2022(e)ko azaroaren 19(a), larunbata

RANERO - Ez beti bakarrik / Beti bakarrik

 


Mundaka herriko behatokian nengoela, surflariek olatu erraldoiak nola hartzen zituzten ikuskizunaz txundituta, etorri zitzaidan burutazioa, gaur baieztatu dut Raneroko horma paregabean eskalatzen nengoen bitartean; surflariek olatu erraldoiak zamalkatu ahal izateko entrenamendu bereziak egiten dituzten bezala, horma handi eta bide konprometituetako eskalatzaileek ere egin beharko genituzke, ez da nahikoa gogor eskalatzea.


Olatu erraldoien gailurretik surflariak amiltzean, ur gazizko pareta arriskutsuak gainean utziz, eta beldurrik gabe orroen erraietara nola barneratzen ziren ikustean, nire lankide Unairekin izandako solasaldiaz gogoratu nintzan. Debakoa surflari ona bazen ere, olatuak hartzeko grinan beste pauso bat eman nahi zuen eta olatu erraldoiak zamalkatzeko entrenamenduak egiten zituen. Entrenamendua, batez ere, oholean oreka galtzean eta itsasoak irenstean sortzen diren une larriei aurre egiteko gaitasuna irabaztean zatzan: - kontrol mentala beharrezkoa da une gogor horietan, uraren zurrunbiloaren barruan urduri ez jartzea. Horretarako, apnea on bat izatea da garrantzitsuena, eta hori ere entrenatzen dut, ur azpian arnasa hartu gabe egoteko gaitasuna.


Eskaladan, aldiz, eskalatzaileok oro har egiten ditugun entrenamenduak indarrekoak dira, gure giharrak sendotzeari eta zailtasun fisikoko mugimenduak gainditzeari begira, faktore psikologikoa ahaztuz. Horregatik eskalatzaile gehienok gorriak ikusten ditugu “txapak“ oinen azpitik dauzkagunean, eta zer esan seguru horiek friendak edo fisureroak direnean, orduan askorentzat amesgaiztoa da.


Gabezia hori landu beharrean, segurtasunaren aitzakian estali dugu, arroketara igotzearen funtsezko oinarritik aldenduz; ahalik eta modu naturalenean egitea. Baina hori normala da, ziur nago itsasoaren amorrua menderatzeko gai izango bagina hori egingo genukeela; elementu naturalen neurrigabetasuna ahalik eta ahalegin txikienarekin menderatzea, haien boterearen gainetik sentitzea, gizakiaren desira bat da.


Raneroko “ Pared del descargadero” hormaren azpian nengoela, buruan bueltaka neukan ideia hau argitu zitzaidan. “Ez beti bakarrik” bide gogorraren azpian geunden Iñaki Mendizabal eta biok, eta gainera erortzeko mehatxua egiten zidan harresi tentetuak izutu egiten ninduen. Bigarren luze beldurgarria eskalatu behar nuen, eta ez nuen batere garbi ikusten.


Krokisa tentuz aztertu ondoren erabaki genuen ezin genuela bidearen zatiketa era normalean egin, luzeak txandatuz, ez zen orekatua izango. Beraz batek lehenengo biak egingo zituen eta hurrengo biak besteak, azkena ez genuen kontutan hartu.



Lehen tirada laburra baina perfektua eskalatu ondoren, bigarrenaren ur hotz eta sakonetan murgildu nintzen. Igerian hasi bezain laster, olatu erraldoia gainera bota zitzaidan, zurrupatu ninduen eta bere gailurrera igotzen hasi zitzaidan. Amildegiak bertigoa ematen zidan, baina prest nengoen, olatuak askatu eta bere ur-oinarri handira jaitsi ninduenean, orekatu nintzen abiaduraz hodiaren barrura sartuz, ondoren zetorren arrakala zoragarria surfeatu eta gozatu ahal izan nuen.



Literarioki kontatu dudan eskalada pasarte honek horrelako aipamena merezi du eta are gehiago, tirada ikusgarri hau egin ditudan eskalada luze onenen zakuan sartzen dut, eta hemendik Lasa zoriondu nahiko nuke hau posible egiteagatik.
Pozik nengoen lorpenez, Galea puntako olatu erraldoi baten gainean zamalkatzea lortu nuen, Iñakiren bosteko beroak are gehiago goratu zuen balentriaren zaporea.



