- Eskalatu beharra daukak, oso ona duk,
kriston Ilusioa egingo ziek Beñat eta Mikeli!!!.
Behin
baino gehiagotan bota zidan Íñigo Andolak Suge gorri bidea eskalatzeko
gomendioa. Egin beharreko bideen artean nuen nik, momentu egokiaren zain zegoen. Errege egun bezperan iritsi zitzaion txanda
suge gorria bideari.
Suge Gorri krokisa nik eskalatu dudan moduan.
Beti erakarri naute haitz-orratzek, atrakzio magiko bat sortzen dute nigan: Paineko
erdi dorrea aurrrez aurre izan nuen lehen aldian bere edertasunaz txundituta
mutu geratu nintzan, egoa puztu egin zitzaidan, nirea egitea izan zen desio
bakarra. Asko borrokatu behar izan nuen lortzeko.
Parmakkaya
orratza ikusi nuenean ere antzeko zerbait gertatu zitzaidan, desio zoro bat
sortu zidan, orratz zuria nirea egiteko behar izugarria sentitu nuen. Lortzeko
asko estutu behar izan nuen.
Aguja
de Perramo nire aurrean agertu zitzaidanean, Batisielles bailara sakonean zutik,
loti ederra zirudien, isilik, bakarti, ahoa zabalik geratu nintzan begiak ezin
kendu. Bakarka egin nuen lehenetariko eskalada izan zen hau.
|
Lehen luzean, azken paraboltik eskuinera jo nuen nik. Bilera haitz zubi batean egin nuen. |
|
Bigarren luzean, eskuinetik hasi eta ezkerrean hartu nuen berriro bidea, bigarren txapan hain zuzen. |
|
Hirugarren luzeak, eskuinera egiten du diedro bat hartzea. |
Aurreko egunean, Ioar mendi magalean nengoela, gailurrera doan bidetik gora, artea zuhaitzak bukatzen diren puntuan, Peña de los cencerros agertu zitzaidan aurrrez aurre, aspaldian sentitzen ez nituen emozioak azaleratu zizkidan orratz eder honek; desioa, egoa, nirea egiteko beharra.
Asko
gustatu zait suge gorri bidea, gehiago esango dut, harribitxi bat iruditu
zait. Haitzaren kalitatea aparta da, plaka eskalada zati batzuk izugarri onak
ditu, orokorrean kriston bidea dela iritzi diot.
2023/12/23:
Gaur Suge Gorria bidea eskalatu dut berriro. Esan beharra daukat orain lau urte baino gehiago kostatu zaidala gailur zorrotzera iristea. Alde hori zuritzeko esan dezaket egun batzuk zeramatzala euritan eta harkaitza ez zegoela egoera onenean. Eguna ere oso lainotuta egon da, Ioar mendiko malda pikoak laino estu batek estali ditu, eguzkiak ez du kapa hori zulatzeko aukerarik izan, fresko egiten zuen. Eguna mendian eskalatzen pasatzeaz gain, beste erronka bat nuen Suge Gorria bidean, lehen luzearen bilerara iristea. Ez dut lortu; gaur ere eskuinetara egin behar izan dut bilera, aurreko aldiko harri-zubi berean. Gero bigarren txapara iritsi naiz eskuinetik ezkerrera eskalatuz, horrela, nire ustez, krokisean agertzen diren zailtasun-mailek zentzua hartzen dute. Bilerara iristea oso gogorra eta arriskutsua da. Berriro azaldu behar izan ditudan xehetasun hauen ondoren, berriz ere bide izugarri on baten aurrean gaudela baloratzen dut.
Txintxarri:
Astebete ondoren Kodes monasterioko parkingean
nengoen berriro, haitz lehorraren bila nentorren Tierra Estella aldera, etxean
euria ari zuen. Hemen eguraldia hobea zegoen, laino itxi hotz hezeak horma
ezkutatzen zuen baina. Peña de los Cenceros agerian ez egoteari garrantzirik ez
nion eman, jadanik elkar ezagutzen ginen eta. Bide berri bat zabaltzeko aukera
ikuskatu nuen suge gorri eskalatu nuenean. Harrigarria dirudien arren, Peña de
los Cencerros moduko horma batean, oraindik, eskalatu gabea dagoen
arrakala bat aurkitu daiteke. Aukera aprobetxatu beharra neukan, ezin nuen
hutsik egin, dena eman beharra zegoen.
