilketa eguna izan zen. Rozaren etxean 4x4 ibilgailua hartu genuen, Mestiatik - Mazeri herrira joateko lehenik, eta handik Bechora aranera. Bechon zamak igotzeko zaldi bat genuen gure zain. Azaldu behar dut, orain, zaldiena beharrezko ez dudala ikusten. Guk, ezjakintasuna gaitik, Ushba hego ertzaren igoera antolatu genuenean, beste dimentsio batzuk espero genituen. Gehiegizkoa izan zen gure estrategia, askoze arinago egin daitezke eskalada hauek. Alpetako igoera gogor bat bezala planteatzea egokiagoa dela iritzi dut. 
  Lehen egunean mila bostehun metro desnibel igo ondoren, glaziarrean kanpatu eta pasatu genuen gaua, hego-mendebal ertzaren azpian, hasieran planteatzen genuen kanpamentua baino bi ordu gorago kokatu ginen.


Glaziarrean gora



Glaziarrean kanpaturik

Pilarraren bista hazpitik

   Uztailaren hamabian, egun sentiaren lehen argitan, eskaladari ekin genion. Arin gindoazen bidearen lehen zatian. Arista luze bat da, tirada pare bat kenduta zailtasun gutxikoa, ala eta guztiz metroak igotzea kostatu zitzaigun.



Hurrengo egunean goiz

Aristan

Aresta buka ezina


   Horma tentearen azpira goizeko azken ordutan iritxi giñan, bibaka egiteko leku on bat dago hemen, guk aurrera segitzeko asmoa genuen.

   Elurtegi bat zeharkatu behar da hormako pareta tentea hartzeko, granpoiak jarri behar izan genitun pasarte hau gainditzeko, hemendik aurrera eskalada asko aldatzen da. Oso nabaria zen jarraitu beharreko norabidea, diedro zabal bat hartu beharra dago. Gustagarria egin zitzaidan eskalada zati hau, harria ez da txarra, nire ustez 6c graduko zailtaunak gainditu behar izan genituela tarte batzuetan.


pareta bertikalaren hasiera




  Diedro zabala igotzen gindoazen eran Myshliaev bidea sakonago egiten da, tximinia bihurtzen. Izotz pasarteak gerotz eta ugariagoak ziren ere, granpoi eta pioletak erabili beharrean aurkitu giñan gora egin ahal izateko. M5 graduko zailtaunak gainditu genituen.

mistoko luze bat


   Arratsa aurreratua zegoen horma ondorengo elur zelaira iritsi ginenean. Oso kontuz ibiltzeko zatia suertatu zitzaigun hau, elurrak ez zuen inongo sendotasunik, azukarra bustia zen. Oso poliki, gure gain hartzen ari ginen arriskuaz jakitun, aseguratzeko ia inungo aukerarik gabe, luze egin zitzaizkidan uneak izan ziren hauek, Myshliaev bideko zailenak. Zortez, elur zelaiaren goi partean izotz ono aurkitu genuela, trabeska burutu genuen luze batetan ertzaren irtehera hormara iritsi ginen.
   Gaueko geruza beltza ingurua estaltzeko zorian zegoen zegoen, soilik hiru haitz luze tente falta zitzaizkigun Myshliave bidea bukatzeko, Ushba hego-mendebalde ertza eskalatzeko, argi faltagaitik bertan gaua pasatzea erabaki genuen.
   Gaua luzea, deserosoa eta hotza izan zen. Haitzaren gainean eserita, soilik lumazko txaketarekin babestuta, igaro genuen bukaera gabeko gaua. Egunsenti miresgarria iritxi orduko martxan ginen berriro, gorputza jelatua eta hezurrak gogor genituen. Bi luze tente eskalatu ondoren, 6b+ zailtasuna gainditu behar izan genituen, ertzaren azken elur maldetara iritsi ginen. Granpoiak jantzita azken luzea burutu genuen, Myshliave bidea egina zegoen, ertzaren gainean ginen.
   Uztaila hamairuko goiza aurreratua zegoen hirurok ertzaren gainean helkartu giñenean. Ez ginen pozarren besarkatu, Ushba gailurra zen ordundik aurrera gure helburu. Aldiz, gure kontrarako, egunak zein joera hartu behar zuen garbi ikusi zitekeen, laino potolo eta pisutsuak sortzen ari ziran non nahi, Mestian ikusi ahal izan genuen iragarpen meteorologikoa ekaitza ematen zuen egun honetarako.
    Ideiak ez ziran garbiak, zalantza asko genituen. Gailurrera segitzen bagenu, eta une batetan atzera egin beharrean suertatu, berriro puntu honetara itzultzea benetan zaila ikusten genuen. Gailurrera segitzen bagenu eta, tontorrera igo, hego aurpegitik jaitsi beharko genuen, eta ez genuen ezagutzen, ez genuen astirik izan berau ikuskatzeko. Gailurrera segitzen bagenuen eta, aukerarik handiena, ekaitza sartu, arazoak izango genitun. Beraz, argi zegoen, balantza alde batetara inklinatzen zen, zentzukotasunera. Errapelatzen hasi ginen.
   Errapelatzeko lekuak ez zeuden muntatuak, jaisten gindoazen eran inprobisatzen genituen. Bilera batzuk erdi ekipatuak zeudenez berauek erabiltzen genitun behera egiteko. Zerua bitartean iluntzen zihoan, Uhsba gailurra dagoeneko lainoak tapatzen zuen. Eta horma tentearen azpiko bibakera iristen ari ginela ekaitza askatu zen.
   Trumoien eztandak ikaragarriak ziren, tximistak non nahi zebiltzan, gure aurpegiek egoera ikaragarria islatzen zuten, beldurtuta geunden.
   Azken ertz zatia jaistea konplikatua gertatu zitzaigun, zati batzuek destrepean egin beharrean izan ginen, zortez euri txikia zen, zarata eta dirdira handiagoa. Ilunabarrean, era bat bustiak, glaziarrean utzitako dendan ginen berriro, lehertuta geunden.
   Ekaitzak gauerdira arte iraun zuen, glaziarrak, alboko hormen eraginez, handitu egiten zituen trumoien zarata eta tximisten argia, beldurgarria izan zen. Bapatean, eztanda festa hasi zen moduan, dena geratu zen, ixiltasun unkigarri batek estali gintuen. Hurrengo egunean, arazorik gabe, behera egin genuen.
   


