Pirinioak aurten ez dute neguko soineko
zuria janzteko asmorik, udazken kolore apal eta serioak nahiago ditu. Oso elur gutxi dago, baina dagoen apurra gogorra, kranpoiez ibiltzeko mundiala.
Telebista
iragarki batzuek zabaltzen duten mezuaren kontra, libre sentitzea ez da erraza.
Saldu nahi diguten produktu askatzailearen aurka, aske sentitzea, ez da erosi genezaken gai bat, libre sumatzeko pertzepzioa doakoa da, gure buruaz gustura egotearekin aski dugu,
ni lehengokoan aske sentitu nintzan.
Gurean eguraldia kaskarra sartzearekin bat etorri zitzaizkidan Pirinioetara buelta bat egiteko asmoak, “txipa” pittin bat aldatu beharra nuen horretarako, haitz eskalada, izan ditugun giro lehor eta epelaz lagun, izan da nire mendi jarduera esklusiboa azken boladan.
Ez nuen asmo zehatz bat, ez nekien zein baldintzetan aurkituko nituen Pirinioak; joan, ikusi, eta erabaki, ohikoa eta gustuko dudan moduan. Zuriza aukeratu nuen txango horretarako leku.
Alano mailoetako hormak oso lehor daude negu
hasiera honetan, Achar de Alano ipar kanalak ez du ia elur izpirik.
Alano kordelean gehien nabarmentzen den punta, elur kopuruagatik ari naiz, Pico Ruzquiarena da.
Ez zitzaidan kostatu ipar kanalean bide posible bat ikuskatzea. Kanal zabal batetik du hasiera marra imajinari honek, erresalte tente batzuetara iristen da gero. Azkenik, irteerak, zalantza gehien sortu zizkidan puntuak, haitz pareta zuzen batek ixten du. Igotzea posible nuen ala ez bertara joanez argitu nezakeen bakarrik.
Pico Ruzquiako ipar kanala garbi ikusten da Llano de Tacheras parkinga iristen ari garela, zuzen hartu genezake kanala bertatik. Nik Ralla de Alano azpitik egin nuen, Pico Ruzquiako ipar kanaka zeharkaldi batez hartuz.
Elurraren kalitatea ezin hobea zen, baldintza onaren adierazle, kranpoien hortzak elurretan sartzean kirrizka lehor bat egiten zuten, seguru nindoan.
Pico Ruzquiako kanal hasiera eskalatu ondoren erresaltetara iritsi nintzan, soka eta materiala atera nituen orduan, eskalada mistoko zailtasun gutxiko pauso batzuk egin behar izan nituen zati hau gainditzeko.
Bira zabal batetan nengoen, eskuinera jo nuen orduan bloke batzuetatik gora, azken hormaren azpira eraman ninduen honek.
Nire aurrean hogei metroko pareta tente bat zegoen. Horma honen iskin batetan kanal tente bat ageri zen, hortik gora egitea aukera posible bat nuen. Haitz bloke handi bat dauka kanal honek bere hasieran, eta sabai txiki bat egiten du une batean, ez da zaila gainditzea, ongi babesten da gainera. Oztopo hau pasa eta kanal batetik metro batzuk gehiago eskalada mistoan eginez pareta igoa nuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina