2012(e)ko abenduakren 14(a), ostirala

AIZKORRI KANALA


   Lagun batek behin komentatu zidan, Chamonixen bizi zen bere ezagun batek, umea goizean haurtzaindegian uzten zuela eta, midi orratzeko teleferikoa hartu, Taculeko hirukian bide bat eskalatu eta, eguerdirako umea berriro jasotzera iristen zela. - Oi bai suertea, erantzun nion nik.
   Goierri ez da Chamonix, hemen ez dago teleferikorik, eta batik bat gure inguruko mendiek ez dute zer ikusirik egundoko granito dorre zorroz horiekin. Zer egin behar dugu, gu hemen bizi gara. Ni nire aldetik saiatzen nahiz dudan alpinismo egarria pixka bat asetzen. Era apalean noski.
   Lehengo asteazkenean Aizkorriko kanaletatik buelta bat eman nuen. Chamonixeko gure heroiaren modura, umea ikastolan utzita Zegamarantz bideratu nituen nire asmoak. Motxila arin batekin nijoan nondik igo behar nintzen garbi jakin gabe.       
   Furgoneta aparkatu orduko Aizkorriko kanalei bistazo azkar bat jo nien, berehala ikusi nituen aukerak. Kuriosoak izaten dira egoera hauek. Magina aldiz begiratu dezakezu pareta bat eta beti zeozer berria deskubrituko duzu. 
   Buenavistan nengoen, nire aurrean, airoso, Aizkorri eta Aketegi puntak altxatzen ziran. Azken mendi honen ezker tontorrak, nik Aketegi hego punta bezala bereizten dut ez bai dut beste erreferentziarik aurkitu, deitu zidan atentzioa, elur marra bat nabarmentzen zen behetik gora zihoala.
  Egun dezente pasatuak ziren azkeneko elurtetik. Hotz handia egina zen ere. Baldintza ederrak egon zintezkeen.
   Kranpoiak elurretan iltzatzean ateratzen zuten hots leorrak baieztatu zidaten nire ziurtasuna, baldintza apartak zeuden eskaladarako.
   Kanak haundi azpitik gurutzatu eta baso elurtutik gora pusketa motz bat igo ondoren, nire aurrean horma zabal bat agertu zen. Pareta honek kanal estu bat dauka, bertatik hasi nintzen eskalatzen, ezkerrerako joerarekin, nire gainean nituen sapai beldurgarriak sahiestuz. Ehun metro izango ditu lehen kanal honek, 70°ko zati batzuk gainditu behar izan nituen, Aketegi hego puntako azken horma ikusgarriaren azpiko elur zelaian du irteera kanal estu honek.
   Elur zelaian baldintzak oso onak ziren ere, pioletak eta kranpoiak gogoz koska egiten zuten azal izoztuan, ziztu batean gurutzatu nuen zati hau. Nire aurrean azken oztopoa agertu zitzaidan, Aketegiko horma tente beltza. Ate bat moduan, pareta bitan banatzen duen kanal batek, hormara sartzeko gonbitea egiten zidan, zailtasun handirik gabe barruratu nintzan ezezagunera. 
   Paretaren azken tramuan sartua nengoela sorpresatxo bat izan nuen. Soka fijo bat agertu zitzaidan, hiru espitei lotua zegoen, trabesia bat babesten zuela. Informazioa bilatzen jardun nahiz interneten eta ez dut erreferentziarik topatu.
   Zati hau gainditzeko seguru fixoetan babestu egin nintzan, hemen aurkitu nituen bidearen zailtasun handienak, zeharkaldi mixtoa, izotza eta harria, irteeran 80°ko erresalte bat. Hemendik aurrera, Aketegi hego puntara iritsi arte, kanal zabal bat segitzen du bideak. Zirku txiki baten modukoa da, ikaragarri polita, elur zelai tenteak gainditu behar izan nituen zati honetan. Giroa eta bistak apartak dira hemendik, benetako alpinismoa dastatzen da.
   Ziztu batetan, argazkiak egiteko astirik gabe, kanal haunditik behara egin nuen.
   Jakin ezazue ia kranpoiak kentzeko astirik gabe humearen bila garaiz iritsi nintzela, hori bai, arnas estu.
   Aprobetxatzen dut duela hiru bat urte Aitzabalen zabaldutako beste bide baten krokisa zintzilikatzeko. Agian norbait animatzen da, nork daki.



 

2012(e)ko azaroakren 13(a), asteartea

PEÑA MONTAÑESA - Ordesa en montañesa, Petit Bombon, Diedro de Oncins


Peña Montañesa igande goizean

   Oncins tabernako etxeko andreak harriduraz begiratu gintuen larunbata goizean kafesne eske agertu ginenean.  – Mal dia hoy para escalar – esan zigun tabernan zeuden basurde ehiztarien kopa, karajillo eta abarrak jasotzen zituen bitartean.

    
Canal mayorreko ezkerreko pareta



  Gau osoa euritan igaro zuen, eta goiza berun koloreko gris apalean zetorren. Horrelako egun motela salbatzea ez zen erronka erreza izango. Tabernaren goxotasunean krokisak begiztatzen ari ginela eskalada aukera batekin egin genuen topo, "Ordesa en montañesa" bidea izan zezakeen gure salbazioa. 
  Canal Mayorren ezkerreko horma batetan dago bide kaotiko hau, sabai eta desplomez beteriko zona batetan, itsura guztien arabera lehorra egoteko egokia. Manu Cordoba, Eduardo Gonzalez eta Javi Buenok zabaldu zuten marra 2011 urtean.


Kepa Ordesa en... bidearen lehen luzean txof-txof egiten.

   Asmatu genuen, naiz eta euri fiña egin zigun seku mantendu ginen horman. Hori bai, azken luzean  … hor konpon Mari-Anton, blai eginda zegoen plaka, estutu behar izan genuen irrist egin gabe pasatzeko.

Mikel bigarren luzean, tetsuaren babesean.

 
Kepa hirugarrenetik ateratzen.

kepa bosgarrena bukatzen.


Mikel seigarren tiradan txof-txof egiten.


    Oso bide ederra iruditu zitzaigun " Ordesa en Montañesa ". Benetan gozatu egin genuen.


Espluga de las golondrinas pareta.


   Hurrengo egunean antzeko giroa zegoen tabernan, ehiztariak beraien kopa, karajillo eta abarrekin jarraitzen zuten, eta gu, betikoan, kafesnea hartzen krokisak ikuskatzen genituen bitartean.
   Gau honetan ere euri dexente egin zuen, eta, Montañesako goialdeak elurraz zuri esnatu ziran. Eguraldiak hobetzeko trazak zituela zirudien, nahiz eta pareta guztiak zeharo bustiak egon, itxaropen izpi bat zen.


Mikel Petit bombon bidaren lehen luzean.

    "Petit Bombon" bidea aukeratu genuen egun eskas horretarako. Espluga de las golondrinas paretan dago, eta 2010-eko udan Eduardo Gonzalez eta Albert Salvadok zabaldu zuten.

Kepa bigarren luzean.

   Eguzkiaren berotasun goxoarekin hasi ginen eskalatzen. Bustiak zeuden helduleko asko pixkanaka ari ziren lehortzen. Gauza ondo zihoan ekaitza sartu zen arte. Hirugarren tiradan geundela gertatu zen, bat batean harria botatzen hasi zen, eta horrela bukatu behar izan genuen luzea, blai eginda.
 
Hirugarrenean txaparroiari eutsiz.

 
Billeran gauzak ez zeuden hobeto.

    Kazkabarraren azpian eskalatzen nengoela, haitz bustitik igotzen, burura etorri zitzaidan behin ezagutu nuen pertsonai bat, Blues gitarrista bat zen. Ordiziako Sugaar tabernan jotzen ari zen ostiral iluntzen batetan. Kontatzen ari naizen gau hartan, Sugaar tabernakoek edarien izozgailuarekin arazoak izan zituzten eta zerbezak epelak zerbitzatzen ari ziren. Gitarrista zaildua, tabernako barran ukalondoz jarria zegoela, gogor itsura handitzen zuen honek, zurrutada luze bakan batetan eskuan zuen garagardo botellina hustu zuen, kamisa beltzaren esku muturrez ezpainak garbitu eta, ahots zakarraz esan zuen  - Cerveza fria bebe cualquiera -. Makarrada honek niri grazia handia egin zidan, eta, Espluga de las golondrinaseko egun trakets honetan animoak eman zizkidan aurrera tiratzeko: - Roca seca escala cualquiera, esan nion nire buruari.


 Zorionak Eduardo eta Albert, oso lan txukuna egin duzue.

   Astelehenean, azkenean, zeruak urdinak agertu ziran. Egun horretarako bide luze bat aukeratua genuen Kepa eta biok. Diedro de Oncins bidea egitea adostu genuen. Analisa eta Julian Marmol eskalatzaile katalanak 1996-ean zabaldu zuten bide hau. Gogoratzen dut, eskalatzaile bikotea lanean ari zen egun horretan Papildo, Natxo, Iñakito eta ni han ginela. Natxoren lagun minak ziran Analisa eta Julian. Egun horretan, gustu handiz gogoratzen dut, Natxok eta biok Picazoren Espolon del Sobrarbe bidea eskalatu genuela. Nork esango zidan niri orduan Montañesak ekarri behar zuen eskalada iraultza. 
   Orokorrean Diedro de Oncins bidea ez zait gustatu, nahiko zikina topatu dugu. Norbaiti bururatzen ba zaio errepikatzea, eraman dezala zerra txiki bat, mesede galanta egingo dio bideari eta ondorengo eskalatzailei. Guztiz librean ateratzea lortu genuen. Zazpigarren tiradako Ae-a, 7b proposatzen dugu.

Kepa Diedro de Oncins bidearen laugarren luzean.

   Naiz eta eguraldi petrala izan dugun, berriro ere, Peña Montañesak ez nau huts egin. 


   

















2012(e)ko urriakren 19(a), ostirala

VIGNEMALE - Via Ilusiones






   Azkenean igo dugu. Bi urte generamatzan asmo handiko proiektu honetan sartuak. Iazko Irailean hasi  ginen bidea zabaltzen, eta, aurtengo urrian bukatu dugu. Efektibo, horman eskalatzen, bost egunetako bi txanda izan dira, baina, teknikoki bi tenporada, denboran luzatu direnak.






    Marra ikuskatu nuenean, eta, bera eskalatzea zoragarria izango zela pentsatu, bi arazo suertatu zitzaizkidan; lehena soka laguna bilatzearena izan zen, eta, bigarena, eskalada berak izan lezakeen zailtasuna eta logistikaren idea zehatza egitea. Vignemale ez da txantxetako gauza, goi mendiko eskalada da, alpinoa. Chemari-ri erakutsi nizkion argazki batzuk, - Zergatik ez probatu ? – erantzun zidan.  Momentu horretatik aurrera bion arteko proiektu bat bihurtu zen. 
   Bigarren arazoari erantzuna emateko, marra eskalatzea posiblea zen a la ez jakitearena, bertara joan eta begiratzea beste aukerarik ez genuela adostu genuen. 


Hirugarren tiradan 6b





   XXI. mendean gaude, eta, Pirinioetako konkistan oraindik amets egitea posible da. Vignemaleko haitzetan kalidadezko bide bat zabaltzeko asmoa harropuzkeria dirudi. Pirineoetako mendikateko harribitxia da Vignemale, Pirineista handien eskalada bideak daude bertan, eta, gu, zerrenda horretan sartu nahia, agian, handizale izatea da.


Bost-garren luzean 6c



   Iazko Irailean Oulettes de Gaube aterpean hartu genuen ostatu. Aterpearen atariak eskeintzen duen Vignemale ipar hormaren panoramika ikusgarriak argitu zizkigun zalantza asko, erabili behar genuen estrategia izan zen horietako bat.
   Bi puskatan banatu genuen horma erraldoia, beheko zati laberintikoa, bide posiblea marraztea zaila egiten zitzaiguna, eta, goiko zati tentea, pareta marroi ikusgarria, zabaldu nahi genuen bideari nortasuna emango zion puska, parte hau zen klabea. Zergatik hasi behar genuen bidea beheko zatitik zabaltzen? agian, goran, pasa ezinik gera gintezkeen, edo, zati tente hau kalidade txarrekoa izan. Beraz, Despiu-Luquet bidetik igo ginen horma marroi ikusgarriaren oinetara, misterioa askatzeko irrikan.



Hamargarren luzean 7a+

   Oso goran dago aipatu dudan pareta marroi tentea, lan itzela izan zen bertara iristea, baina, aleginak pena merezi izan zuen. Ikusgarria zen gure aurrean agertzen zen hormatzarra, hankak dardarizo batean genituen. Esan beharra daukat, Despiu-Luquet bidea gure eskumara utzita, hiru luze gehiago eskalatuak generamatzala, oraindik, materiale arrastoak agertzen zirela paretako arrakaletan, iltze bakan batzuk ziran, baina, honek esan nahi zuen bidea saiatua izan zela gure aurretik. 



Hamaikagarren luzean A2/6c

   Gu ez giñan atzera bueltatu, agian, gure handinahikeria indartsuagoa zelako. Beti Despiu-Luquet bidetik igoaz, bi egun segidan lanean aritu ginen, baina, soilik, bi luze eskalatzea lortu genituen, tirada bat eguneko. Nahikoa zen, nekaturik geunden, pozik etxera bueltatu ginen, hurrengo urterako proiektua bagenuela pentsatuz.



Hamabigarren tirada 7a exp.