Erdi neberoan, bibakera iristen

Gaua pasatzeko prest

Bibaka ondoren lehen largoa

Azken metroak

Gailurrerako bidea, elur paletatik eskumara


GULBA 3725m




   Gulba mendiaren nortasuna Ushbak zurgatzen du. Anai txikia da, neba handiaren babesean. Myshliaev bidearen eskalada egin eta gero beste igoera bat bilatzen ari ginen. 
   Rozaren etxean liburu bat begiratzen ari giñela Gulba mendiaren argazki batekin egin genuen topo, Gulba mendiaren mendebal aurpegi harkaitxua azaltzen zen, haitza bertikala. Aurkinkuntzak bultzatuta, informazio gehiago bilatzen hasiko gara. Interneten ez da ezer ageri. Beste liburuxka batean horma honen beste erreferentzia bat aurkitu genuen: haitz eskalada hasteko eremu egokia zela zioen. Zer da astapena inguru hauetan? Hori da deszifratu behar genuena. 
   Uztailak hamazazpian irteera espres bat egin genuen horma misteriotsua ezagutu nahian. Goizeko bostetan autoz Mestiatik - Mazeri herrira urbiltzen gara. Goizeko seiretan, ia motxilak bizkarrean genitugula, hasi ginen oinez. Bi mila metro desnibel igo behar izan genitun Gulva mendiaren mendebal pareta azpira iristeko, goizeko hamaikak ziran iadanik.
   Itxura ona zuen paretak, erakarri gintuen, egindako alegin guztia pena merezi izan zuela zirudien. Midi d´Ossau antza handia hartu genion Gulba mendiari. Eskalada bideen erreferentziarik ez genuenez gure senaz baliatu ginen marra logiko bat bilatzeko.
   Eskalada bide osoan ez genuen utzitako materialik topatu. Lehen bi luzeetan nabaria zen lehendik ere eskalatua zela, heldulekuetan sumatzen zen batit bat. Hortik haurrera, arrokaren ukimena, seguruak kokatzeko tokiak, erabili gabe zeuden, guretzako, eskalatu gabea zegoen bidea. Seigarren eta zazpigarren luzeak oso onak dira. Ondoren, paretak zutikotasuna galdu duelarik, aresta luze bat segitu beharra dago. Haitza ona dauka paretak, kalitatezko granitoa da. 
   Jaitsieran berriz, lau errapel motz kenduta, destrepe asko egin beharra daude. Azken zatia kanal handi batetik egiten du behera, bloque eta harri ezegonkorrez betea dago. Kontu handiz ibili beharrekoa da. Bideari izena Roza-ren omenez jarri genion, svanetieraz eskerrak emanez gure Guest Houseko etxeko andreari.


