Bisaurin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bisaurin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko otsailaren 28(a), larunbata

AGUJAS DE LA BELELLAZA - Eki Ertza

 

Jaizaleek parrandaren ondorioak ezagutzen eta onartzen dituzten bezala, guk, Xabier Artolak eta idazten ari den rokero zahar honek, jakin bagenekien gure festak ondorioak izango zituela. Bi gorputz alderrai ginen, orekarik gabe, motel eta astun, egunsentiak ustekabean harrapatu dituen eta non babestu ez dakiten bi mozkorren pareko. Baina gure aurpegi izerditsu, sufrituak, ongi begiratuta, ikusi zaitekeen irribarre mehe bat marrazten zitzaigula, - merezi izan du, esaten duen imintzio bat.


Pirinioak elurrez gainezka daude. Elur masa zuri hori negu gordineko ekaitz gogorretatik udaberriko egun argietara igaro da denbora laburrean. Mendizaleak apur bat beldurtuta gaude, kosta egiten zaigu aldaketa azkar eta bortitz horiek ulertzea eta onartzea. Elur-zelaiak birjinak ikusten dira, sarrioek bakarrik uzten dituzte beraien urratsak mantu zurian marraztuta.


Kras, kras, kras, oihu egiten zuen elur jelatuak kranpoien hortzak iltzatzen nizkinionean. Nik, metal gogorra izotzean sartzen deneko basakeria gustagarri dut, indartsu sentitzen naiz, ondo, gau liserjikoan, komun estu eta pixaz kiratsu batetik, kokaina linia zuria esnifatu ondoren, begiak dirdiratsu, jainko ateratzen den tipoaren pareko. Egun argi eta sano bat, desenfrenorako, nuen aurretik.


Zuzen tiratu genuen Belellaza eki ertzaren oinarrira arte. Bentaja hori du neguak, malkartsuak diren zelaiak elurrak lisatu ditu, plazerra da malda zurian, gorputzaren oreka bilatuz, zigi-zaga zeharkaldiak eginez goruntz egitea. Ez genuen atsedena hartu, Belellaza eki ertzaren oinarrira iritsi bezain pronto eskalada materiala hartu eta soka arnesera lotutzea bat izan zen, elur konotik gora galdu ginen. Sumatu dut negu ezohiko honetan lehen aipatu dudan basakeria falta, beharra, pioletaren hortzak kanal estuaren izotzean trinko iltzatu zenean garrasi euforikoa atera zitzaidan barren barrenetik, gure festak giroa hartzen zioan. 


Onartu beharra daukat banituela prejuizioak bide hau errepikatzeko garaian, ez nator bat sortzaile izan dituen eskalatzaileek beste mendi eta horma esaguratsuetan ireki dituzten marretan erabili duten etikaz. Aspeko hego horman pintura gorriarekin egin zutena aberrazioa kalifikatu nuen Anaya bidearen kronika egin nuenean. https://non-stopeskaladabloga.blogspot.com/2020/09/aspe-anaya.html
Gustatu zait Belellaza eki ertza bidea. Zalantzazko momentuak izan ditugu, inprobisatzeko tokia, abentura izan dugu, disfrutatu dut. Negu giroan egin dugu eskalada, elurrak harroka zati asko estaltzen zuen, beraz, agian, nire balorazioa gordintasun egoerak bultzatua da. Bidearen pasarte askotan mendiko botak kendu eta katuoinak jantzi behar izan dugu, eta alderantziz. 
Bidearen sortzaileek, begi onez, haitz plaka konpaktua bilatu eta hortik bideratu dute linea.


Gehien kostatu zaiguna, kronikaren hasieran aipatu dut, jaitsiera izan da, eguzki gupidagabe batek elurra bigundu du eta ibiltze hutsa ezinezkoa bihurtu du. Gauaren hotzari itxarotea soluzioa izan zitekeen. Furgonetan zain genuen Xabierrek ekarritako idiazabal gazta motibazio nahikoa zen aurrera jarraitzeko, parrander@, kale esnatu berrian balantzaka, zabaldu berri duten kafetegia azken tragoa hartzeko motibatzen duen bezala.


























2023(e)ko apirilaren 10(a), astelehena

BISAURIN - PUNTA FETAS - Izarren bila

 


Lehen aldiz ikusi nuenean,
 Fetas orratzaren harri gorria,
 olatu mineralaren azpian nengoen,
zutik,
ahoa zabalik,
 beldurturik,
deitzen ari zitzaidan.