Gustura pasatu nion Iñakiri soka-burua izateko erantzukizuna, nire lanak jadanik bukatuak zeuden, berari tokatzen zitzaion laugarren luzeko kontrol gabeko olatu erraldoia.
Ez da olatu erraza laugarren hau, ez da garbi ikusten nondik igeri egin behar duzun olatuaren gailurrera iristeko, alde batetik bestera ibili beharra dago itsaso gaiztotu batean. Eta punta garaiera iritsitakoan konturatzen zara tsunami baten gainean zaudela, hortik onik ateratzeko egin behar duzun surfa perfektua behar duela izan. Ur zurrupa batzuk hartuta Iñaki garaile iritsi zen itsasbazterrera. 


Krokis baten marrazkiaren gainean bostgarren luzea hastapeneko olatua dirudi, eta horrela da, baina ikaragarri ederra, niri tokatu zitzaidan surfeatzea eta gozatu nuen. Eskerrak laugarren luzeko bileratik errapelak muntatzen hastea ez den garbi ikusten, zeren kapaz izango ginen eskalada gradu apal hauei itsuskeria eginez bizkarra emateko, gorantz egiteak ba du bere saria. 


Bigarren egunerako olatu txikiagoak iragarriak zeuden, guk ala eskatu genituen behintzat, eta Ranero hormarako malda astuna igotzeko izen antzeko baina kontrako esanahia duen bide bat hautatuz motibatu ginen; bakardadea goraipatzen duen “Beti bakarrik”. Bide bikain honek “descargaderoko” horma handia zeharkatzen du, pitzadura nabarmen bat igoaz, zauri odoltsu baten antzera jarraitu beharreko bidea markatzen digu.


Iñaki izan zen bigarren egun honetan uretara sartzen lehena: Itsasoa haurreko egunean baino bareago zegoen, olatu sailak ordenatuagoak zetozen, Oñatiarrak erraz surfeatu zuen lehen luze bikaina. Bigarren luzean ordea, itsasoa mugitzen hasi zen, eta olatuak tamaina handiagoa hartzen itsas ertza utzi eta berehala. Honek harritu ninduen, iragarpenak ez zioen alakorik, nahigabe olatu erraldoi baten gainean aurkitu nintzan, surf ona egiteko beharrean. Apnea sakonak eginez eta ipurdia estutuz, onik iritsi nintzen ur ertzera. Ikaragarri ona iruditu zitzaidan bigarren luzea.



Hirugarreneko sabaian gorilarena egin ostean laugarren tiradan aurkitu nuen nire burua. Hemen ere itsaso haserrea zeharkatu beharra dago, itsas ertza gertu ikusi arren luze egiten den bustialdia. Oso ongi surfeatu beharra dagoen luze eder eta ahaztu ezina da hau. 



Ranero, Bizkaiko eskalatzaileek olatu handiak hartzen dituzten gunea da. Harkaitzaren kalitateak eta bertikaltasunak hori eta gehiago ahalbidetzen du. Zorionak ematea eta Gipuzkoan olatu erraldoiak hartzera gonbidatzea besterik ez zait geratzen, izan ere badira. Balerdi, gutxigatik Nafarroako lurraldean dagoena, Gipuzkoako olatu handien gunea kontsideratua izan da. Leku eder honetan, Ranerorekin konparata, olatuak basatiago eta desordenatuago datoz, denbora gehiago behar izaten da haien korronteak eta apetak ezagutzeko. Eta hau esaten dut garrantzitsua iruditzen zaidalako eskalada mota hau mantentzea eta zaintzea.

















































2022(e)ko azaroaren 9(a), asteazkena

EGINO - TORRE DE LA LEZE- Santa Ninfa, PARED DEL QUESO - Begiak Ireki, LIBEREN ORRATZA - Amazona, EL TRIANGULO, LA PLAZA

 


