Asteburu luze bat igaro dudan sentsazioa
dut, alde batetik emankorra izan da eskalada kontuetan, beste aldetik didaktikoa gastronomian.
Ostegun iluntzean Ordiziako mendizaleak
elkarteko kideek gazta dastatze batetara gonbidatu ninduten herriko sozietate
gastronomiko batetan. Mahiaren inguruan bildu ginenen artean, bitxikeria moduan,
gazteena ni nintzan. Bertan ginen mendi elkarteko bazkideak, Goierriko
mendizale beterano taldeko kide batzuk, eta Idiazabal gaztaren jatorri deitura
mundura zabaltzen lan itzela egiten ari diren Gazta kofradiako bi lagun ere.
Interesgarria iruditu zitzaidan gazta kofradiako kide hauek Idiazabal gaztari
buruz eman ziguten txarla, Idiazabal gazta nola dastatu aholkuak barne.
Kuriosoa iruditu zitzaidan gazta zati bat probatu ondoren, honek ahoan utzitako
zaporea kentzeko aitzakian, ardo zuri kopari ematen genizkion zurrupadak.
Ardi esne usain nabarmena, eta, zapore freskoa zuen gazta berri batekin hasi genuen dastatzea.
Honen gustua ahotik kentzeko Albariño ardoa aukeratu zuten kofradiakoek. Ondoren, bi urte pasatxo zuen gazta eldu batekin jarraitu genuen, jadanik esne zaporea galdua zuen gazta bat zen hau, gatzagiaren gustu lehorra hartua zuena. Oraingo honetan gazta honen aho garbiketa egiteko txakolina hautatu zuten kofradiakoek. Keatutako gaztak ere probatu genituen, gustu berezia hartzen dute gazta hauek, Jerezeko manzanilla lehor batekin ausartu ginen aho garbiketaren errituala egiteko.
Hau sarrera besterik ez zen izan, sabelak bero-bero, mahian eseri ginen marmitakoa afaltzeko prest. Hegaluzeak ahoan uzten duen itsaso gaziaren zaporeari kontra egiteko, ardo beltz botila desberdinei kortxoa kendu genizkien.
Albert-en krokisa. Guk bidea kateatu genuen eta 7b gogorra iruditu zitzaigun.
Gaztaren zaporea izan nuen ahoan sartua asteburu
osoan, ardo zuriak ez zuen lortu guztiz ezabatzea, Gorka Lertxundirekin Ordesan
eskalatu nituen bi bideei gazta forma hartu nielarik.
Garrafoi bidearekin hasi ginen. Larunbata eguraldi apartaz argitu zuen. ”Gazta” zaharraren zapore indartsua hartu nion Garrafon bideari, ongi asentutako ahogozoa uzten duen mokadua, Kotatueroko ur freskoak ez du lortzen ahotik zaporea kentzea, luzez luze, hartuz joaten gara gatzagiaren zaporea. Furgonetara jaitsiak ginela, zerbeza hotz bana eskuetan genituela, lortu genuen bakarrik gustua ahotik kentzea, hurrengo “gazta” probatzeko prest ginen jadanik.
Sugegorri baten bisita izan genuen bigarren luzearen bileran.
Hirugarren luzearen hasiera
Laugarren luzea.
Zazpigarrena.
Udazkeneko fruituak
Dret a decidir “gazta” berria da, zaporea asentu gabea duena, igoeran, momenturo freskotasun
gustua jario du, ausardia agertzen duena mokadu bakoitzeko. Asko gustatu
zitzaigun “gazta” hau, furgonetan edan genituen zerbeza guztiak ez ziren nahiko
izan gustu berri hori ahotik kentzeko. Erabili genuen krokisa eta guk egindako
eskalada ez zetozen bat, beraz, guk egindako igoera krokisean azaltzen animatu
naiz.
Krokis orijinalaren gainean gure trazadua marraztua.
Bigarren luzean, dirudi, gu pittin bat eskubitik ibili ginela.
Hirugarren luzea.
Bilera guztiak egin behar dira.
Laugarren luzearen hasiera.
Bosgarren luzea.
Seigarren bilera guk eskuinean egin genuen.
Zazpigarren luzea, gure bariantean.