2015(e)ko abenduakren 18(a), ostirala

BERBERANA - Peña Parda - Dret a Aburrir






   Dena da gezurra ¡¡¡. Ezer ez da egia ¡¡¡.
   Parisen klima aldaketari buruzko gailurra. Mandatariek al zuten guztia egin omen dute. Akordio minimo batetara iritsi dira: GEZURRA
   Sirian gerran daude. Izugarrizko drama humanitario baten aurrean gaude. Gure gobernu aberatsek al duten guztia egiten dute: GEZURRA
   Espainia hauteskunde kanpaina bortitz batean murgilduta dago. Alderdi politiko guztietako kandidatuak beraien promesa elektoralak lau haizetara azaltzen dituzte: GEZURRA
   Lau t´erdiko pilota txapelketaren finala. Irujo aurretik da 20-10. Irujo, Urrutikoetxea baino askoz gehiago da kantxan. Partidak jira bat ematen du. Irujok 20-22 galtzen du: EZIN DUT SINETSI
   Ain eszeptiko bihurtu naiz, Rajoiri gazte batek eman dion muturrekoa ere, kanpaña elektoralaren barruan sartzen dudala. Bere alderdiak trazatu  duen zerbait izan daiteke: EZER EZ DA EGIA



   
   Dret a burrir bidea eskalatu dugu, Berberanako Peña Pardan dago, Sierra de Cantabria mendietan. Aratz Etxeberriarekin igo dut. 
   Beste behin argi geratu da Euskal Herrian pareta handiko eskalada beste edozein tokietan bezain ona dela; asko gustatu zaigu bidea, kalitate handiko plakak ditu. Benetan merezi du bere eskalada.
   Apunte bat egin nahian, nire iritzi pertsonala da, hirugarren tiradan paraboletatik zintzilika dauden kordinoak soberan daude. Iruditzen zait tranpa modu bat dela, pertiga bat eramatea bezala. Guk ez ditugu kordinoak txapatu.
   Lan bikaina egin dute Antoñanza anaiek: HAU EGI BOROBILA DA


Lehen luzea


Bigarrena

Berberanako begiek, zelati, begiratzen gaituzte.


Laugarren luzea

Bostgarrena

Aratz eta biok bidearen amaieran


2015(e)ko abenduakren 6(a), igandea

BALERDI - Sola Crack


BALERDI

   Zalantzak izan ditut jarduera hau sarean zintzilikatzeko garaian. Ez bidearen meritoen gaitik, kontrakoa, bidea ona da, bera eskalatzea jarduera interesgarria dudarik gabe. Zalantzak beste alde batetik etorri zaizkit. 
   Azken aldian, eskalada munduan, fronte asko zabaldu dira, eta kezkatzeko modukoak iruditzen zaizkit denak: Horma handiko eskalada bideetan desadostasuna nabaria da. Bideak nola zabalduak diren, zein etika segitzen duten da eztabaidaren iturri. Horietako bide batzuk,anonimoki, deshornituak izan dira, hornitzaileen haserrea eraginez. Hau oso fronte aktiboa da.
   Inguru giroa babestea lanbide dutenak, basozainek, eskalatzaileei “plaga” deitzen digute. Aurrekoan, basozain batek, paretatik jaitsi zidan. Bide berri bat zabaltzen ari nintzan. Ez dakit nola bukatuko den asuntoa. Fronte honek eskalatzaile guztio eragiten digu.
   Idatzi koxkor hau irakurtzeko aukera ematen duen gailuari, internet, kontrakoak atera zaizkio ere. Eskalatzaileen artean, badaude, sarean zona konkretu batzuen kontuak zintzilikatzea gustuko ez dutenak, beraien ingurua dela argumentuarekin ezkutuan mantentzea nahi dute, jende andana etorriko zaien beldurra dute. Fronte hau da kezkatzekoa, besteek egindako lanak, noiz bait, jaso izan duenak, ematen ere jakin beharra daukate.
   Zerrenda luzatu nezake, adibide asko ditut, agian beste sarrera batean erabiliko dut berriro gai hau.


Azkarate herria
   Aipatu dudan moduan, Sola crack bidea eskalatzeak eman dit idazteko kemena: Brutala, basatia, gogorra, … ez da erreza Balerdiko haitzetan eskalatzea, pareta berak izutzen du eskalatzaile trebeena ere. Altuera gutxikoa izan arren, konpromisoa du bideak. Horma ikuskatzearekin bakarrik sumatu dezakegu, bide hau igo al izateko,eskalatzailea, ongi moldatu beharko duela tenplea eskatzen duen eskaladetara.





   Hasteko lehen luzeak gure lekuan kokatuko gaitu. Belar malda deseroso batean du hasiera bideak, eta trabeska luze bat eginez, tirada honek ez du beste helbururik, sapai handi baten azpira eramango gaitu, bertan muntatuko dugu bilera.


Lehen luzea

   Bigarren luzea brutala da, oso ona. Aipatu dudan sapai handia zeharkatzen du, arrakaletako eskalada teknika ona eskatzen du luze honek.


Bigarren luzea

   Hirugarren luzeak aldiz plaka eskalada dauka, elduleku txikiak eta anka minimoak dira, orekari eustea da gakoa tirada honetan airoso atera ahal izateko. Nik hirugarren luzea bi zatietan egin nuen, beraz laugarren lazu bat aipatzen dut.


Hirugarren luzea

   Laugarrena aldiz luze era bat aldrebesa da. Harri laranja zona kaotiko batetik dijoa, Ordesa eskalada antza hartzen du luzeak une batzuetan, oso luze egin zitzaidan tirada. Zaia ez izan arren, ongi eskalatu beharko dugu luzearen bukaerara iristeko. Bilera horretatik errapel bidez jaitsiko gara bidearen hasiera.


Laugarren luzea

   Orokorrean, Sola Crack bidea oso zorrotza da, Piriniotako bideen maila parekoa.
  



Azkarate paretatik




2015(e)ko azaroakren 28(a), larunbata

MONOLITO DE LEIRE - Gartxot





   Sorkuntzan motibazioa beharrezkoa da. Indar gehigarri batekin laguntzen du. Eskalada edo mendizaletasuna bezalako kiroletan are garrantzi gehiago hartzen du motibazioak, kontran datozen burutazioei aurre egiten laguntzeko adibidez. Niri, eskaladan, bide berri bat sortu nahian nabilenean, pareta eta linearen kalitatearekin batera, izenak ematen dit motibazio puntu bat. Zabaltzen hasi aurretik saiatzen naiz izen bat buruan izateaz. Honek, beldurra gainditzen eta aurrera egiten laguntzen dit. Noski, gero bidearen izena soka kideekin adostu behar izaten dut. Batzuetan guztion gustuko suertatzen da izen hori, bestetan berriz ez da horrela izaten. Ala ere, eskalada bideari izena jartzearena, linea zabaldu ondoren izaten da, beraz, sorkuntzaren uneetan izena buruan daramat, efektu motibatzailea sortuz.




   Eskalada bideen sorkuntza oroitzapenetan murgilduz, eta adibide batzuk bilatzear, Intsumisioa bidearen izenarena oso motibazio efektu garbia izan zen. Paine erdi dorreko ekialde aurpegian, marra ikusgarri hau, ezinezkoa izango genuen errebindikazio motibaziorik gabe. Garai latzak ziren haiek gazteentzat, soldaduska eta armak hartzea derrigorrezkoa zen.
   Intsumiso ikurrak eta oihuak non nahi zeuden Campo Torres basoan, Paine dorretako pareta azpiko kanpalekuan. Bertara hurbiltzen zen edonor jasotzen zuen gure aldarria; eskalatzaile, mendizale edo turista, bat egiten zuten gurekin gehienetan.




