Bakardadeak heldutasunaren jabetza dauka, (Sinuhé
Egipziarra). Urte asko pasa dira Mika Waltarin liburu zirraragarri hau irakurri
nuen lehen alditik, gaztea nintzan orduan, beste begi batzuez irakurri nuen
nobela, ardura gutxiagoak nituen, orduan, idatzi hau hasi dudan esaldia oharkabean
pasa zitzaidan.
Berriro dut liburua esku artean, Rebecak utzi dit, oraingoan Sinuhe Ejpziarraren irakurketa
desberdina egiten ari zait era handi batean; ohikoagoa, sineskorragoa, milaka urte pasatu diren arren gaurkotasun
izugarria hartzen duen istorioa dela iruditzen zait.
Gaztea nintzan Vía
del Silencio lehen aldiz eskalatu nuenean, urte asko pasatu dira garai
frenetiko haietatik, tamalez, ez dut gogoratzen norekin burutu nuen igoera eder
ura.
Picazok
izan zuen zortea, eta ausardia, bide honen lehen igoera egiteko, ondoren, Jesús
Gálvezek lehena era askean lortu zuen, guk, maisu Madrildarraren pausoak
segituz, librean sinatu genuen ere.
Ez
zen Picazoren bidea izan egun horretan Riglosera gerturatu ninduen arrazoia,
inertziak eramaten nau jadanik konglomeratu hauetara, eguraldiaren egoerak izan
zuen bere pisua mailoetan bukatzeko, visera eta frechin hormen arteko kanal isolatuan berriz eskalatzeko.
Ipar haize hotz eta indartsu batek tristatzen
zuen goiza, sokada gehienak, presa handirik gabe, aukeratuak zituzten
bideetatik hasiak ziran eskalatzen, nire buruak bakarka eskalatzeko eskatzen didan
lasaitasuna Vía del Silencio bidean aurkituko nuela pentsatu nuen. Harritu
ninduen sokada bat aurkitzea bidearen bigarren luzeari ekiten, beste hirukote
bat ekipatu berria duten tximinia handian zeuden.
Vía del Silencio ere berrekipatua
izan da, buril zaharrak kendu dira paraboltak jarriaz, friend eta mikrofriend
sorta ederra eraman beharra dago gustura igotzeko. Era bat gomendagarria da
bidea.
Beste asmo batzuek genituen iganderako Arkaitz Yurritak eta biok, Cienfuens genuen begi puntan. Gurekin batera ziren Albert eta Esther. Elurretan esnatu zen igande goiza eta, gure asmoak zapuztuak geratu ziren. Albert eta Esther Katalunia aldera jo zuten, guk berriz, nola ez, Riglos aldera.
Aspalditik Christianen bide bat egitear genuen Agueroko malloetan, egun egokia izan zitekeen "La Theorie du Conglo" eskalatzeko.
Lehorra zegoen eguna Agueron, hotza aldiz izugarria zen, ipar
haizeak gogor jotzen zuen. Kanpineko Carloseri bisita egin ondoren eskaladari
ekin genion.
La Theorie du Conglo lehen
luzea oso delikatua da, lokatza eskalatzearen modukoa, bai Arkaitz, eta bai ni
ere, heldulekuak hautsita erori ginen. Hurrengo luzeetan haitzaren kalitateak
asko hobetzen da. Nahigabe, bigarren eta hirugarren luzeak batean igo nituen,
hirugarren luzea soilik 7b ongi jarria litzatekela iruditu zitzaigun bioi.
Esan dut eguna
oso txarra zela eguraldiaren ikuspuntutik, baina hirugarren luzetik aurrera
infernu bihurtu zen; bat-batean
ekaitzaren barruan ginen sartuak, haize bortitzak elur malutak ekartzen zituen,
azkenengo bi luzeak lumazko txaketa jantzita igo nituen.
Sentsazio oso onarekin
jaitsi ginen biok, Dakota line bidearen rappelak erabili genituen horretarako. Peña Solaren
oinarrian materiala jaso eta gure gorputz hezeak pixka bat epeltzen saiatzen
ginen bitartean, irribarrea marrazten zitzaigun aurpegian, harrigarria
dirudi arren gozatu egin genuen.