Goizean goiz taxiak Mazerin utzi zigun

Fondoan Ushba eta anai txikia Gulba


Pixkanaka maldan gora desnibela egiten


Ushba eta Gulba


ia paretara ailegatzen


Paretaren itxura azpitik


Lehen largoetan





















gailurrean mokadutxoa

Jatsierako azken pala


DALALAKHVARA
 
Dalalakhvara hiru horratzak, gure asmoa lehen horratza zen


   Dalalakhvara hiru orratzak urrutitik uztartu genituen. Bere itxurak erakarri gintuen, bere forma harroak. Aurkikuntza berri honek, berriro ere, eskalada on batekin amest eginarazi zigun. Mendi honen nortasunaz ez genekien ezer. Ezta ere, zein zen biderik hoberena bere maldetara iristeko. Baina, behintzat, plan bat genuen, zita bat, haitzezko damatxo batekin.
   Uztailak 23-han, martxan ginen berriro. Glaziarreko bidea hartu genuenean, gure orratzak bistaz galdu genituen, eta zalantzak sortu zitzaizkigun; zein izango litzateke punturik onena hormarantz igotzen hasteko?. Glaziar kaotiko bat genuen aurrean, eta kanal zabal bat eskuinean, orratzetara norabidea hartzen zuena. Zer egin? Bertan kanpatzea erabaki genuen, eta hurrengo egunean kanaletik gora tiratzea. Uztailak 24-han, egunsentian, igoerarekin hasi ginen. Ez zen xamurra kanalari metroak irabaztea, harri eta lur suelto asko zegoen, hanka firme jartzea ezinezkoa zen. Elurretara iritsi ginenean gauzak erraztu ziran, erosoagoa egin zitzaigun igoera. Lau ordu kostatu zitzaigun kanalaren mila metroak igotzea, behatoki bikaina zen lepo batera iristea. Orduan konturatu ginen gure akatsaz. Hiru orratzen lehenaren azpian gaunden, ahizpa itsusienaren magalean. Itxura ez zen ona, eta gainera haitza oso kalitate eskasekoa zen ere. Atzera egiten dugu igo garen kanaletik bera. Uztaikak 25-han, gauean, ekaitz bortitz batek astintzen gaitu berriro. Apokalipsia zirudien. Goizean oraindik euri txikitan ari zela. Mestiara jaisten gara.

 Chatin-tau eta ipar ushba

Glaziarrean kanpatu genuen

Kanaletik gora tiratu genuen


Ushba ipar punta eta Gulba kolladutikan

kolladuaren beste aldean

Gaueko ekaitzaren goiz hondarrak


DATU BATZUK
Mestia herriko dorre famatuak


   Ushba mendia Georgiako Kaukaso mendigunean dago. Svanetia probintzian, Mestia herriaren gainean. Ushba, nahiz eta ez egon Kaukasoko bost mila metroko mendien artean, 4710m ditu, mendizaleen artean mendi desiratua da, bere igoerak zailtasun handia dauka.
   Bidaiatxo batean pentsatzen ari ba zarete, jakin, hegaldiak nahiko ekonomikoak ateratzen direla, bai Bartzelonatik eta baita Madrildik, Tbilisi-ra. Guk Pegasus air konpaiarekin egin genuen hegaldia Istanbuletik pasatuz. Tbilisitik Mestiarako bidaia, normalean, furgonetaz ( marshuka ) egiten da. Oso goiz ateratzen dira Georgiako hiriburutik Mestiaruntz, hamar ordu irauten du bidaiak. Mestia asko aldatu da azken urte hauetan, jan eta lo egiteko aukera izugarriak daude. Mendi kontuetan beste gauza bat da. Informazioa lortzea benetan zaila da, oiko mendi eta bideetatik kanpo joatea pentsatzen ba dugu beintzat. Mendiko materialea eta gauza teknikoak erostea pentsa ezina da ere, Oraingoz. Sukalderako gas botilak, Coleman tipokoak, Tbilisin erosi behar izango ditugu joan aurretik. Mestian topatu genituenak camping gaz tipokoak ziren, bere kemadore eta guzti. saltzen dizkizute Mestian mendi erreskaterako talde bat dago, komenigarria da gure asmoak bertan azaltzea. Naiz eta ingelesarekin nahiko larri dabiltza, gure antzera, ulertuko zarete. Militar postuak ere aurkituko dituzue zenbait puntutan, Bechon esate baterako, pasaportea erakutsi eta paper bat betetzearekin nahikoa da mendian aurrera segitzeko.
Prezio batzuk pasatzen dizkizuet ideia bat egin dezazuen:
1€ = 2,35 lari
Hegazkina +- 300€
Taxia aireportutik Tblisira 40 lari
Furgoneta ( marshuka ) Tbilisi Mestia 30 lari
Lo + afari + gosaria Mestian  ( Roza’s guest house ) 40 lari eguneko
Kotxe partikularra Mestiatik – Mazerira 70 lari


!!! GOZATU MESTIAN GUK GOZATU DUGUN BEZALA ¡¡¡