Momentu honen zain nengoen. Furgonetan hitz egin
genuenetik, azken ordu luze hauetan, urduritasunak erretzen ninduen, hemen
jokatzen zen dena.
Zortearen esku nintzan, harri koskorra zein eskuetan
gordea zuen Iñakik asmatu beharra nuen, kargadorean itxaroten dagoen balaren hautaketa
makabroa. Bizcochito bidearen luze gogorra nork buru egingo zuen zegoen jokoan.
Ukabilei adi begiratzen egon nintzan tarte luzez; zein irekiagoa
zuen aztertu nuen erne, eskuak harriaren kontra estutzean egiten ari ziren indarra neurtu, dardarizo
salatzaileen bat bilatzen saiatu nintzan ere.
-
Ezker, bota nuen konbentzimendu handirik gabe. Eta, bai, ezkerra zen, baina
beste ezkerra.
Gora begiratu nuen, nire gainean zutitzen zen horma
erraldoiari. Lepoak ez zidan gehiago ematen, bihurritze zorian zen paretak
atzera egiten zuenaren ondorio. Eztarrian nuen korapiloa leuntze alde; - Mikel,
zaharra hago joko hauetako, esan nion nire buruari.
Iñakik ekin zion lehen luzea igotzeari, tirada hau komuna
da Divina Comedia bidearekin.
Aldatua topatu
nuen luzea, ibiliagoa, Joan Tomasek eginiko berrekipamendua ongi etorri zaio
bide handi honi, prekarietate hutsean zegoen Eneko eta biok eskalatu genuenean.
Harritxoaren legeak agindu bezala, niri tokatu zitzaidan
bigarrena, berez, Bizcochitoren lehena dena.
Materialaz hutsik iritsi nintzen bigarren bilera
desiragarrira, babeserako nituen tramankulu guztiak jarri nituen bukaerarik
gabeko luze honetan, 60 metroko 6c zorrotza.
-Ene-bada, non sartu gara. Dagoeneko bakarrik hitz egiten
hasia nintzen.
Sargori egiten zuen, Fraukataren itzalak ez zuen
lehuntzen airearen berotasuna. Nire aldamenean, urrunean, Cotatueroko ur jauzia
isilik zegoen, ahul, haitzean marraztutako hezetasun marra fin bat besterik
ez zen.
-Aldaketa klimatikoak gorriak ikustea ekarriko digu. Hausnartze
sakon honetan ari nintzela, Iñakiren aurpegi alaia agertu zen azken sabaiaren azpitik. -
Gustura hartuko nuke gaztetasun hori.
Azkar jaso nuen erreleboa, juxtu krokisa begiratzeko
tartetxoa egin zuen Iñakik, generaman material guztia gainean zekarren jadanik.
Ongi zihoan hirugarren tirada hau, Iñakiren arnas estua
entzuten hasi nintzen arte, nahasi egin zen zati batean, eta, tarte berri bat
zabaldu zuen nahigabe; - gogoz ordaintzen dira hanka sartzeak hemen.
Laugarrenak ildo beretik jarraitzen zuen, eskalada oso fisikoa, atzera asko botatzen duena. Bitxikeri bezala: bigarren diedroan, bileratik hogeita hamar metrotara, krokisak bi iltze markatzen dituen puntuan, bilera bat zegoen muntatua, bi iltzeak triangelatuak zeuden mosketoi batekin. Nik hor egin nuen bilera. Akatsa izan zen, baina, modu honetara, hurrengo tirada, sabai beldurgarriraino eramaten zaituena, hobe geratzen da, hogeita hamar metrotako beste luze bat.
- Pobreak aberatsari bazkaria ordaindu beharra, hau duk
marka. Niretzako pentsatu nuen luze beldurgarriarekin hasi behar nintzenean,
" Al otro lado de la cuerda" filma ikusgarrian magistralki grabatu
zuten luzeetariko bat da hau.
- Era
kontserbadorean igo behar dut. Esan nion Iñakiri hankak dardarizo batean
nituela. Hau da, ahal nuen bezala.
Lehen zatian dagoen haitz exkaxeko sabaia pasatu ondoren,
arrakala sistema bat hasten da, haitz oso onekoa. Tamalez, asko botatzen du
atzerantz, eta, friendak ongi kokatzea kostatu egiten dira. Zintzilik dagoen txorizo
baten itxura nuen inorena ez den lur batean.
Azken zatian nengoen, bidearen bi erenak eskalatuak, baina nire aurrean agertzen zen panorama suntsigarria zen;
ezkerretara egin behar nuen trabeska oso behartuan. Zeharkaldia egin ondoren,
harri laxa fin batean bi eskuekin heldua nengoela, gora egin behar nuen berriro
oso gogorra zirudien pauso batetan. Zartakoa ederra nuen, ongi kokatuak nituen
azken bi friendak “kasakoñon” zeuden. Biziraupen senari kasu eginez, bularrean
eskegita nituenetatik zinta baga fin bat atera eta, laxa exkax horretatik zintzilikatu
nintzen;- Gaztearen indarra beharrezko izango dugu hemendik ateratzeko. Iñakiri
bilera jaisteko eskatu nion.
Amets gaizto egoera batean sartua nintzen; amaierarik
gabeko amildegian zintzilik, horizontalean, hamar metrotako luzerak
banatzen ninduen Iñaki zegoen bileratik, laxa puta batetik “kolgata”.
Iñakiren txanda zen, ez zuen protestarik egin, eta, hori
eskertzekoa da. Luzearen puntu gorenera iritsi bezain azkar ikusi zuen pauso
madarikatua, denera, gehiago kostatu zitzaion bere burua babesteko frienda sartzea. Oihu
ozena egin zuen bilera iritsi zenean. Nik ere, ia biak batera kabitzen ez ginen
bilera deserosora ailegatu nintzenean, magnesio hautsez lohitutako bosteko beroa
eman nion.
- Irabazia duk Iñaki, hurrengo luzea, azkena, nik egingo
dut.
Luze horretan, lehen igoeran, Tricam fisureroak erabili
zituztela jartzen du krokisean, ni gabe pasa nintzan, eta, ez zen gehiegizkoa
izan, ongi babestu nuen pasartea totem beltza eta laranja erabiliaz.
Goran geunden; irribarreak, besarkadak. Euskaldun pareak azaleratu dezaketen emozio maximoan geunden. Momentua betikotzeko selfia atera
genuen, eta, lagunekin gure zoriona partekatzea baino besterik ez zitzaigun
geratzen.
Bidearen izenak, eta, mailak, bustitzea eskatzen dit,
eta, buruz botatzen naiz cotatueroko ur hotzetara: Lehenik zoriondu, Albert,
Manu eta Unai, egindako balentriagatik, bide hau, horrela zabaltzea ez da
batere erraza.
Arrazoi zenuten, Bizcochito etorkizunari lapurtutako bide bat dela esatean. Zeren luze sinestezina, seguruak jarriaz bistaz kateatzeko aukera, eskalatzaile galaktiko talde txiki bati mugatua dago.
Bidearen beste sei luzeak ongi egiten dira. Nire iritziz, soilik tirada horiek, luze olinpikoa kenduta, Fraucatako bide gogor baten maila izango lukete.
Ez diot bidea inori gomendatuko, konpromiso handia
hartuko nuke nire bizkarrean, baina, esango dut; haitz eskaladaren sukarra
barruraino duen edonork, antidoto ederra duela bide honetan, aldi luze baterako
gaitzaren sintomak baretzeko.