Asteburu luze bat igaro dudan sentsazioa
dut; emankorra izan da eskalada kontuetan, didaktikoa gastronomian.
Ostegun iluntzean Ordiziako mendizaleak
elkarteko kideek gazta dastatze batetara gonbidatu ninduten herriko sozietate
gastronomiko batetan. Mahiaren inguruan bildu ginenen artean, bitxikeria moduan,
gazteena ni nintzan. Bertan ginen mendi elkarteko bazkideak, Goierriko
mendizale beterano taldeko kide batzuk, eta Idiazabal gaztaren jatorri deitura
mundura zabaltzen lan itzela egiten ari diren Gazta kofradiako bi lagun ere.
Interesgarria iruditu zitzaidan gazta kofradiako kide hauek Idiazabal gaztari
buruz eman ziguten txarla, Idiazabal gazta nola dastatu aholkuak barne.
Kuriosoa iruditu zitzaidan gazta zati bat probatu ondoren, honek ahoan utzitako
zaporea kentzeko aitzakian, ardo zuri kopari ematen genizkion zurrupadak.
Ardi esne usain nabarmena eta zapore freskoa zuen gazta berri batekin hasi genuen dastatzea.
Honen gustua ahotik kentzeko Albariño ardoa aukeratu zuten kofradiakoek. Ondoren, bi urte pasatxo zuen gazta heldu batekin jarraitu genuen, jadanik esne zaporea galdua zuen gazta bat zen hau, gatzagiaren gustu lehorra hartua zuena. Oraingo honetan gazta honen aho garbiketa egiteko txakolina hautatu zuten kofradiakoek. Keatutako gaztak ere probatu genituen. Gustu berezia hartzen dute gazta hauek, eta Jerezeko manzanilla lehor batekin ausartu ginen aho garbiketaren errituala egiteko.
Hau sarrera besterik ez zen izan, sabelak bero-bero genituela mahian eseri ginen marmitakoa afaltzeko prest. Hegaluzeak ahoan uzten duen itsaso gaziaren zaporeari kontra egiteko ardo beltz botila desberdinei kortxoa kendu genizkien.
Albert-en krokisa. Guk bidea kateatu genuen eta 7b gogorra iruditu zitzaigun.
Gaztaren zapore sendoa izan nuen ahoan sartua asteburu
osoan, ardo zuriak ez zuen lortu gazitua guztiz ezabatzea, hain zen gogorra
ahoan nuen gustua, Gorka Lertxundirekin Ordesan eskalatu nituen bi bideei
gazta itxura hartu niela.
Larunbata eguraldi apartaz argitu zuen, eta pentsatua genuen bezala Garrafon bidearekin hasi genuen dastaketa. ”Gazta” zaharraren zapore indartsua hartu nion Garrafon bideari, ongi asentutako ahogozoa uzten duen mokadua. Ordesako "Cascada" hormako bide guztiek oso zapore nabarmena dute, ardi-gazta zaharraren gatzatu gustua; Rasc, Libertarias, Trituradoras... Kotatueroko ur freskoak ez du lortzen ahotik zapore indartsua kentzea. Ez dut bideari
buruzko xehetasun gehiagorik emango, honela jatorrizko deitura hobeto mantentzen duela
uste bai dut. Eskaladari buruzko xehetasun asko ematen hasten bagara, gazta zati
handi bat xerratan moztutako gazta zati bihur daiteke. Bakarrik adierazi Garrafon bidea era askean kateatzea lortu genuela.
Furgonetara jaitsiak ginela, zerbeza hotz bana eskuetan genituela, lortu genuen eskalada on batek ahoan uzten duen zapore gozoa kentzea. Hurrengo “gazta” probatzeko prest ginen jadanik.
Sugegorri baten bisita izan genuen bigarren luzearen bileran.
Hirugarren luzearen hasiera
Laugarren luzea.
Zazpigarrena.
Udazkeneko fruituak
"Dret a decidir" bidea berriz gazta berria da, oraindik zaporea asentu gabekoa. Igoera osoan, uneoro, freskotasun
gustua jario du, ausardia agertzen du mokadu bakoitzeko. Asko gustatu
zitzaigun gazta hau, artzain gazteen
belaunaldi berriek hobetutako teknikekin egindako gazta da. Fraucata hormako
lerro ikusgarri guztiak agortuta, harkaitzezko plaketan bilatu behar izan dute
bide berri bat marrazteko espazioa. Eta lortu ere. Erabili genuen krokisa eta guk egindako eskalada ez zetozen bat, beraz, guk egindako igoera krokisean azaltzen animatu naiz. Ikus
dezakezuenez, eskuinera jo genuen azken aurreko luzean diedro nabarmen bat
hartzera, ez genuen argi ikusi krokisaren aukera.
Esan dudan bezela, asko gustatu zitzaigun bidea, furgonetan edan genituen zerbeza guztiak ez ziren nahiko
izan gustu berri hori ahotik kentzeko.
Krokis orijinalaren gainean gure trazadua marraztua.
Bigarren luzean, dirudi, gu pittin bat eskubitik ibili ginela.
Hirugarren luzea.
Bilera guztiak egin behar dira.
Laugarren luzearen hasiera.
Bosgarren luzea.
Seigarren bilera guk eskuinean egin genuen.
Zazpigarren luzea, gure bariantean.
Horma kaotiko hauetan
artzainek hamarkadetan zehar "Ordesako eskalada" jatorrizko deiturako gazta onak egin
dituzte. Jatorri-deitura horrek zenbait berezitasun behar
ditu desberdin egiten dituen zapore hori lortzeko. Bailara paregabe honetan
jarraibide horietatik kanpo egin diren gaztak, zalantzarik gabe, harkaitz
zorabiagarri hauen aromak biltzea lortzen ez duten suzedaneoak dira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina