Picos de Europa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Picos de Europa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2026(e)ko martxoaren 28(a), larunbata

TORRE SANTA MARIA DE ENOL - Norte Directa

 

Hor nonbait egongo dira, gauaren iluntasunean ezkutatuta, turista andanaren begirada irritsetik salbu. Picos de Europako lekurik bisitatuenean nago, eta ikuskizun preziatu hau galtzeko arriskua dut. Gau itxian lurrezko pista batetik gora goaz, furgonetaren argi dardaratiek metro gutxi batzuk baino ez dute iluntasuna zulatzen, tarteka errepide ertzean agertzen diren harritzarrak ditut leku enblematiko hau bisitatu izanaren froga bakarra. Hau ez da nahikoa, Covadongako laku famatuetaraino etorri eta selfi bat ez egiteak ez du barkamenik. Berdin zait gure handinahiak gorago eramateak, haran paregabe honen punta garaienera, Torre de Santa Maria de Enol mendi ikaragarrira, norte directa neguko bidea eskalatzea, bidai honetan ez badut Covadongako lakuen argazkirik ateratzen ez naiz Picos de Europan izan. Kezkatuta noa, eserlekuan saltoka, suspensioaren kexaren erritmora, itzuleran ere txartel asko ditugu gau itxia izan eta lakuak lo aurkitzeko. Nola konplikatzen dudan bizitza.


Ordu gutxi batzuk lozakuaren goxotasunean besterik ez generamatzala, gustuen nengoenean, iratzargailuak, beti bezain izorragarri puntual, adostutako ordua dela jakinarazi digu. Ez dut gosaltzeko gogo handirik, ez da asko plater konbinatua afaltzen nengoen, beti, nahi gabe ere, konparaketa absurdoetara eramaten nauen Asturiasko sagardo naturala botella ondoan nuela. Kafea eta madalenak hartzera derrigortu naiz, gauza gutxi Ino irensten ari den ogitartekoarekin konparata.


Motxila bizkarrean zintzilikatzean, eskalatzera goazen hormara iritsi aurretik ditugun lau orduetarako pixutsua iruditu zait. Bi joku friend osoak daramatzagu. Iltzeak, izotz torlojuak, kranpoiak, pioletak, eta lehen zatian mendiko botak montxilaren bi aldetara zintzilik, elurra hasten den punturaino zapatiletan igotzeko asmoa dugu. Eskalada delikatua aurreikusten dugu, garraiatzen dugun guztia beharrezkoa izango da.


La fragua lepoan argitzen du, irriki nengoen momentu hau noiz iritsiko, non nabilen jakin gabe, erdi itsu, ibiltzea ez zait atsegina egiten. Ikuskizun aparta eskaintzen digu, gaurkoan ere huts egin gabe, sortaldetik jaiotzen den argi itsaropentsuak, banan banan inguratzen gaituzten haitzezko erraldoiak forma hartzen doaz.


Lehen begiratuan ederra ikusten dutTorre Santa Maria de Enol ipar aurpegia. Neguaren gordintasunean, izotzak kareharri gris iluneko hormaren arrakala sakonenak estaltzen dituenean, mendi alpinoaren irudi perfektua da, eta niri, gailurra den puntu urrun horretan neure burua imajinatze hutsak desiraz betetzen nau, mundua harri zorrotz horretatik begiratzea behar existentziala bihurtu da.


Norte directa bideak ez dizkigu gauzak erraz jartzen, izotz jauzia, hasierako zatian behintzat, eskasa dago, mengel. Balizko lerroaren bertikalaren eskuinaldean gaude, elur ordeka batean, eta sentsazioa dut hormatik urrun nagoela. Haitz zulo handi bat, leize beltz erraldoi batek mozten digu bidea. Elur tentean, eskuinetik ezkerrera trabesia eginez, harria izotzezko karkaxez zipriztinduta dagoen puntura iristen naiz, eta igotzeari ekiten diot, harkaitzean nire burua babestuz. Zulo iluna bistatik kentzeak lasaitzen nau, eta poliki eta tentuz segitzen dut aurrera, beti ezkerretara eginez. Tirada honen azken zatia guztiz haitzean egiten dut, dagoen izotz apurrak ez du konsistentziarik, harriak, ordea, babesteko aukerak eskeintzen dizkit.


