Aizkorri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aizkorri etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2024(e)ko abenduaren 18(a), asteazkena

AKETEGI - Hire amak baleki, Hobe ez baleki, Aitak badaki, Kaxero Zerrau


Non Stop eskalada blogean edukia bilatzen saiatu nintzenean, informazioa partekatzeko intentzioarekin, ezinezkoa gertatu zitzaidan, zergatik ? galdetu nion nire buruari. Eskalada krokisen artxibategi desordenatuan bilatu behar izan nuen nire lagunari eskatzen ari zitzaidana helarazteko.


Eneko Madariaga mendizale amorratua da. Haitz eskalada, parapentea, neguko igoerak, dena gustatzen zaio. Aurtengo neguko lehen elurtearen eraginpean Goierrin pioleten eskalada plana egiten ari ginela, eta Enekori azken urteetako aizkorriko eskaladak azaldu nahian, non stop eskalada blogera informazio bila jo nuenean, konturatu nintzen azaldu nahi nizkion horiek ez zeudela, ausnartzerako beta eman zidan. Ezin nuen sinetsi, nola gertatu da hori, beste behin mamu zaharrekin egin nuen topo, etxeko eskaladak ez du baliorik. Ez nien neguko eskalada bide horiei merezi zuten tokia egin.


Joseba Iztuetak eta Unai Cobosek, 2023an, “Hire amak baleki” bidearekin Aketegi gailurraren aurreko puntako neguko eskalada guneari hasiera eman zioten; ( duela gutxi arte Aitxuri bezala ere ezagutzen genuen punta zabal hori. Zegamako udalak eta Lenbur fundazioak bultzatutako ikerketa baten arabera, punta honen izena Aketegi da ).
Aketegi parean dagoen punta hori hainbat kanal nabarmenek zeharkatzen dute. Udan belartsuak diren eta eskaladarako interes gutxi duten kanalak neguan erakargarritasuna handitzen dute mantu zuriak estaltzen dituenean, neguko eskalada berezia sortuz.
Aizkorri mendien ekialdeari begira, neguko bide oso ezagunak eta aspalditik jende asko ibiltzen direnak daude. Kanal horiek, bata edo bestea kenduta, ez dute interes handirik alpinismo bertikalaren ikuspegitik. Hemen ordea, Aketegiko txoko honetan, Txindokiko neguko eskaladarekin gertatu zena pasatu da, neguko eskalada estilo zehatz eta interesgarria sortu dela, bertakoentzat behintzat, erakargarria egiten dena.



2023ko negura itzulita, Josebak eta Unaik “Hire amak baleki” bidea partekatu zidatenean, ez nuen denbora galdu eta iñigori komentatu nion ea eskalatu nahi zuen. Baldintzak oso aldakorrak direla jakitun, denbora galdu gabe, Zegamarako bidean jarri ginen.
Egun batzuk pasatuak ziren goierriko bikoteak bidea eskalatu zutela, eta, aldi berean, fronte hotzak utzi zituen elur-malutak bazterrak zuritu zituztela. Horma azpira iritsi ginenean nahiko lehorra topatu genuen. Ez ordea ezkerretara zegoen kanala. Itzalpean mantentzen zenez hobeto eutsi zion neguko eguzki ahularen eraginari. Apenas eztabaidatu gabe sartu ginen bere laiotzean.

Iñigok izan zuen ohorea oso erakargarria ikusten zen eskaladarekin hasteko. Ondo transformatutako elur pala batek ematen zion sarrera kanal tenteari. Ondoren, eskalada mistoa bere osotasunean definitu genezakeen mugimenduak segitu zuten; izotz zatiak, elurra, haitza, dena entsalada batean.

Lotzen gintuen soka luze osoa, 60 metro, eta gainean zeraman eskalada material ia guztia, bi joku friend, gastatu zituen Iñigok kanal ederra igotzen. Lepo eroso batean muntatu zuen lehen bilera.

Irrikaz atera nintzen ni kanalean gora, eskaladaren edertasuna goraipatuz; esamoldeak dioen bezala, ez du amonarik, inguru zoragarri bezain apaltsu honi nik jartzen dizkiot adjektiboak.



Zailtasuna asko jeitsi zen bigarren luzean, baina ez edertasuna, ertz aereo bat zeharkatuz iritsi ginen Aketegi gailurraren aurreko puntara.
Ez ginen asetu eta bigarren horman, orain bai, “Hire amak baleki”ren azken luzea eskalatu genuen.


Hurrengo neguan, lehen elurtearekin, Xabirekin igo nintzen Aketegira. Ez generaman eginkizun zehatzik, edo agian, “Hire amak baleki” igotzeko asmoetan gindoazen, gauza da hormaren azpian geundela, eta lehen kanalaren baldintza onak ikusirik, hortik gora tiratu genuela.


