2023(e)ko abuztuaren 28(a), astelehena

BHAGIRATHI 3 - South-west pillar / Stairway to heaven

 

Bidean estropezu egin dudala sentitzen dut; mendi garaiek menderaezinen aura galdu dute, gaztaroako alpinista heroiak lausotu dira, beraien espiritu anarkikoa, konpromezua, tonaka harri artifizialen azpian lurperatuta daude. Norabidean galdua nabil.

Ez nuen uste hau niri gerta zekidakeenik, mendirako ilusioa galtzea amets gaiztoa da; kezkatuta nago, zalantza asko ditut: Indiara noa, Himalaietara bueltatzen naiz, Bhagirathi 3 saiatzea, han, Garwarld mendi ikusgarrien artean, alpinista izateko arrazoia berriro aurkitzea espero dut.

Lau eskalatzaile gara anbizio handiko proiektu honetan sinetsi dugunak, garai eta leku ezberdinetako lau mendizale;

Ruben Pered "Ino", Errioxarra, 44 urte, suhiltzailea. Bere lur emankorreko ardo gozoa bezalakoa da Ino, dastatzeko erraza. Puntako eskalatzailea, esperientzia handia dauka horma handietan.

Alex Kammerlander, Alacanten bizi den Kanariarra. 49 urte, suhiltzailea. Begi urdinak, ile hori kizkurra eta oso gihartsua, hautagai ona suhiltzaileen urteko egutegirako. Kirol-eskalatzaile indartsua da Alex, bere lehen aldia izango du izotz kontuetan.

Jose Maria De Andrés "Chemari", Madrildarra, 53 urte, suhiltzailea, hau ere ezaguna izan zen garai batean bere motots beltz luzeagatik, "el coletas" deitzen zioten. Espedizio honetako piezarik baliotsuena da Chemari. Escalatzaile aparta, ibilbide luzea du horma handietan.

Mikel Saez de Urabain, Ordizia, 55 urte, suhiltzailea. Zer esan dezake batek bere buruaz, agian, gauzak serioegi hartzen ditudala?. Euskal dilemaren aurrean; onddoen edo Rolexen bila etorri gara?, nik ere argi izango nuke, lan bat amaitu aurretik ezin da beste bat hasi. Ia berrogei urte daramatzat hemen eta han eskalatzen ahal dudan guztia, eta horma handi eta txiki pila bat eskalatu ditut.

Jose Angel Ruiz, Madrildarra, 57 urte, maisua. Angel ez da eskalatzailea, Himalaiako txoko hori ezagutzeko gogo itzelak gure abenturarekin bat egitera eraman du. 


Esan dudan bezala, aspaldian ez naiz Himalaiara joaten, eta are gehiago espedizio astun batean, egin ditudan azkenak arinak eta presupuestoz merkeak izan dira. Bidaiatzeko modu arin honek leku, mendi edo bide oso zehatzetara mugatzen zaitu. Bhagirathi 3 hego-mendebaldeko ertzak, star tway to heaven bideak, logistika kontserbadoreagoa eskatzen du, materialean eskas ibiltzea espedizioaren porrota ekar dezake, beraz, ekipo askorekin bidaiatzen dugu.

Espediziorako prestakuntza fisikoa ez da izan beste batzuetan bezalakoa, hain bizia, estresagarria, eremu hori egunerokotasunaren barruan kokatu dut, nire ohiko eskalada jardueran. Psikologia gehiago landu behar izan dut, nora noan eta han zer bila dezakedan sakonduz, ulertuz eta onartuz. Izan ere, adin batetik aurrera, zaletasun honekin jarraitzeko, beharrezkoa da burdinazko borondate bat izatea: Ezin nuen aukera hau pasatzen utzi, amarra askatu behar dut, nire betiko nahia egia bihurtu. 

Ez dut India ezagutzen, oraindik ez dut aukerarik izan Delhiko kale mukurutsuetan barrena ibiltzeko, bere kultura bitxiaz kolpatua izateko. Indiako hiriburuan egin beharreko izapide burokratikoen ondoren, iparraldera joango gara, Uttarkashi herrira, Uttarakhand estatuko hiriburura. Hemen ere Uttarakhardeko gobernu autonomikoaren kontrol batzuk pasatu beharko ditugu. Azkenik, oraindik errepidez, Gangotrira iritsiko gara, Indu erlijioaren erromesaldi leku ospetsura, eta herri sakratu horretatik, oinez hasi eta bi egunera, Bhagirathi mendien oinarrizko kanpamendura.  