Bilera muntatzen dudanean, Inok, garrasi batean, hurrengo luzea nola dagoen oihukatzen dit. izotz gehiago ikusten dudala esaten diot, itsaropen horretan soka muturrak lotu eta gose dagoen leizearen ertzean galtzen da.
Ez nengoen oker, bigarren tiradak hartzen duen kanalak lehenak baino izotz gehiago du. Ez dago azkar ibiltzeko, baina beldurrik gabe kolpatu daiteke izotza.


Hirugarreneko izotz jauziak, sabaia batean, kontinuitatea galtzen du. Izotz masa bizar zuri bat da, oinarritik lau metrotara zintzilikatzen dena. Albo batera, iseka ari zaigun mingaina balitz, segurtasun gutxi transmititzen duen izotz horma dago. Metro batzuk horma gelatu hortan gora egin ondoren haitzera iristen naiz, eta seguru on batzuk sartzea lortzen dut, nahikoa zintzilik dagoen izotz malkoarekin hasteko. Gogobetekoa zait zati hori gainditzea, zalantzei aurre egin eta oztopoak atzean uztea, asko bete nau.

Orain bai, izotz jauzi sendo eta sano baten barrenean geude, eta nire memoria uzkurtuan atzera eginez, azken neguetan eskalatu ahal izan dudan izotz jauzi dotorena da. Tirada luze bat eginez Inok izotz urdin horma gainditzen du. Soken luzera guztia erabiliz laugarren bilera markesaren kanaleko bilera batean egiten du. 


Norte directa bideak goiko zatian gailurrera zuzen jotzeko aukera ematen du. Hau egingarria izateko kareharrizko horma griseko pitzadurak izotzaz beteak behar dute egon, gaurkoan erabat lehor daude. Markesaren kanal bidetik gora, Ino eta biok aldi berean eskalatzen, iristen gara hainbeste desiratzen dugun mendi puntara.


Horrelako helburu bat lortzearen edo ez lortzearen arteko marra oso estua da. Horma azpian geundela pisuzko arrazoiak ikusi genituen eskalada bertan behera uzteko. Pausoz-pauso aurrera egin genuen, eta, konparaketarik ez duen poztasun batek estali gintuen, hainbeste ziurgabetasunarekin borroka egin ondoren horrelako gailur lirainera iristea ez du parekorik. Harro ginen egindako eskaladaz. Hau bistakoa da gailurrean errioxarrari atera diodan argazkian, Inoren irribarrea, Peña Santa mendi puskaren ipar aurpegi elurtua atzean duela, ez du engainatzen.


Ez da berandu, lasai jaisteko egun argi dexente dugu oraindik, inguru natural paregabe honetaz gozatzeko, eta hori egiten dugu, presarik gabe jaitsi. 
Ilunabarrean, argia bere ihes tristean lurrazala itzal ilunez estaltzen duenean, Covadongako lakuak letargia egoeran sartzen dira.
Furgonetaren erosotasunean berriro, ur-azal beltzaren ertzeko pistan behera goaz. Argazki kamera eskuan dut, Torre Santa Maria de Enol mendi multzoari argazki ikusgarria atera berri diot elur zuriaren distira itzaltzen ari zaion bitartean. Pistan aurrera noa laku ilunari begirada kendu gabe. Aintzira beltzaren erdian igerian dauden bi ahateak apenas bereizten dira ur itzalian, argia oso ahula da. Errepide zulatuan aurrera jarraitzen dugu eta oraindik ez dut liluratzen nauen momentua aurkitu. Astiro ibilgailuak lakuaren magala igotzen du, eta nire begirada galdua erreakzionatzen duenerako muinoaren beste aldean gaude, Covadongako lakuak atzean utzi ditugu.
Esku-hutsik bueltatzen naiz etxera, ez daramat Picos de Europako leku famatuenaren argazkirik. Behatza mugitu besterik ez nuen egin behar, eta nirea izango zen. Baina ez nau bete ikusten ari nintzanak. Itzuliko naiz, oinez edo txirrinduaren pedalei astintzen, bueltatuko naiz, zelai berde hauek berriro bisitatuko ditut. 
Orduan bai, nire ahaleginaren emaitzagaitik lakuei begira nagoenean, ni beteago sentituko naiz eta beste argi batek aintzira zoragarri hauek argituko ditu, orduan nire argazki-kameraren hondoan jasoko ditut.






 




































2025(e)ko ekainaren 15(a), igandea

TORRECERREDO - Mala Tierra / PICU URRIELLU - Almirante

 

Harrizko galtzada estuaren ezkerreko ertz ilunak nire frontalaren argi herabea irensten zuen. Horma bat falta zitzaion tunel ilun batetik nindoan. Espazio huts hartatik ur jario hots zaratatsu eta fresko bat iristen zitzaidan, eta harekin batera irudi garden bat proiektatzen zen nire buruan, handitasun eta leku bakar batean nengoen errepresentazioa. Nire ikusmenak behera egin zuen, baina ez entzumenarenak. Eta horrela, niretzat normala ez den modu batean, bide ikusgarri honetaz gozatzen ari nintzen. Hori, eta bakarrik geundela Cares harroilko galtzada beti jendetsuan.


Goizeko laurak ez dira ezertarako orduak, eta are gutxiago bisita turistikoa egiteko, zure selfie-aren hondoa ilun aterako da beti. Pentsa dezakezuen bezala, parekorik ez duen leku horretan gure presentzia zirkunstantziala zen, asmo handiagoko proiektu baten parte. 
Intentzio horien berri eman zidan Iñaki Mendizabalek Ordiziako Garagartza plazako taberna bateko terrazan trago bat hartzen ari ginela, eta asmo hauek nire etxeko zereginetara ondo egokitzen zirenez, asko pentsatu gabe horrelako erronka bat egiteko gai izango nintzatekeen, nirekin kontatzeko esan nion oñatiarrari.
Iurretako aparkalekura iritsi nintzenean, autobidearen ondoan, Alberto Fernandez eta Iñaki ez ziren konturatu ere egin. Biak eztabaidan ari ziren, burua makurtuta, telefonoetako pantailetan agertzen ziren mapei begira. Han ikusi nuen onena ateratzen zidatena jatea zela.


Klaustrofobiaren sentsazioa moteldu egin zen Cain herrira iristear ginela; azken kilometroetan asko estutu zen arroila, eta orain haran zabal eta malkartsu bat zabaltzen zen gure aurrean, urrunean, egun berriaren argitan, tontor beldurgarri eta latzezko siluetak kontrargian agertzen ziren.
Canal Dobresegros du izena, eta gure atzean utzia genuen Cares arroila bere edertasunagatik ezaguna bada, ibar tente hau bere luzera eta zailtasunagatik da famatua.
Malda astuna sigi-sagan igotzen duen bidexka, gogorra eta neketsua da. Arrazoi garrantzitsu bat izan behar da amaigabeko igoera horri ekiteko. Gurea, Torrecerredo da, Picos de Europako gailurra, eta bere mendebal aurpegi ikusgarrian eskalada bide intimidatzaile bat saiatzea.


Arintasuna zen giltza burutu nahi genuen erronka hau egin ahal izateko, garraiatu behar genuen materialeari garrantzia handia eman behar zitzaion. Nik, hasteko, ganbarako armairuan gordea nuen motxila bat berreskuratu nuen. Urteak dira Kanuk eskuz egin zuen motxila arina erabiltzen ez nuela, hogeitamar urtetik gora dituen motxila batetaz ari gara, eta beste petate eta poltsa artetik atera nuenean konturatu nintzen oraindik egoera oso onean zegoela.
Hiruko sokada izateak ere zertxobait arintzen du bizkarrean eraman behar den zama, eskaladan behar den materiala hiruen artean banatzen da.
Erronkaren erdian aterpea egotea luxu bat da, ez duzu gaua pasatzeko, eta otorduak egiteko, gauzak garraiatu beharrik. Urrielluko aterpean erreserba egina genuen.

Escalada en roca en los Picos de Europa liburu xarmagarritik ateratako krokisa.

Minutuetan ez baina bai esfortzuan kalkulatu dezakedan denboran, bat batean paisaia aldatu zen, ate bat gurutzatu bagenuen bezala. Malda astunak, igo-ezin mendi puntaz betetako ibar luze batean utzi gintuen, eta honen zaindari, Torrecerredo mendebal aurpegi ikusgarria.
Azkar bilatu genuen horma gris konpaktuan “Mala Tierra” bidea. Gehiago kostatu zitzaigun pareta handiaren oinarrira iristea. Gose sumatzen zen elur pala luze bat gainditu behar izan genuen. Albertok eta Iñakik zapatila hutsean igo zuten. Nik, kranpoiak haraino eramateko ahalegina alferrian ez uzteagatik, eta, azkenetan dauden elurzulo hauek duintasunez agurtzeagatik, altzairuzko punta zorrotzak erantsi nizkien zapatilei.


Sei orduko ibilaldi bat egin ondoren eskalatzeko gogoa izatea zaila da, niri kostatu egin zitzaidan katuoinak janztea, nekeak eskaladarako behar duzun txispa kentzen dizu. Ez geunden lo geratzeko moduan, arratseko zortziretako Urrielluko aterpean egon behar genuen, ordu horretan afaltzen da, egon edo ez egon, oso zorrotzak dira. Beraz, gure tripa hustuen laguntza deiari kasu eginez, Iñaki azkar hasi zen harkaitzean gora igotzen.
Eskalatzaile batek "Mala Tierra" bidearen krokisa ikusiko balu, zailtasun fisikorik ez duela esango luke, eta hori horrela da. Eskalada bide honek duena, modu eredugarrian ireki zena, zailtasun psiskologiko handia da. Arroka gris trinkoan zehar aurrerapena babesteko, espit pare bat besterik ez zuten behar izan, eta hau, gure mendi eskalada ulertzeko moduan, laudagarria da.


Mendiko eskalada modernoan, eskalatzaileek zuzen joateko ohitura dute beren sorkuntzak egiterakoan. Konfiantza handia jartzen dute beren indar fisikoan eta zulagailuan edozein estualditik ateratzeko. Aurreko eskalatzaileek ez zuten horrelako indar fisikorik eta teknologiarik. Gabezia hori horma ongi irakurriz konpentsatzen zuten, eta nola ez, trebetasunez eta adorez. Horretan, "Mala Tierra" sortu zuten Kantabriako eskalatzaile bikotea, Picos de Europa mendilerroan zehar beste hainbat bide ezin hobetan erakutsi duten bezala, maisuak ziren. Bilera-irteera horiek, zeharkaldian, non beti geratzen zaizun zalantza zer den hobea, sokan lehenengo joatea edo bigarren, pazientziaz, ahalik eta pausorik errazenaren bila, babes zaitezkeela aurreikusi duzun eremu horretara iritsi eta, arnesetik zintzilik daramatzagun tresna horiek, gure bizitza alderraia zor dieguna, kokatzeko. Ez dut inoiz ahaztuko eskalatzaile gisa geratzen zaidan denbora honetan.


