sábado, 10 de julio de 2021

Pene D`Udapet - Empire des sens - SMO3 Tituloa


Tobera erdian nago, arezko ordulari batean sartua, denbora kontua besterik ez da tutu estuaren zurrupak irents nazan, lurrera ongi erantsia ez dagoen guztia bezala, eta, desagertuko naiz, arrastorik gabe lurrundu.

Urdosen ari naiz idazten, eta, hemen, nire amesgaiztoan bezala, dena desagertu da, irentsita, Aspe ibaiaren harroin estuak zurrupatu ditu ehunka urteko historia bizia.



Orain, Urdos herriko etxeen teilatu beltzak kontenplatzean, nabariak dira garai hobe bateko aztarnak, herria jendez gainezka zegoen denbora bat. Artzainak, artalde konta ezinez, mendi magal urrunetan, puntu zuriz eta euskarazko ahotsaz koloreztatzen zituztenekoa. Eta zer esan irudizko mugaz, zatitzailea, Pirineotako alde honetan, jendarmeak, zer egin bat zutenekoa. Zuri-beltzezko garaia errepika ezinak dira denak.

  Ia ez da inor geratzen hemen, biztanle izan ziren horien etxeak soilik daude zutik, harrizko itzalak balira bezala.



Bi aste pasatu ditut bailara harrigarri honetan, SMO3 titulua lortzeko ikastaro batean hartu dut parte, mendi erreskate talde bateko buru izateko aukera eskaintzen du honek.


Frantsesak izan dira beti mendizaletasunari buruzko gaietan aitzindari, mendi gidari kontuetan beraiek izan ziran aurrendari ere. Tema honetan berdin gabiltza, hogei urte aurreratuak ditugu gure bizilagunak.




Gipuzkoako Suhiltzaile zerbitzuko sei lankide joan gara titulu hau ateratzea. Ez da lehen aldia izan, orain bi urte zortzi lagun izan ginen SMO2 titulua atera genuenak. Sergio Maiztegi, Ander Espín, Igor Arzelai, Aitor Aramburu "Troko", Mikel Uribesalgo "Ibra", eta idazten ari den hau gara SMO3 lortu dugunak. Aitor Otamendi eta Josu Merino ezin izan dute etorri.

Irakasleak berriz, SDIS64 mendi erreskate buru den Aurelien Larroque eta Christian Huertas izan dira.


Ikusi ditugun mendi erreskate teknikak ez dira berriak izan guretzako, bi urte dira ikasi genituela, oraingoan aldiz, taldearen antolaketan eta gidaritzan zehaztu ditugu lanak, gauza interesgarriak irakatsi dizkigute.


Eskalada bloga honetan idazteko aitzakia behar nuen, Pene d`Udapeten egin genuen eskalada aprobetxatu dut horretarako, ikaragarri gozatu genuen igoera.

Luichiren krokisa

Naiz eta ikastaro programan " Grand Course " azaldu, zalantzak nituen aurtengoan ere burutu ahal izango genuenik. Aurelienek beti zuen sorpresa bat, Kinder deitzen du berak, eskalada ordez erreskatea egiteko. Bainan, oraingoan bai, gure gozamenerako, Grand Course egin genuen.


Bi taldeetan banatu giñan eskalada luzea egiteko. Alde batetik; Sergi, Igor, Aitor eta Christian, Grande Billareko arista Larrangus igo zuten, eta, besterik; Ibra, Espín, Aurelien eta nik, Pene d`Udapeten, Empire des sens.


Ez ditut bideari buruz xehetasun gehiegirik eman nahi, ez jakinak abentura sentsazioa handitzen du. Bakarrik aipatu, lehen zatian, bi luzetan, La puree de oulle oulle, bidetik egin genuela gora. Zelaitxora iristen da bide hau, eta hor hasten da, Empire des sens, bidea. 


Ikaragarri ona iruditu zitzaigun bidea, kalitate handiko eskalada, haitz ezin hobean doana.


Bideak, guk generaman krokisaren arabera, hamar luze ditu, Aurelienek eta biok bost besterik ez genituen egin, baina hau gustuen araberakoa da.




Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen. Lehenik nire lankideei, erakutsi duten profesionaltasun maila gaitik, horrelako jendearekin edozein lekutara joan daiteke.

Aurelien eta Christianen lana goraipatu nahiko nuke, irakasle apartak izan dira; pazientzia handiz, eta, humore onez, lortu dute, ikasle talde bateratua izatea, eta hori, beti, txalotzekoa da.

Ezin dut idatzi hau Sylvain Pedro aipatu gabe itxi, bere eskuzabaltasunak gure egonaldia atseginagoa egiten lagundu du, eta,  Hotel des Voyageursekoak ere, noski, primerako otorduak dastatu ditugulako, etxeko postreak txunditu gaituzte.   

 







 


























 

No hay comentarios:

Publicar un comentario