Hain urrun dagoen
 une kitzigarri horretan
 izango banuen,
gailur xarmantan,
nire hiru bideen
 iragarkia,
 sinistetik urrun,
gogoko ez zitzaidan,
bai nengoen
 ilusioa galtzeko arriskuan;
zeren,
azken finean, 
mendizaletasunaren gatza 
ezinezko izarrak bilatzean datza.






Alpinistok, askotan, poesiaz baliatzen gara gure eskaladak arrazoitzeko, eta neri behintzat ez zait modu ulergarriagorik bururatzen sufrimenduaren edertasuna azaltzeko.

Ekaitz Maiz horretan zebilen, bilera deserosotik zintzilik, hego haize harroputz eta hotza hezurretaraino sartzen zitzaiola, hitz poetiko bat hausnartzen.





Bai eta ez. Izan ere, eskalatzaile iruindar handiak, poesiaz haratago, guretzat nolabaiteko grazia zuen izen bat asmatu zuelako:

Izar, lau hankako nire lagun leiala, egun hartan despistatu samar ibili zen, eta mendian behera joan behar izan genuen haren bila.




  Baina, zein ateraldi hobeagoarik bi esanahia duen izen bat baino? Erromantizismoaren sentiberatasuna txantxaren muturrera eramaten badugu, sufrimenduaz barre egin dezakegu; kondenatuen barre erraza.


Hasiera nabarmena du Izarren bila bideak, diedro arrakalatua. Fisura honek argi asko markatzen du Fetaseko ezker ertza igo nahi ezkero nondik hartu beharra dagoen. Ikusi eta berehala Ekaitzi eskatu nihon niri uzteko aurretik joaten erakargarria egiten zitzaidan luze hori. Ez da erraza, besoak bero-bero jartzen dizkizu, mugimendu asko egin behar dira pitzaduratik kanpo erregeletak eta zulo ederrak hartuta. Ondo babesten da friend eta fisurero bidez. Iltze bat jarri behar izan nuen mugimendu konprometitu bat babesteko, piton hori kenduta arrakala guztia garbia dago. Pitzadura hori erlaitz batean amaitzen da, hogeita bost metro oinarriaren gainean, harkaitzezko plaka leun baten hasieran. Horma ikaragarri honetan zulo bat nabarmentzen da, esku-pilota baten tamainako hutsune bat, hatzak bertan sartzea lortzea sekzio ikusgarri honen hasiera da. Bigarren asegurua sartu nuenean, zulo ederrean kokatutako kako batetik zintzilik, erreleboa eskatu nion Ekaitzi.




Ekaitzek, arnesean materiala nola kokatzen zuen ikusteak, xehetasun txikiari ematen zion garrantziaz jabetuta, esperientzia handia adierazten zuen, nire oinarrizko teknikaren 2.5 bertsioa. Ziztu bizian iritsi zen bilerara, Treparriscos bidearekin bat datorren erlaitza, leku egokia zela erabaki genuen, erdi zutik egon daitekeen puntu bakarra. Bere ahotsaren tonuagatik, eskaladari buruz aritzean sortzen zuen asalduragatik, eskalatutakoa zerbait eszepzionala zela adierazten zidan, edertasun handikoa; geroago nik egiaztatuko nuen, maila falta badut ere.



Izarren bila eta Treparriscos bideak bat egiten dute bigarren luzearen hasieran, hiru txapa, ondoren, zuzen jarraitzen du apur bat eroritako horma batetik. Zalantzarik gabe, Ekaitz pertsona egokiena zen bigarren luze honen hasieran buru izateko, eskalada maila baxuago batek alternatiba kontserbadoreago bat bilatzera eraman zaitzake, ez hain bikaina; Ekaitz horma itzel batetik zuzen tiratu zuen. Nafarrak erreleboa eskatu zidan horma honen gainean zegoenean, nik gustura hartu nuen, eta eskalada garbian abiatu nintzen bilera baten bila.


Hirugarren luzeak lerro bera izan zuen ardatz, eskalada garbia, eta haren helburua, ertzaren edertasuna ez uztea, soka amaitu arte aurrera jarraitu bainuen.

Hamar metroko zeharbide erraza batek Punta Fetas gailurrean utzi gintuen. Pozik geunden, nahiz eta hotzez dardarka egon, hego haize bortitz batek astintzen gintuen, Minoria Absolutuaren bidetik rapelatu genuen.



