2021(e)ko apirilaren 4(a), igandea

EGINO - Pared del Queso - Maravillas

 


Begiak malkoz betetzen hasi zitzaizkidan, hunkitua nengoen. Ez dut zaila egoera horretara iristea, Bob esponjaren marrazkiak ikustean gerta dakit ere.

Goiza euritsua zen, desatsegina, egunari ez nion traza onik hartzen; ohikoak eta atseginak ditudan jarduerak egiteko betarik ikusten. 
Etxeko sukaldean nengoen gosarirako erabili genituen ontziak jasotzen. Irratia martxan zen, normalean musika lagungarri izaten dut etxeko lanak egitean, doinuei arreta handirik jartzen ez dieten arren, konpainia handia egiten dit; eta bat batean nire negarraren arrazoia izan ziren akordeak entzun nituen. 
Leihotik kanpora begira geratu nintzen, geldirik, pentsakor; Kalea bustirik egotearen arrazoia negar malkoen erruz zela ausnartu nuen, letrak narratzen zuen sufrimenduaren gaitik alegia. Zerutik erortzen ari zen euri fina, milioika emakumeek isuritako malkoak sortua zela imajinatu nuen.
Gorka Urbizuren ahots eranskorrak geldo mantentzen ninduen leihoan, Berri txarrak taldearen Maravillas abestiaren magiaz sorgindurik nengoen. Guda ikaragarrietan bizitza baino gehiago galdu dutenen garrasi indargabea entzuten ari nintzan, gupidarik gabe umiliatu dituzten emakumeen salaketa mingarria. Gatazkek sortzen duten kaosaren aitzakian, eta inpunitate osoz, burutu eta burutzen diren jazarpen kriminalen denuntzia.




Maravillas Lamberto hamalau urteko neska gazte bat zen, gizonezko batzuek, gerraren aitzakian, bortxatu eta hil zutena. Hau Larragan gertatu zen, Nafarroan, 1936ko altxamendu militarraren ondorio. 
Basakeria hau isilean egon da hamarkada ilunetan zehar, orain, eta, bat-batean,  bide bazterreko zangetatik hildakoak ateratzen hasi direnean, astakeria hauek azaleratzen ari dira; tamalez ehunka kasu daude berdinak. 

Maddi Mujikak egindako krokisa


-Izan dadila haitz orratz eder hau zure izanaren oroigarri, Maravillas, eta zu bezala, indarkeri matxista sufritu duten emakume guztientzat indar iturri-.


Begiztatze azkar bat aski izan nuen kalitatezko bide baten aurrean nengoela jakiteko, eta honek harritu egin ninduen, ez bai ditut Eginoko haitzak orain 30 urte bezala ikusten. Orduan hasi berria nintzan eskalada gaietan, ikastea zen helburua eta aski nituen monolitoetako kirol bideak horretarako. Ondoren izan nituen eskalada esperientziak Araba lautadako eskalada eskola aparta honetatik kanpo izan ziren, naiz eta tarteka bisitatxoak egiten nituen; eta bat-batean, bigarren aukera bat balitz bezala, Eginon berriro eskalatzen hasi bezain pronto, eskalatzeko aukera piloa ageri zaizkit begi aurrean.


Iñaki Mendizabali komentatu nion ia gura zuen  bidea nirekin batera zabaltzea, gogoz irrikitzen baietz erantzun zidan.

 Eskalatzaile belaunaldi berrikoa dugu Iñaki, ez ohiko taldekoa, minoria. Horma handietan eskalatzea du gustuko Oñatiar honek, estutzen beti ere, eta sormena dauka helburu.
Hiru eskalatzaile gizaldi daude Iñaki eta nire artean, nik Eginoko orratzak ezagutu nituenean jaio zen bera. Baina hori ez da oztopo izan elkar ongi ulertzeko, hizkuntza berdinean berba egiten dugu.

Nondik hasi bidea izan zen elkarren artean hartu beharreko erabakietako bat. Bi aukera genituen begi aurrean; gero ikusi genuen baztertutako linea lehenagoko eskalada saiakera bat izan zela, bigarren luzea izan behar zuen plaka lisoak frenatu ziela zuten sortzeko asmoa.

 

   Bistakoa da, Maravillas bidean, arrakala handia dela bidea markatzen duen ezaugarri nabarmenena, eta noski, horra iristea zen gure lehentasuna. Bi luze behar izan genituen iristeko.



Lehen luzea haitz plaka eder batetik hasten da, parabolta sartu beharrean izan ginan plaka honi segurtasuna emateko. Ondorengo zatia eskalada garbia da.



Bigarrenak, eta hemen ere, bidearekin hasterakoan bezala, nondik tiratu eztabaida izan genuen; haitz plaka izugarri elegantea zabaltzen bai zen gure aurrean. Logikoena ezkerretara jotzea izango zen, baina lehen aipatu dudan bideak okupatzen zuen zati hau, buril eta iltze dezente ikusten ziran. Zuzen gorantz tiratzea ederra izango zen ere, baina oso liso ageri zen, ez posible auto babesteko eta, parabolak sartzea ia ezinezkoa. Beraz eskuinera tiratu genuen. Emaitza, txapela kentzeko luze bat.
Abisu moduan, ez ahaztu fisurero txikiak hartzea jokoan, beharrezko izango dituzue eta, bat bai behintzat.
 

Hirugarrena zeharkaldi batekin hasten da, eskuin-ezker, arrakalaren tetxoa hartzeko. Fisuratik aurrera eskalatzaileen arteko kontaktu bisuala galtzen da, eta hau luze honen ezaugarri garrantzitsua dela esango nuke, isolamendu sentsazio handia. Beste ezaugarri inportantea, ongi babesteko hiru joko friend beharrezko izango ditugula, eta hau zama handia da. Bestela, nire iritziz, luzeak ez du haitzakirik, kriston kalitatea dauka, arrakala eta plaka konbinatzen ditu era ezin hobean.


Azken luzea, laugarrena, harro egoteko tirada da ere, bi parabolt kokatzeko behartuak izan ginan, era horretara oso ongi babestua geratzen da luzea. Konbinazio perfektua dauka tirada honek ere, fisura, plaka, desplomea, ez da makala.

Jaisteko, guk errapelatu egin genuen; haitz zubi on bat da lehen errapela, eta zuhaitz bat bigarrena. Bada ez bada eraman kordinoak errapel hauek aldatzeko. Oinez jaisteko aukera dago ere, baina Azor paretaren erregulazioa dela eta, hau udazkeneko aukera dugu soilik.



1 iruzkin:

  1. Bide ikaragarria!!! Oso linea polita da, pena graduan falta gaudela... Zorionak ta eskerrik asko Eginokin maitemindutak gauden guztion partez. Baukeu pike berri bat! Artistak zeate

    ErantzunEzabatu