Haitz eta horma gutxietsi hauetan aitzindari izan ziren horien eskalada bide zirraragarriak igotzen ditudan bakoitzean, amorrua pixka bat sentitzen dut. Igoera nabari eta logiko guzti hauek daude sasiz josita, izkina batean ahaztuak, modaz kanpo geratu diren jostailuak bezala. Baina jakin behar dugu, haitzean erantsita aurkitzen ditugun iltze bihurritu eta herdoildu horien atzean eskalada historia liluragarriak daudela. Gainera, ausartzen naiz esatera, susmoa dut, bide horietako asko eskalada bakartian ireki zirela, eta horrek, nire baloraziorako, are baliotsuago bihurtzen ditu mendizaletasunaren-oroimen zoko txikian. Izenik gabeko bide horietako asko alpinismoaren garai erromantikoetakoak dira, non eskalatzaile anonimoak etxe ondoan zituzten haitzetara hurbiltzen ziren abentura bila. Eta, desioaren egarria ase ondoren balentriak ahazten zituzten; askotan, interesik ez zutelako pentsamenduagatik, gehienetan, eskaladaren gorabeherak nori eta non kontatu ez jakiteagatik.



Egino adibidea da horretan, ameslarien aztarnaz josiak daude monolitoak. Erakargarria egiten zaidan haitz edo horma batera hurbiltzen naizenean eta larrak hartua dagoen hauetako bide batekin topo egiterakoan, txunditurik geratzen naiz. Ez dut jakiten nork zabaldua izan den, anonimoa da balentria egin duena, baina nire zailtasun indizerako, eta badakit zertaz ari naizen, oso maila altuan daude, ez dira txantxetako gauzak.


 Izen bat esango dut, ez berak kontatu zidalako, ikusi nuelako baizik, eta nahigabeko topaketa hori bultza indartsua izan zen nik egin nahi nuen mendizaletasunerako; Antonio Mirandaz ari naiz, eta ziur nago Eginoko bide anonimo hauetariko asko berak zabalduak direla.
Goazen oroitzapenetara: igande arratsa zen, ez dakit ze urtekoa, denbora asko pasatu dela dakit soilik. Nire anaia zaharrena Txema, Idoia bere bikotea eta Isa, jasan egiten nauena, geunden monolitoetan eskalatzen. Horretara agertu zen Antonio, serio, eskalatzaile bakartiok dugun jarreran, egiten dugunagatik berezi sentitzen baikara. Eta Antoniok nire aurrean bakarka eskalatu zuen, maisuki. Begiak bere lekutik atera behar zitzaizkidan, ezin nion bista kendu, ahaztu ez dudan lezioa izan zen niretzako.
Eta orain hemen nago ni, Eginon bakarka eskalatzen, Antonioren bidea den ala ez den eztabaidatzen. Garaiak aldatu egin dira; orain, teknologiari esker, komunikazioa errazagoa da, eta horrek eragin handia izan du eskaladen transmisioan, saturazioraino askotan. Baliabide honen bidez, Eginon egin ditudan eskalada batzuen berri eman nahi dizuet, nahi duenak errepikatu ahal izan ditzan.
 