Konplikazio asko gabeko lehen luze baten ondoren hasi zen festa. Ihes egiteko hainbat aukera zituen horma batek bidea ixten zigun, lehenengoa aukeratu genuen eskurago geratzen zitzaigulako. Bi luze gogor gainditu beharra daude aukeratutako irtera honetatik airoso ateratzeko; lehena horma bertikal pitzatu batetik doa, eta bigarrena, gorputz erdia sartzen den pitzadura zabal batetik.




Laugarrenean, orain ere, zailtasuna jaisten da, kanak estuak eta ikaragarri politak igoaz gailurra zapaldu genuen.
Bide berria irekitzen ari ginela jakitun, azken hormarekin jarraitzea erabaki genuen, bosgarren luze bat gehituz gure bideari. “Aitak badaki” izenarekin batailatu genuen gure proposamena.



Ihaz Xabierrekin bitan igo nintzen Aketegira, eta hirugarrenean bai lortu nuela “Hire amak baleki” eskalatzea. Estutu behar izan genuen horma erditik era ausartean ireki zuten kanal ez hain nabarmena igotzeko, oso interesgarria iruditu zitzaigun.







Eta hau guztia esanda, goazen behingoz izan nuen utzikeria konpondu nahi duen istoriora:

Zegaman geratu nintzen Enekorekin, goizeko zortziretan jaso nuen Bizkaitarra autokarabana aparkalekutik. Denbora galdu gabe apeadero aldera abiatu ginen. 


Oso elurtua ikusten zen Aketegi, ederra goizeko lehen argitan. Baina hori ez da nahikoa neguko eskalada egiteko, elurrak trinkotasun minimoa behar du izan. Zalantza da sentipenik nabariena aizkorrin eskalatzen denean. Aurkituko ditugun baldintzei buruzko ziurgabetasuna. Garbi dakiguna, eskalatzen dugun edozein bide izanda ere, gure burua babesteko haitzean aseguratzeko materiala behar duela izan da. Beraz jakin gabe ze eskalatuko genuen, baina motxilak eskalada materialaz lepo, abiatu ginen Itzubiaga aldera.


Ehiztarien txabola ondorengo pagadian pilatzen da elur asko. Haizeak gailurretako elurra mugitu eta inguru lasai honetan uzten du. Hemen, elurretan bidea ez galtzeko, kilometro bertikaleko markak segitu behar dira. 



Elur sakonean arrastoa irekitzen luze egiten den bidearen ondoren, kilometro bertikaleko markak Sakon handiko kanalera ateratzera doazela, bidea utzi eta ezkerretara hartu behar da erlaitz handi eta inklinatu batetik horma azpira iristeko. Puntu honetan jantzi genituen kranpoiak eta arnesa, eskaladako material guztia soinean jarri ere.


Zuhurtasunaren muga zeharkatuta, 40°ko malda gurutzatzen goaz amildegia oinetan dugula, konszientzia hartzen dugu mugimenduak zehatzak behar direla izan, akatsentzarako ez dagoela lekurik.


Lehen begiradan garbi ikusi nuen, harroka izotz kapa fin baten azpian zegoela, babeserako lekuak bilatzeko lan nekeza eta ziurgabetasun handikoa izango zela; pitzadura izoztuetan friendak ez dute egoki lan egiten, irristatzen dira, konizitate pittin bat dutenak bilatu behar dira. Beraz, bilatzaile neuronala martxan jarrita, erabaki azkarra hartzen dut, hain dinamikoa, inprobisazioa ez dela dirudiela, "Aitak badaki" bidearen hasierako kanalaren azpian muntatzen dut bilera. 


Ez dago beharra bezalakorik adimena zorrozteko. Buruan galduta neukan argazki ilun batean marraztutako traza bat datorkit burura, eskalada ibilerak erakusten dituen marra gorri bat, eta ezezaguna dena ezagutzeak animoak ematen dizkit kanal zurian barrena abiatzeko; aipatu dudan krokis hori Asier, leku eta Smithyk zabaldutako “Kaxero Zerrau” da. Azaltzen ari naizen eskalada ondoren, Ordiziako eskalatzailearekin hizketan, honek kontatzen dit eskalada luze gogorrenean iltze parea topatu zutela, beraz ez duela konsideratzen bidea beraiek irekia denik; guk ez genituen iltze hauek topatu, dena izotzez estalia bai zegoen. Jakin bidearen bigarren luzean daudela, pasilloa deitu dudan zatian, eta derigorrezkoa dela soka bertatik pasatzea zuhurtziaz eskalatu nahi ezkero. Xabierri adierazi nion ere, berak esandakoarekin ez nengoen ados. Ausnartu nion, bi igoera haiek, seguruena denboran oso tartetuak egotetik aparte, urte sasoi desberdinetan burutuko zirela, uda eta negua, gaineratuz, neguko baldintzetan burutzen den eskalada batek ez duela zer ikusirik udan egiten den batekin. Beraz, niretzako, "Kaxero Zerrau" bideak eskubide guztiak ditu Aketegi aurreko puntako neguko eskalada gunean bere tokia eta sinadura izateko. 


Eskaladarekin segiz; gustu handiz nire burua babestuko nuen, baina ezinezkoa gertatzen zaidan, bi erresalte gaindituta, eta Aitak badaki bidea gurutzatu ondoren, harresi hortatik ateratzeko atea izan daitekeen kanal baten azpian muntatzen dut bilera.
Ederra baino ederragoa ikusten da hartu behar dugun kanala, krudela neguaren hatzaparretan, tentazio erakargarria arriskuz betea. Denbora behar dut, baina ondo babesten dut kanal estuko sarrera; friend duin bat eta zinta bat ezkerreko arrakalean trabatutako harrian. Korridore estuan ezinezkoa da babes-puntu bat bilatzea, dena izotzez estalita dago. Ez da zaila eskalatzea; kranpoien puntak alde batean eta bizkarra bestean, pioletek hozka egiten dute ahal duten edozein tokitan, pixkanaka gorantz egiten dut korridorearen hasieran jarritako segurtasun puntuak gero eta urrunago utzita. Pasillotik irtetean erabaki bat hartu behar dut, daramadan teknika eta norabidearekin jarraitu, edo, ezkerretara joan arrail batean trabatutako harri baten segurtasunaren bila, azken horren aldekoa naiz. Zentzutasunaren parametroen barruan sentituta azkarrago egiten ditut korridorearen azken metroak. 


Adiskide bati agurtzen zaion bezala agurtzen dut izotzaren pisuak makurtutako serbal ederra. Enbor zurian zinta bat pasatuta muntatzen dut bilera. Irrika nago, soka mantxo biltzen dudan bitartean, ea Eneko noiz agertzen den kanalaren barrenetik, dakarren aurpegiari argazkia nahi diot egin. Asmatu dut, ez du irribarrea galdu.


Azken luzean, horrela adostu dugulako, soka bukatzean Eneko aterako da, eta gailurrean egingo dugu berriro topo. 
Ez da zaila luze hau, bai ederra ordea, zuriz apaindutako kanalak, elurrez blai, zeharkatzea zentzumenerako plazerra da.




Aketegi aurreko punta igota aukera dago Aketegiko gailurrerako bidean beste eskalada luze bat egiteko. Materiala biltzen ari garen lepotik Gipuzkoako gailurrik altuena den horretara horma zabal bat dago. Oraingoz bi neguko bidek igotzen dute. Berandu da guretzat, zereginak ditugu oinetan ditugun bizitza frenetikoko haran berdeetan, gailurra zain egon daiteke, ez da mugituko, hor egongo da. Grabitateari bere lana egiten uzten diot, eta magalean behera eramaten nau.




























































































 

2019(e)ko maiatzaren 18(a), larunbata

AKETEGI - Hego ertza - Argi bidea




   Eguna argia zen, ederra, eguzkiak lehen ordutik argitzen zituen Aizkorriko puntak, Zegama herritik argi ikusten genituen kanalak eguzkiaren argitan. Gure helburua ez zegoen hain argi, Aketegiko harrizko horma mimetizatua geratzen zen goizeko argiaren efektuz. Saiatu nintzan Xabierri gure eskalada argitzen, argibideak ematen, ez zitzaion oso argi geratu.
   Lortu genuen gure eskalada, argitasuna eman genion aspalditik erronka nuen helburu bati, haitz eskalada berrargitzea Aizkorriko hormetan. Zaila egiten ari zait, haitz hauek oso egoskorrak dira, xuhurrak heldulekuak eskaintzen.
   Mendi eskalada da “Argi” bidea, argi eta tentuz ibili behar da harri hauetatik igotzean, hau argi eta garbi esan beharra daukat, era horretara argitaratzen dut bloggean.
   Gustura geratu ginen eskaladaz, gailurrean ateratako argazkiak argi erakusten du, irribarretsu agertzen gara Aketegi muñoan, larra argitsuan.
   Bideari Argi izena jarri diogu, Xabierren zakur Argiren omenez, zakur argia da Argi.




   San Adrian tunela pasaz, eta Aizkorri bide arrunta hartuz egin genuen Aketegi horma hurbiltzea. Aizkorri puntatik, gure frente eta azpian, ikusi al izan genuen Aketegiko hego ertza. Zabalaitz zeharkatu, eta azken punta honek Aketegi mendiarekin partekatzen duen lepotik Kanalaundi kanalera jaitsi ginen. Bi kanal hauek elkartzen diren puntuan, Kanalaundiko zuhaitz bakartiaren altueran, ahuntz bide bat pasatzen da Aketegiko horma aldera doana, bidexka hau segituz ertzaren hasiera eraman gintuen, kordino bat utzia dago zuhaixka batean.

   Lehen hiru luzeak trepada dira, eskalada erreza dute, tentuz ibili beharra dago une batzuetan harri solteak daude eta. Hirugarren luzea arteka zabal batetara iristen da, eskuinera segi beharra dago arteka honetatik bilera muntatzera. Laugarren tirada interesgarriena iruditu zitzaigun, bertikaltasun pittin bat hartzen du bideak. Bosgarren eta azken luzea arista da berriro, guk ensablean egin genuen azken zati hau.



























2017(e)ko urtarrilaren 19(a), osteguna

AIZKORRI- AKETEGI Hego punta Kanal zuzena





 
   

   Orain lau urte igo nuen lehen aldiz izotz bide hau. Jarduera horri buruz egin nuen sarreran, ikusi blogga honetan http://non-stopeskaladabloga.blogspot.com/2012/12/aizkorri-kanala.html sarrera, berau ongi azaltzeko materialik gabe egokitu nintzen. Ez nuen argazki kamararik eraman, soilik telefonoak duen kamara erabiliz atera nuen argazki bat, pareta orokorrean agertzen zena, krokisa egiteko erabili nuen. Gaur ere argazki hau erabiltzeko beharretan izan naiz berriro, lainoak hartua zuten pareta eta, ez didate utzi argazki orokor berri bat ateratzen.
   Ongi elurtuta dago Aizkorri, kanalak elegante ikusten dira. Eguraldi aldaketa handiak izan dira azken egunetan. Elurra mara mara egin zuen aurreko larunbatean. Ondoren tenperaturak gora egin zuten eta euria hasi zen. Orain Euskal Herrian izugarrizko hotz frente baten eraginpean gaude. Nire kalkuluen arabera eskaladarako baldintza onak behar ziren egon Aizkorriko kanaletan, momentu ona zen Aketegiko hego puntako kanala igotzeko.
   Harritu naiz Buenabistan zenbat kotxe aparkatuak zeuden ikustean, sei edo zazpi izango ginan. Ni goizeko hamarretan iritsi naiz. Dena laino jelatu batek estaltzen zuen, izoztutako zuhaitzak zeuden zuri zuri non nahi, azkar tiratu dut gorantz.


Ez zen ezer ikusten kanal handi azpian.

   Elurra hasten den tokira iritsi naizenean, nire kalkuloak okerrak ez zirela egieztatu dut, mantu zuri jelatua ez zen nire pisuarekin hausten. Kanal handiko kanal azpitik zeharkatu dut, eta oraindik eskumago tiratu dut  nire bidearen sarrera hartzeko intentzioarekin. 



Bidearen hasierako erresaltea

   Hasiera erresalte bat da kanal estu batetatik. Elur mobimentua egona zegoenez, abalantxak, baldintza oso onak utziak zituen pioletekin ibiltzeko. Mugimentuetan oso kontzentratua eta kontu handiz, sokarik gabe, igo dut lehen zati hau. 



Lehen paretaren irteeran. Bigarren paretaren azpian.

   Bi paretaren arteko elur maldetan nengoen jadanik. Elur zona hau delikatua da, edo sentsazio hori ematen dit niri. Azkar igo dut, ipurdia estutuz, flotatzen. Azken paretaren azpian, kanaltxo baten hasieran, neguko bide honen giltza dago. Hemen puntu batetan trabesa bat egin beharra dago “bira” batetatik. Trabesa hau ekipatua dago hiru espitekin.

Bigarren paretan kanalaren hasiera.



Bira trabesa
    Hau gainditu eta erresalte izoztu bat igo beharra dago. Azken partean gaude jartzen digu honek, gailurraren azpian. Zuzen doa bidea, pareta izoztutik gora. Hau ere sokarik gabe egin dut, pioleten eta kranpoien zahaztasunean fidatuz.


Azken parteko hormak

   Eguzki goxo batek ongi etorria eman dit gailurrean. Nire azpian Goierri osoa lainopean dago, neguko lozorrotik esnatu gabe. Sentipen atsegina eta indartsua da, aldare batean bezala sentitzen naiz Denbora galdu gabe beherantz tiratu dut kanal handi hartzera. Beti bezala egin beharrak zain nituen, korrika ibili beharrean nintzen.   





Goierri eskualdea lainopean.

Aizkorri Aketegi hego puntatik.