2024(e)ko irailaren 16(a), astelehena
ZIORDIA ERTZA - Larra´s Crack
2024(e)ko maiatzaren 4(a), larunbata
EGINO - TORRE DE LA LEZE / Egino Bizirik/ Direktisima
Bideak ez du galerarik, diedroa jarraitzea besterik ez du. Puntu batean soilik galtzen du kontinuitatea pitzadura honek, pantza moduko pareta tente bat, hau gaindituta berriro diedroan sartzen gara.
Bigarren luze hau deskribatzeko garaian, kilimak egin didala esan dezaket, ezaugarri bereko eskalada-bide askotan lortzen zaila den sabeleko zirrara. Agian oinen azpian neukan hutsune-sentsazioagatik, edo bakarrik eta babesgabe nengoelako horma eder horren aurrean. Ikaragarri ona dela diot, mugimendu bikainak dituela, eta giroa aparta dela, oso tentea, arroka onekoa. Beraz, niretzat, linearen sortzailea ez izan arren, harrotasun puntu bat daukat eskalatzaileentzat oso ona den erronka bat ezagutaraztea lortu dudalako eta, gainera, gozatzea lortu dudalako.
Iñaki Mendizabal bidea errepikatzera eraman dut, eta Oñatikoak nire hitzak berretsi besterik ez ditu egin.
Josemari erakutsi nahi dizkiot egin ditudan aurkikuntzak. Torre de la Leze bezalako horma bat ezagutarazi behar da, kalitate handiko eskalada-bide hauek ezin dira desagertu. Garrantzitsua da beraien proiektua, niri ala iruditzen zait behintzat. Oso lan zaila da Eginoko aitzindarien eskalada epikoak eta gaur egungo ibilbide hiper-seguruak argitalpen berean uztartzea. Ulermena zaila da, bi hizkuntza desberdin hitz egiten dituzte eskalada hauek. Lehena hizkuntza minorizatua da, ia ez du hiztunik, eta besteari arrakastak gainbehera dakarkio; hiper-seguroak diren bideen arteko antzekotasunak kolapsatzera eramango du eskalatzailea, asperdurara.
2023(e)ko martxoaren 9(a), osteguna
ZIORDIA ERTZA - Bidelagun
Proiektuaren berri izan nuen lehen une hartan, harridura sortu ez ezik, beldurrak eta aurreiritziak areagotu ere egin zitzaizkidan, sorkuntza hori egiteko behar bezain duina eta merezia ez nintzela sentiarazi zidan; Euskal Herriko hormarik esanguratsuenean bide berri bat zabaltzea proposatzen ari zitzaidan Aritz, asmo handikoa proiektu horretan bidelagun izatea.
Harrituta begiratu nion, kezkati, leku sakratu batean sartzeko tentatzen ari zitzaidan, eta ni zalantzaz beterik nengoen; - horma hori tenplu bat da, eta txapuza bat egiten badugu? Aritzen azalpenak entzun ondoren, trazatua zein izango zen jakitun izan nintzenean, harrotasun puntu bat piztu zitzaidan, eta proiektuan bidaide izatea erabaki nuen.
Ziordiako ertza, Nafarroan egon arren, Arabako Egino eskalada eskolaren barruan kokatu izan da beti: Iztar-ezur itxura duen bizkarrezur hau 70. hamarkadan izan zen eskalatua lehen aldiz. Saialdi asko, sokada ezberdinen artean, behar izan ziren monolito erraldoia gainditzeko. Ahalegin horretan, gazte ausart horiek, hainbat aldaera ireki zituzten horman zehar, eta gaur egun horietako bat, kirol eskaladarako hornitua izan bai zen, Ziortzako ertza bidea kontsideratzen da.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio badu, laurogeiko hamarkadan Vicente Peralesek idatzi zuen eskalada-gidari begiratu bat ematea proposatzen dizuet, " Egino, paseos en vertical " , eta kontatzen ari natzaizuen honetaz ideia bat egingo duzue.
.
Esaten ari nintzaizuen bezala; Goierrin eskalada bide berrien sorkuntzan murgilduta nengoela, bere antzinako distira berreskuratzeko ahalegin bakarti titaniko batean idortua, eztarri egarritsu baterako ur freskoko trago bat bezala agertu zitzaidan Aritz Azkue (Galdakao 1980); malda astuna igotzen nindoan, zama eta erantzukizun gehiegi motxilan sartuta, ezinean, lehen urrats txarrean oreka galdu eta nire zama guztiarekin hankaz gora erortzeko arriskuan. Aritzek, bere betiko irribarrearekin, bizkar-zorroaren pisua arindu zidan, eta Goierriko eskalada berriro loratzen ikusteko ilusioa partekatu genuen. Horregaitik, magnesioz zikindutako behatz lodi eta itsusi hauekin idatzia uzten dut; eskerrik asko adiskidea. Aipatu beharrekoa da ere, bidearen izena Nerearen ideia izan zela, Aritzen bikotearena.
Laugarren luzearekin hasteko lehendik orratzatik errapelatu behar dugu atzeko muino txikira, hamabost metroko errapela da zelai malkartsuraino. Bidelagun, Ziordia ertza bidearen ezkerretara kokatzen den bilera batetik, zelaian hamar metro beherago, zuhaixka batetan, hasten da.
Esan dudan bezala, deskribatutako hasierako gune bertikala igaro ondoren, helburua goiko sabaia izango da, pasatu egin behar da harri trinko ederreko plaka bat hartzeko. Gainean dauden zuhaitz batzuetan egiten da bilerara.
Bosgarren tiradak bidearen luzerik onena izendatzeko txartelak ditu, naiz eta ez dituen eskalada pauso gogorrenak, mugimendu ikaragarri politak dauzka. Berrogei metro luzera du eta bilera paregabe baten saria dauka bukatzean, erlaitz erosoa artea zuhaitz sendo baten babesean.
Hurrena, seigarrena, gailurraren gertutasuna agerikoa dela, oztopo natural batekin egiten du topo, sabai handi eta lisu bat. Sabaia hau sahiestea helburu duen luze honek, lehen itxurari aurre eginez, kalitate handiko eskalada ezkutatua dauka. Sabai handi honen azpian putreek habia egiten dute. Beraz, umatze-garaia kontuan hartu beharko dugu ahalik eta traba gutxien egiteko. Sabaiaren azpitik igaroko gara zailtasun handirik gabeko eskalada batean, eta metro batzuk gora egitean parabolt batekin egingo dugu topo, hemen bilera egin daiteke, baina aurrera segitzea gomendatzen dut. Luzea hau zapore atsegina uzten duen horietakoa da, gustu naturala dario mugimendu bakoitzeko, zentzumen guztiak asetzea lortzen duen tirada horietako bat. Paraboltetik aurrera diedro ireki eta tente batetik egiten du gora, heldulekuetan eta aseguramendu puntuetan eskuzabala. Erdibidean, diedro irekiak sabai txiki batekin topo egiten duenean, ezkerrera biratzen du horma tente eta pitzatu baterantz. Tarte hori eskalada-mugimendu politak eginez gainditzen da, beste sabai txiki batera eramango gaituztenak, han, eskuinera egiten du zeharkaldi luze batean zelai eseki batera iritsi arte, bilera erosoa muntatzen da bertan.
Azken luzeak, zazpigarrenak, pitzadura zabal eta tente bat erakusten digu aurrean, zelai esekira iritsi garenetik igotzeko irrikan egon garen pitzadura. Aurrez aurre erasoko diogu pitzadura erakargarriari, eskuak bere sakontasunean sartuta; friend on bat eta iltze zahar bat erabiliko ditugu pasabide zail hori babesteko, azken piton hori jada jarrita zegoen eskuineko horman. Hiruzpalau mugimendu egin ondoren, sabai baten azpian, eskuinera egiten du iltze lerro zahar batekin bat egin arte, eta hortik iristen da desiratutako gailurrera.
