2023(e)ko abuztuaren 6(a), igandea

AGUJA DE BACHIMAÑA - Antisistema

 

Mendizale egin nintzen sistematik ihesi. Eskalatzen hasi nintzen arautik aldentzeko. Hau izan zen nire gazte jarrera. Orain, heldutasunaren muturrera iristear nagoela, normaletik irtetearekin konformatzen naiz; sistemaren ikur garrantzitsuenari, norberaren autoari, uko egin izanak zeharkaldi zoragarria egiteko aukera eman dit.



Ez daramat ondo nire goizeko erritmoa trukatzea, eta are okerrago mendiko eskalada baten aurrean ordutegi logikoa aldatu behar izan ezkero. Beraz, Taxis Tenako furgonetak goizeko zortzirak eta laurdenetan Escarrillako kanpinetik jaso ninduenean, atzerapenekin nenbilela iruditzen zitzaidan. Nire erreguak ez ziren aski izan biltzeko ordua aurreratzeko. Ez nengoen asko estutzeko egoeran, hori edo ezer ez zegoen mahia gainean. Hamabost minutu geroago, zortzi eta erdietan, taxilariarekin izandako solasaldi alaiaren ondoren, Panticosako bainuetxera iritsi ginen. Kotxez eta jendez gainezka zegoen leku idilikoa, Pirinioetako txokorik eder eta zigortuenetako bat da hau, mendeak daramatzate bere edertasunaz jabetu nahian. Taxilariari funtsezko zerbitzuagatik ordaindu ondoren, 30 euro izan zen bidaia, eta nire eskerrak beroenak emanez, motxila astuna sorbalda zurratu gainean ipini eta, atzera begiratu gabe, Bachimañako bidea hartu nuen. Karibeko ordutegi honek bide hasieran mendizale talde handi bat elkartzea eragin zuen. Era askotako mendizaleak zeuden multzoan; adineko matrimonioa makil parearen erritmo metalikoa segiz aurrera egiten zutenak, beren seme-alaben kexengatik martxa hartzea ezinezkoa zaien bikotea, mota eta kolore guztietako Runnersak, eta neska eskalatzaile euskaldun sokada bat, hitz egitea eta ibiltzea bikain uztar zezaketenak. Ezin izan nion jakin-minari eutsi sokak eta eskalada-kaskoak motxiletatik zintzilik ikusi nituenean, eta galdetu behar izan nien non zuten eskalatzeko asmoa. Bachimañako orratzera, Makalu bidea egitera, zihoazela erantzun zidaten. Nire planei buruz galdetu zidatenean, mirespen oihu batek ihes egin zien, antisistema bidea zuten etorkizuneko eskaladen artean.


Atsegin handiz utzi nuen Bachimañako bide ibiltaria, eta fraidearen aldapan gora jo nuen, Bachimañako orratzaren bila, markatu gabeko bidezidor malkartsuei jarraituz. Pozak ez zidan asko iraun, madarikatzen hasi nintzen, urrunean, orratz lirainaren azpian, jendea zegoela ikusi nuenean, berriro nire erritmoa aldatu beharko nuela pentsatze hutsak nahigabetu egiten ninduen. Zortez, ez zen horrela izan, horma azpian zegoen hirukotea “via de los guardas” eskalatzeko zeuden; ohiko bidea dela dirudi, ni paretan egon nintzen denboran beste bi sokada sartu ziran bide honetara. Makalu bidea ere maiz egiten dela ziurtatu nuen, bi sokadak egin zuten aipatu dudan denbora tartean. Horri gehitzen badiogu ertz luzean zegoen bikotea, eta noski, ni eta nire bakardadea, eskaladarako leku oso ezaguna dela esan dezaket. Honek harritu ninduen, Pirinioetan eskalada ez da izan sekula popularra. Honen arrazoia; Paraboltaren miraria da.




Laudorioak besterik ez ditut Mikel Zabalzarentzat eta Sonia Casasentzat bide honi buruz, izugarri ona iruditzen zait, zirrararte gozatu nuen granito paregabe honen pitzaduretan nire esku hondatuak sartzen nituenean. Bachimañako ertz zorrotzera iritsi nintzenean, abentura honen eginkizun nagusia bete nuen, antisistema bidea eskalatzea, hortik aurrerakoak nire ikuitu pertsonala izango zuten. Bachimañako gailurrera segitu nuen ertzetik eskalatzen, orekari bat soka ahulean bezala, soka bildua eta materiala motxilan gordea neukan, alde bateko eta besteko airea sentituz. Bachimaña eta Pico de los Arnales ertzak bereizten duen ebakian lur hartu nuen eta zeharkaldi luze batean, orientazio senak gidatuta, Pondielloseko lepoaren bila abiatu nintzen. Ez da erraza terreno kaotiko horietan mugitzea, harrikaria da dena, harrobi erraldoi bat, babesgabeko leku horietan bide laburrena ez da ibilbide onena.




Mendi lepoak leku magikoak dira, eta Pondielloseko igaroleku zabala, Garmo Negro gailur puska ikaragarriaren azpia, itxaropenaren sorginkeria da; bere edertasunak liluratuta, helmugara iritsi zarela iruditzen zaizu, atseden hartzeko eta ikusteko lekua da. Baina ez da horrela, zuretzat babesgabeko zerua da, bizitza sortzen den haranera jaitsi behar duzu.




Nire aurrean haran ezezagun bat zabaltzen zen, eta horrek txunditzen ninduen, Sallent de Gallego herria amildegiaren amaieran zegoela baino ez nekien. Motxilaren gehiegizko pisua, eskalada-soka zintzilik eramatea, arraroa egiten zitzaidan, txango honen helburu nagusia zein izan zen gogoratzeko ahalegina egin behar nuen, ibilaldiko ordu asko ziran ordurako. Arratsaldeko seietan Sallent de Gallegon nengoen autobus geltokiaren bila, guztira etenik gabeko hamar orduko jarduera izan zen. Haran basati honen azken zatian nahiko lan izan nuen bidezidor estuari jarraitzeko, pare bat lekutan zuzendu beharrean izan nintzen, baina letra maiuskulaz idatzi behar dut paisaiaz txunditu ninduela. Espero nuen bezala ez zegoen autobusik Escarrilara bueltatzeko, eta turisten anabasa horretan autostop egiteak errefus egiten ninduenez, Taxis Tenari deitu nion. Bost minututan hartu eta Escarrilla eraman ninduten. Tarifa hamalau eurokoa da.


Leku bat ezagutzen duzula pentsatzea, handik pasatze hutsagatik, akats bat da, Escarrillatik askotan pasatua nintzen eta ez nuen ezagutzen. Nik lau egun eman ditut Tena bailarako herri bildu horretan, eta inguruan kokatzen hasi naiz. Kokatzearena geografikoki da, zeren etnologikoki egitea benetan zaila da, egun hauetan, jende asko egon arren, inor ez da bertakoa.


Escarrilla aukeratu genuen herriak gure familiak atseden egun atseginak igarotzeko behar dituen bi baldintzak betetzen dituelako; igerilekua duen kanpina dago eta eskalatzeko aukera du. Eskaladari dagokionez, hori baita blogg honen funtsa, bada horma interesgarri bat, Peña Solana deitzen diote. Berrehun metroko altuera du gehienez, eta hegoaldera begira dago. Pixkanaka eskalada-bideak gehitzen doazen arren, proiektu gogor batzuen aztarnak ikusi ditut, kontuan hartzeko lekua izan daiteke. Udan, goiz mugitzen bagara eta azkar eskalatzen badugu, eroso ibili ahal izango gara eguzkiak gogor estutu baino lehen.


Nik bi bide eskalatzeko aukera izan dut: Diedro Sajuma klasikoa eta Roc Revelation. Azken honen lehen bi luzeak eskalatu nituen; aurreko eguneko ekaitzak ez zuen horma egoera onean utzi, eta azken zatiko sabaietatik soka bakarrean rapelatzen ibiltzeak ez ninduen askorik motibatzen.


Edertasuna da iraultza.