DENALI- MESSNER COULOIR

   


   Alaskara joateko garaia iritsi zitzaidan 2003an,  ilusioz betea aritu nintzen Kanurekin bidaia prestatzen. Gure asmoa Ruth glaziarrean eskalada tekniko batzuk burutzea zen, Mont Dickey, Mont Barril, Moose´s tooth dira glaziar honetan aurkitu ditzazkegun mendi eta pareta batzuk. Azkenean, tamalez, kanuk min hartu eta bertan behera utzi behar izan zuen bere bidaia. Nik berriz objektiboz aldatu nuen, Denali aldera bideratu nituen nire gogoak. 
   Bakarrik nijoan, eta nire kasuan, bakarka ibiltzea Alaskako mendietan, arazoa zen. Buruhauste handi bat hizkuntza eta komunikazioa nuen. Ingelesa bai egiten dut, baina Nepalen ibiltzeko egokia den ingelera. Beste arazo handia inguru bera zen. Hegazkinak glaziar batean uzten zaitu, zibilizaziotik oso urrun, eta, glaziarrak arriskuz beteak daude. Beste problema bat bakardadea nuen, honelako mendi arrotz batean egun asko igaro ditzazkezu eguraldi txarra dela eta, dendatik ezin irten. Suertez, Gasteizko Xabier Artola eta Josu Alkaraz topatu nituen, nire egonaldia erabat aldatu zuten lagun hauek. Plazer bat izan zen Xabierrekin euskaraz aritzea, eta, Josurekin barre algaraz lehertzea. 



   Joan aurretik bertako eskalada gida ondo begiratua eraman nuen. Ba nituen igoera batzuk begiko, horietako bat Messner kanala zen.
   Denali mendebal horman dagoen kanal nabarmena, lehen aldiz Tiroles handiak eta Oswald Olz mendizaleak igo zutena 1976an. Bitxia da, baina, kanala, igoa izan baino lehenago, beheruntz ibilia izan zen, eskiez jaitsia alegia. 1972an Silvan Saudanek lortu zuen, mila metro pasa eta, 50 gradu dituen korridore zabal hau eskiez jaistea.
   Denali eskalatzeko baimena beharrezkoa da, ez da zaila lortzea. Gaur egun tramite guztiak internetez burutu ditzazkezu. Baldintza bakarra, 60 egun lehenago baimena eskatu beharra, eta noski, bera pagatzea da.
   Aukera izugarriak daude alpinismo gogorra egiteko Denali inguruetan. Zona oso bakartiak dira, eta, eguraldi benetan txarra egiten du. Baina pazientzia, eta, suerte apurra izanez gero, mendizaleek benetako mendi abenturak bizitzen dituzte hemen.




   Argia margul bat zegoen kanpin dendatik atera nintzenean, goizeko ordu txikiak ziren. Uda garaia zenez ez dago benetako gaua hemen, baina, hori bai, hotz izugarria egiten du. 
   Nire granpoien hots lehorrak, elur izoztuaren gainean ibiltzean, entzuten nuen bakarrik  Genet Basin kanpamentu jendetsuan, bi mendizaleekin geratua nintzen Messner kularra batera igotzeko; Estatu Batuetan bizi den Kolonbiar bat, eta, Costa Ricako beste tipo bat ziren. Nire harridurarako, ez zeuden prestatuak iritsi nintzenean, beraz, bakarrik joan beharko nuen, ez bait zen giro beraien zain egoteko.




   Seguru nijoan, errez irabazten nizkion metroak izotz pareta izugarriari, piolet eta granpoi puntak ongi sartzen nituen, indarrez, altuerara egoki ohitua nengoela zirudien. Izotz malda ez da oso tentea, 50 gradukoa, baina, bai luzea eta iraunkorra, nekez bilatu nuen gune egokia atsedena hartzeko. Bide arruntarekin bat egin nuen momentu arte ez nuen aukerarik izan zutik oinez egiteko, gailur desiratua zapaltzeko azken ertza falta zitzaidala.




   Hunkigarria izan zen une hori, gailurra iritsi nintzen momentua, eta, are atseginagoa Xabier Artolarekin punta zorrotzean bat egin nuenean. Kointzidentzia zoragarria izan zen Gasteizeko mendizalearekin batera iristea, Xabier bide arruntatik igoa zen. Besarkadak, argazkiak eta behera, oraingoan nire lagunarekin batera ohiko bidetik nijoan.




   Dendaren babesa, eta, lo zakuaren epeltasuna zain nituen Genet Basin kanpamentuan. Azkarra izan zen itzulia, ez nuen inongo gor-beherarik izan. Azken kanpamenduan, Xabierren dendan, ordu bete edo egin nituen ur pittin bat hartzeko. Eguerdiko hamabiak inguru izango ziren Genet Basin kanpamendura iritsi nintzenean, dendara sartu eta berehala geratu nintzen zerraldo lo.
   Zaratak eta, kanpamentuan zehar ez ohiko mugimenduak esnatu ninduten, arratsa zen. Urrutian helikoptero bat entzuten zen , erreskate bat zegoen Messner kularrean, Kolonbiarra eta bere kidea paretatik ateratzen ari zitzaien helikopteroa. Erabaki egokia hartu izan nuenaren sentsazioa etorri zitzaidan lehenik, zortez ez nintzan beraiekin sokaz lotu, agian, orain ni ere erreskatatua izango nintzan.
   Jadanik nire helburua betea nuen, hau ez da gizakientzat lekua, gauzak jaso eta etxerako bidea hartu nuen.
   
Bidaia bideoz grabatu nuen. Edizioa kanuk egina da, musika nik aukeratu dut. Espero gustatzea.