Motxila friendez bete nuen, tamaina guztikoak hartu nituen, lau zenbaki Camalota nirekin neraman. Mailua eta iltzeak ez nituen ahaztu, baina bai zulagailua, bide garbia behar zuen izan, horma eder honek eskaintzen zidan aukera ezin nuen alperrik galdu.
Giro
desatsegina zegoen pareta azpian, laino itxiak dena estaltzen zuen, hezetasun
puntu bat nabaritzen zitzaion haitzari, haize hotzak elur maluta txikiak
mugitzen zituen alde batetik bestera. Presarik gabe, denborak eguraldia
hobetuko zuenaren itxaropenez, eskaladarako prestatzen hasi nintzen.
Oinak hotzak nituen, eskuak izoztuak, mantso, pausoz pauso, metroak irabazten joan nintzen hormari. Hogeita bost metro eskalatuak nituenean, zortez, sendoa zirudien haitz zubi bat topatu nuen, bertatik jaitsi nintzan, nahikoa zen egun horretarako.
Harro nengoen bideari forma ematen hasia nintzalako, garaipen bat moduan hartu beharra nuen, eguna ez zen alferrekoa izan.
Egun
gutxiren bueltan Kodes monasterioko parkingean nengoen berriro, oraingoan Aritz Azkuerekin batera. Pozik
nintzan Aritzekin bidea zabaltzen saiatu behar nintzelako.
Eguraldia ez zen ospatzeko modukoa, lainoak estaltzen zituen bazterrak, zortez Peña de los Cencerros lainoez libre zegoen. Nire aurreko bakarkako saiakera baino hobea zen eguraldia.
Lehen luzean.
Ongi pasatu genuen eskalatzen, egun eskax horretan
ongi pasatzea zer den ulertu behar dugun moduan; hanka eta eskuak igoera guztian hotz izatea, eskalada zati batzuetan harriarekin tentuz ibili behar izatea;”
txintxarriaren” proba egitea derrigorrezkoa zen zati hauetan, esku muturrak bete beteak genituela friendak postura txarrean sartzea.
Hirugarren luzean.
Hirugarren bilera orratzaren beste aldean egin genuen, Peña de los Cencerros gailurra ez da oso erosoa.
Lehen luzea arrakala zabal batean hasten da. Arrakala honen ezker aldeko plaka hartzen dugu hau gainditu eta berehala, diedro tente batean
sartzeko ondoren. Sabai bat gainditzen dugu eta laxa handi baten gainean
zutik jartzen gara, eskuinera jo beharra dago hemen, plaka fin batetik igarotzeko. Ondoren beste
arrakala bat hartuko dugu, zati honen gainean egiten da lehen bilera, erlaitz batetan, iltze bat dago bileran kokatua.
Bigarren luzeak plaka batetik jotzen du zuzen arrakala bat hartzera, eskumuturrak ongi berotzen ditu pasarte honek. Tentea da orokorrean luze hau, dezente nekatzen du. Erlaitz batean egiten da bigarren bilera ere, ez dago materiala kokatua.
Hirugarren luzea hasi eta berehala laxa handi bat dago bileraren gainean, hobe ez hortik jotzea, eskuineko plaka trinkotik igoko gara harri onean, hirugarren bileran ez dago material fixorik kokatua.
Jaisteko Suge gorriaren rappelak erabili genituen.
Txintxarri bidea etiketatzen badugu, bide klasiko bat dela esan genezake.
Agerikoa den arrakala garbi batetik doa, lasai eskalatuz eta tentuz egin behar dena, abenturatxo bat bizi izan duzun zaporea uzten duen horietarikoa.
2024/02/28 Hego Urkila bidea.
