2021(e)ko uztailaren 30(a), ostirala

EGINO- Pared del Queso- Garrote

 


Deigarria da, niri hala iruditu zait beti; kirolariei animoak ematen euskaldunak apartak gara, euskarazko kuraiatze oihuak ozen entzun daitezke ikusleen gainetik.



Magina hitz eta marmar ditugu euskaldunok kirolariei animoak emateko. Batzuk oso ezagunak dira " aupa" bezala, beste batzuk berriagoak ditugu, "garrote" adibidez. Nik, hiztegi bitxi honetan, marmar soinuarenak ditut gustukoen; tiii-taaa, ziki-zaka, tiikii. Sinpleak baino efektiboak iruditzen zaizkit, kirolarien kadentzia erritmora egokitu behar ditugu, traineruan patroiak egiten duen bezala, dotorezia puntua hartzen dute.



Ba dira momentuak norberak bere buruari animoak eman beharrean izaten dela. Azken bide honetan, adibidez, eskalada leku ezezagunean sartzen ari nintzela, segurtasun pasiboa kokatu berri; friend eta fisurerotaz ari naiz, zalantzak gogor kolpatzen ninduen murmuinean, orduan, kemen txute baten beharretan nintzen, !!! Garrote !!!, Oihukatzen nion nire buruari.  




Pertsonak, orokorrean, kiroletik kanpo ere, animoak beharrezko ditugu; proiekturen bat aurrera ateratzeko, gustuko dugun neska ala mutilari sentimenduak azaltzeko, edo, min egiten digun horrekin bukatzeko. Eta hau horrela izareko, lagun dugun hori ondoan egongo da; bi eskuak gogor estuturik, indar errepresentazio batetan, begietara begiratuko digu eta oihukatuko du, !!! Garrote !!! Eta dena errazagoa izango da.



Bakarka zabaldu dut Garrote. Behar nuen, deika ari zitzaidan. Iñaki Mendizabalekin batera nengoen El Quesoko horman bide posible batzuen aukera ikusi genuenean, Maravillas eskalatu berritan errapelatzen ari ginela. Ondoko beste marra gogorrago batetan murgildu gara elkar, linea xamurrago hau beste momentu baterako utziaz, eta nirea egin dut.




Eskalada garbia da garrote, ez dago material fixorik, baina, plazerez babesten da, errez kokatzen dira fríend eta fisuak.  Arroka ona da ere.



Bidearen hasiera komuna dute Garrotek eta Iñaki eta biok dugun proiektuak, azken honek zuzen tiratzen du pareta tentean dagoen arrakala ederrerantz, eta, Garrote ezkerretara doa.



Xabier Artolarekin egin dut lehen errepikapena. Plazer izugarria izan da Ibarran bizi den Tolosarrarekin eskalatzea. Eskerrak berari ditugu taxuzko eskalada irudi batzuk, bakarka eskalatzen ari naizela, oraindik, ez dut lortu itxurako eskalada argazki bat ere.

Bidea errapelatu egiten da.




2024/01/21: 
La Lezeko aparkalekuan utzi dut furgoneta. Autokarabana asko daude eta auto gutxi aparkatuta, gehienak sarrerako hariztian. Ez da goiz, nik ere utzi diot eguzkiari bart gaueko hotza goxatzen, baina seinale da kanpamentu honetan oraindik ez dela inor mugitu. El Queson bakarka eskalatzeko asmoarekin etorri naiz. Furgoneta Eginoko herrian ere utz nezakeen, El Quesorako bidea zuzenagoa izango zatekeen, paseo atseginago baten alde egin dut.
Monolito ederren punta zorrotzak distiratzen dira eguzkiaren laztanaren azpian, hariztian neguko baretasuna da nagusi, ez dago arimarik leku magiko honetan.
Izar gelditu egin da eta belarriak puntan jarri ditu, Queso hormaren azpian zarata entzun da. - Basurdeak izango dira, pentsatu dut, askotan aurkitu ditut arte handiaren azpian lo. Ez, pertsona bat dago horma ikaragarriaren azpian, bizkarrean motxila bat darama, eskalatzailea da.
Erabat harrituta nago, ez dut inor aurkitu Eginoko eskalada eskola osoan, eta horma ezkutu honetan bi mendizale elkartu gara horma zail honi bakarka aurre egiteko prest.
Irribarre batez agurtzen dut Mikel Arrue, atseginez ematen diot bostekoa. Esaten dit Garrote bidea eskalatzeko asmoz etorri dela, nik esaten diot hori dela nire asmoa ere, indarrak batzen ditugu sokada bat eginez.
Primeran pasatzen dugu, horma dotoreak eskaintzen digun mendi-eskaladako giro bikainarekin gozatzen dugu. Sabina bidea eskalatuz amaitzen dugu eguna.
Arratsaldeko azken orduan harizti magikoa gurutzatzen dut berriro monolito lirainen azpian, hemen goizean nagusi zen lasaitasun berbera dago, ez dago inor.













 




















2021(e)ko uztailaren 11(a), igandea

Pene D`Udapet - Empire des sens - SMO3 Tituloa


Tobera erdian nago, arezko ordulari batean sartua, denbora kontua besterik ez da tutu estuaren zurrupak irents nazan, lurrera ongi erantsia ez dagoen guztia bezala, eta, desagertuko naiz, arrastorik gabe lurrundu.

Urdosen ari naiz idazten, eta, hemen, nire amesgaiztoan bezala, dena desagertu da, irentsita, Aspe ibaiaren harroin estuak zurrupatu ditu ehunka urteko historia bizia.



Orain, Urdos herriko etxeen teilatu beltzak kontenplatzean, nabariak dira garai hobe bateko aztarnak, herria jendez gainezka zegoen denbora bat. Artzainak, artalde konta ezinez, mendi magal urrunetan, puntu zuriz eta euskarazko ahotsaz koloreztatzen zituztenekoa. Eta zer esan irudizko mugaz, zatitzailea, Pirineotako alde honetan, jendarmeak, zer egin bat zutenekoa. Zuri-beltzezko garaia errepika ezinak dira denak.

  Ia ez da inor geratzen hemen, biztanle izan ziren horien etxeak soilik daude zutik, harrizko itzalak balira bezala.



Bi aste pasatu ditut bailara harrigarri honetan, SMO3 titulua lortzeko ikastaro batean hartu dut parte, mendi erreskate talde bateko buru izateko aukera eskaintzen du honek.


Frantsesak izan dira beti mendizaletasunari buruzko gaietan aitzindari, mendi gidari kontuetan beraiek izan ziran aurrendari ere. Tema honetan berdin gabiltza, hogei urte aurreratuak ditugu gure bizilagunak.



Gipuzkoako Suhiltzaile zerbitzuko sei lankide joan gara titulu hau ateratzea. Ez da lehen aldia izan, orain bi urte zortzi lagun izan ginen SMO2 titulua atera genuenak. Sergio Maiztegi, Ander Espín, Igor Arzelai, Aitor Aramburu "Troko", Mikel Uribesalgo "Ibra", eta idazten ari den hau gara SMO3 lortu dugunak. Aitor Otamendi eta Josu Merino ezin izan dute etorri.

Irakasleak berriz, SDIS64 mendi erreskate buru den Aurelien Larroque eta Christian Huertas izan dira.


Ikusi ditugun mendi erreskate teknikak ez dira berriak izan guretzako, bi urte dira ikasi genituela. Oraingoan aldiz, taldearen antolaketan eta gidaritzan zehaztu ditugu lanak, gauza interesgarriak irakatsi dizkigute.


Eskalada bloga honetan egonaldi bikain honetaz idazteko aitzaki bat behar nuen, eta Pene d`Udapeten egin genuen eskalada aprobetxatu dut horretarako, ikaragarri gozatu genuen igoera horretan.

Luichiren krokisa

Naiz eta ikastaro programan " Grand Course " azaldu, zalantzak nituen aurtengoan ere burutu ahal izango genuenik. Aurelienek beti zuen sorpresa bat, Kinder deitzen du berak, eskalada ordez erreskatea egiteko. Bainan, oraingoan bai, gure gozamenerako, Grand Course egin genuen.


Bi taldeetan banatu giñan eskalada luzea egiteko. Alde batetik; Sergio, Igor, Aitor eta Christian, Grande Billareko arista Larrangus igo zuten, eta, besterik; Ibra, Espín, Aurelien eta nik, Pene d`Udapeten, Empire des sens.


Ez ditut bideari buruz xehetasun gehiegirik eman nahi, ez jakinak abentura sentsazioa handitzen du. Bakarrik aipatu, lehen zatian, bi luzetan, La puree de oulle oulle bidetik egin genuela gora. Zelaitxora iristen da bide hau, eta hor hasten da Empire des sens bidea. 


Ikaragarri ona iruditu zitzaigun bidea, kalitate handiko eskalada, haitz ezin hobean doana.


Bideak, guk generaman krokisaren arabera, hamar luze ditu, Aurelienek eta biok bost besterik ez genituen egin, baina hau gustuen araberakoa da.




Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Lehenik nire lankideei, erakutsi duten profesionaltasun maila gaitik, horrelako jendearekin edozein lekutara joan daiteke.

Aurelien eta Christianen lana goraipatu nahiko nuke, irakasle apartak izan dira; pazientzia handiz, eta, humore onez, lortu dute ikasle talde bateratua izatea, eta hori, beti, txalotzekoa da.

Ezin dut idatzi hau Sylvain Pedro aipatu gabe itxi, bere eskuzabaltasunak gure egonaldia atseginagoa egiten lagundu du.  Hotel des Voyageursekoak ere, noski, primerako otorduak dastatu ditugulako, etxeko postreak txunditu gaituzte.