   Baina, zergatik Gartxot izena jarri Leire orratzera doan bide bati?, eta, zergatik honek motibazio efektu bat sortu dezake nigan? .
   Gartxot liburu bateko pertsonai bat da, Itzaltzu herriko elezahar batetan dago oinarritua, Arturo Canpionen, el Bardo de Itzaltzu liburuan. Erdia aroan girotua dagoen istorio honetan, Gartxot bertsolari bat da, eta bere kantuekin plazatik plazara doa kultura herrikoia zabaltzen. Orreaga gudako kontakizunak dira transmisio kultural horietako batzuk. 
   Istorioak kontatze du: Itzaltzuko monasteriora, Leireko monasterioaren menpe zegoen hau, praile atzerritar batzuk etorri zirela. Hauek, beraien ideia kulturalak ezarri nahi zituzten. Gartxoten kantu jarduera ez zuten gustuko eta jarraitua zen. Aldiz, bere seme Mikelats bahitu zuten monasterioan kantatzen derrigortzeko. Gartxotek ezin izan zuen hau jasan eta mikelats askatzen du. Jarraitu zituzten biak.
   Azkenean, istoriaren krudeltasunean, Gartxotek Mikelats bere eskuekin hiltzen du. Nahiago zuen bere semea hilik ikusi, monasterioan sufritzen uztea baino. Gartxot hiltzera zigortu zuten.
   Istorioak benetan hunkitu ninduen. 2011-ko film animatu batean, Juan Jose Elordi eta Asisko Urmenetak ezin hobeto kontatzen dituzte gertakizunak.
   Askatasun aldarri bat da istorioa. Elezaharrak salatzen du nola kultura batzuk, interes ezkutuez, besteen gainetik inposatu diren, eta inposatzen ari diren.
   Leire monastegia, monastegi guztiak bezala, ideia kultural eta erlijio sinesmen batzuk ezartzeko sortuak izan ziran, eta beraien eginkizuna ezin hobeto burutu zuten.
   

   Gartxot bidearen eskalada ezin hobea da. Tradizional eskaladako pasarte oso onak ditu, kalitate handiko plakekin batera. ziur nago bidea zuen gustukoa izango dela.

   Paretara iristeko Leireko monasterioaren aparkalekuan utziko dugu kotxea. Pareta oso nabarmen agertzen da gure aurrean. GR 13 bidea, marka zuri gorriak, segituko ditugu, Cañada de los Roncaleses izenez ere da ezaguna bide hau. Pista batek ere eraman gaitzake puntu berdinera, baina buelta handiagoa emango dugu. GR 13ak pista hau ainbat tokietan gurutzatu egiten du. Abelbidean zehar Artea zuhaitz izugarri batzuekin egingo dugu topo, Euskal Herriko historiaren lekuko. 
   Lehen aldiz pitarekin bat egiten dugunean ez dugu hau hartuko, abelbidetik segituko dugu oraindik. Berriro pistarekin topatzen garenean, orduan bai hau hartuko dugu ezker norabidean. Segituan orratzaren azpian gaudela oroituko gara. Puntu honetan, Leire orratza gure gainean dugula, harrobiaren eskuin aldeko magaletik hasiko gara igotzen pareta azpira iristeko.
  


  Lehen luzea sapai batetan hasten da, gogorra da lehen mugimendua, perabolt bat dago laguntzeko, nik A0 egin nuen lehen pauso honetan. Luzeak ondoren ezker alderako joera hartzen du. Bigarren luzeak, lehenaren antzera, plaka eskalada zoragarria dauka. Hirugarren tiradan gauzak gogortzen hasten dira, bilera irteera zorrotza dauka. Bidean gora goazen eran haitzaren kalitatea hobetzen doa. Laugarren luzeak estu hartzen gaitu, fin ibiltzea eskatzen du. Botsgarren eta azken luzea bidearen zailena eta hoberena da. Horma paregabe batetik doa, haitz ezin hobean.  


Laugarren luzea zabaltzen.

Seigarren luzearen hasieran.
seigarren luzearen erdi partean.
Arkaitz seigarren luzeko azken partean

   Gailurretik jaisteko bi aukera daude: Iparrerantz errapel egiten badugu, errapel luze batean ipar lepora iritsiko gara. Aldiz Gartxot bidearen azken luzea errapelatzen badugu, bostgarren bilera ondoko Artea zuhaitz handiaren alboan artesi estu bat hasten da ipar lepora eramaten duena, soka beharrezko izango dugu. Ipar aurpegiko bidearekin bat egiten dugunean errapel txiki bat egingo dugu. Leire ipar lepotik mendebal aldera doan kanaletik behera egingo dugu, arrobi aldera, tentuz jaitsi beharko dugu lehen zatia.