Distira bat zegoen

horma ederraren gailurrean,

argi hori segitu genuen 

ilusioz beteriko ahaleginean. 

Eskalada bikainaren ondoren

haitzaren gorenean, 

asetuta besarkatu ginen,

argi sorta distiratsuaren iturrian.


Ahaztu genituen

hotzaren erremina, 

nekearen zalantza,

oinazea,

jakitun izan bai ginen,

argi eztanda hortan,

izarra gurekin genuela

bi adiskiden alboan. 


Inoiz ez da izar bihurtuko aurpegia argirik gabe duena.

( William Blake)























2023(e)ko otsailaren 9(a), osteguna

PICO OLIBON - Siete vidas

 


Zazpi bizitza izango banitu, ez nintzateke alpinista izango, beste izateko arrazoi bat aurkitu beharko nuke, existentzia bera aldatuko bailuke. Galtzeko gutxi edo ezer ez baduzu, zertarako saiatu zure betiko denbora muturreko bizipenez betetzen?



Galdera substantzial hau bururatu zitzaidan, eta antzeko beste asko, Pico Olibongo Siete Vidas bidearen laugarren luzearen aurrean. -Zerk bultzatu zuen horrela konprometitzera lehen igoera egin zuen alpinista? Agian betierekotasunaren bila zebilen? -Eta gu, alpinistok, eternitate hori hartuta dagoela jakinda, balio-proba horretara itzultzen garenok, zer bilatzen dugu? Bizitzeko gogoa, atzera ezin egiteko aukera.



Baina aurreratu naiz, historia hau hasieratik hastea hobe izango dut:

Pirinioak alpinismoa praktikatzeko ondo edo gaizki dauden ez dakizun egoera alrebesean zeuden; elurte handi batek, ia ahaztuta ditugun horietako bat, elurrez bete ditu behe-ibar guztiak. Eta zeure buruari galdetzen diozu, -nola egongo dira orduan gailurrak? Logistikako galdera horretatik kanpo, zalantza gehien sortzen duen arrazoia Interneteko jarduera alpinistiko eza da, mendizaleentzat informazio-iturri bihurtu baita. Azken aste hauetan ez da alpinismo jarduera interesgarririk izan.

Zalantza horiek guztiek sabela ziztatzen ziguten bitartean, Iñigo Andola eta biok, bi foku dardartiz argiztaturik, Lizarako aterperuntz errepidean gora gindoazen, metro erdi elur karretera alboetan genuela. Gaua aparkalekuan igaro genuen.



Hurrengo egunean, iratzargailu desegokiak erabakitako ordua zela jakinarazi zigunean, beste zalantza batek egin zuen bat lehen aipatutakoekin; gaua epela zen, hego haize bortitz batek gogor astintzen zuen. Ez neuzkan denak nirekin, egoeraren arabera ez zegoen Pico Olibon eskalatzeko baldintzarik, eta uste nuen, halaber, ezin izango ginela hormaren oinarrira iritsi. 




Ez ginen goiz haizetsu hartan goiz jaiki ginen bakarrak izan; hiru talde Sarrioen haranera abiatu ginen, elurraren gorabehera aldakorretan etengabeko erritmoa hartzen saiatzen ginelarik. Hasiera zalantzagarri horretan, bi mendizale eskiatzaile zeuden, gainerako taldeekin lehian, beren aukeraketa egokiena izan zela frogatzeko; taulak bota soilen kontra. Bernoaren eztarriaren hasiera haizetsura iritsita, frogatuta geratu zen ez zela eskiatzeko lekua, edo goizegi goiztiartu zirela; agian eguerdiko eguzkiak gauzak erraztuko zizkien. Bota sinplean gindoazenen arteko lehia ere bagenuen, batzuek granpoiak jantzita eramaten genituen eta beste batzuek ez, Bernerako arroilaren malda aldapatsuak erabakigarriak izan ziren lehia hori argitzeko ere. Edo agian ez, Iñigok eta biok ez genuelako aukera bera erabili eta aldea ez zelako aipagarria izan. Kontua da, espero gabe, eroso gindoazela Estaneseko ibon bikainerantz Sarrioen haranean.




