2023(e)ko uztailaren 25(a), asteartea

TXINDOKI - Tximista Pilarra, AUSA-GAZTELU - Ertzabila

 
   

   Beti pentsatu dut Ausa-Gazteluko eki-ertza gutxietsi dagoela, eta hori horrela izateko arrazoiak ez direla falta; bidearen lehen luze originala, 60. hamarkadan eskalada artifizialean zabaldutako tirada, eta, ondoren seguru kimikoekin hornitua izan zena, gaur egun 7a+ tekniko bezala graduatua, zailegia bideari homogeneitatea ematekoa dela. Bigarren luzea berriz, ertz zorrotzetik doana, III+ gradua dauka; txakurra eta katua bezain desberdinak dira bi zati hauek. Niri beti ederra iruditu zait ertz airetiko hau, natura-ingurune bakar baten parte da, Txindoki mendiaren hego hormaren behatoki aparta.



   Beraz, kontatu dizuedan desoreka hori aldatzeko beharra sortu zitzaidan, eta bigarren luzearen zailtasunekin bat zetorren ertz erakargarrira iristeko aukera errazagoa bilatzeari ekin nion. Ezin dut esan erraza denik bilatu dudan aukera, baina ez da berezko linea bezain gogorra, eta, gainera, erakargarriagoa egiten saiatu naiz jarrita utzi dudan material finkoarekin, iltze mordoxka batekin. Marra ahal dudan heinean garbitu dut, helduleku batzuetatik belarra kendu eta harri bloke zalantzagarri batzuk sikaz erantsi.



   Ausa-Gazteluko eskalada oso oparoa da, hiru sektore desberdinekin. Oro har, mendiko eskalada da aurkituko dugun estiloa, material finkoz hornitutako hiruzpalau bide izan ezik, gainerako guztietan guk kokatu beharko ditugu friend-ak eta fisuak. Ausa-Gazteluko ertzaren horma handiko bi sektoreek, goikoak eta behekoak, eskalada estiloan antza dute, ez ordea zailtasun-mailan, eta ausartzen naiz esatera goiko sektorea hastapenerako egokia dela, baina behealdean eskalatu ahal izateko maila handia behar dela. Beheko haitzen sektore izkutua leku fresko eta atsegina da eskalada praktikatzeko. Kirol eskaladarako ekipatutako bide pare bat kenduta, gainerakoa mendi eskalada da. Nahi duenarentzat hemen doa blog baten esteka bat eskalada gune honi buruzko informazioa eskaintzen duena:

Ausa-Gaztelu eskalada





   Leku eta momentu horretan Ausa-Gazteluko ertzean behar nuela egon ez dut zalantzarik; lehen bileran zutik, Xabier Artolaren eskalada segurtatzen, ordurarte itzalpean egondako Txindokiko tontorra eguzkiaren izpi herabeak ukitzen hasi zutela. Instant errepika ezin horretan gertatu zen. Jakitun izan nintzen denboran jarraitu ninduen misterio bat, bitxikeria bat, argitu nuela, Ordiziar eskalatzaile beteranoak, Javier Mirallesek, aspaldi, Txindokin eskalatu gabeko ertz bat ezagutzen zuela modu berezian adierazi zidanean; etxeko postontzian gutuna agertu zitzaidan argazki batekin, bertan haitz puska tentea agertzen zen. Nik, gutun misteriotsua sinatuta ez bazegoen ere, berehala antzeman nuen nork bidali zuen. Ez zizkidan datu gehiago eman, berak hain gustuko duen ziurgabetasun-giro hori sortuz, agian nire balizko aurkikuntza atsegingarriagoa izan zedin. Baina haitz enigmatikoa denborarekin lausotzen joan zen, harik eta bat batean, argi eztandak kolore biziz janzten zuen hezur luze harritsua agertu zitzaidan arte. Ezagutzera joan beharko nuke, eta, jakina, motxilan eskaladarako traste guztiak eramanez.




   Eguna argitu gabe zegoen oraindik Zaldibiako “Depositoetatik”, motxila arina bizkarrean nuela, Txindokiko hego ertz misteriotsuaren bila irten nintzenean. Pisuzko bi arrazoi nituen hain goiz ibiltzeko; oso luzea da harkaitzezko plaka trikorainoko bidea, eta, eguraldia ez zen oso egonkorra, eguerditik aurrera ekaitza arriskua aurreikusita zegoen. Hego haize iraunkorrak deseroso jartzen zuen Oiduiko galtzada dotorean aurrera egitea, susmo txarra hartzen nion nekez argitzen hasten ari zen egunari; - hemen horrela badago goran ze izango da. Ikustea joatea beste erremediorik ez nuen.




   Motxilan material gutxi neraman, eskalada erreza aurreikusia nuen, edo behintzat horixe aurkitu nahi nuen; gero errealitatea beste bat izan zen. Errekontako lepoa, Ausa-Gazteluko gailurrak Aralarko goi-ordokiari bide ematen dion tokia, zeharkatu eta Ataburuko galtzada hartu nuen; milaka urtetako mendi bidea da, non denbora aktibo horretan, milioika abelburuen apatxek moldatu dituzten zoruko lauza higatuak. Alotzako ordokiaren behealdean Elutxetako borda dago, ez nintzen haran paregabe horretara barneratu, 4x4 ibilgailuen arrastoen orbainak hartu nituen, malda tenteak zeharkatzen dituztenak, gero eta indartsuagoa zen hego haize bati aurrera eginez, Beltzulegiko bordara iristsi nintzan. Haizeen babesean dago korta ikusgarri hau, zulo handi baten sakonean. Hemen ere oso nabarmena da mendi berde hauetako antzinako biztanleek ez zituztela beren kokalekuak edonon eraikitzen, geografia-istripuez baliatzen zirela eguraldi txarretik babesteko eta beren ganadu preziatua salbu edukitzeko.



   Hemendik Egurraleko lepora, Larrunarriko azken maldara, paseoa dago. Nire helburua den haitz pilarraren ikuspegi zuzena ematen du zeharkaldi honek, korapiloa sortu zitzaidan eztarrian, pentsatzen nuena baino tenteagoa antzematen da horma.



   Gailur preziatuaren azpitik, alderik alde, zeharkatzen duen erlaitz zabala pasealeku erakargarria da amildegian zehar. Txindoki mendebalde ertz famatura eroso iristeko aukera ematen du bide honek. Erlaitzaren hasieran haitz zutabe ikaragarria dago, Tximista hegala bukaezinaren gain-gainean, totem erraldoia, nire hurbilketa luzearen arrazoia.


   Muga psikolojikoa zeharkatua nuen, eskalatzeko gogoa txikitzen hasten den marra; hurbilketa luzea denean, bi ordu baino gehiago, hainbeste erakartzen zintuen hormari beste begi batzuekin begiratzen hasten zara, proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jarriz, nekeak erraza dena konplexu bihurtzen du. Haize bortitzak ere ez zuen aurrera egiten laguntzen; aitzitik, oso desatsegina zen. Baina abortatzeko eta beste baterako uzteko arrazoi nagusia izan zen zein bertikala eta trinkoa den obelisko harritsu handiaren hasiera, material gutxi nuen eskalada horri segurtasunez ekiteko.




   Ezin nuen totem erraldoia burutik kendu, errebantxa eskatzen zidan, Txindokiko Tximista hegaleko bidexka ibiliaren gainean eskalada-bide bat irekitzeak motibatu egiten ninduen.
   Ez da erraza izan egun aproposa aurkitzea, ia egunero goierriko zerbino txikiaren gainean laino itxia zegoen; ipar haize hezea da uda atipiko honen egunerokotasuna. Itxaronaldi honek estrategia aldaketa ekarri zidan, hurrengo saiakera Amezketatik gora egingo nuen.


   Furgonetarekin Ariñateko pista hondatuan barrena sartu nintzen, nik berak baino gehiago sufritzen nuela mendi bide horretatik gora, torloju guztiak kirrinka egiten zioten hamaika zulori aurre eginez, une batetik bestera desmuntatuko zela zirudien.
   Ibilgailua Muitzeko galtzadaren hasieran utzi nuen, bide honek Larraone tontorraren azpiko mendi-mazela belartsua zeharkatzen du, eta behin arroil ikusgarrian Egurraleko lepora igotzen da. Oraingoan, nahiz eta motxila aurreko saiakeran baino astunagoa izan, osoago iritsi nintzen zutabe ikaratzailearen azpira, aurreko ordutegia ordubete jaitsiz. Ez nuen denbora galdu, berehala hasi nintzen prestatzen eskaladarekin hasteko, urrun nengoen muga psikologikotik.



   Haitz plaka trinko batean du hasiera Tximista pilarra bideak, erregela oparoak diren arren, alboko heldulekuak asko, zailak dira antzematen. Sabai batek mozten dio kontinuitatea plaka trinkoari, hemen dago bidearen zailtasuna, beso onak eskatzen dituzten mugimendu atletikoak. Oztopo hori gahindituta, hormak inklinazioa galtzen du, eta hori eskertzen da, zailtasun gutxiko eskalada batean pitzatutako irtenune bat irabazteko. Hemen bilera muntatzeko aukera dago, friendak erabiliz ez dugu arazorik izango lan horretan, erlaitz bat dagoenez erosoa gertatuko zaigu elkargunea. Eskuinerantz jo nuen trabestia txiki batean, hemen mugimendu delikatu bat dago, irteerako horma luzeko arroka pitzatuko plakaren gainean jartzekoa. Ez da zaila azken zati hau, ondo babesten da ere, tentuz eskalatzea baino ez du eskatzen.


   Ertzaren hasierako harkaitz irtenean bilera muntatu nuenean, txindokiko gailurrerantz begiratu nuen, mendizale batzuk zeuden harrituta nire eskaladari begira; mendizaletasuna modan dago, ez mendiko eskalada, bitxi sentitzen naiz.












 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina