2024(e)ko martxoaren 15(a), ostirala

PILAR DE LA HERMIDA - Salvajes de Leyenda

 

Indar eta trebetasun mugimendu orekatu bakoitzarekin itxaropen izpi bat sentitzen nuen, hein handi batean, nire zaurgarritasun-egoera arrazoitzen zuelako. Zirrara ero bat zen, harrizko plaka leun eta garbian gora igotzen uzten zidana, nire espiritu grinatsua justifikatzen zuena. Ez zitzaidan arrotza egiten egoera, gustukoa dut, ez dut modu hobeagorik ezagutzen eskalatzaile sentitzeko. 


Horma bertikal hori lehen aldiz zeharkatu zuten eskalatzaileek adeitasunez eta errespetuz egin zuten, harria minerala baino gehiago dela pentsatuz, gure aurrean besterik gabe altxatzen den elementu hotz eta gogorra, eta mirespenez egin zioten aurre erronkari.



Sarritan defendatu izan dut orritxo hauetan eskalada garbia, hain pasionala den kirol honen piramidearen punta bezala, perfekziora iristeko era bakarra. Baina, zoritxarrez, gehienetan, kasu bakanetan izan ezik, beste garai bateko bideetan aurkitzen dut abentura gunea, non, teknologia faltagatik, eskalatzaileek bide berriak sortzeko gaitasuna oso murriztua zuten. Kemenez ordezten zuten.




Pablok eta Victor Sánchezek horrelako zerbait sentituko zuten Pilar de la Hermidan, edo Peña Llaneces, bide berri baten aukera ikuskatu zutenean; haitzarekiko miresmena eta beraiek baino lehenago ertz ederra igo zutenekiko begirunea. Horrela hausnartzen du eskalatzaile asturiar indartsuak bere bloggean: https://artedelalibertad.blogspot.com/2024/02/salvajes-de-leyenda-230-mts-6c-pena.html




Pilar de la Hermida 1995tean izan zen gainditua lehen aldiz eskalatzaile cantabriar bikote baten eskutik; Javier saiz eta Angel Bengoechea. Bi eskalatzaile handi horiek, Los Cholos taldeko kideak, joan den mendearen amaierako urte errebeldeetan eskalada bide piloa sortu zituzten Kantauriko mendietan zehar. Gaur egun horietako asko kultu-bideak dira.



Victorren anbizio eskalatzaileak zutabe ederrean jarri zituen begiak, baina horma hau ez da besteak bezalakoa, hemen dago aipatu dudan bidea, eta bera da jaun eta jabe, ez dago lekurik estilo honetan ez den beste bide baterako.
Santutegi hori zulatzeko makinaren zarata mingarriarekin profanatzea krimena izango litzateke, eskalatzaile talde handi batek ez luke barkatuko.



Gaua ilunagoa da hermidaren amildegi estuan, ilbeherak proiektatzen duen argi urria ez da amildegi horretan sartzen, urruneko gailurren eta hondo meharraren arteko ibilbide luzean xurgatzen da.
Baina ez da itsualdi hori izutzen duena. Egunsentian, amildegiaren hondoa oraindik ilunpetan dagoenean eta gailur iritsezinak tinki argitzen direnean, itotzen duen mundu malkartsu bat sortzen da, dimentsio bertikal menderaezin bat, gizatiarki lorgarria denaren eta absurduaren arteko muga.
Pozik esnatzen gera ordea Arizio, Iker Artola eta ni La Hermida herrixka azpian dagoen aparkalekuan, egun ederra dugu aurrean, zorioneko egiten gaituzten horietakoa.



Aritzek ondo ezagutzen ditu txoko hauek, alpinista bizkaitar gehienek bezala, eskalatzaile gisa trebatu da hemen, baina Iker eta biok, gipuzkoarrak izanik, Pirinioak izan dira gure jolas lekua, uzten gara gidatzen.
Beraz, salvajes de Leyenda Arizioren proposamena izan zen, Victorrek aholkatu omen zion, eta guk ez genuen zalantzan jarri asturiarraren hitza, arroka basatien mundu malkartsu honetan eskalada bideen kalitateaz dakien inor badago, Victor da.



Pilar de La Hermida hurbiltzea ez da zaila, hogei bat minutuko ibilbidea da, mendiko bidezidor bati jarraituz. Jaitsiera, ordea, gailurrera igoz gero, gure kasuan horrela izan zen; Pilarreko bide klasikoaren azken luzea eskalatu genuen, eta jatorrizko jaitsieratik jaitsi ginen; kanal zabal bat lehen zatian, estuagoa ondoren, lau rapel luzeetan jaisten da. Era horretara eginda, Salvajes de Leyendak, kutxu alpinoagoa hartzen du.



Bidearen lehen bi luzeek ez dute zailtasun fisikorik, eta ikaragarri politak dira, Picos haitzaren kalitate-zigiluarekin. Bi tirada luze hauek Pilarraren eskuin aldean dagoen diedro nabarmena hartzea dute elburu. 
Hirugarrena diedro zabal horretatik gora hasten da, arroka tenteagoa da hemen, baina diedroan sartu bezain laster, ezkerretara agertzen zaigun pareta bertikal eta trinkozko plaka baterantz utzi behar da. Ikaragarri ona da luze hau.
Laugarren luzeak bideko ederrena izateko ohorea du; ur-zuloz eta pitzadura txikiz betetako harkaitzezko plaka trinko batetik doa, zalantzen aurrean trebea den eskalatzailearentzat plazer bat.
Salvajes de Leyenda bidearen bosgarren eta azken luzea, estiloz, alpetarrena bezala definitu genezake. Eskuinerantz dagoen diedro etzan batetik hasten da, tarte labur baten ondoren uzteko, aurrera egiteko aukera piloa duen horma batetik zuzen-zuzen, gailurra bilatuko dugu ezkerrerantz joera txiki batekin. Gailurrera iritsi aurretik, bost bat metrora, bilera bat dago, rapelatzeko prest. Deseroso ikusten da, erdi zintzilik, hobeto, eta, batez ere, gailurrerako bidea hartzea pentsatu badugu, hormaren amaierara iristea, erlaitz eroso bat aurkituko dugu. Friendez eta fisuekin erraz egiten da bilera seguru bat.
Lepo motz eta zorrotz batek bereizten ditu gure gailur txikia eta gailurreko bidean jartzen zaituen ondoko lirainenetik. Azken hau jarraituz, soka guztia eramango duen tirada batek, mendiaren magalean utziko gaitu.


Esan dudan bezala, jaitsiera kanal batetik doa, hormaren ezkerraldeko malda malkartsuetara daraman kanal handi batetik. Hori hartzeko, gailurrerantz jo behar da, gorantz. Ez gara gailurrera iritsiko, gainera ez dakit horma honek gailurrik duen. Zirku moduko kanal batera iristen garenean, jaisten hasiko gara, horma laranja baten azpian rapel bat bilatu arte. 
Guk kanala lau rapelatan jaitsi genuen: lehena espit bat da eta iltze zahar pare bat. Bigarrena harkaitz-tontor bat da. Hirugarrena zuhaitz bat; hau kordino fin batez hornitu behar izan genuen, materialik ez zegoelako. Eta laugarrena, parabolt bat da bi iltze zaharrekin batera. Ondoren, behin mendi-mazela aldapatsuan, ondo orientatzea eskatzen du, ez baitago ondo definitutako biderik.



Eskaladaren gauzarik txarrena ezin egin ahal izatea da. Beraz, berdin dio bide luzeak igotzen baditugu, edo motzak, zailak ala errezak, seguroak zein arriskutsuak, dena da eskalada. Garrantzitsuena egiten dugunarekin disfrutatzea da, ingurunea eta jendea errespetatuz, era horretara lortuko dugu gogobetetzea. Gu bezainbeste gozatzen baduzue ez zabiltzate gaizki.