   Aurtengoa, nahi eta ezin bat suertatzen ari zen. Irailean jarria genuen Vignemalera bueltatzeko hitzordua, baina, Iraila aldrebes xamarra tokatu eta, bitan atzeratu behar izan genuen gure zita, eguraldiak ez zigun batere lagundu.
    Urrian berriz, San Migueletan, antizikloia sartu zen. Hori zen gure aukera, aprobetxatu beharra genuen.
 Zuria zegoen mendia, Iraileko eguraldi txarra elurra izan zen gain hauetan, hotz handia egiten zuen. Ezerotasun horrek ez zigun kikildu. Orain eremua ezagutzen genuen, eta, ideia finko bat generaman buruan, goiko zatia egun bateko eskaladan bukatzea. 
  Goizeko lehen orduan paretan geunden hotzak akabatzen. Lumazko txaketa, esku larruak, kapela, arropa guztia gutxi zen gorputza bero mantentzeko. Oraingoan ere, Despiu- Luquet bidetik gora ekin genion. Arratseko hirurak izango ziran iaz zabaldutako puntu gorenera iritsi giñenerako, hamaika garrengo bilera. Hurrengo luzeak denbora asko eraman zigun, benetan delikatua bihurtu zen eskalada, Chemak ez zuen parabolta nola nahi sartzeko inungo intentziorik eta asko saiatu behar izan zen lortzeko. Azken aurreko luzea zabaltzen ari ginela gaua egin zitzaigun, frontalaren argitan eskalatu beharrean izan ginan errazak ez ziran hormaren azken metroak.



Patio handia dago. Hamabigarren tirada.


   Azken luzea eskalatu genuenerako gau ilunak estaltzen gintuen,  Goubeko arista ertzera iritxiak ginan, haize hotz eta indartsua izan zen gure balentriaren testigu bakarra. Gaueko hamabiak izango ziran, irribarre algara batean besarkatu ginan Chema eta biok.
   Jaitsieran arazotxo batzuk izan genitun, gauak nahasi egin gintuen, eta, goizeko lauetan aterpera ailegatu ginan, txikituta, baina, pozik. Goiko pareta zabaldua zegoen, orain beheko partea falta zitzaigun.
   Hurrengo eguna deskantsuan eta eztabaidan eman genuen. Zalantza geneukan, ea horrela utzi bidea, alegia, Depiu-Luquet bidetik lehen zatia egin ,eta, gero, Ilusiones bidean sartu, edo, beheko parte berri bat zabaldu. Erabaki haurretik beheko zatia ongi begiratu behar genuela adostu genuen.
   Hirugarren eta azken eguna beheko zatia sortzen eman genuen. Pareta ikuskatzera joan ginenean diedro handi batek atentzioa deitu zigun, eta, honek bultzatu zigun aurrera segitzea. Ez zigun hutsik egin, benetan ederra izan zen eskeini zigun eskalada, estutu behar izan genuen. Ondorengo tiradak berriz ez ziran kalitate handikoak izan, goiko zatiarekin elkartzeko helburua besterik ez zuten, arratseko ordu-bietan bat egin genuen goiko zatiarekin. Despiu-Luquet bidetik rapel egin genuen. Harro geunden gure bideaz, eta, eginiko lanaz. Soilik izena falta zitzaion sortu berria geneukan bideari, baina, hori, beste istorio bat da, aurrerago, agian, kontatuko dudana.    




Konten eta gustora bizi izan dugun esperientziarekin.

      




2012(e)ko irailakren 17(a), astelehena

PLAZAOLA - BIAHIZPA ( Andoaindik Irurtzuna bizikletaz eskalatzera )


Otietan, hasi aurretik


    Errediooo !!! Euskaldunago sentitzen naiz gaur. RH- kiskaltzen daukat. Hau genetikoa behar du izan. Bestela nola esplikatu hain setati izatea. 
   Batek behin Azpeitiako plazatik butano botila bizkarrean hartu eta Ernio mendi puntara igo zuen, zamak lurra ikuitu gabe noski. Beste batek,  24 orduetan txindoki punta hamaika aldiz igo eta jaitsi zuen, ia izerdirik atera gabe hau ere. Bada gure artean ehun millaren proba motz geratzen zaionik, berrehun millara arte segitzeko kapaz izango litzatekeena. 
   Nik ere parte hartu nahi dut euskal egoskorkeri rankinean, modu apalean noski, ezin nahiz konpara atleta hauekin. Nerea beste gauza bat da, baina, hori bai, burugogorkerian burugogorrena.


Biahizpetara iristen




Andoaindik bizikletaz Irurtzuna eskalatzera

   Ez da ohikoa eskalatzera joateko txirrindua erabiltzea, are gutxiago kotxea hormaetatik minutu batera uzteko aukera izanik. Nik ordea askotan erabili izan dudan garraio mota da txirrindua, plazerragaitik batzuetan, eskalada eguna hobetzeko ideiaz, edo, beharrez, familiarekin furgonetaz egiten ditudan irteretan bezala, goizeko lehen orduan denak goxo goxo lo daudela, nik nere bizikletan eskalada trastoak hartzen ditut eta joaten naiz nire saioa egitera.

Ahizpa handiaren hego pareta


   Eduardo Martinez del Pison Geografian katedradunari irakurri nion ausnarketa batetan zioen, "Alpinistak mendiak eta hormak geroz eta gertugo ditugula, eta hori gure kalterako dela, egin behar izaten ez dugun inguratzean asko galtzen dugula, urrun dagoen mendia beti izango dela erronka handiagoa, eta hori dela gure kirolaren funtsa". Zergaitik ez hasi etxeko mendiak urruntzen?

Karnaza bidearen hasiera


    Kontatu nahi dizuedan egitaldia, Andoaingo Otieta parkean hasi zen. Plazaola tren zaharraren bidetik abiatu nintzen txirrinduan goizeko bederatzietan, Irurtzungo haitzak nituen helburu. Txirrindu parrillan motxila bat neraman lotua, jana eta eskalada materialez betea.
   Gustora hasi nintzen udaberriko goiz fresko eta garbian pedalei eragiten, irriki nengoen abentura honi forma emateko.

Karnaza bigarren largoa


   Lehen atsedena Lehitza herrira iritsi nintzenean egin nuen, bide baztarrean geratu nintzen ura eta jan pixka bat hartzera. Ziur nago ordua telefonoan kontsultatu nuela, ez dut baina gogoratzen, ez bai du garrantzirik, hau ez zen denboraren krontra zijoan erronka bat.
   Lekunberri herrian egin nuen bigarren geldialdia, gustu handiz hartu nuen kafesnea eta gosez jan nuen gozoa, geltoki zaharrean izan zen. Nafarroako herri eder honetan bukatzen da Plazaola trenbide zaharraren zatirik ikusgarriena. Andoaindik honuntzako bidea ikaragarri ederra da; Leitzaran erreka arana, zuhaitz miresgarriz betetako baso ezeak, gaua bezain ilunak diren tunelak.

Caballe bidearen bostgarrena


     Lekunberrin  errepide normala hartu nuen, tren zarraren bidea berreskuratzen ari dira oraindik eta urte gutxi barru Iruñara iritsiko omen da bide berde hau.
   Irurtzuna iristen ari nintzela errepidean geratu nintzen aho zabalik, nire begi aurrean ahizpa handiaren horma tentea nuen, besteetan baino handiagoa azaltzen zitzaidan, heleazina. 
   Bizikleta bide ondoko zulo batetan izkutatu nuen eta pareta gerturatzen hasi nintzen, erronkaren bigarren zatiarekin hasi behar nuen, eskalada. Nire asmoa Karnaza bidetik hasi eta Cabelle bidearekin konbinatuz ahizpa handiko puntara iristea zen.

Caballe bidearen zazpigarrena


   Gustura hasi nintzen haitzean gora, paretari metroak irabazten nion einean hobeto sentitzen nintzan, lasaiago. Hau ez zen ohiko eskalada bat, ez nituen bide hau egiteko normalean erabiliko nituzken materialak eraman, erronka hau burutzeko ezin nuen zama asko garraiatu, beraz, igoeraren zati gehienak babesik gabe egin nituen.
   Ahizpa handiaren haitz punta zorrotza zapaldu nuenean gustura sentitu nintzan nere buruarekin, harro egindakoarekin. Denbora gutxi egon nintzan sentsazio hori dastatzen, Andoinera bueltatu behar nintzan, han bukatzen zen bidaia, eta, itzulera luzea izango zela banekien.
   Lekunberrin, geltoki zaharreko kafetegian, ospatu neun nire zoriona, zerbeza kaña eta bokata jan nituen plazer handiz. Hemendik Andoain arteko bidea oso jasangarria egin zitzidan, tripa bete ondoren presa guztiak ezabatu bai nituen.
   Oraindik egun argi dexente zegoela iritxi nintzan Otietara. Baina, aitortu beharra daukat ezin dudala Euskaldun nortasuna hain harro eraman. ¡¡¡ nekatua iritsi nintzan !!!



Ahizpa handiaren gailurrean. Bidaiaren erdia egina neukan.