   Bide hau bakarka hasi nuen zabaltzen. Gero, Ivan Urzelai-ren laguntza izan nuen, eta bukatzeko Arkaitz Yurrita-rena. Benetan eskertzen diet bi lagun hauei, nire motibaziorekin bat egitea.


Hirukotea osatzeko Ivan falta dugu

2015(e)ko urriakren 22(a), osteguna

HIGH SIERRA - Bidaia



   Sentitu al duzue inoiz, klaustrofobia? Nik motel batetan sartua nengoela pairatu nuen, Reno hirian
   Bakarrik nengoen, horrela bidaiatzea erabaki nuelako. Planak okertu egin zitzaizkidan eta, lo egiten ez duen hiri horretan egonaldia luzatu behar izan nuen. Eta amets gaiztoaren gauean; bihotza azeleratu zitzaidan, ezin nintzan ezertan kontzentratu, gelako paretak kartzela bihurtu ziren. Leihora joaten nintzen argitasun bila, eta, ikusten nuen panoramak ez zidan batere laguntzen; motelaren frente nuen Sands kasinoko parkingean, poliziak miaketak egiten zituen. Kale ilunean, ordu txikietan, zeuden pertsona bakanak, norabiderik gabe zijoazen, espektroak moduan. Nire buruari yonki baten tankera hartu nion, lau pareta barruan giltzaturik bere heroina dosiaren eske zegoen gizajoa nintzen. Inoiz pasaturik baduzue antsietate krisi bat, ez dizuet desiatzen.




   Nevadako hiriburuan gertatu zitzaidan, Bishopera eraman behar zidan autobusak tiratua utzi ninduen, bi egun pasa behar izan nituen jokoaren kapitalean.




   Reno kasinoz beteta dago, izugarrizko eraikinak dira; Circus, Sands... bereganatu dute hiriaren ezaugarria. Inoiz lokartzen ez den hiri bat da, egunez edo gauez pareko dira. Baina, nik uste aurreratu egin naizela, hasieratik hastea hobea izango da.




   Bidai honek bi funtzio bete nahi zituen; alpinistiko aldea, eskalada zoragarriak daude Kaliforniako High Sierran, eta, bidaiari sentitzeko desioa bestetik, nire erritmo eta beharretara libre, garraio publikoa erabiliz. Lortu nuen.
   Sierra Nevada mendi zerraren ekialdeari, High Sierra deitzen diote, eta, gailur garaiena, Mount Whitney 4421m da. Mendi dotore honek, inguruan dituen besteekin batera, ipar aldera erakusten duten itxura, eskalatzaileen begietarako, txundigarria da. Granitozko mendi eta dorreak dira, zeru urdin argitsutik, bapatean, basamortu zabalera amiltzen direnak. Lur lehor horietan, Bishop, Lone Pine, Big Pine, Bridgeport daude. Herri hauek dira mendi eta pareta zoragarri hauetara gerturatzeko puntuak.

  


   Ehundaka western filmetan azaldu diren paiasaiak dira hauek, nire ume garaietan, larunbat arratsaldero, ikuskatzen nituen pelikulen lekuak. Zuri beltzezko telebistan botatzen zituzten filmen grabazioak hemen eginak dira. Heroi gogor eta garratzak, John wayne modukoak, pistola soinean zutela, bata besteak akabatzen zuten inungo gupidarik gabe.



   Sierra Nevadako ekialdea US 395 errepideak zeharkatzen du. Estatu batuetan errepideen izenak garrantzi handia dute, batzuk mito ere egin dira. Errepide hau ikaragarri luzea da, bi mila kilometro pasa ditu, Kanadan hasi eta Mexiko mugan bukatzen da, Estatu Batuetako mendebaldea, iparretik hegora, zeharkatzen du. Errepide honen zati txiki batean dago Hight Sierra zoragarria.



   Nik, eskalada bidaia hau prestatzeko, Chris MacNamara eta McKenzie Long-en “High Sierra Climbing” liburua erabili nuen. Eskalatzaile famatu hauek, oso begi onez, inguru hauetako eskalada bideen aukeraketa bat egiten dute. Berrogei bide proposatzen dituzte mendi zerra osorako, plazer hutsa dira eskalatzaileen zentzumenerako.

Mount Whitney eta ekialde ertza

   Autaketa horietako bi eskalada bide egin ditut nik; Mount Whitney mendian dagoen, east buttress ertza, eta, Incredible Hulk horman, Red dihedral ikusgarria. Bi bide hauek deskribatzen saiatuko naiz.


Mono village campgraund
   Mount Whitney, bere 4421m-ekin, Estatu Batuetako behe 48 estatuen mendirik garaiena da, hau da, Alaska estatua kendu eta beste guztiak hartuz. Altuena izate horrek, leku denetan bezala, jende andana erakartzen du, mendizale orok mendi garaiena igo nahi izaten du. Hau ikusirik, Sequoia National Park and Inyo National Foresteko buruek, baimen bat ezarria dute mendia igo al izateko, egunero pertsona kopuru batetara mugatua dago sarrera. Imajina dezakezue udan ia ezinezkoa dela baimena lortzea, jakinda gainera denbora dezente aurretik internetez erreserbatu daitekeela, ziurtasun handirik gabe jendeak eskuratzen du eta, are gehiago zailtzen du honek baimena lortu al izatea. 



Whitney eta Needles

   Hori, zorionez, Whitney Trail bidean gertatzen da, oiko bidean alegia. Eskalatzaileak beste bide bat hartzen dugu pareta ikusgarri hauetara hurbiltzeko, North fork of Lone Pine bidea. Hemen, naiz eta erregulatua egon, beste irizpide bat segitzen dute Rangerrak, eskalatzaileak ez omen gabiltza hain tropelean. 




Ekialde ertzean

   Errazena, baimena lortu ahal izateko, Mount Whitney eskalada egunean egitearena da, igo eta jaitsi egun berdinean. Oso indartsu eta altueran ongi egokitua behar duzu egon era honetara eskalada burutzeko. Beste aukera horma azpian kanpa egitea da, hemen, segun ze garaietan, juxtu xamar ibili dezakezu baimena lortzeko.



Ekialde ertzean

   Nik eskalada urrian egin nuenez, ez nuen arazorik izan baimena lortzeko. Kontran, urte sasoi honetan, zorte gehiago behar duzu eguraldiarekin izan. Elurtua topatu nuen nik ingurua, eta, emana zegoen eguraldi iragarpena ez zen adore ematekoa.



Ekialde ertzean

  Kontuan izan beharreko beste puntu bat hartzena da. Basozainek oso serio dute gai hau. Dirudi, hartzek, jan usainean ibiltzen direla eta, edozer egiteko kapaz omen dira mokadu bat lortzeko. Bitxikeri bezala, Bridgeport herriko Rangerak, Incredible Hulk paretarako baimena betetzen ari nintzela, ea hartzetatik babesteko armarik eraman behar nuen galdetu zidan. Hau, guretzako, astakeria da, baina, Ipar Amerikan ba dakigu… 
   Oikoena, hartz erasoen kontra, jana plastikozko zilindro sendo eta astun batzuetan sartzea da, Rangerrak eskuratzen dizkizute tramankulu hauek. Nik zorionez ez nuen hartzekin problemarik izan. 



Mount Whitney gailurrean

   Beleek berriz bai egin zizkidaten bihurrikeriak. Mount Whitney ekialde ertzaren kanpalekuan nengoela, hartzetatik nire burua babestu nahian, jana arroka handi batean zintzilikatu nuen eta, eskalatzera joan nintzan. Hartza ez zen agertu, beleak bai ordea. Dena jan zuten, ez zidaten ezer utzi, eskalada ondoren bailara bueltatzeko nituen jan guztia irentsi zuten. Gau horretako oroitzapenak ez dira atseginak, sabela hutsik nuen, eta, gainera, izugarrizko ekaitzak astindu zuen nire kanpa denda gau osoan.
   Eskalada aldetik, Mount Whitney ekialde ertza ez da zaila, bai aldiz interesgarria. Oso alpinoa da, niri tokatu zitzaidan baldintzetan are gehiago esango nuke. Kanpalekua, Iceberg Lake, elurrez zuri zegoen, negua ate joka zegoenaren seinale zen. Paretan, elurtutako pasarteak topatu nituen ere, eta, laino fin batek dena estaltzen zuen. Jaitsierako bidea, Mointainer bidea, elur kanal bat zen, zortez ez nituen kranpoi eta pioleten beharrik izan.
   Asko gustatu zitzaidan bidea eta ingurua, gogoz saiatu behar izan nintzen eskalada hau lortzeko, eguraldia bihurri xamar zebilen, eta, ez nuen denbora soberan, hartu edo utzi izan zen.
Bigarren eskalada egiteko lekuz aldatu nuen, Bridgeport herrira hurbildu nintzan.


Incredible Hulk pareta

   Incredible Hulk paretera joateko baimena beharrezkoa da ere. Hau, Bridgeport herriko Ranger etxean lortzen da. Normalean, Mount Whitneynen baino arazo gutxiago izaten dira eskuratzeko. 


   


   Bridgeport herritik, Mono Village-ra joan beharko dugu Incredible Hulk hormara iristeko. Herri honetatik hamabi milatara dagoen zona errekreatibo bat da hau, auto-stop egin beste aukerarik ez nuen izan Mono villagera ailegatzeko, ez dago garraio publikorik.




 Mono village aisialdirako sortutako kanpamentu bat da, itsuraz udan jendez gainezka egoten dena. Izei baso erraldoi baten erdian, Upper twin lake lakuaren ondoan, mendi garai eta dotorez inguratua, paradisua da Mono village.



Incredible Hulk pareta
   Incredible Hulk hormara iristeko ongi begiratu beharko ditugu mapak eta erreseinak, ez bai da bide arrunta. Mono villagetik Robinson creek trail hartu beharko dugu, ondoren, belardi zabal bat zeharkatzen ari garela, piñu handi eta bakarti baten ondoan, bide hau utzi eta ezkerreko magalera tiratuko dugu bertatik igotzen hasteko. Motxila astunekin lau edo bost orduko bidea da kanpatzen den lekurarte, bibak eder bat dago harri blokez egina.
   Pareta hau izugarria da, oso estetikoa. Azken urte hauetan asko errepikatzen ari dira bertan zabalduak dauden bideak. Asko dira, eta, zailtasun handikoak gainera. Red Dihedral bidea,nik eskalatu nuena, bide klasiko bat da.



Red dihedral hirugarren luzea

   Arratseko eguzkitan, mendebalde orientazioa du hormak, harria suaren kolorez pizten denean, arrakalak zainak balira bezala agertzen dira. Red diedral nondik igotzen den argi ikusi daiteke orduan, hurrengo egunean, nik beintzat, ez nuen bidea bilatzen denborarik galduko.
   Urrian eta, altura honetan, goizeetan fresko egiten du. Gainera, gau luzean zehar ibili zen haize bortitzak ez zidan egun sentiko nagiak ateratzen utzi, gosaldu eta bereala martxan nintzen, gorputzaren berotasunari eutsi nahi nion. Kartak botata zeuden jadanik, horrela beharko zuen izan. 
  Red diedral bidearen azpian, tentuz eta patxadaz, jantzi nituen eskaladarako beharrezko nituen materialak. Harriaren ukitua ez zen ona. Behatzek ez zuten heldulekuen ximurra ongi sentitzen, zaila ez zen harren arriskutsua iruditu zitzaidan bidearen hasiera.
   Hirugarren luzera iritsi nintzenean, hau da Red diedral bidearen giltza, konturatu nintzan, diedro zoragarri hori bakarka eta librean igotzeko ez nuela material nahikorik. Hirurogei metroko arrakala garbiak camalot ertain pilo bat eskatzen zizkidan, eta. ez nituen. Seguru jokatu nuen, ez nengoen nire burua arriskuan jartzeko egoeran, erorketa handi batean min hartzeko moduan. Eskalada artifiziala erabiliz gainditu nuen diedro zoragarria.
   Luze horretatik aurrera gehiago gozatu nuen, naiz eta haizeak nire sokari bihurrikeriak egiten segitzen zuen, bufadak pittin bat apalagoak zirela iruditu zitzaidan. 
   Honelako horma bat bakarka eskalatzen denean, luze egiten da. Pareta bi aldiz igo behar izaten duzu, eta, noski, bi aldiz jeitsi. Sokadaren lana batek egin behar izaten du. Gustura iritsi nintzen gailurrera eta, bertan zegoen metalezko kaxa laranja barruko koadernoan sinatu, honek, egin nituen ahalegin guztiei zentzua emango lioke bezala.


Red dihedral bostgarren luzea


   Jaitsiera ez da zaia, bai kontuz ibili beharrekoa. Ehun bat metro eskalatzen jaitsi beharra dago lepo batetaraino. Harria oso ona da eta, honek, konfiantza ematen du. Lepotik behera kanal bat segitzen da kanpamentu arte.


Incredible Hulk gailurretik




   Egun batzuk nituen oraindik. Tamalez eguraldi txarra sartu zen. Udazkeneko ekaitzak elurtu zituen berriro Sierra Nevadako gailurrak. Aukerak aztertuta, Bishop inguruan dauden Bulder zona famatuak ezagutzea erabaki nuen.
   Benetan txunditurik geratu nintzen lekuaz. Blokeen kalitatea aparta da, mundu osoko jendea etortzen da bloke egitera, eta, bati bat, inguruaren edertasunak txunditu ninduen.

Buttermilk bulder zona


   Bi zonatan ibili nintzen estutzen. Buttermilk famatuan, eta, Happy Bulders ez ain ezagunean. Mugitzeko autorik ez nuenez, ostatu hartu nuen California hostelekoek bizikleta bat utzi zidaten eskalatzera joan ahal izateko.


   Lehen tokia Buttermilk izan zen. Leku txundigarri hau aspalditik da oso ezaguna. Hirurogei garren hamarkadan Yosemite aranean bizi ziren eskalatzaileak egin zituzten harri koskor hauek famatu. Neguan, Yosemite elur geruza zuri batez estaltzen zuenean, eskalatzaileak trasteak biltzen zituzten eta honuntza etortzen ziren hotzaldia pasatzera. 
   Blokeek harri granito kalitate ezin hobea dute. Azpiak oso garbiak dira, harea fin bat dago, segurtasuna ematen die erorketei.
   Aipatu dudan moduan txirrinduan egin nituen bloke zonetara hurbilbideak, eta, Buttermilk kasuan, iristea ez zen makala izan. Hogei bat kilometro aldapatsu dira, azken zatia pistaz, utzi zidaten bizikleta koskorrarekin oso neketsua egin zitzaidan.


   Harri bolkaniko blokeak ditu Happy Bulders-ek, arrakalak eta sapaiak oikoak dira. Blokeen azpiak ez dira Buttermilk bezain onak, beraz bakarrik ibili ezkero, eta, koltxonetarik gabe, nire kasuan bezala, kontu gehiagorekin ibili beharko dugu. 
   Zona hau askoz gertuago dago Bishop-etik, bizikletaz txango atsegin bat da.
   

   Bidaiaren datu batzuk pasatzen ditut, agian norbaitek baliagarriak ditu:
   Garraio publikoa erabiliz eta auto stop eginez burututako eskalada bidai bat da hau; 
   Ordiziatik trenez Donostiara joan nintzan lehenik, Urriaren bosta zen. Gipuzkoako hiriburutik autobusez Madrileko aireportura ondoren. Hegazkinez San Franziskora, eta autobusaz berriro, Reno-ra iritsi nintzen, Urriaren zazpia zen. Reno hirian urriaren bederatzian hartu nuen autobusa Bishopera joateko, eta High Sierra aranean auto stop eginez ibili nintzen. 
  Guztira hamabost eguneko bidai bat izan zen.

 
California Hostel lema

   Norbaitentzat lagungarri izango delako, aiba bidai kostu batzuk:
Hegazkina Madrildik - San Franciscora  600€ ateratzen da +-
Metroa San Franziskon, aireportutik Greyhound autobus geltokira joateko 8,5$
Autobusa San Francisco - Reno  36$
Reno-n Motela edo Kasinoren bat 40$
Autobusa Reno - Bishop  53$
Hostelak Bishop, Lone Pine  28$
Campground-ak  22$
Erosketa normalak, jana, etxean baino garestiagoak dira.
Diru kanbiorik hoberena, txartelarekin egiten da.
Estatu Batuetatik bidaiatzeko, erosoena, kotxea alokatzea da. Merkea eta erraza da egiten.
   Nik ordea beste egoera bat bilatzen nuen...