Pico Olibongo horma tentea lehorra ikusten zen, ozta-ozta elur beta zuriren batek neguko eskalada posibleren bat markatzen zuen. Alde handia zegoen behe-ibarretan pilatutako elur kopuruaren eta gailurren artean; haizeak, bere lan etengabean, leku batetik bestera mugitu zuen elurra. Eta hor erabaki genuen zein bide igo, horma ikaragarriaren azpian; gaur egun horma honetan hiru bide daude eta horietako bi negu-estilokoak dira, Tope Luxury eta Siete Vidas. Azken bide horren aldeko apustua egin genuen, paretan zegoen elur apurrak ibilbidea gehiago markatzen zuelako.



Harri koskor baten ordez almendra bat erabili genuen gure patua erabakitzeko, nik eskuineko eskua aukeratu nuen eta fruitua bertan agertu zen, eskalatzen hasi nintzen. Atsegina izan zen testatzea, harkaitzean itsatsita zegoen elurra sendoa zela ohartzea, gorantz joateko adinako kalitatea zuela konturatzea. Horma zurian alde batetik bestera ibiliz, lehen luze amaigabea gainditzea lortu nuen. Triangelu formako hormaren azpian geunden, eta handik jatorrizko bidea eskuinerantz doa elur-zelai zabalak hartuz, baina guk zuzen tira egin genuen, ezkerrerantz joera pixka batekin, gainean genuen erlaitz nabarmenera iristeko.

Hurrengo luzea, hirugarrena, oso polita iruditu zitzaidan, aurrekoak ere bai, baina xarma berezia zuen honek, zailagoa eta babesteko hobea izateaz gain.




Laugarrena izan zen igoera honen gakoa, idatzi honi hasiera eman dion inspirazio iturria. Iñigori egokitu zitzaion, almendrak agindu zuen bezala, eta bihotzez eskertu nion fruitu lehorrari bere hautaketa; supituki erlaitz zuriaren jarraikortasuna eteten zen eta hamar metro lehor, lau eta bertikal ikusten ziren gure aurrean, hondoren, berriro, erlaitzaren segurtasunera itzultzeko. Hamar metro nahikoak dira desira bati uko egiteko, egindako ahalegin guztia bertan behera botatzeko. Baina hau ez zen Iñigoren kasua izan, Azkoitiarra erronka horretatik airoso atera zen, alpinismoko mila batailatan lortutako tenplea azaleratuz. Luze honetan zailtasun teknikoa eta esposizioa bateratzen dira.

Baina nire kasuan ere gauzak ez ziren askoz hobeak izan; eskalada mugimenduak zeharkakoak direnean, eta, gainera, esposizioa altua bada, ia antzekoa da sokaren aurretik edo atzetik joatea, kolpea berdina da. Hortzak estutu eta eskularruak erantzi behar izan nituen, infernuko zeharkaldi hartatik onik irten ahal izateko, bizpahiru mugimendu egin behar izan nituen harkaitzari esku biluziekin helduta. Horrek eskuetako min bortitz bat eragin zidan batzarraren segurtasunera iritsi nintzenean, eta zain egon behar izan nuen pixka batean, izerdi hotz batek nire aurpegi zurbila bustitzen zuen bitartean, min latz hori pasatu arte.

Eskalatzeko gai izan nintzenean bosgarren luzea igotzen hasi nintzen. Luze hau Ravier bidekoa da, eta Siete Vidas bidearekin partekatzen du. Oso ona da, alpetar giro bikaina du, gozatu ere egin nuen.



Luze bat falta zitzaigun Pico Olibon gailurrera iristeko, Iñigok azkar igo zuen elur malda.

Gure ametsezko gailurrera iritsi ginenean, haize bortitz batek agurtu gintuen, eta, harekin batera, burrunba batek, berunezko perdigoiak balira bezala, doinu errepikakor eta setatia bat.


Arrotz sentitu nintzen punta hartan, non beti pentsatu izan nuen ausartentzako lekua besterik ez zela. Han behean, Aspeko haran zuri eta urrunean, festa bat zegoen, milaka eskiatzaile amorru adrenalinikoan zebiltzan, mendiaz gozatzen, beren ahalegin fisikoarekin ordaindu gabe, arrokazko idulki horretara iristeko guk eraman genuen borroka gogorretik kanpo eta axolagabe.



Tristatu egin nintzen; - bi mendizale beterano besterik ez gara, askatasunaren amets utopikoarekin. Isilean, izoztutako malda nabarmenak jaisten hasi ginen errealitatera itzultzeko.









































2020(e)ko abuztuaren 23(a), igandea

LIZARA - PUNTA FETAS - Xiberotarren besta

 

Festarako garai hobeak izan dira Euskal herrian; txokoak alaitzen dituzten herri jai guztiak bertan behera geratu dira, gaueko taberna eta dantzalekuak itxi dituzte, pertsonen arteko harremanak murriztu, familia eremuetara soilik mugatzeko eskatu digute agintariek. Parrandarako garai txarrak dira hauek, juerga kontuetan ere itxaropenera kondenatuak gaude.