Erritmo onean gindoazela eta afaritarako garaiz iritsiko ginela jakiteak asko lasaitu gintuen.

Arratseko bostetan tontor harritsuaren gainean ginen. Eskalada osoan zehar hezurretaraino sartzen zitzaigun haize hotza zertxo bat baretu zen amildegitk atera ginenean. Honek bidea eman zigun harri biluziaren gainean esertzeko eta momentuaz lasaiago gozatzeko. Ikuskizun aparta zen, Picos de Europako tontor guztiak gure oinetan genituen. Gehien liluratu ninduena Cain haranaren beste aldean hainbeste estimatzen dudan Peña Santaren gailurra ikustea izan zen.


Ezin dut baloratu gailur enblematikotik Urrielluko aterpetxearen sarreran dagoen egurrezko bankuan eserita egotera eraman gintuen bidea luzea edo laburra den, neketsua izan zela bai. 
Aulkian jesarrita, laino bidaiarien artetik tarteka ateratzen zen eguzki lotsatiaz gozatzen ari ginela, topaldi polita izan genuen. Aterpeko terrazan sakabanatutako gure ondasun apurrak zapaltzea saihestuz, Javier Sáenz igaro zen, eskalatu berri genuen bidearen egilea. Lehen pasaldian ez genion ezer esan, ausardi gehiago erakusten dugu friend-a oinen azpitik dugunean. Bigarrenean izan zen, edo agian hirugarrenean, agurtu genuela. Eta ez dakit nori egin zion ilusio gehiago, berari ala guri. Oso polita izan zen, konplizitate hizketaldi bat, ohore bat eskalatzaile puska horrekin hitz egitea, eta Picu Urrielluren azpian, itzel.


Logela huts batean oheratu nintzen leiho estu batetik argia sartzen ari zela. ordubete ondoren ez zen horrela izango, aterpeko ohatze guztiak beteta zeuden. Goizeko lau t'erdietan geratu ginen gosaltzeko. Nik ez nuen garbi altxatuto nintzenik, gau zelan pasatzen nuen erabakiko zuen eskalatzea joan edo ez.
Ongi lo egin nuen, deskantsatua altxatu nintzen, gau motzean norbait zurrungan ibili bazen nik ez nuen entzun, nire marruak ere ez.

Victor Sanchezen krokisa. Katuoinekin blogetik hartua.

Pareta azpira iristear ginela zerua tonu grisaxka hartzen hasi zen, hala ere, Almirante bideak Rabada-Navarro bidearekin partekatzen duen lehen luzea argi frontalen laguntzaz igo genuen. Eta lehen bilera honetan, aipatu ditudan bi bideak banandutzen diren puntuan, hartu genuen zirkular hau letra handiz idazteko azken erabakia, eta honen testigu dira Maialen eta Tatxen, Rabada igotzeko asmotan gure atzetik zetozenak. Zergaitik ez gara Bulnes herritik kotxeraino jaisten? Bota zuen Albertok Iñaki bigarren luzean aurrera segi zezan soka ematen zion bitartean. Niri, eta benetan diot, ilusio handia egin zidan horrek, eta indarberrituta sentitu nintzen hasi berri genuen eskaladarekin jarraitzeko. Ez nuen ezagutzen, eta ezagutu nahi nuen, eskalatu dudan haitzezko horma politenetako bati behin izena jartzeko ohorea izan zuen herria.


Dena ondo zihoan hasiera horretan, ezer aipagarririk ez, eskaladaren kalitatea goraipatzea ez bada, edo hego-mendebaldeko haize zakarrak, gure gorputz nekatuak hozteaz gain, lainoekin jolasten zuela tarteka dena estaltzera.
Tiros de Torca izeneko erlaitz zabalaren ondoren, azaltzea merezi duen gertaera bat gertatu zitzaigun, eta hanka sartze hori gainditu ondoren, gure artean brometan hasi ginen, Almirante bidea eskalatu genuela espansiborik txapatu gabe: zazpigarren tirada krokis zehazgabeari begiratu gabe hasi nuen, atera berria nintzen bilera gure bidekoa ote zen zalantzan, eta nire bi kordadakideen arteko eztabaida pean, gure buruen gainean ikusten genuen material finkoa, buril zahar bat edo beste, gure bidekoak ote ziren ala ez. Nire senari jarraitu nion eta berrogei metro gorago bilera oihukatu nuen. Hori izan zen errazena. Iñaki bilerara iritsi orduko, oker nengoela erritan hasi zitzaidan. Gero Aberto etorri zen, eta ez zuen hitzik egin, baina begiradak dena esaten zuen. Nik, berriz, “Cuélebre” bideko bilera hartatik irteteko plana nuen. Hona ekarri ninduen haitzezko plaka zalantzagarriari jarraitu, eta, ondoren, ezkerretara, gure bidearen bilerara iristeko. Nire lagunek zalantza handiak zituzten, baina, nik egin behar nuenez, marmar artean utzi zidaten. Esandakoa, burilik gabeko aldaera, nahi gabean.


Hurrengo luzea, generaman krokisean zortzigarrena, 7a markatzen duen hori, azalpenak behar ditu ere. Sabai handi bat da eskalatzen igotzeko bi aukera dituena. Ezkerretik 7a omen da, begibistara ez zitzaidan erakargarria egin. Eskubitik, aldiz, naiz eta agian atzeraka gehiago bota, eta ziur era askean gogorragoa den, bi haitz zubietan kokatuak dauden kordinoak gehio bultzatu ninduten hortik saiatzea. Gustatu zitzaidan, gozatu nuen, era artifizialean igo nuen, ez dut uste sekula galduko dudanik kokatu dudan eta zalantzazkoa egiten zaidan katxarro batetik zintzilikatzerako zirrara.


Azkar, baina luze egin zitzaigun denboran, “Almirante” bideko azken lau luzeak igo genituen. Jakak jantzita, hotzak uzkurtuta, bileratik zintzilik, horrexek moteldu zuen denboraren erritmoa.
Gailurrean, leku aparta horretaz disfrutatzeko gure denbora hartu genuen. Horma eta bide kateatze bat egiten ari ginen, baina ez ordulariari begira, kronometratzen, desafio hau kontrakoa zen, ahalik eta denbora gehien pasatu mendian.


Hego aurpegiko rapeletatik jaitsi ginen, aterpean utzitako gauzak jaso genituen, eta bide ezezaguna hartu genuen gure jakin-mina asetzeko, ikuitzen zuen guztia bustitzen zuen laino trinko batean murgilduta. Ez dut bide malkartsu hau deskribatuko, ez dut ahalmen hori, soilik aipatuko dut Urriellora iristeko bi bideak, Pandebanos eta Bulnes, azukrea eta gatza bezalakoak direla, ez dutela inolako antzik. Bai, esango dizuet, bi orduko jaitsiera gogorraren ondoren, Bulnesko teilatu gorri eta harrizko horma sendoen artean ibiltzeak, urrutiko lurretara eraman ninduela, mendilerro garrantzitsuagoetan izaten ditudan sentsazioak izan zirela. Nire ametsak ez zuen luze iraun, trenean igo ziren eta terraza erosoetan eserita zeuden turistekin topo egin nuenean errealitatera itzuli nintzen.


Eta honekin, medizaleen istorioa honetako amaiera iritsi gea, mendi erronka guztiak amaitu behar duten moduan, Arenas de Cabraleseko taberna bateko mahaiaren inguruan mokadua egiten, hemen behintzat ohitura hori dugu, sabel hustuak berriro ondo betetzekoa, bizi izandako bizipenak barre-bolumenetan neurtzen ditugun bitartean.





























































2024(e)ko urriaren 5(a), larunbata

Neveron del Albo - La Puerta de Atras / Neveron de Urriellu - Maldita Vecindad

 


Ez zen nahita izan, erabaki hori hartzera behartu gintuzten. 