Laudorio hitzekin hasi behar dut gaurko bidearen kronika; oso ona da, harri bitxia, eskalatu ondoren zure buruaz harro uzten zaituen horietakoa. Haitz atseginean gora nindoala, pentsamendua lehen igoeraren unerantz zihoan, eta, zantzu guztien arabera denboran atzera asko egin behar nuen,.
Nire gogoeta ez zen bakarrik mendizale anonimo horiek egindako balentriak txunditzen ninduelako, baizik eta badakidalako, hau ez da berria niretzat, urte luze hauetan eskalatzaile gutxi batzuk igaro direla hemendik; esku bateko behatzak soberan ditut kontatzeko, gure kirolaren adsurdo bat iruditzen zait harribitxi hau gehiagotan eskalatu ez izana, xendra nagusitik desbideratzea.
Definituko banu, klasiko estiloa duela esango nuke; arrakala dauka, diedroa ere, eta material fijo gutxi, iltze bakan batzuk. Harriaren kalitatea aparta da bi luzeetan zehar, baina, bigarren zatian bereziki, txunditzeraino iristen da, forma kapritxosoak azaltzen zaizkigu aurrera egiten dugun heinean. Kareharria izan arren, itxura ez oso arrunta du, gris ilun itzalikoa.
Elurtuak zeuden Joar mendiaren magalak. Azken egunetako euri jasaren ondorioak, mendi gainetan elur malutak izan dira. Hau ez da arazoa izan, eguzki goxoak lagundu dit egun osoan. Haize hotz indartsua bazebilen ere, baina hortaz, bi punten arteko lepo estura iritsi naizen arte ez naiz konturatu, arropa eta buruko kapela jantzi behar izan dut itzalen muga zeharkatzeko. Bidearen bigarren zatiak orratzari buelta ematen dio, eta harrokaren aldaketa nabarmena ekartzen du, lekuz aldatu bazina bezala. Zalantzak izan ditut nondik tiratzeko garaian, ez zen inungo arrastorik ikusten, eta, alde batetik bestera ibili behar da horma gris itzalian gora segurtasunez gailurrera iristeko. Haitz zubi bat kordino batez ekipatua utzi dut atzetik datozenei lagungarri egiteko. Bilera bi iltze dira zinta zahar batekin elkartuak. Kordino batengatik aldatu dut eta bertatik rapelatu.
Goizean, hormaren azpira iritsi naizenean, eskaladarekin hasteko intentzioan, kordino gorria ikusi dut bidearen hasiera markatzen. Parabolta badago ere metro batzuk gorago. Hortik tiratu dut jakitun jatorrizko bidea ez dela bertatik, eskubitara dagoen plaka grisa batetik da, baina bustia zegoen eta, printzipioz, bariante bat den lekutik igo naiz, ez bai dut inondik material fijo berririk ikusi. Parabolt honek eskalada pauso gogor bat babesten du, 6C+ ingurukoa, estutu behar da onik irteteko.
Esan dudan bezala, ez dut bide honi buruzko informaziorik aurkitu, beraz, eta beti identifikatzeko asmoz, Hego Urkila izenarekin bataiatu dut, harkaitzezko bi punta zorrotzen arteko lepo estuan inspiratua.
Norbaitek informazioa partekatu nahi badu, hemen idatziko dut atsegin handiz; zer, zergatik eta noiz inspiratu ziren bide honen sortzaileak, eta, jakina, hau errepikatzaileentzat ere badoa.
Kronika liluragarri hau idazten jarraitzen dut informazio berria iritsi zaidalako: Javier Antoñanzas eskalatzaile errioxar handiak esan dit Hego Urkila bideko aztarnak Petete ezizenez ezaguna den eskalatzaile nafar batenak direla. Duela hogeita hamar urte ausart saiatu zen diedro nabarmena gainditu nahian, baina ez zuen lortu. Beraz, eta inork arazorik ez badu, eskalada-bide eder hau nik jarri diodan izenarekin geratzen da, Hego Urkila izenarekin, gailurreraino eraman izanak ohore hori ematen didala uste baitut.
