2021(e)ko irailakren 26(a), igandea

PICU URRIELLO - Opera Vertical

 


Ordenagailuaren pantaila itsugarriari adi begiratzen nengoen, aztiak kristalezko bola arakatzen duen bezala, eskuarekin mugimendu suabeak eginez, argia laztantzen. Sorginen eran, etorkizuna jakin nahian nenbilen ni ere, zein izango zen hurrengo egunetako gure zoria. Eguraldi iragarpena ari nintzan kontsultatzen, eta, kristalezko bolak zioenez, gorputza zailtzeko giroa izango genuen. -Ongi, horrela behintzat jende gutxiago topatuko dugu mendian.




Iñaki Mendizabalek eta nik estu burutu dugun irteera izanda hau, eguraldi petral denboraleak utzi digun barealdia, kaltzadorekin sartu dugun eskalada bidaia; larunbata eguerdian irten ginen etxetik eta, igande iluntzean, ordu txikietan, txikituta itzuli.

Pico Urriello mendebal horma igo dugu, Ópera vertical bide amaigabetik gora. Udaberrian eginiko plana zen hau, orain arte burutzerik ezin izan duguna.



Haitzezko Opera honen sortzaileak; Nacho Orviz eta Claudio Sánchez izan ziren 1989ko irailean. Garai haietan obra beste era batetara taularatzen zen, eskalada artifizialez alegia. Baina, 2019. urtean, Jesús Wensell eta Nico Cerda sokadak, beste era bateko errepresentazioa aurkeztu zuten, era askean antzeztuz. Horretarako sortzaileak paretan utzitako material finkoa aldatu zuten, buril zaharrak paraboltaz ordezkatu zituzten eta, zeuden iltze bakan batzuk ber kolokatu.



Montanejosen ezagutu nuen Claudio Sánchez, Castellongo eskalada eskola paregabean, Ernesto Lópezen aterpean, etxe horretatik pasatzen ginen, harri, eta eguzki egarri ginen eskalatzaile guztiak; laurogei garren hamarkada bukaera zen, bizitza sinplea eta erraza iruditzen zitzaidan garaia, ondorioak begiratu gabe pausoak ematea ausartzen nintzen periodoa.

Eskalatzaile aparta zen Claudio, oso ezaguna, Cerro Torre igoa zuen Fernando Cobosekin batera, estatuko lehen igoera izan omen zen hau. Elkarrekin " La escalera de los dioses" bidea eskalatu genuen el estrecho de Mijares paretan. Bidea, estiloz klasikoa, ez oikoa orduan ere, ongi estutu behar izan genuen gaina irabazteko, era askean pasatzea lortuz. Paretatik atera ginenean, gustu handiz jaso nituen Claudioren zorionak, bidea eskalatu nuen moduagatik zentozen laudorioak, harrotasunez puztu nintzan.

Urrielloko aterpetxean elkar ikusi genuen beste behin, bertako zaindaria zen orduan. Claudiok, kalitate ezin hobea duen Picu paregabean bost bide zabalduak zituen. Gero jakin nuen gauzak ez zitzaizkiola ondo joan eta, arazoak izan zituela, nahiko larriak gainera. Espero dut denborak gauza guzti horiek konpondu izana.



Collado Pandebanosera iritxi ginen momentuan, arratseko bostak inguru ziran, hasi zen euria. Ez zen euri jasa sinplea, gogoz botatzen ari zuen. Harritu ginen, eguraldia iragarri zuen aztiak ez zuen halakorik esan. Kotxean babesturik noiz atertu zain egon ginen, eta, ordu erdi luze ondoren, prestatu berri genituen motxilak bizkarrean, Urrielloko bidearen maldak igotzeari ekin genion.

Motxila astunak generamatzan, eskalada materialetik aparte, gaua aterpetik kanpo pasatzeko trasteak kargatu genituen zakutotan.

Amildegi gainetik bihurka zeharkatzen duen bidearen laurdena ibilia genuela hasi zen berriro euria, eta, Urriellora iritsi arte ez zuen atertu. 

Zortea izan genuen, harri handien azpiko bibakak libre zeuden, ez zegoen jende askorik aterpez kanpo akanpatua.

Zorua bustia egon arren koltxoneta gainean gustura etzan ginen, zeruan izar bakan batzuk laino beltzen artetik ageri ziran. 



Hotza zen goiza. Naiz eta Pico Urriello lehor agertu, hezetasuna dastatu genezaken, goizeko zazpirak ziran.

Ezin dut hitzekin deskribatu, baina, behingoz, harriaren legea juxtua izan zela diot, Iñakiri tokatu zitzaion lehen luzean aurretik joatea.

Ópera vertical bideak dituen luzeetatik konpromezu handienekoa da lehena. Hasierako metroetan ditu zailtasun handiko mugimendu batzuk, iltze plano batek babesten duen zatian, ez du konfiantza handirik eskaintzen iltze exkax horrek, A3+ artifizial zailtasunez graduatu zuten Nacho eta Claudiok, hortik atera kontuak. Luze honen bukaerako zatian ongi estutu beharra dago berriro ere. Iñakik maisuki eskalatu zuen tirada hau, kontuan izan behar dugu ez zela giro, zero gradutik gertu ibiliko ginen, atzamarrak ez genituen sentitzen.