Egia da, baita ere, bidaia hasteko furgonetara igo ginenean, beste asmo askoren artean, aukera hori han zegoela, baina alferkeriaz, kilometro amaigabeen ondorioz, buruan geneuzkan obzioen artean erosoena nagusitu zen.

Tamalez, bizi dugun errealitatea beste bat da.
Larunbat eguerdian Poncebosko bidegurutzera iritsi ginenean, zeina autoz beteta zegoen, eta Careserako bidea ixten zuten basozainek esan ziguten ezin ginela igaro, jendetzatik gehien ihes egiten zuen aukeraren alde egin genuen.


Esan behar dut beldurrez hartu genuela mendi malkartsuetarako errepidea, dagoeneko zalantzan jarria dut gailurretako bakardade goretsia. 
Pandebanosen antzeko zerbait gertatzeko probabilitatea zegoen. Aurreko egunetako eguraldi txarra, eta asteburuko aurreikuspen ez oso motibagarriak, itxaropen izpia ematen zigun.


Urrielluko ibarrean, beti lasaiagoa den aukeraren alde egin genuen ere, kanpoan kanpatzea. Vivac gunean kokatu ginen; Iñakik eta Markelek harkaitzezko bloke handi baten azpian egingo zuten lo, eta nik, igo nuen denda arinaren intimitatean.


Ez zen nahita izan, zer eskalatu aukeratzera behartu gintuen. 

Gaua aurrera zihoan nire denda ahula astintzen hasi zenean. Halako zarata egiten zuen haizearen haserreak aterpeko olana berdea astintzean, nire lagunak, hartz-gordelekuan babestuta, kezkatzen hasi zirela. 
Hurrengo goizean, gau txarra igaro duen pertsona baten aurpegiarekin jaiki nintzenean, azaldu egin behar izan nien. < < Zergatik ez zinen gurekin zuloan sartu? < < Hain gustura nengoen lo-zakuaren gozotasunean, ez nintzela altxatuko Picu Urriellu erorita ere.
Beraz, hego haize bortitzak bultzatu gintuen Picu Urriellu mendebaldeko horma hotzean ez sartzera.


Gure eskalada-irrika baretzeko haizearen babesean zegoen horma bat izan behar zuen. Azkenean, Urriellora urte askoan igo ondoren, Picuren eragina behingoz gainditu eta urrutiko lepoko ate zirraragarria zeharkatzeko aukera zabaldu zitzaidan.
Telefonoan Neveron del Albo-ko argazki bat genuen, "La puerta de atras" bidearena, Cholotarren liburu bikainetik hartua.


Eguzki argi indartsu baten pean Corona el Rasuren lepoa zeharkatu ondoren, Picu Urrielloren horma liraina kontraargiaz lausoturik, gure aurrean agertu zen ikuspegia gailur harritsuen eztanda bizigarria izan zen. Atzeko atea gurutzatu berria genuen, eta Neveron de Urriellu mendiaren iparraldeko hegal malkartsua zeharkatzen duen bidezidor nabarmenetik desagertu ginen, Picos de Europa mendien bihotzean sartuz.




Ez da zaila Pico del Albo identifikatzea, Pandebanos lepora iristen zarenetik mendi puska begi bistan duzu. Hau jakinda, ez zitzaigun zaila egin Neveron del Albo kokatzea haitz masa handi horren barruan. Horma griserantz jaisten hasteko unea zela uste izan genuenean, bide zabala utzi eta mendian behera abiatu ginen.



