Begiak malkoz betetzen hasi zitzaizkidan, hunkitua nengoen. Ez dut
zaila egoera horretara iristea, Bob esponjaren marrazkiak ikustean gerta dakit
ere.
Goiza euritsua zen, desatsegina, egunari
ez nion traza onik hartzen; ohikoak eta atseginak ditudan jarduerak egiteko
betarik ikusten.
Etxeko sukaldean nengoen gosarirako
erabili genituen ontziak jasotzen. Irratia martxan zen, normalean musika
lagungarri izaten dut etxeko lanak egitean, doinuei arreta handirik jartzen ez
dieten arren, konpainia handia egiten dit; eta bat batean nire negarraren
arrazoia izan ziren akordeak entzun nituen.
Leihotik kanpora begira geratu nintzen,
geldirik, pentsakor; Kalea bustirik egotearen arrazoia negar malkoen erruz zela
ausnartu nuen, letrak narratzen zuen sufrimenduaren gaitik alegia. Zerutik
erortzen ari zen euri fina, milioika emakumeek isuritako malkoak sortua zela imajinatu
nuen.
Gorka Urbizuren ahots eranskorrak geldo
mantentzen ninduen leihoan, Berri txarrak taldearen Maravillas abestiaren
magiaz sorgindurik nengoen. Guda ikaragarrietan bizitza baino gehiago galdu
dutenen garrasi indargabea entzuten ari nintzan, gupidarik gabe umiliatu
dituzten emakumeen salaketa mingarria. Gatazkek sortzen duten kaosaren
aitzakian, eta inpunitate osoz, burutu eta burutzen diren jazarpen kriminalen
denuntzia.
Maravillas Lamberto hamalau urteko neska
gazte bat zen, gizonezko batzuek, gerraren aitzakian, bortxatu eta hil
zutena. Hau Larragan gertatu zen, Nafarroan, 1936ko altxamendu militarraren
ondorio.
Basakeria hau isilean egon da hamarkada ilunetan zehar, orain, eta, bat-batean,
bide bazterreko zangetatik hildakoak ateratzen hasi direnean, astakeria hauek
azaleratzen ari dira; tamalez ehunka kasu daude berdinak.
Maddi Mujikak egindako krokisa
-Izan
dadila haitz orratz eder hau zure izanaren oroigarri, Maravillas, eta
zu bezala, indarkeri matxista sufritu duten emakume guztientzat indar
iturri-.
Begiztatze azkar bat aski izan nuen kalitatezko bide baten aurrean nengoela jakiteko, eta honek harritu egin
ninduen, ez bai ditut Eginoko haitzak orain 30 urte bezala ikusten. Orduan hasi
berria nintzan eskalada gaietan, ikastea zen helburua eta aski nituen
monolitoetako kirol bideak horretarako. Ondoren izan nituen eskalada
esperientziak Araba lautadako eskalada eskola aparta honetatik kanpo izan
ziren, naiz eta tarteka bisitatxoak egiten nituen; eta bat-batean, bigarren aukera bat balitz bezala, Eginon berriro eskalatzen hasi bezain pronto, eskalatzeko aukera
piloa ageri zaizkit begi aurrean.

Iñaki Mendizabali komentatu nion ia gura
zuen bidea nirekin batera zabaltzea, gogoz irrikitzen baietz erantzun
zidan.
Eskalatzaile belaunaldi berrikoa dugu Iñaki, ez ohiko taldekoa,
minoria. Horma handietan eskalatzea du gustuko Oñatiar honek, estutzen beti
ere, eta sormena dauka helburu.
Hiru eskalatzaile gizaldi daude Iñaki eta
nire artean, nik Eginoko orratzak ezagutu nituenean jaio zen bera. Baina hori
ez da oztopo izan elkar ongi ulertzeko, hizkuntza berdinean berba egiten dugu.
Nondik hasi bidea izan zen elkarren artean
hartu beharreko erabakietako bat. Bi aukera genituen begi aurrean; gero ikusi
genuen baztertutako linea lehenagoko eskalada saiakera bat izan zela, bigarren
luzea izan behar zuen plaka lisoak frenatu ziela zuten sortzeko asmoa.
Bistakoa da, Maravillas bidean, arrakala
handia dela bidea markatzen duen ezaugarri nabarmenena, eta noski, horra
iristea zen gure lehentasuna. Bi luze behar izan genituen iristeko.
Lehen luzea haitz plaka eder batetik
hasten da, parabolta sartu beharrean izan ginan plaka honi segurtasuna emateko.
Ondorengo zatia eskalada garbia da.
Bigarrenak, eta hemen ere, bidearekin
hasterakoan bezala, nondik tiratu eztabaida izan genuen; haitz plaka izugarri
elegantea zabaltzen bai zen gure aurrean. Logikoena ezkerretara jotzea izango
zen, baina lehen aipatu dudan bideak okupatzen zuen zati hau, buril eta iltze dezente
ikusten ziran. Zuzen gorantz tiratzea ederra izango zen ere, baina oso liso
ageri zen, ez posible auto babesteko eta, parabolak sartzea ia ezinezkoa. Beraz
eskuinera tiratu genuen. Emaitza, txapela kentzeko luze bat.
Abisu moduan, ez ahaztu fisurero txikiak
hartzea jokoan, beharrezko izango dituzue eta, bat bai behintzat.
Hirugarrena zeharkaldi batekin hasten da,
eskuin-ezker, arrakalaren tetxoa hartzeko. Fisuratik aurrera eskalatzaileen
arteko kontaktu bisuala galtzen da, eta hau luze honen ezaugarri garrantzitsua
dela esango nuke, isolamendu sentsazio handia. Beste ezaugarri inportantea,
ongi babesteko hiru joko friend beharrezko izango ditugula, eta hau zama handia
da. Bestela, nire iritziz, luzeak ez du haitzakirik, kriston kalitatea dauka,
arrakala eta plaka konbinatzen ditu era ezin hobean.
Azken luzea, laugarrena, harro egoteko
tirada da ere, bi parabolt kokatzeko behartuak izan ginan, era horretara oso
ongi babestua geratzen da luzea. Konbinazio perfektua dauka tirada honek ere,
fisura, plaka, desplomea, ez da makala.
Jaisteko, guk errapelatu egin genuen;
haitz zubi on bat da lehen errapela, eta zuhaitz bat bigarrena. Bada ez bada
eraman kordinoak errapel hauek aldatzeko. Oinez jaisteko aukera dago ere, baina
Azor paretaren erregulazioa dela eta, hau udazkeneko aukera dugu soilik.