Bi bide generamatzan buruan; Leyendas de Patones eta La del centro, azken honetatik hastea erabaki genuen, lehorragoa egongo zela pentsatuz. Oso pareta tentea da Canal Mayorreko horma, sabaiz betea; gogoan dut Kepa Escribanorekin Ordesa en Montañesa bidea eskalatu nuenean euria ari zuela eta modu duinean egitea lortu genuela. Asko gustatu zitzaidan aipatu dudan bide hau, eta oso ona iruditu zait La del centro; bigarren eta hirugarren luzeak espektakularrak dira, baina batez ere hirugarrena nabarmentzen da.
Irteera honen helburu handinahia ez zen deskribatu dudan bidea; ilusioa beste linea batean jarrita neukan, Leyendas de patones bidean, agujas de la Buerda erakargarrian.
Honekin Que riesgo tiene la primari buruz idatzirik gabe utzi nuen azalpena gehitzen diot Leyendas de Patones bidearen kronikari:
Gogoan dut Peña Montañesarako bidaian irrati guztietako albistegietan ekonomiari buruzko albisteak baino ez zirela entzuten, eta hitz bat zela, niri gaztelaniaz aditzean, grazia handia egiten zidana: arrisku-saria edo prima de riesgo.
Modu horretan elkartu nintzen Chemarirekin Oncinsen, egoera ekonomikoak grazia handiagoa ematen zidala kezkatzeak baino. Izugarri dibertitu ginen elkarrekin egon ginen bi egunetan; Madrildar eskalatzaile handiarekin izan ditudan topaketa guztiak alaiak eta umoretsuak izan dira eta dira gaur egun ere.
Agujas de la Buerdan txunditu ninduen bide zaila eta konpromezu handikoa zabaldu genuen. Eskalada honi izen bat jartzerakoan, duen edertasuna eta konpromezua goraipatu nahian, Montañesako bidaian irratian ekonomiari buruzko albisteetan entzun nuenari hitz joko barregarria egin nion, "Que riesgo tiene la prima", izenburu bezala bururatu zitzaidan eta horrela proposatu nion nire lagunari. Honek berehala baietz erantzun zidan. Beraz, Buerdako orratzean bizi genuenaren krokisak, gure abentura pertsonala islatzen, sexu-desiraren balizko arriskuak eskaladakoekin parekatzen saiatzen da; bulkadaz bakarrik jokatzen badugu, segurtasun-neurririk hartzen ez baditugu, kolpe ederra har dezakegu.
Baina akats bat egin nuen: Behin etxeratu nintzenean, Chemarik eta biok ireki genuen bide itzelaren krokisa marrazten ari nintzela, paper gainean espazio zuri bat geratzen zen, bibujoaren trebetasuna banu neure eskuez marrazki batekin beteko nukeena. Bibujoaren dohaina ez dudanez, niri erakargarria egin zitzaidan argazki bat aurkitu nuen interneten, eta krokis polemikoan itsatsi nuen gero. Eta hortik ondorioak; krokis xumeak zeharkatu behar ez zituen zelaiak zeharkatu zituen, eta horma handitik kanpoko giroetan epaitu zuten, eta ez nago batere harro horretaz, eskalada baten berri emateko sortu baitzen.
Ausnarketa egin diot guzti honi, eta iritsi naiz gaizki ulertu honen arrazoia argazkiko imagenak estereotipo bat islatzen duelako izan dela, ez delako irudi orokor bat, egokiagoa litzateke argazkiak emakume guztien edertasun sexuala islatuko balu; aurkitu ez dudanez, krokisean fede onez jarri nuen argazkia erretiratzen dut. Eta zin dagizuet argazkia ezabatu dudanean lasaitasuna sentitu dudala, eta, aldi berean, bide eder honen krokisak gehiago erakarri nauela; gauzak nola aldatzen diren.
Madrileko lagun talde batek lagunduta, eta ziur nago umore bikainez, 2014an sortu zuen Chemarik Leyendas de Patones bidea. La Prima bidearen ondoan, pitzadura sistema nabarmen batean, hasten da Leyendas de Patones. Eta paraleloan doaz bi bide eder hauek, harik eta laugarren luzean, trabesia luze batez, arrokazko plaka trinko bat ezkerretik eskuinera gurutzatzen duen. Hasierako luze hauek zailtasun-maila ertaina badute ere, eskalada garbikoak dira, eta Chemariren zigilua dute; beraz, lasai eta tentuz igo behar dira. Ikaragarri gustatu zaizkit.