Bestalde, hormaren azpian dagoen parabolta, nik aldaera deitzen dudana, ezkerrera doan beste bide batekoa da, Iñigok eta Mikelek, beti bezala, ausardiaz ireki dutena. Krokisa eskuetan daukat, baina ez dut bidea eskalatu arte sarrera honetan eskegiko. Une hori noiz iritsiko irrikan nago.
2024/05/31 IRATZ.
Eskalada, eguneroko edozein jarduera bezala, ez da errutinarekiko immunea. Askotan monotonia ukitzen duten ohiturak eskuratzen ditugu, eta konformismoan ainguratuta iraungitzeko arriskua dugu. Lana izan nuen Iker konbentzitzen ez zela eskalada galduko egun bat izango, paperean apal ikusten zituen gradu horiek asebete utziko zutela. Donostiarrak, gure inguruan botatzeko mehatxua egiten zuten hezetasunez betetako hodeien alternatibaz, zaldi irabazle baten aldeko apustua egin zuen, bere proposamena Etxauri beti salbatzaile aldekoa zen. Nik, berriz, karta bat nuen besapean, ezagutzen dut orratz bikain hau, eta badakit kalitate handikoa dela. Hori, eta Mikeli eta Iñigori zor diedala beren sorkuntzak eskalatzea, bi eskalatzaile handi horiek fideltasunez eskalatzen dituztelako nik kontzebitzen ditudan bideak, kritika konsturktiboak ekarriz, eta horrek poza ematen didalako.
Beraz, esan dudan bezala, oraingoan ere, hezetasunetik ihesi, Kodeserantz abiatu ginen. Iker Uranga eta biok ez gindoazen bakarrik, Iñigo eta bere bi bereziezin argazki kamerak gurekin zetozen. Iñigo Santiago argazkilari donostiar erretiratua da, bere pasioa lan bihurtzeko zortea izan zuen pertsona.
Eskalada bikain honen xehetasunak emateko nire lan atseginean, esango dut; Iratz bidea orratzaren alderik tenteenetik doala, horma marroi argi zoragarri bat zeharkatzen duela, besoak bete egiten zaizkizula mugimendu akrobatiko ederrak gainditu ahala, eta oso ondo babesten dela, norbaitek gehiago eskaintzen du?
Ikerrek bosteko beroaz eta irribarre batez eman zidan arrazoia, oso pozik zegoen egin genuen eskaladarekin. Esan beharra daukat Sugegorria bidearen lehenengo luzea eskalatzeko denbora eman zigula, eta gainetik pisu bat kendu nuela, oraingoan jatorrizko trazaduratik lehenengo bilerara iristea lortu bai nuen.
2024/06/15 Txantxiorra - Cesar bidea
Beste kapitulu bat dakarkizuet Kodesen atal honetara, pixkanaka edukiz gizentzen ari da, trad bideak leku paregabe honetan batzen doaz.
Iñigorekin geratu nintzen larunbatean eskalatzeko, eguna adostu genuen, baina ez hitzordua non izango zen.
Larunbat goizean etxetik irtetean, telefonoz hitz egin nuen Iñigorekin, Kodesen zegoen aurreko egunetik, bide berri bat irekitzen saiatu zen, baina ekaitzak harrapatu zuen, eta hormatik jaitsi behar izan zuen, eskalada-materiala bertan utzita. Patuak erabaki zuen gure helburua, edozein aitzakia ona da Kodesera itzultzeko.
Bero egingo ote zuen beldurrak zalantzan jartzen ninduen gure erabakiaz; orain arte neguan igo naiz horma horietara, ez ote gintuen eguzkiak errukirik gabe zigortuko?
Goiza aurrera zihoan Kodesko santutegira iritsi nintzenean. Zerua urdin bizia zen eta eguzki distiratsuak bazterrak argitzen zituen, baina aldi berean iparraldeko haize fin batek jotzen zuen, tenperaturak asko leuntzen zituena. Txamarrak presarik gabe egindako motxiletan sartzea erabaki genuen, horma eguzkitan egonda ere ez ginen fidatzen berokia beharko ez genuenik; ez dago hotz okerragorik hormaren erdian ia arroparik gabe bilera batetik zintzilik harrapatzen zaituena baino; hezurrak gogortzen dizkizu uzkurtuz, eta zure hortzen karraskaren soinuak tonua jartzen dio zure gorputzaren dardarari.