TORRE DE LA LEZE


Kostaldeko jendeak dio pisuzko arrazoi bat egon behar dela itsasoratzeko, lehorra utzi eta barku batetan sartzeko. Hil a la biziko kontua omen da arrantzale izatea, biziraupen lana. Nirea ez zen hain dramatikoa izan, lehorrean lan-aukerak nituen, hain gogorrak eta zalantzazkoak ez zirenak.
 Marinel izatera bultzatu ninduten arrazoiak erromantikoak izan ziren, mendiari diodan maitasuna, eskalatzeko nuen bizi premia.
Mutrikun utzi nuen lur trinkoa 20 metro luzera eta 8 metro zabalera zuen ontzi txiki batetan. Gatibu sartu nintzen hilabete luzez izen exotikoa zuen barkuan, Santa Ninfa. Asmoa; xoxa batzuk egin eta diru apur horrekin eskalada bidaia egitea. Ez zen lehen aldia formula hori erabiltzen nuela; abuztu oso bat egona nintzen Aristrain siderurgia enpresan laminazioa garbitzen, diru azkarra eta ona lortzeko itxaropenez egin nuen.
Baina Santa Ninfa baxurako ontzian egindako egonaldia ez zitzaidan hain onuragarria gertatu: 90eko hamarkada zen, sare pelagikoen auzia puri-purian zegoela, itsasoa era bat agortua zegoen.
Hamabost lagunek osatzen genuen tripulazioa oso gaztea zen, horietako asko droga gogorren mamupean eroriak, ia ez genuen harrapaketarik egiten, esperientzia falta somatzen zitzaigun. Hegaluzearen kanpaina egin ondoren, Gran Soleko olatu erraldoien artean inurri bat baino ahulago sentitzen; astinaldi bakoitzean azkena izango zela pentsatuz, ur gazizko horma horietako batek itsas ondoko amildegi ilunera bidaliko gintuela, nahikoa zela esan nuen, diruz ontziratu nintzan bezain pobre lurreratu nintzan bueltan.
Ez zait ahaztu, eta ez dut uste sekula ahaztuko dudanik, ontzi urdin txikian pasatu nuen denbora; kamarotearen hezetasun usain mingotsa. Balantza, zorabiatzerainoko barkuaren dantza. Eta lurra hartu nuenean, Mutrikuko kaira itzuli eta oinak lehorrean jarri nituenean, lurraren errotazio betierekoaz jabetzeko gai izan nintzen.
Eskalada-bide honek omenaldia egin diezaiola Mutriku portu bildutik desagertuta dagoen itsasontzi ausart honi, eta, nola ez, eskifaia eskuzabal eta gogorrari, haiekin pasatu nituen atsekabe eta pozengatik, deskribatzen eta ahazten zailak zaizkidanak.



Klasikotzat hartu ahalko genuke Santa Ninfa bidea, diedroak, arrakalak, haitz plakak, era garbian zeharkatzen bai ditu. Harritu nahiz Torre de la Lezen honelako kalitatezko sorkuntza berria egiteko aukera bilatzean; ikuskatu ditut zuhaixka pare batetan utzitako kordinoak, hauek Santa Ninfa bidetik kanpo geratzen dira, azken zuhaitz handia kenduta, baina beti, maiz aipatu dudan bezala, anonimatuaren menpe dauden balentriak dira.


 Santa Ninfa behealdean, bidearen hasieran, ur-iturburuen hondarrak daude; beraz, litekeena da zati hori sarritan hezea egotea. Hori ez zen horrela nik zeharkatu nuenean, lehorte latzak edertasun bitxiko leku bat utzi du agerian.
Ez ditut xehetasun gehiago emango, ez dizuet emozioa hondatu nahi. Bakarrik esan horma elegante hau goizean itzalean egoten dela, arratseko ordu biak arte ez diola eguzkiak astintzen.




EL TRIANGULO

El Triangulo orratzera hurbildu nintzaion bere edertasunagatik, ez kontziente nintzelako bideak bazirela. Aho zabalik utzi ninduen eskalatu nuenean bideak, ez nuen kalitate hori espero. Ez dakit nork edo nortzuk zabaldutakoa den, baina Eginoko eskalada gida zaharrean agertzen da Antimilitarrak izenarekin. Triangeluaren bide honek erakutsi dit Eginon, kirol-eskaladaren ezarpen sistematikoaren aurretik, luze bateko zailtasun eskalada tradizionala egiten zela. Asko gustatu zitzaidan eta asko gozatu nuen bera eskalatzen, galdu nahi ez bagenuen bidea berritu behar zela pentsatuz jaitsi nintzen. Pentsatzea eta egitea, zeuden bi buril zaharrak parabolt banaren truke aldatzea, eta bilera hobetzea, horrekin uste dut nahikoa izan dela bide hau eguneratzeko, oso ona iruditzen baitzait bere estiloan. Jatorrizko graduazioari nik gradu bat gehitu diot, eta agian motz geratu naiz, doanak jakin dezala estutu beharko duela, joan den mendeko eskalatzaileak oso indartsu zeuden.
Bide honen ezkerretara ba dago beste bide bat, Billy Kit. Haitz plaka eder batean du hasiera, baina ondoren zona hauskor batetan sartzen da eta ez dut uste pena merezi duenik eguneratzea.