Ni ez nago etsitzeko prest, golfo xamarra daukat gorputza, Zuberotar bikote baten festa gonbidapena iritsi berri zait, onartu dut.
Ez gaizki hartu nire hitzak, ez ditut arauak hautsi behar, ez naiz ez-solidario bihurtu, bakarka festa izango da nirea.


Arroka festa gonbidapenak ugariak dira, eta hauetariko jai batzuk jarraitzaile asko mugitzen dituzte; "la fiesta del bíceps" adibidez, gihar puztuen gehiegikeria.
Beste jai batzuk esklusiboagoak dira, minagoak; "la fiesta del Paca", psikotropoak kontsumitzeko apartak.
Ba dago gau guztia parrandan pasatzen dituztenak ere, "noche de juerga" adibidez, Sirula mendi ikusgarrian, kalimotxoa eta speed, Euskal punk garaietan bezala.
Ni Jean Pierre Riok Lizaran egin duen azken jai deialdira gerturatu naiz, lagun fidela dudan Izarrekin batera, "Xiberotarren besta" deitu diote parranda honi.
Musika jaialdi handietan egiten den moduan kanpatzeko tresnez joan gara gu ere, ez genuen festa ikaragarri honen detaile bakarra galdu nahi.


Arratseko bostetan utzi genuen Lizara aterpetxeko kotxe parkinga, aho zapien muga dugu hau. 
Motxila astuna neraman bizkarrean, eskalada materiala, jana eta lotarako tresnak.
Bisaurin mendiaren bide arruntetik gindoazen, Foraton lepo zabaletik gora. Gaztetako oroitzapen neketsuak dakarzkit tontor lodi honen hego malda astunak. Neguan eskiak jantzita maiz igo dut aldapa bukaezin hau, baina tontorra zapaldu nuen lehen aldia uda garaia izan zen. Gabardito aterpetxean lo egin ondoren goizeko freskuran atera ginen gailurra zapaltzeko irriki Marron eta bere parapenta, Lazkaotar koadrilarekin batera, Ramon Baztarrika, Jon Lasa eta Imanol Murua.
Gogoratzen dut eguzkiak errukirik gabe jotzen gintuela hego malda astunean, pauso bat gora egitea lan neketsua zela, tontorra zapaltzea, ahalegin zentzugabe hori, zalantzan jartzeraino. Nekearekin bukatzeko atzera egitea nahikoa nuen, eta aukerak euliaren burrunbak bezala ziztatzen zidan burmuinean. Eta orduan Imanolek bota zituen askotan gogoratu izan ditudan hitzak, gerora egin izan ditudan eskalada eta mendi igoeratan burura etorri zaidan esaldi ahula; “ez dut pentsatu nahi zer izango den Himalayako mendietan igoera bat”.
Etorkizunari begira egin ziren hitz horiek orain iragana dira: Nire bizitza bideak munduan zehar bazter asko ezagutzera eraman naute, Himalaya barne, eta lur urrun eta exotikoetan mendi maldak parekatzeko aukera izan dut, sarritan Imanolen hitzak burura etorri zaizkidalako. Beti pentsatu dut aspaldiko uda hartan, mendizale gisa lehen igoera izan zitekeen horretan, Bisaurin mendiaren hego malda nekagarrian, nire bizitzako igoerarik gogorrena bezala.


Nostalgia beteak diren burutazio hauei, traketsagoak diren beste pentsamendu batzuk buruan lekua irabazten ari zintzaizkidatenean, punta Fetas hego pareta ederra nire oinen altueran agertu zitzaidan, soilik zeharkaldi atsegin batek banatzen gintuen hain estima dudan paretaz, eta bat patean alaitsu gindoazen harri blokeetatik saltoka, Izar aurrean nuela beti.

 


Eskertu nuen buruko kapela hartu izana. Arropa guztiak jantziak nituen, ez zegoen bero usainik paradisuan, kanpin denda eta lozakuaren berotasuna ez nituen luzaroan zain eduki nahi.


Ezingo nuke esan gaua erosoa izan zenik, ezta gutxiago ere, magina buelta eman nituen postura egokia bilatu nahian, baina eguna argitu zenean, eta leku miresgarri horretan esnatzean, gaitz guztiak uxatu ziran; bibaka egitearen xarma ez da lo egitea, edo gaua pasatzearena soilik, egunsentiaren argitan, aukera duzunean inguratzen zaituen handitasuna begiztatzeko, eta zein leku pribilegiatuan zauden ulertzeko, orduan aurkitzen dut nik magia.

 


Paseo atsegina izan zen, soilik hamar minutu dira bibakatzeko denda arinetik eskalada tokira.
Motza iruditu zitzaidan, gorputza berotzeko astirik ez nuen izan; hiru arropa kapa eta buruko kapela nituen jantzita, eta eskuak hotz sentitzen nituen.
Eskaladarako prestatu nintzen, Izar soka luze batekin lotua nuen jadanik, bere ur eta janarekin, eroso egongo zela ez nuen dudarik.


Bidearen krokisak arrakaletarako esku larruak komenigarriak direla azaltzen du, kasu egin nuen aholkuari eta ez nintzen damutu. Horma tentea pitzaduraz josia dago, bidearen sortzaileek zalantzak izango zituzten zein arrakala aukeratu, nik garbi nuen, urrunean ikusten nituen bi baraboltak markatzen zizkidaten bidea.


Aurretik kateatzea lortu nuen luzea, estutu on bat emanda noski, eta ikaragarri gustatu zitzaidan.
Frienak errez kokatzen dira luze honetan, baina kontuak atera behar nituen, joko bat neraman soilik, esku estua izatea eskatzen du situazio honek, ezin duzu nahi bezain beste babestu, bada ez bada teoria.


Bigarren luzeko hasiera hormak txunditu ninduen, ederra eta egingarria ikusten zen, gerora ematen zuena baino gogorragoa suertatu zena. Bigarrengoz, soka goitik nuela, kateatzea lortu nuen. Pitzadura kaos bat da plaka lirain hau, eta zurea egiteko ongi saiatu beharko zara. Era askean igotzeko parabolt marratik pittin bat eskuinera ibili nintzan ni, agian era honetara deseroso sortatu daiteke txapak ipiniz igotzerakoan, baina zuzen askoz gogorragoa da, eta bat dator sortzaileek proposatzen duten zailtasunekin.


Ondorengo zatiak atzera egiten duen diedro bat segitzen du. Diedro honen erdian, parabolt batean, bilera markatzen du krokisak. Nik neure aukerak aztertu ondoren, neraman materiala, aurrera tiratzea erabaki nuen, bi luze batean eginez, izugarrizko tirada ona geratzen da horrela, 45 metro inguru.


Hirugarren luzeak ezkerrera egiten du, kanal zabal batetara, nik kanal hau segitu nuen gailurreraino. Gero ikusi nuen bideak, agian, kanal hau utzi eta ezkerrerago trabeska segituz horma zati konpaktuago batetara iristen dela, horma honen gainean errapela dago.


Atsegina izan zen gailur pikotsuan argazkia egitea, gustuko ditut haitz tontor zorrotz hauek, ez dute lekurik seinale fisikoak jartzeko; harri dorreak, gutunontziak, gurutzeak… beti izango da gozagarria leku ezezagun batetara iritsi zaren sentsazioa.


   Bueltakoan kanal zabala eskalatzen jaitsi nuen beko errapelarte. 
   Izarrek betiko ongietorri beroa eskaini zidan, ahoa irekiz nagiak atera zituen, loaldi gozoa egin zuenaren seinale.


Bakarka egiten diren festek biharamun tristea izaten dute, memoria kolektiboa falta zaie. Inork ez ditu aipatuko, ajearen ondorioak bistakoak dituela, parrandaren xehetasunak; zein ederki pasatu zuen hire dantza frenetikoa ikusten, zenbat barre egin zuen dantzalekuaren pistan hegan ikusi zintuenean, eta festa bukatzear zela bion arteko argazki selfia atera zuenekoa.


Ez, ez dira horrelako gauza garrantzitsuak egongo bakarka egiten den jai batetan. Soilik hik gogoratuko dituk festaren xehetasunak; oztoporik gabe iritsi zitzaizkizun naturaren musika doinuak, argien jolas guratsua eszenategia apaintzen zuenean, koreografiaren zailtasunak, ahalegin handiz dantzatzea lortu zenuena, eta naiz festara bakarrik joan izan ongi pasatu zenuela.