Lehen luze hau iruditu zitzaidan benetan gogorra, hortik aurrera gauzak xamurragoak bihurtu zirela ausartzen naiz esatera.



Egun osoan primaloft txaketa jantzia nuela eskalatu beharrean izan nintzen, eguzkiaren printzak gure gainetik pasatzen zirela sentituz, frente geneukan Torre de Cerredo mendia, eguzki printzez epel, inbidiaz kontenplatzen nuen, mendebal orientazioko horma batek hori dauka. Arratsean, eguzkiak jo behar zigun momentuan, lainotu egin zen.



Luze egin zitzaidan bidea, Naranjo horma handia da, aspaldian bostehun metro segidan eskalatu gabe nengoen.

Arratseko seiak pasa iritsi ginen gailurrera, be laino itxiak sokak bustitzen zizkigula, denbora galdu gabe, Murciana bidetik egin genuen behera, inongo gora-berarik sortatu gabe.



Hezetasunak dena estaltzen zuen, laino itxiak egunaren amaia azkartu zuen, harri azpiko bibaka utzi genuenerako erdi ilun zegoen.



Frontalen argiaz iritxi ginen Padebanosa, etxera eramango zigun ibilgailura, euri tantanak erotzen hasiak ziran dagoeneko,  Arenas de Cabrales iritxi aurretik euri txikia serioa bihurtua zen.





Asko gustatu zaigu opera vertical bidea, beste behin Picuk ez digu huts egin. Kalitate handiko linea bateaz ari gara hitz egiten, haitz eskaladaren gordintasuna dastatu daitekeen bide bateaz. Guk, Picu urrielloko gailurrean harrotasunez bosteko beroa eman genuenean, abentura itzela bizi izanaren ondorioz zen.

 




















2021(e)ko irailakren 2(a), osteguna

MARBORE DORREA - Hiperamort!!!

 


Barre algara, oinen azpian zabaltzen zitzaigun espazio sakon mugagabean disolbatu zen, euri tanta gozoa ozeano gazi amaigabean desegiten den bezala. Bigorreko eskalatzailearen erreakzio alaia, egin berri zidan galderaren ondorio izan zen.

Marbore dorreko haitz gris-ilun konpaktuan geunden erantsiak, Sida vertical bide jendetsuan, bilera eroso batean, gure aurreko sokadaren parte zen tipoa.
-Zergatik igo zarete Bujaruelotik? Esan zidan. – Marborera iristeko Gavarnie eski estazioa erosoagoa da.
Nik, asteburuan zehar erabili izan nuen argudio inozoenarekin erantzun nion; -Frantziako autopista zekenetan gidatzea aspergarria egin izan zait beti, gustagarriagoa izaten dut hegoaldeko bide korapilatsuetako patxada; kafetxoa dastatzeko geldialdia egiten dut, ondorengo ogitartekoa eta kaña plazerak dira, momentu horiek ez dute parekorik.
Frantziarraren irribarre ozenak baieztatu zuen nire erantzun buruarina; -Bai, iparraldean ez dago halakorik.


Hiru lagunen arteko asteburu paregabeaz ari naiz idazten, eskalada belaunaldi desberdinetan landutako hirukote anitzaren irteera batez.


Beasaingo hotel kastillo parkingean, furgoneta motorra martxan jarri baino segundo batzuk lehenago, erabaki genuen Marborea joango ginela eskalatzera.

Niri tokatu zitzaidan gidari lanak egitea, eta, iritzi garbirik ez genuenez, niregan utzi zuten norabidearen erabaki ardura; bolante kolpe tinko batez Etsegarate norabidea hartu nuen, zein den Marborera iristeko biderik hobenaren teoria martxan jarri zen.
 -Pufffa. Izan zen Iñigok jarri zuen oztopo bakarra.
Iñakik, ordea, pisuzko kezka bat zuen, -Ni astelehenean goiz sartzen naiz lanera.



Oraingoan ere sukaldea jasotzeko lanak erdi bukatuak zituela harrapa genuen Amador, bokata azkar batzuk prestatuko zizkigula esan zigun El último Bucardoko nagusiak. Longaniza ogitarteko apartak jaten ari ginela, Marborera igotzeko modu hoberenaren gaiari barre batzuk atera genizkion. Amadorrek jatetxearen telefono txartela eman zigun hurrengoan garaiz abisatzeko aholkuarekin.





Biharamunean, goizeko seietan altxa ginenean, gainezka zegoen kanpinaren jende erdia dagoeneko esnatua zegoen,-Nora zoazte ardi galdu horiek?

Denbora dezente kosta zitzaigun erabili behar genuen logistika erabakitzea, inprobisatzea genuen beharrezko, zero denbora inbertitu genuen etxean irteera hau prestatzen.




Zein den Marborerako biderik egokienaren teoria momentu zailenera iristear geunden; milatik gora metro desnibel gainditu ondoren, motxilen zama bizkarrean iltzatzen zitzaigula, Bujarueloko lepoa bertan zen, beste aldeko errealitatearekin bat egin behar genuen unea.


 Sólo hay un camino a la montaña, el esfuerzo.

Los espectadores introducidos por el turismo no necesariamente tienen las capacidades para oír el concierto, como si metes a un sordo a oír a Bach. Lo que consigues en la montaña con tu esfuerzo, o incluso sobreesfuerzo, no es el premio que te han regalado, si no el premio que te has merecido midiendote con algo inocente como es la tierra. Eso es una sensación moral que se obtiene del montañismo.

Eduardo Martínez del Pison

Irakurri, Desnivel 190. zenbakia, El Himalaya en los Pirineos. 



Ez nekien Tallón ipar aurpegi handientsuaren azpiko ordeka paregabean nengoen, hala, Kontxako pasealekuan igande goiz eguzkitxu batean. Han zegoen jendetzaren erruz, azken hiru hamarkada luze hauetan zehar, negu gordinean bati bat, paraje txundigarri honen oroitzapen basatiak distortsionatzen ari zitzaizkidan.

Serradeseko aterpera iritsi ginenean, sorpresa atsegina hartu genuen; Arizio, Mikel, Adi… Bilboko koadrila bertan zen eskalatzeko asmotan. Unai Cobos Ordiziarra beraiekin zegoen ere, itzela.


Gaua pasatzeko bibaka hartzea izan zen lehen eginkizuna, despistatuta ibili ezkero lekurik gabe geratzeko arrisku handia dago.

Mokadutxo bat jatearekin batera, etorri zen eguneko bigarren erabaki garrantzitsua; zein bide eskalatu. Egia esan, hain zaila ez zen izan, Bilbotarrak Izarren hautsa bidera zihoazenez, guk Hiperamort aukeratu genuen.


Gavanien, hizotz jauziak eskalatzen ari zela zendu zen Pau Escalé katalanaren omenez zabaldutako bidea da Hiperamort; hitz xelebre hori Paulen gudu garrasia omen zen: !!!Hiperamort!!!


Maila handiko bi eskalatzaileen artean zabaldutako bidea izanik, Ekaitz Maiz eta Manu Córdoba, eta, konpromisoa bidearen ezaugarrietako bat denez; ez zuten bidearen irekieran progresiorako paraboltik erabili, gauza serio baten aurrean geunden.



Ez ditut bideari buruzko xehetasunak emango, gu horrela sartu ginan hormara ere. Bakarrik esan, bigarren luzea era bikainean zabaldua dagoela, txalogarrian. Beste guzia, katxarreatzeko "rrollitoa" gustatu ezkero, ipurdia estutzen noski, bide alpino on baten aurrean zaudela.

Jaitsiera, errapelatzen, Izarren Hautsa bidetik egin genuen, Luichyren liburuan hala jartzen du. Tamalez, ez genuen azken bide honen krokisa eraman eta, errapeletan liatuak ibili ginen: Diedro handiko azken aurreko errapeletik ezkerrera jo behar da, bilera bat bilatzea. Bidea, ordea, eskuinetik dator, diedro handi horretan dagoen bilerarantz.
Jaitsi ahal izateko, estimu handia diodan malloia utzi behar izan genuen, bidearen parabolt batean. Norbaitek jasotzen ba du eta, itzultzeko adeitasuna izan, eskertuko nioke; Íñigo eta Iñaki parrez lehertzen egongo dira.


Bigarren egunean, hasieran aipatu dudan Sida vertical bidea eskalatu genuen.

Zer esan bide honetaz zuek ez dakizuenik; guri ikaragarri gustatu zitzaigula, eta, itzela dela.


Kronika hemen bukatu nezakeen, baina, dago une bat, jaitsieraren zati bat, kezkatzeko modukoa egin zitzaidala: Brecha de Rolan iristear geundela, lepo latza jendez gainezka ageri zen. Beherago, hego aldera, Tallón azpian, area fineko ordeka batean, hamar, edo, hamabost lagunek futbol partida ari ziren jokatzen. Brechatik, Serradeserako bide malkartsuan, eta, berritutako aterpetik, Bujarueloko lepo zatian, deskriba ezinak diren uneak bizi nituen, kezkatzeko modukoak.


Furgonetara ordu zuhurkian iritsi ginen, Iñakik bere laneko konpromisoarekin malgu ibiltzeko aukeran.

El último Bucardo telefono txartela atera eta, Amadorri hiru bokata prest izateko eskatu genion. Eta, orduan, hiru zerbeza pitxar handiekin topa egin genuen momentuan, adostasunera iritsi ginen, hiru eskalatzaile belaunaldi bat egin zuten; Marborera joateko biderik hoberena Bujaruelotik da.