2024/01/04:
Beste bide bat erantsi diot triangeluaren hormari. Hormaren eskuinaldean libre zegoen haitzezko plaka eder batean zabaldu dut, behetik eskalatuz eta bakarrik. Aurreko krokisean lerro berria gehitu dut, eta 6c-ko eskalada libreko gradua eman diot, hau proposamena da, noski. Ziur nagoen gauza bakarra luze oso ona dela da.








PARED DEL QUESO

Pared de Queso aurkitzea, eskalatzaile baten perspektiban, loteria tokatzen zaionaren antzekoa da, nire kasuan behintzat. Sorkuntzarako eskaini didan jokoa ezin hobea izan da, kalitatez eta tamainaz abentura eskalada egiteko egokia. Lasai, presiorik gabe, harri bitxi honetan murgiltzen joan naiz denborarekin eskalada bideak sortzeko. Bakarrik batzuetan, konpainian bestetan, baina beti saiatuz atzetik etorriko diren eskalatzaile apurrei, neurri handi batean, nik aurkitu dudan bezala uzten. Horrela, naturaltasuna bilatzen duen eskalatzaileak jolasleku ona izango du, eta nik sentitu ditudan sentsazio antzekoak biziko ditu.



Quesoko lehen bidea Iñaki Mendizabalekin batera zabaldu nuen, Maravillas zoragarria izan zen. Hurrena bakarka sartu nintzen haitz plaka konpaktu horietatik gora eta Garrote bidea sortu nuen. Hirugarrena, eta hemen Iñaki Mendizabalen iritzi berekoa naiz, bere estiloan Euskal Herriko bide onenetakoa izan daitekeena etorri zen, Begiak ireki. Laugarren eta bosgarren bidea zein izan zen ez dut garbi, Sabina edo Helmuga, haitz plaka ongi aprobetxatzea zuten helburu, bide oso onak dira.


















LA PLAZA

La Plaza bitxia da, makinek sortutako gunea, naturaren pazientzia eraldatzaileari esker zauri odoltsu horretatik sendatzen doana. Oso eskalada bide gutxi daude hemen, eta horrek harritzen nau; harkaitzaren kalitate ona eta lekuaren erosotasuna kontuan hartuta, eskaladarako leku egokia iruditu zait beti. Hau horrela izanda, La Plaza enblematikoan nire sorkuntzetarako lekua bazegoela konturatu nintzenean, eta eskalada mota minoritario hau Goierriko nire erosotasun gunetik ateratzeko adorea izan nuenean, eskalatzen hasi nintzen. Bloggan zintzilika ditudan bideak kirol eskalada tankerakoak dira, baina garbiak, segurtasun naturalak uzten duen bitartean behintzat, behetik sortuak.



Ez da ohikoa horrelako bideak aurkitzea; luze bakarreko eskalada klasiko bideak. Nire gaitasunak ahalbidetu didan mailaraino igo naiz, behetik eskalatu ahal izan ditudan bideak soilik sortuz. Leku atsegin honetan eskalada bideak irekitzeko leku gehiago dago, baina niri sorkuntza hauek beste teknika batzuk erabiltzea eskatuko lidake, soka goitik dudala, eta nik ez dut lan hau hartu nahi. Berezitasunaren lotsa gainditu ondoren, hemen duzue irekitze hauen emaitza, nahi duenaren gozamenerako.
Esan behar dut ere, La Plazako eskuin aldean, mendebalde orientazioan, ekipatutako bi bide gehiago daudela, 6b zailtasun ingurukoak biak.

 7b bidean. J
efferren argazkiak



«Hitz hauek idatzi ondoren, ez nekien informazioa iritsi zait», Josemak bidali dit. La Plaza inguruan berreskalatu nituen hiru bidek bazuten igoera, Risi Buezo Legazpiarrak ireki zituen, bakarrik ere eskalatzaile handi honek. Risi gurekin balego gustura galdetuko nioke libreko eskalada hauetaz duen iritzia; Risi, tamalez, Indiako Meru peaken geratu zen, Miriam Garcia eskalatzaile Nafarrarekin batera. Goian bego, ea denon artean eskalatzaile handi hauen izena berreskuratzen dugun.
Krokisean Risik bidei jarri zizkien izenak idatzi ditut. 


LIBEREN ORRATZA

Eginoko monolito eta hormak izen bitxiak dituzte, eskalatzaileak jarritakoak dudarik gabe. Nik ere gauza bera egin dut igo dudan eta toponimiarik aurkitu ez diodan pareta honi; Liberen monolitoa, horrela izendatu dut ohitura bat segituz, pareta edo orratza bat eskalatzen lehena denak izena jartzeko ohorea dauka, hori bai, beti, bertako toponimiarik ez badago.




  La Plaza gainean dago horma zabal hau, espolon Usabiagaren bi monolito eskuinera. Esan dudan bezala ez dut pareta honen aipamenik bilatu. Aurkitu nuena, eta maiz gertatzen zait, hasi eta bukatu gabeko bidea izan da, nik berriro eskalatu eta bukaera eman diodana; Bakea.
Bide hau hormako lehena izan zen, gero Amazona bidea sortu nuen eta oso pozik geratu nintzen egindako ahaleginarekin. Lehen luzea oso ona iruditzen zait, zirrara gustuko duen eskalatzaileari gomendatzeko modukoa.




Honekin amaitu behar dut sarrera hau, harroen nagoen bidearen faltan, hiru urteko ezbeharren ondoren oraindik amaitu ez dugun Bidelagun. Baina hori beste istorio bat da, adiskidetasunaren indar zintzoaz amaituko dugu, eta espero dut zuei kontatzea.





 









































 


2022(e)ko irailaren 24(a), larunbata

TXINDOKI - Jaiotze basatia + Iparra galdua

 



   Lehen begiratuan lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan, inguru basati eta malkartsu honetan sobran. Zahartzaroaren atarian zegoen gizona balantzaka zetorren maldan behera, malkar gaiztoan orekari ezin eutsi. Bere osotasunaren kezka izan nuen, mina hartuko zuenaren beldurra. Gu ikustean aurpegia aldatu zitzaion gizasemeari; gu ere lekuz kanpo geunden seinale, eremu isolatu honetan gurekin topo egiteak alaitu zuen, lasaitu. Xabier eta ni berriz harriturik geratu ginen, ez genuen alakorik espero;- Azken hamar urte hauetan ez zen hemendik inor ibiliko eta gaur ara tipo hau topatzen dugu, esan zuen nire lagunak. 





Urteetan sartua zegoen pertsona bat zen guregana zetorren hura, sendoa, kilo on batzuk hartua. Ez naiz ausartzen adin bat botatzen, zituenak baino gehiago ezarriko nizkiolako, leku arrotz hauek ez dute barkatzen, adina beste parametro batzuek neurtzen dute, fisikoak alegia. Urduri hasi zitzaigun hitz egiten, zalapartan, gai batetik bestera atsedenik gabe salto eginez; paraje basati honetatik gora Txindokirako biderik ba al zan galdetu zigun lehenik, desorientatua zegoela. Gorago, iristea lortu zuen puntu altuenean, arriskuan ikusi omen zuen bere burua eta lan handiz buelta hartzea lortu zuela. 





Jubilatu berria zen eta behartuta erretiroa hartua zela, orain hiru urte bihotzekoak emanda. Bizitzak bigarren aukera bat eskaini ziola zioen eta aprobetxatu nahian zebilela, mendira joaten hasia zen. Eskalatzaileak inbidia ematen genion, bere garaian, gaztetan, pauso hori ez omen zuen eman eta orain damu zen. Segurtasunez eta zuhurtziaz hautatu zuen bideak ez zuen orain asebetetzen, eta bizitza biziagoa eta basatiagoa faltan botatzen zuen.



Gu, egia esan, ezagutu berria genuen gizon hau bezala, nora gindoazen ere ez genekien, gure ipar orratza ere aspaldian hondatu zan. Gure norabidea markatzen zuena ilusio bat besterik ez zen, ezer materiala ekarriko zigun ahalegina. Gizona agurtu bezain pronto galdu genuen bistaz amildegi berdean; - ba al dago Txindoki puntarainoko biderik?. Galdera etorri zitzaidan burura, - ez dago, sortu egingo dugu-, izan zen nire erantzuna.




Xabier eta biok bat gatoz esatean iaz sortu genuen Iparra galdua bidea errepikatzeko hobe litzatekeela kateatze batekin egitea, beste bide batekin batera. Zortez Txindokiko hego hormak eskalada bideetan eskaintza handia du; arista hasieratik frontoiko hormaren azken bideraino doazen edozein bideekin konbinatu ahal izango litzateke. Baina guk aspalditik geneukan eskuetan bide berri baten krokisa, Jaiotze basatia; Joseba, Unai eta Enekoren sorkuntza, eta hura eskalatzeko gogoa eta beharra.
Baso malkartsutik oinez iristeko aukera ere ba du Iparra galduak, eta ez da itsusia; modu hori, kateatzearena, dotoreagoa iruditzen zaigu ordea.




Gure eskaladaren xehetasun batzuk emango dizkizuet, ondorioak atera ditzazuen: Jaiotze basatia Urdaburu bidearen eskuinean hasten da eta lehen luzean paralelo doaz plaka konpaktuan sabai handira iritsi arte; Urdaburu, sabaia baino lehenago ezkerretan dagoen bilera batean geratzen da eta, Jaiotze basatia sabaia eskuinera zeharkatzen du frontoi pareta aldera. Azken zati honetan, zeharkaldian, bloke zalantzagarri batzuk daude, ez da zaila baina bai delikatua. Beheran, bidearen hasieran, gu hormaren puntu baxuenetik hasi ginen, Urdaburu bidearen lehenengo bi txapak hartuz, era horretara hasierako tirada hau oso luzea geratzen da, 60m, bilera juxtu iristen zara. 


 
Lehen begiratuan, bigarren luzearen hasiera oso teknikoa izango dela sumatzen da, blokekoa. Txapa ilara batek forma apetatsuko horma trinkoan jarraitu beharreko bidea markatzen dizu, ederra da tarte hau. Era berean, zaila da mugimenduak ikustea, metodo ezberdinak probatzen azkenean lortu nuen era askean egitea, kateatzea beste une batean izan beharko da.


Jaiotze basatiaren hirugarren luzea ez genuen egin. Gure proiektuarekin jarraitu ahal izateko, aristaren hirugarren bileratik basorantz rappelatu genuen , 50 metroko rappela, eta “bira” bat segi; bira, eskalada hizkuntzan, horma zeharka zeharkatzen duen erlaitz luze bat da. Bira bat baino gehiago dago hemen, beheragokoa hartu behar da, nabariena ardi eta ahuntzen joan-etorria gaitik. Bidearen hasierara iristeko bira utzi eta tarte txiki bat igo beharko dugu erlaitz eroso bateraino.



Lehenengo luzeak zuzen tiratzen du bloke handi batek sortzen duen sabaira, eta saihestuko dugu ezkerretara zeharka jiratuz belaze eseki baterantz, hemen egingo dugu bilera. Soka finko bat dago belaze horretara igotzeko mugimenduak ziurtatzeko. Bigarren luzea bloke erraldoiaren hondoan sartzen da eta inurri baten tamainara bihurtzen gaitu bloke eseki honen dimentsioak aurkitzean. Tximinia-teknikan gainditzen da luze labur hau eta bilera eroso bat muntatuko dugun puntu batetaraino eramaten gaitu. Fisurero eta friendez egiten da bilera.


   
Hirugarren tirada bide honetako harribitxia da; bloke handiaren gainean zutik, hormari atxikiko gatzaizkio helduleku on batzuei esker. Oso bertikala da hasiera hau, beso onak eskatzen ditu. Luzearen amaierak ere aipamen bat eskatzen du; pitzadura perfektuak bidea eragozten digu, babaresaren teknikan gaindituko dugun eta mugimendu ederrak eskaintzen dizkigun arrakala. Laugarren eta azken tirada trantsizio hutsa da, aristaren azken bilerara garamatza. Hemendik rappelatuko dugu.




Ez dakit Jaiotzez basatiak garen edo Iparra galduta gabiltzan, egiten duguna gustatzen zaigula besterik ez dakit ziur.