Elkarrizketa alaiak helarazi zigun hormaren azpira ia konturatu gabe iristea. Iñigok aurreko egunean horman bizitako abenturaren nondik norakoak entzuteak, azkoitiarraren ahotik deskribatuta gainera, ez du parekorik; gure egunerokoan biziko ez ditugun esperientzien bila joaten gara mendira, naturaren legeak errespetatzen ditugu, zorrotzak izan arren, eta atzera egin behar denean, umiltasunez hartzea beste aukerarik ez dago.
Harkaitzezko horma eder bat zabaltzen zen nire begien aurrean. Ez genuen zozketarik egin beharrik izan, lehen luzea amaituta baitzegoen eta sortzailea han zegoenez, lehen errepikapena egiteko ohorea nuen. Eskalatzen hasteko azkar prestatu nintzen, horrela gustatzen zait, erronkari aurre egiteko emozioak premiatzen nau, zertarako itxaron. Hasiera xume eta pixka bat belartsu batek forma apetatsuko harkaitzezko horma tente baten azpian jartzen zaitu. Ukimenak kareharria dela esaten dizu, baina formazioak hareharria dirudi. Mugimenduen segidak, heldulekuetako batzuk eskuzabalak izanik ere, besaurreak betetzen dizkizute, eta nekea ez da aliatu ona horrelako eskalada luze baterako. Segurtasunari dagokionez ez da luze konprometitua, nahiz eta aseguru txikiren batek babesten duen urrats bat edo beste, aurrekoa sendoa da. Gustura iritsi nintzen bileraren segurtasunera, oso pozgarria izan zen luze on hau kateatzea. Bigarren luzea nabarmen erortzen da atzerantz, lehen begiratuan baino gehiago eskalatzailearengandik zintzilik dagoen soka laguntzaileak erakusten du, luzearen amaieran zati on bat urruntzen da paretatik. Iñigok luzeari jo zion, eta asko estutu ondoren, borroka luze eta latza izan zen, nire gerriak bilera deserosotik zintzilik sufritu zuena, irekiz kateatzea lortu zuen. Bigarren luzeko bileran, bi parabolteko instalazio rapelagarri bat jarri genuen, hormaren oinarrira itzultzen zaituena, airean egiten den rapel luze bat.
Asetua nengoen, bagenituen motiboak trasteak lasai bildu eta furgonetara jaisteko. Ez zen hala izan, Cesar bidearen lehen luzearen diedroak ezin eutsizko erakarpena sortzen zuen nigan. Berriz ere arnesa eskalada-materialez gainezka genuela, formazio harritsu klasiko horretaraino hurbildu ginen. Beste behin gozatzea lortu genuen, batez ere lehen luzean, nahiz eta bigarrena ere eskaladan ederra izan zen, krokisaren xehetasunei adi egon behar da, erdialdetik aurrera, gertu dagoen amaierarantz joatearen nabaritasuna uzten da, harkaitzezko eremu pobrea da, eta ezkerrerantz hartzen da, zailtasun handiagoko eskalada batean, baina harkaitz hobean. Aurreko bidean muntatu genuen bilerara joaten da ere Cesar bidea, lehen igoeran bilera instalatua utzi ez zutena, bertatik rapelatzen da.
Orain bai genituen arrazoiak asetuak egoteko.
Ona....ze ona berriro ere!!!!!
ErantzunEzabatuZorionak Mikel!!!!!! Artista
ErantzunEzabatuCoincido contigo, Mikel, Suge gorri es una joya, no tiene un metro malo. Hemos apretado más de lo que pensábamos viendo el croquis. Gracias por divulgarla en el blog. Otro día iré a probar tu vía.
ErantzunEzabatuSaludos,
Javi Antoñanzas
Google ha escrito un poco lo que le ha dado la gana, el comentario queda algo raro jeje.
ErantzunEzabatuJavi