Pico lenito etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Pico lenito etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko urtarrilaren 6(a), asteartea

PICO LENITO - Canal Central


 Arin igotzen nindoan, hala ere luze egiten ari zitzaidan. Agian ezker eskuko behatz luzea hotza eramateak zer ikusia izango zuen, ez nuen pioleta behar bezala eusten, eta honek, zaurgarritasun sentsazio areagotzen zuen. Gauza bat eskatzen nuen, pioletak elur gogor eta lehorrean iltzaten nituenean, baldintzak ez aldatzea, pare bat erresalteetan pioleten puntak ez zuten egoki hozka egin eta sabelean korapilo estu bat sortu zitzaidan, kranpoiak ondo finkatzen, eta pisu gehiena beraietan deskargatzen, gainditu nituen. Eskalada materiala neraman, soka eta friendak, baina ez nituen erabili, ez zen giro, hotza handia zen, ekialdeko haize indartsu batek gorputza jelatzen zidan, eskalada materiala kokatzen gelditzeko gogo gutxi uzten zuen, nire segurtasuna erremintetan zegoen, gerrira lotuak neraman pioletetan.
 

 
Muga bat jarri nuen kanal estuaren elur konotik gora hasi nintzenean, lehen erresaltera iritsi eta nola zegoen baloratzea, oker bazegoen buelta hartuko nuen. Ederra zegoen, gustagarri dut harri biluzia izotz kapa gogor betek estaltzen duenean, eta pausoz pauso, indarrez eta fintasunez, mantu zuri horren gainean aurrera egitea. Ez zegoen hain egoki, balditza hobeetan askotan igo naiz, okerragoetan ere, onargarriaren mugan zegoen. Harresiaren oinetan friend bat sartzeko pitzadura antzeman nuen, gorago beste bat egongo zela entzun nuen buruan, elur gogorrean karraskatuz arrakala atzean utzi nuen. Arrisku baten aurrean bitan zatitzen da pertsona, alde batetik gorputza dago, mugimenduak gauzatzen dituena, bestetik kontzientzia, aginduak ematen, azken honen ohiartzunak ozen entzuten nituen buruan, animoak ematen gurputzari, animo Mikel !!!.
Ez nintzen saiatu ere egin seguru bat sartzeko toki bila, arroka estalia garbitzen, kontzientziak argi ikusi zuen nola eta nondik jarraitu, aurrera segi genuen.
 

Erresaltearen pasartea, agian, mendi irteera honetako piramidearen punta da, baina ez da bakarra, bidai guztiak zalantzaz betetako bidegurutzeak dira, biribilgune zorabiogarriak. Nola dago pirineoa?, eskalatu daiteke? Bakarka joatea erabakitzen duzunetik, hormaren azpian zauden arte, erabaki asko hartuko dituzu, denak onargarriak, kanal jelatuari bizkarra ematea ere.
 
Lenito iparraren erdiko kanala omen da bide hau, canal central de la norte del Pico Lenito, hori aurkitu dut dena dakien interneten, beraz, horrekin geratzen naiz, eta han azaltzen diren zailtasunak ere bat datoz nik egindakoekin, 75º 350m. Jakin, Leniton beste canal bat dagoela, orain urte batzuk Joseba Outeiralekin eskalatzeko zortea izan nuena, Canal norte, ez nahasteko hemen irteera horren esteka.
https://non-stopeskaladabloga.blogspot.com/2015/03/
 

 

 

2015(e)ko martxoaren 14(a), larunbata

PICO LENITO - CANAL NORTE




   Lau hamarkada pasatu dira Javier Escartin (1951-1995) eta Lorenzo Ortasek Pico Lenitoko Ipar Kanala zabaldu zutenetik. Hogeita hamazortzi urte zehazki. Aldaketa handiak gertatu dira urte guzti horietan, eta mendizaletasuna ez da aldaketa horietatik salbuetsita egon. 
  Javier eta Lorenzo, Lenitoko elur maldan gora abiatu zirenean, hirurogeita hamarreko hamarkada zen, eta labur bada ere, saiatuko naiz garai alai haiek deskribatzen: Jendea arropa koloretxuez jazten zen. Gizonezkoak praka estu estuak gustuko zituzten, ipurdi aldea ondo markatuaz, kanpai moduan eramaten zituzten galtzen oinak. Alkandora estanpatu loredunak ikusten ziren non nahi, ile eta bizar luzeekin konbinatuak, ileapaindegitik apenas pasatu gabe. 
  Gizarte aldaketa handien garai horretan, etika garbiago batekin eskalatzen hasi ziren, eta gaur egun eskalada libre gisa ezagutzen dugunaren oinarriak finkatu ziren. 
   Baina nik beste alderdi bat azpimarratu nahi dut, sozialagoa. Eskalatzaileen jarrera asko aldatu da, gizarteak eskalada ulertzeko modua ere. Garai haietan, eskalatzaileak oso marjinatuak zeuden. Mendizaletasunarekin batera, drogen kontsumoa jokoaren zati garrantzitsua zen, eta araua bizi-konpromezuak ez hartzearena, kontsumismoa espetxeratzeko modu bat zela pentsatuta. Gizarteak, txima luze, drogadikto, alper eta horrelako hitzekin deskribatzen zituzten. Gaur egun, eskalada, gizarteratu egin da, edozeinek egiten du, kirol bat gehiago da. Jendeak orokorrean normal ikusten gaitu, kirolariak omen gara. -Zer galdu dugu, eta zer irabazi, horren iritzia ere ba dut, baina, hori, beste baterako utziko dut.



   Bideari buruz ez dut gauza handirik esan nahi,  nik egin dudan krokis xume bat besterik ez dut zintzilikatuko. Era horretara, informazio eskasarekin, gure oinordekoei omenaldia egin nahi diet, gu baino kontu gutxiagoekin sekulako eskaladak burutzen zituztenei.
   Bai esan, Lenito mendiaren ipar horma hau alpinismoa egiteko leku aparta dela. Neguko bide berriak ireki izana da jarduerarik aipagarriena azken urte hauetan, puntakoak hauetako batzuk.
   Bukatzeko, Joseba Outeirali eskerrak eman nahi dizkiot egun eder bat pasatu dugulako, ¡¡¡ Aupa hi !!!









Lehen bilerara iristen

Bigarren luzea

Laugarren luzea


bostgarren luzea

Irtetzen


2011(e)ko urtarrilaren 23(a), igandea

PICO LENITO - EZTANDA

               


             

   Pico Lenito mendiaren ipar pareta Hecho bailaran dago, selva de Oza sarreran. Gailur elegante hau da, Zuriza bailaratik hasita, Peña de Alano, Peña Forca eta Achar de Lenitok osatzen duten kordal luzearen azken punta. Veral eta Aragoi ibaiaren artean geratzen diren punta ikusgarriak.


   Lenito mendiaren ipar paretara iristeko bide motzena Puerto de Aguas doan bidea da. Bide hori errepidearen ondotik irteten da, Ozako oihaneko kanpinera iritsi baino kilometro bat lehenago. Seinale batek markatzen du. Baso itxi batetik doa bidea gupida gabeko malda astunean. Basotik ateratzerakoan aterpe ireki bat dago, bertatik egundoko paretak agertzen hasten dira gure bista aurrean, tartean gure jomuga den Lenito. Ordu erdi luze kostatu zaigu honutza iristea. Norabidea aldatzen dugu puntu honetan, ezkerretara tiratzen dugu malda fuerte bat hartuz. Beste ordu erdian  pareta azpian gaude. 


   Pico Lenito ipar pareta nahiz eta horma ezezagun bat izan, eskalada bidez josia dago. Berezi beharko genituzke neguko, eta, udako bideak. Neguko bideen artean lehen linea Canal Norte izan zen. Javier Escartin eta Lorenzo Ortasek 1977 zabaldu zutena. Bigarrena "El sentido de las ultimas cosas", Oscar Acin eta Nuria Diazek zabaldutakoa 90 garren urte bukaerako da. Bide honek Eskofet-Gonzalez udako bidearekin partekatzen du kanala. Guk zabaldu dugun "Eztanda" bidea, neguko bieden artean hirugarrena da, Picazo-Muñoz udako bidearekin partekatzen du sarrerako kanala. Udako bide gehiago daude, infoa nahi izan ezkero Picazoren Ansoko eskalada gidan bilatu dezakezue. Gida horretan egileak punta honi Peñaforca deitzen dio.


   Eztanda bidea orokorrean izotz bide bat da, sutsu alpino handiarekin. Babesteko batik bat friendak erabiliko ditugu. Frienden artean mikroak izango dira gehien sartuko ditugunak. Bidea, horma handiaren azpian dagoen paretan hasten da. Lehen luzeak pareta hau gainditzen du. Bigarren luzeak elur pala zeharkatzea du helburu, kanalaren hasiera iristea. Hirugarren luzea, ia kanalean, erresaltetxo bat gainditzen du. Laugarren luzea delikatua da, tentea eta eskalada mixto pixkat du.  Bost garren luzeak kanala segitzen du bere bukaera arte. Picazok "socabon" deitzen dio leku honi, jarraipenik gabeko zulu handi bat da. Seigarren luzeak kanal hau utzi eta eskuinetara tiratzen du. Terrenoa ez da oso bertikala, baina eskalada teknikoa eskatzen du. Puntu honetan horma tente batekin egingo dugu topo, hor muntatuko dugu bilera, arrakala baten azpian. Zazpigarren tiradak fisura hau eskalatzen du, bidearen luze zailena da, M6 gogorra. Zortzigarren tiradan, zailtasunak ia atzean utzita, mixtoan segituko dugu. Eta azkeneko luzea, bederatzi garrena, ertza segiz gailurrera eramango gaituena.
   Gailurretik jaisteko collado de Lenitora iritsiko gara mendiaren hegoaldetik trabeska eginez eta lepo honetako ipar kanala jeitsiz paretaren base aldera hartuko dugu.