2023(e)ko urtarrilaren 26(a), osteguna

TXINDOKI - Txinparta Urdina / Baratza Iraultza

 


Ez nIntzen mendizale jaio, egin naiz mendizale, eta esperientziak biltzea izan dut ardatz. Urte luze hauetan konturatu naiz nire ardura ez dela soilik mendien eta eskalada-bideen bilduma egitea, naturarekin harmonian eta askatasunean egotea baizik.


Ez zintuzkete harrituko esango banizue miresten dudala natura, haren handitasuna, haren indarra, haren legea. Arrazoi asko ditut azaldu dudana arrazoitzeko. Bizitza osoa daramat naturarekiko harmonian ahalik eta estuen bizitzen saiatzen, bizitza "normal" batek uzten didana behintzat; komatxo artean jartzen dut gorrotu dudan hitz hau: Txunditzen naiz hostoen jaiotza miragarria  kontenplatzean, eta, beldurrez nigar egin dut elur-masa suntsitzaile batek kolpatu nauelako. Zelai batean egon naiteke, eguzki gozo baten azpian, sagarrondoaren lore zuri delikatua erle batek laztantzen duela ikusten, eta, aldi berean, nostalgiaz gogoratzea ekaitz ikaragarria eta haren olatu gupidagabeak behin eta berriz itsasontzi txikia astinduz Atlantiko handian. - Naturan dena bat da, guztia konektatuta dago, ezinezkoa da bata bestetik bereizi. Horregatik, gertuko leku txikietan ere esperientzia handiak esperimentatu daitezke.



Hitz nahasi horiekin azken fronte hotz honetan izan dudan gorabehera bati sarrera eman nahi izan diot, azkenean elurrak gu bisitatzeko atsegina izan baitu:

Egunsentia zen etxeko pertsiana altxatu nuenerako, eta poza ezin handiagoa izan zen. Lehio aurrean ditudan zelaiak zuriak zeuden, eta urrunean, iman batek burdinari tira egiten dion bezala, Ausa-Gazteluko tontor zapala garbi ageri zitzaidan. Libe ikastolarako prestatu eta joan zenean, ni urduri, abandonoari etsitutako objektuen pilatik eskiak atera nituen.
Errepidea elurrez estalita zegoen arren, arazorik gabe igo nuen Zaldibiatik Olakosai atsedenlekurako aldapa. Gogotsu hasi nintzen fokatzen, elkartearen alboan jantzi nituen eskiak. Lehen zati honetan xendra bati nekez jarraitzea lortu nuen, Ote gogorrak belardi osoa hartua dute, bidea asko aldatu da aurreko denboralditik, laister pasatzea ezinezkoa izango da.


Ez nuen erreparatu zerua laino ilun potoloez estaltzen ari zela trumoiaren burrunba beldurgarria entzun nuen arte. Burua instintiboki jiratu nuen eta atzean nuena izutzekoa zen; Oria ibaiaren haran osoa gaua baino ilunago zegoen, eta nire gainera zetorren. Buelta ematea burutik pasa zitzaidan, baina Ausa-Gazteluko puntara begiratu nuenean gailur harroaren erakarpena nire beldurra baino handiagoa izan zen.
Ausokoegiko borden ondoan nengoela, Ausa-Gaztelu Errekontako lepotik igo eta jaistea erabaki bainuen, distira dardarti batek inguru guztia argitu zuen, eski-makilaren heldulekuaren eta nire eskuineko eskuaren arteko ukipenetik txinparta urdin bat eta kilika txiki bat sortu ziren. Oihu zorrotz batek hautsi zuen isiltasuna, beldurrak garrasi luze bat sortu zuen nire barnetik, ihesaldi nahasian luzatu zena.
Pista ondoko pago indartsuaren parean arnasketa kontrolatzea lortu nuen, eta gertatutakoaren analisia egin, hankak dardarka nituen oraindik; - tximistak jo nau.
Oriako harana garbi zegoen orain, lehen nagusi ziren lainoak desegiten ari ziren. Ausa-Gazteluko gailurrera begiratu nuen, nahiz eta gailurra ez ikusi, oraindik erakarri egiten ninduen, gorantz egin nuen.


Beti esan izan dugu neguko eskaladarako baldintzak sortzea alkimia lan bat dela. Osagai jakin batzuk modu egokian nahastu behar dira, baldintza zehatzetan, alpinisten urre zuria lortzeko. Eta hori zaila da Goierrin gertatzea, baina batzuetan pasatzen da.


Iñigo Andolak eta biok larunbat goizerako egin genuen hitzordua, iragarpen meteorologikoak irakurtzean neguko eskaladaren baldintzak gure alde egon zintezkeela interpretatu ahal izan genuen.

Ez ginen bakarrak izan, sorpresa atsegina izan zen Joseba Iztueta eta Unai Cobosekin Larraitzeko aparkalekuan topo egitea, elkarrekin igo genuen Txindokirako hormara daraman aldapa astuna. Arista hasierako ertz ondoan agurtu ginen, beraiek hego paretara bideratu ziren, gu basoan sartu ginen.


Txinparta Urdina neguko bide ona izan zitekeela ikustea Xabier Artolarekin Iparra Galdua bidea ireki nuenean izan zen.
Lerro bertikal belartsu batek, xerloak bezala erortzen direnak, markatzen du bidea. Hezetasunaren eta hotzaren eraginez zintzilikatutako loreontzi horiek izotz-maila bihurtzen dira, eta horietatik aurrera egin daiteke modu onargarrian. Pitzadura bat doa belarren paraleloan, eta horretan erraz babestu ahal izango gara friend eta fisureroekin.


Arista bidean bukatzen da Txinparta Urdina, arista bidearen azken errapelaren gainean. Hortik rapelatu daiteke, edo, Petrel bidearen errapelera joan eta handik jaitsi, guk azken hau egin genuen, aristaren azken zatia gozatu nahian.



Goierrin neguko eskalada egitearen helburuetako bat denborari denbora irabaztea da; fronte hotzek lur berde hauetan zenbatuta dituzte orduak. Horregatik, whatsapp mezua irakurri nuenean ez nintzen batere harritu. Joseba Iztuetak galdetzen zuen ea astearte arratsaldean libre nengoen Txindokira igotzeko, lanetik irtetean pioletei astindu bat emateko prest egongo zela. Nola esan ezetz horrelako proposamen bati? Bizitza honetan miresten dudan zerbait pertseberantzia da; eta baita gonbidapena bide berri baten proiektuarekin zetorrela ere


Laino itxi batek horma ikustea eragozten zigun. Baina ezin genuen laino ilun gisa definitu, aitzitik, laino argia zen, iluntasunaren espektroaren barruko ikuspena onargarria zuen; Goierrin laino mota desberdinei buruzko glosario bat sor genezakeen.


Hasierako kanala bilatzeko orduan ez genuen huts egin, ondo ezagutzen ditugu bazter hauek, gortina mehe hori baino gehiago beharko litzateke non geunden zalantza sortzeko. Luzamendurik gabe sokak lotu eta materiala arnesean jartzen dugu, neguko arratsalde hotzak oso laburrak dira, bidearen hasieran denbora irabazi behar genuen.






Bide hau Txinparta Urdinarekin alderatuz gero, baratzea ez da hain bertikala eta mugimendu gehiago ematen ditu, zabalagoa baita, lehen zatian behintzat. Hirugarren eta azken luzeak gauzak aldatzen ditu, horma tenteago jartzen da eta pitzadura bati jarraitu behar zaio. Josebak eta biok bat egiten dugu luze hau kalifikatzeko orduan, ikaragarri ona da, ez du inbidiarik neguko beste eskalada entzutetsu batzuekin.




Gauaren mantu beltzak estaltzen gintuela, Petreleko errapeletatik behera egin genuen arrastra kulos kanalera; rapel luze bat da hau, metro batzuk eskalatzen jaistea eskatzen duena.
Baratza Iraultza izena jartzearena bi arrazoirengatik da: Huertas bidearen ondoan doa, edo agian hau da jatorrizko bidea, bigarren luzean dagoen iltze zaharra lekuko izan daiteke. Eta izen honek Jagoba Errekondoren gogoeta bat azaltzeko aukera ematen didanez, agronomoak dio baratzea iraultza izango dela etorkizunean, eta ni ados nago, hori da bidea.




















































2023(e)ko urtarrilaren 10(a), asteartea

BALERDI - Gezurtero / Maitasuna ta Askatasuna

 



Goiz osoan ezin izan dut burutik kendu. Balerdira doan malda astuna igotzen ari nintzela gertakariak kontzientzia ziztatzen ninduen. Soilik eskalatzen hasi naizenean, frienda hanka azpian sentitu dudanean, aldendu zait une batez pentsamendutik. 

Historiako gezur handienaren konplizea izan naiz, eta saltsaren erdian harrapatu naute. Pasa berri ditugun gabonetan gertatu da, eguberri egunean, nire alaba Liberi hain merezia zuen oparia plastikozko zuhaitz apainduaren ondoan uzten ari nintzela; - Aita !!! Zu zara Olentzero ? - Ez maitea, nola izango naiz ni Olentzero. Berak tripontzia du, aurpegia ikatz hautsaz zikin, eta astotxo bat, jostailuz betetako zaku handi bana bi aldamenetara dituela. - Gezurtero !!! Oihukatu zidan Libek begiak malkoz busti.
   Horrela izan da nire alaba maiteari bizitzak eman dion lehen desengainu handia, eta tamalez, ez da atzena izango.


Eguberri egunean hasi nintzen bide hau zabaltzen, azaldu ditudan hitz sentikorrak buruan bueltaka nituela, eta ez nintzen bukatzeko kapaza izan. Lehen luzearen azken zatian eman nuen buelta, haitz plaka konpaktu batean, konpromezua gehiegikoa zela hausnartu nuen. Iltze eta taladrorik gabe sartu nintzen hormara, harkaitza aldatzeko tentazioak ez ziezadan bertan behera utzi eskalada-bide perfektuaren amets utopikoa.



Atzeraka egiten duen diedro pitzatu batetik hasten da Gezurtero, nabardura horrek harriarekin garbi jolastera bultzatu ninduen; friendak aitzakirik gabe sartzen dira hasierako arrakala honetan, eraman bi joko handi hirukoa barne.



Soka auxiliarraren puntara mailua eta iltze sorta lotu nituen bigarren saiakeraren egunean. Itxaropentsu nindoan, haitza ez zulatzeko diedroaren bukaeran sumatu nuen pitzadurak iltzea sartzeko aukera zuela zirudien.

 Eta horrela izan zen, pitzadura ederra zegoen babesteko. Universal tipoko Iltze on baten babesean haitz plaka konpaktua gainditzea lortu nuen, eta lau metro gorago bilera muntatzeko leku egokia topatu. Lehen luzea egina zegoen.
Bigarren egun honek beste luze bat gehiago igotzeko aukera eman zidan. Diedro sistemak aurrera jarraitzen du, etzanagoa zati honetan, eta azkar 20 metro dituen tirada igo nuen. Friendez muntatu nuen bileratik behera errapelatu nuen, eskalada soka finkatua eta materiala utziz. Hirugarren eta azken luzearen azpian nengoen iadanik, sabai handi bat, pitzadura nabarmen batek ezker-eskuin zeharkatzen duena.



Obtimistegi jokatu nuen eta hirugarren eguna, nire baikortasunean azkena izan behar zuena, aldrebestua atera zen. Aurreko gauean euri dexente egin zuen Balerdiko horma nabarmen bustiaz. Goizean garbi esnatu zenez, hego haize lehor bihurriaz, Azkaratera jo nuen horma lehortuko zenaren itsaropenez. 

Hormak ez zuen itxura txarra, lehen bistan lehorra ageri zen; goizeko eguzkiak goiz-goizetik argitzen du pareta, eta oso azkar lehortzen da. Gezurtero bidearen inguruan bakarrik ageri ziren hezetasun orbanen batzuk, neguko eguzki ahulak ez du garai honetan hormaren alde hori ukitzen. Nire beldurrik handiena bete egin zen, Gezurtero bidearen pareta zatia blai eginda zegoen. Bitxia zen alboko haitz plaka, Murtziana bidea, lehor egotea, eta Gezurtero bidearen diedro nabarmena ur jarioa etengabean. Ez zuen merezi baldintza horietan saiatzea, buelta eman nuen naturaren apetak onartuz.



Egun batzuk pasatzen utzi nituen laugarren saiakera egin aurretik, pareta zati honi lehortzeko denbora eman behar zaio.
Egunak ez zuen aitzakiarik, goizeko antzigarrak garbitzen du airea, Balerdi inoiz baino dizdiratsuagoa ageri zen goizeko eguzkipean. Arin igo nuen hormarako malda, material guztia paretan neukanez, motxilak ez zuen pisurik; horregaitik luze egin zait itxaronaldia, ezin nuen burutik kendu pareta ezean zintzilikatutako bi friend jokoak.


Zenbat eta gehiagotan igo lehen luzea gehiago gustatzen zait, soka goitik nuela igo nuen hirugarren aldi honetan, fin ibiltzea eskatzen du.

Bigarren bilera ondo konpondu behar izan nuen eskalatzen hasi aurretik; bakarrik eskelatzean bilerak berebiziko garrantzia du, eroriko batean sortzen diren indarren zati bat biltzen du, norabide zehatz batean, hori guztia kontuan hartuta muntatu behar da.
 Haitz plaka liso batean hasten da hirugarren tirada, eta igotzen goazen eran erregleta ederrak azaltzen doaz eskalada mugimendu interesgarriak eskainiz. Plaka igotzen dugunean presentzia bat sumatzen da, sabai erraldoia zelatan duzu, eta pentsamendu batek kezkatzen zaitu; - erasotzeko ausardia nahikoa izango ote dut?.
Tarte honetan oso pauso delikatua dago, plakatik sabaira pasatzekoa; hemen azken aseguru ona lau metro eskuinera duzu eta ezkerreko eskuarekin txorrotada bat hartzera iritsi behar da. Pauso zail hori egin ondoren, eta nankak ondo jarrita, sabaiko pitzadurara iristen zara, blokeo luze batean. Orduan jarriko duzu totem more perfektu bat eta ondoren berdea.
Mugimendu konprometitu hori egiteko, iltze punta bat zulotxo batean sartu nuen, oso gauza gutxi zen, ez zen erorketa bat gelditzeko gai izango, baina nahikoa adore eman zidan aurrera jarraitzeko. Iltze hau, errapelatzerakoan eta materiala biltzean, penduloaren kolpez, atera egin zen. Airean nengoenez, hormara ezin Iritsi, ez nuen berriro kokatu. Ausardi pixka bat eskatzen du, hori da guztia.
Sabaian nengoela, eta aurrean nuen zailtasuna ikusita, munstroa gainditzeko teknika artifiziala erabiltzea erabaki nuen.
Ez da zaila artifiziala, inprobisatuz gainditu nuen; ez nuen estriburik, ezta soka ajustablea kakoekin ere. Iltze bat jarri behar izan nuen, bertan utziaz, material faltagatik. Luze hau eskalada librean egin daiteke, zazpigarren garaia edo zortzi baxua izango da. 
 Bilera harresiaren irteeran dagoen zuhaitz batean egiten da, eta bertatik rappelatu nuen Murtziana bidearen lehen bilera zuhaitzara, eta handik lurrera.  


Araiz haraneko horma ikaragarri honi buruz idazten ari naizen une hau aprobetxatuz, beste eskalada bide bati buruz hitz egingo dizuet, ireki genuenean ez bainuen blog honetan ezer idatzi.

Maitasuna ta Askatasuna Balerdiko eskaladarik onenetako baten zerrendan jarriko banu ez nintzateke harroa izango, harri bitxia da. Bakarka bidea irekitzen hasi nintzen, eta lehen bi luzeak eskalatu ondoren, Iñaki Mendizabalekin batera amaitu nuen iazko eskalada garai laburrean. Blogean ez nuen ezer idatzi, kontatzeko istorio interesgarri bat atera ez zitzaidanez, beste eskalada on batek hartu zuen bide eder honen lekua. Maitasuna Ajujuko bidetik hamar metro ezkerretara hasten da, agerikoa ez den diedro batean, eta eskuin-ezker zeharbidean, gainean duen sabai-aldea saihesten du ahuldura bat bilatu arte, arrail bertikal bat, lehen oztopo hori gainditu eta gero bilera dago.


Sabaiak gaindituta, maitasunak eskuinera egiten du bigarren luzean, eta kalitate handiko harkaitz-plaketan murgiltzen da, edertasun handiko eskalada-mugimenduetan. Ajuju ibilbideko lehenengotik metro gutxira antolatzen du bilera. Erlaitz hori irabaztea izango da hurrengo lana zailtasun gabeko zeharkaldi batean.



Hormaren beste aldera egiten du maitasunak, eskubira, Txapelatxa bidearen haitzera, Ajujuk zuzen jarraitzen du diedro nabarmen batetik gora. Oso ona da hirugarren luze hau, ikusgarria. Sarrera fina du, totem urdin on batek babesten duena; hortik aurrera, eskaladak ere ez du aitzakiarik, harkaitza kalitate handikoa da.



Hurrengoa bideari zailtasuna ematen dion luzea da, sabai txiki bat gainditzea, indarra eskatzen duen eskalada-pasabidea da, mugimendua aseguratzen du parabolt batek.

 Beherago, bileraren segurtasunetik irten eta bost metrora, beste zati konplexu bat dago, aurrekoaren oso desberdina; plaka teknikoa. Mugimendu hori ez da goikoa bezain zaila, baina iritzi kontrajarriak egon daitezke, zehatza izan beharra dago. Iltze batek babesten du eskuin-ezker egiten den trabeska.


Bosgarrenak, azken luzea izanik, graduz apala bada ere, asko betetzen zaitu, amaiera ona ematen dio bide bikain honi.

Jaitsiera bi rrapel luzetan egin daiteke bide beretik edo oinez.


Eskalada abentura txiki hau, Maitasuna ta Askatasunarekin gertatu zitzaidan moduan, beste abentura handiago batez itzalia geratzeko arriskuan egon da. Benetako hitz sinple hauek idazten ari nintzela, Iñaki eta Albertoren deia jaso nuen abentura erraldoi batera gonbidatuz, maiuskulaz idatz daitekeen neguko eskalada batera. Dena utzi nuen, pioletak hartu eta bi eskalatzaile handi hauekin elkartu nintzen. Ondorioztatu ahal izan dezutenez, ez dugu bidea bukatzerik lortu, lehen kapitulua baino ez dago idatzita; gauza on eta zail guztiek denbora behar dute gauzatzeko. Ea istorio polit hau amaitzea lortzen dugun.