2018(e)ko azaroaren 3(a), larunbata

MALLOS DE RIGLOS-Via del Silencio MALLOS DE AGUERO-La Theorie du Conglo


   Bakardadeak heldutasunaren jabetza dauka, (Sinuhé Egipziarra). Urte asko pasa dira Mika Waltarin liburu zirraragarri hau irakurri nuen lehen alditik, gaztea nintzan orduan, beste begi batzuez irakurri nuen nobela, ardura gutxiagoak nituen, orduan, idatzi hau hasi dudan esaldia oharkabean pasa zitzaidan. 
   Berriro dut liburua esku artean, Rebecak utzi dit, oraingoan Sinuhe Ejpziarraren irakurketa desberdina egiten ari zait era handi batean; ohikoagoa, sineskorragoa, milaka urte pasatu diren arren gaurkotasun izugarria hartzen duen istorioa dela iruditzen zait.



   Gaztea nintzan Vía del Silencio lehen aldiz eskalatu nuenean, urte asko pasatu dira garai frenetiko haietatik, tamalez, ez dut gogoratzen norekin burutu nuen igoera eder ura.
    Picazok izan zuen zortea, eta ausardia, bide honen lehen igoera egiteko, ondoren, Jesús Gálvezek lehena era askean lortu zuen, guk, maisu Madrildarraren pausoak segituz, librean sinatu genuen ere.


    Ez zen Picazoren bidea izan egun horretan Riglosera gerturatu ninduen arrazoia, inertziak eramaten nau jadanik konglomeratu hauetara, eguraldiaren egoerak izan zuen bere pisua mailoetan bukatzeko, visera eta frechin hormen arteko kanal isolatuan berriz eskalatzeko.
   Ipar haize hotz eta indartsu batek tristatzen zuen goiza, sokada gehienak, presa handirik gabe, aukeratuak zituzten bideetatik hasiak ziran eskalatzen, nire buruak bakarka eskalatzeko eskatzen didan lasaitasuna Vía del Silencio bidean aurkituko nuela pentsatu nuen. Harritu ninduen sokada bat aurkitzea bidearen bigarren luzeari ekiten, beste hirukote bat ekipatu berria duten tximinia handian zeuden.
   Vía del Silencio ere berrekipatua izan da, buril zaharrak kendu dira paraboltak jarriaz, friend eta mikrofriend sorta ederra eraman beharra dago gustura igotzeko. Era bat gomendagarria da bidea.





   Beste asmo batzuek genituen iganderako Arkaitz Yurritak eta biok, Cienfuens genuen begi puntan. Gurekin batera ziren Albert eta Esther. Elurretan esnatu zen igande goiza eta, gure asmoak zapuztuak geratu ziren. Albert eta Esther Katalunia aldera jo zuten, guk berriz, nola ez, Riglos aldera.


   Aspalditik Christianen bide bat egitear genuen Agueroko malloetan, egun egokia izan zitekeen "La Theorie du Conglo" eskalatzeko.
   Lehorra zegoen eguna Agueron, hotza aldiz izugarria zen, ipar haizeak gogor jotzen zuen. Kanpineko Carloseri bisita egin ondoren eskaladari ekin genion.





   La Theorie du Conglo lehen luzea oso delikatua da, lokatza eskalatzearen modukoa, bai Arkaitz, eta bai ni ere, heldulekuak hautsita erori ginen. Hurrengo luzeetan haitzaren kalitateak asko hobetzen da. Nahigabe, bigarren eta hirugarren luzeak batean igo nituen, hirugarren luzea soilik 7b ongi jarria litzatekela iruditu zitzaigun bioi. 
   Esan dut eguna oso txarra zela eguraldiaren ikuspuntutik, baina hirugarren luzetik aurrera infernu bihurtu zen; bat-batean ekaitzaren barruan ginen sartuak, haize bortitzak elur malutak ekartzen zituen, azkenengo bi luzeak lumazko txaketa jantzita igo nituen.




   Sentsazio oso onarekin jaitsi ginen biok, Dakota line bidearen rappelak erabili genituen horretarako. Peña Solaren oinarrian materiala jaso eta gure gorputz hezeak pixka bat epeltzen saiatzen ginen bitartean, irribarrea marrazten zitzaigun aurpegian, harrigarria dirudi arren gozatu egin genuen.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina