2018(e)ko ekainaren 30(a), larunbata

JENTILBARATZA- Sara





   Sarrera berriak sortzea kostatzen ari zait, eta ez da eskalatzeari utzi diodalako, alor horretan ez dut kexarik, kanpora atera ezin nabilela da arazoa. Etxe ondoan eskalada onak sortu eta egin ditut negu desatsegin eta luze honetan. Kontua da errotua dugun konplexu txar bati segi izan diodala; kanpokoa beti bertakoa baino hobea den iritzia, eta blogga hutsik izan dut tarte luze honetan.
   Atzokoan, jentilbaratzako harrobian hormatik gora nindoala, kalitatezko bide batean nengoela sentitu nuen, pena merezi zuela Sara bideak bloggean sarrera bat izateak, behingoz konplexua gainditzea lortu dut.




   Zain geunden, Aritz Azkue eta biok, bidea errepikatzeko momentu egokia noiz etorriko. Udaberri euritsuak ez digu orain arte betorik eman duela urte batzuk sortu nuen bide hau eskalatzeko, desiratako eguzkiak bazterrak lehortzen hasia denean izan dugu gure erronkarako aukera.




   Sara bidearen kokapena ona da. Udako egun beroetan, goizez, itzalean dago harrobia izandako horma hau. Gainera, beti haize pittin bat mugitzen da haitzarte hauetan, arroila egiten du. Arratseko lehen ordu arte itzalean egoten da horma.
   Eguneroko egitekoak, beti bezala, ez zizkigun gauzak errazak jarri, Aritz goizeko bederatziretan ateratzen zen lanetik eta, hamar terdirak arte ez zen iritxiko. Ondoren, eguerdiko ordubatetan semea Ihardueretatik jaso behar zuen. Denbora aurreztu asmoz lehen luzea bakarka eskalatu nuen, Aritzi gerturatzeko denbora emanez. Luze honetan etorri zitzaidan aipatu dudan burutazio hori, bloggean Sara bideak leku bat merezi zuela. Ez dut ulertzen sortu nuenean zergatik ez nion blogean sarrera bat idatzi, hori eta gehiago merizi bai du.
Luzea eskalatu eta berehala Aritz agertu zen, soka prestatua zuen lotzeko, hamabi terdietarako azken luzea egina genuen.






Hiru luze ditu Sara bideak. Lehena plaka batetik doa eta paraboltaz babestua dago, oso psikologikoa da, hortzak estutzekoa. Bigarrena arrakala batetik doa eta soilik parabolt bat dauka, frienak eta fisuak oso ongi kokatzen dira. Hirugarrenak pitzadura bat hartzen du ere, hiru parabolt- ditu tirada honek, oso ongi babesten da friendaz.






Bakarka zabaldu nuen Sara bidea. Bere itxura gorabehera, eta eskalada garatzen den tokia, harrobi zaharra da, bide hau nire maiteenetako bat dela uste dut. Dena eman nuen sortzeko. Behetik irekita dago, egoera horrek berekin dakarrenarekin, eta horma paregabe honen ezaugarrietaz ari naiz. Esku batekin harkaitzari helduta eta beste eskuarekin zulagailua, zulatu behar izan nuen arroka. Ez nintzan kakoetatik zintzilikatu, ez bai nintzan fio, ez dut uste nire pisuari eusteko punturik zegoenik. Oso delikatua izan zen, arriskua hartu nuen, batez ere lehen luzean. Hormak gainazal bat du, arrain-ezkata bat bezalakoa, eta lehen luzera honek ez du autobabesik onartzen, horma zulatu behar da. Txapa hauek jartzea izan zen sorkuntza honen zatirik arriskutsuena, eta aldi berean ederrena.
Bigarren luzeak pitzadura luze bati jarraitzen dio. Pitzadura horrek atentzioa eman zidan hasieran, berak bultzatu ninduen bide berri bat sortzera horma urratu honetan, arrakala honek erakusten zidan bidean.
Hirugarrenak lerro berari jarraitzen dio, pitzadura zabalago bat eskuinetik ezkerrera joera batean, era horretara hormari metro gehiago lortuz.











   Nire iritziz, eskalada garbia gustuko duen edonori Sara bideak ez dio huts egingo.

Aritz, Goierriko haitzak koska egin dion Bizkaitarra.


Alex Areizaga, Gattiken produkzioak enpresako kidea, Joseba Iztueta kamerari lanean laguntzarekin, Sara bidearen bakarkako eskalada documentala ekoiztu zuten. Bideo hau EITBko Helmuga saioan eman zuten. 





2018(e)ko ekainaren 9(a), larunbata

PEÑA RUABA - Sendero al limite




   Ez nuen pentsatzen Peña Ruaban estilo garbia duten bideentzako lekua egongo zenik. Murillo de Gallego herriaren gainean dagoen harri konglomeratu-puska da Peña Ruaba. Azken urteetan sistematikoki taladroek gupidarik gabe zulatu duten horma dugu hau, eskalada bideak bata bestearen gainean pilatzen dira. Izkina batetan, paretak bertikaltasun gehien duen lekuan, haitzaren kalitatea segurtasun onargarritik kanpo dagoen zatian, or aurkitu dute beraien espazioa bide berri bat sortzeko Christian Ravier eta Remi Labordek. "Sendero al limite" du izena sorkuntza berriak, eta konturatuko zinaten moduan ez diote izena alperrik jarri, eskalada bideen  gehiegizko ekipamenduen eta irekiera deskontrolatuen aurkako aldarria egin nahi izan dute bi maisu hauek, Sendero limite taldea bai da Pirineoetan zehar taladroaren laguntzaz sobreekipatuak dauden bideak sortzen ari den taldea.


  
   "Sendero al limite" ez da muturreko bide bat. Eskalada askerako sortua dago, oso ongi zabaldua. Lehenengo luzeko haitza eskasa da, horman gora metroak irabazten ditugun eran haitzaren kalitatea hobetuz doa. Bosgarren luzea, eta gu hirurok izan ginen iritzi berekoak, aparta da.


   Arkaitz Yurrita eta Mikel Inoriza izan nituen soka lagun. Arkaitzek ez du aurkezpenik behar, denok ezagutzen dugu Ormaiztegiko eskalatzaile indartsua. Mikel Inoriza alpinista Gasteiztarrak belaunaldi berria irudikatzen du, gazte alpinista talde barruan dugu orain, eskaladarako ilusioa eta gogoa sobran ditu.!!! Eutsi goiari ¡¡¡