Iñakiren ahots irmoa nagusitu zen gure pauso orekagabeak harrikaritik jaistean sortzen zuten zarataren gainean. << Kaka zaharra, bustia dago. Eta bai, lehen begiratuan, horma ikaragarrian eskalada-bide bat irekitzeko aukerarik nabarmenenak hezetasun-orban beltz luze bat zuen. Egoera kezkagarriak horma lisua hobeto aztertzera behartu gintuen, eta begira nondik ikusten dugun kantabriar kordada ohiko lerrotik ateratzen dela, horman sartzen direla plaka trinkoak gaindituz, eta gero arroka grisezko itsaso batek irensten dituela.



Bi gauza bideaz nire iritzia eman aurretik; ez gutxietsi krokisean agertzen diren zailtasunak, kanal zabalaren gainean dagoen azken bilera iristean eskalada-bide handi bat igo duzun sentsazioa izango duzu. Eta, oinak txikituta edukitzeaz gain, zeren; zehaztasun handiaz zapaldu behar da haiekin harkaitz lisoan zehar lebitatzeko, gerria txikituta edukiko duzu bilera deserosoetatik zintzilik egoteagatik, ez dago erlaitz txikirik bide osoan.


Argi dago, eskalada-bide bikain hau zeharkatzean, irekitzaileek dena eman zutela hain horma eder eta zorrotza hain modu soilean igotzeko. Ez da sobratzen seguru finkorik, harrizko zubi errakitikoren bat izan ezik. Faltan bota dezakeguna, izaera lasaikoak ez bagara, adorea da, ezaugarri horrek eramango gaitu hormaren goialdera.
Cholotarren aurrean kapela kentzen dut. Pasioaren muturrera eramandako eskalada hauek merezi duten eskalatzaile handien ospea eman diete.


Ez zen nahita izan, atseden gehiago hartzera behartuak geunden.
Haize bortitzaren aitzakiak ez zuen balio goiz hartako argitasunarekin. Baldintza okerragoetan genuen Picu Urrielloko mendebaldeko horma igota, aurreko eguneko jipoiak bere pisua izan zuen gure planak beste horma batera desbideratzeko.


Harrizko blokearen azpiko zoru gogorretik, burua pixka bat altxatzearekin bakarrik, argi eta garbi ikus nezakeen egun hartan igo nahi genuen horma, Neveron de Urriello, eta haren ekialdeko aurpegian, eguzki berriak argituta, "Maldita vecindad" bidea. 
Oraingoan ere Cholotarren bide bat aukeratu genuen, ez bakarrik kalitate zigilua bermatua duelako, baizik eta Kantabriako eskalatzaile hauek Picu Urrielluren orbitan bide asko ireki zituztelako.


Guk aukeratutako bideak "Los Celtas" -ekin partekatzen du sarrera, eta bidelagunak dira bi luzetan zehar. Bi bide horiek diedro bikaina dute komunean; gero, hirugarren tiradan, banandu egiten dira, gurea zuzen doa eta bestea ezkerrera.



Berriro ere txalogarriak iruditu zaizkit bide bikain honen luze guztiak. Egia da osagai onekin beti aterako dela ona paella, baina aparta izateko sukaldariak eskua izan behar du, eta hauek Master Chefak dira. Goiko horman dagoen arroka grisezko plaka trinkoa, kanalizo ugariz zizelatua, gozamena dira eskalatzailearentzat eta gustu onarentzat, bere egoera naturalean aurkitzen baitituzu.





Arratsaldea sartu berritan iritsi ginen gailurrera, zonaldeaz gozatzeko denbora nahikoarekin. Neveron de Urriellu behatoki aparta da. Hemendik tontor guztiak ikusten dira, oihal baten zimurrak bezala. Eta gailurren leherketa honetan konturatzen zara inor ez dela nabarmentzen bestearen gainetik. Itxuran aldeak badituzte, bat bestea baino zorrotzagoa da, edo zabalagoa, baina ez altuagoa, denak garaiera antzekoa dute. Pluraltasun horrek, nire ustez, ez ditu igoera guztiak mendi batean zentralizatu, beste leku askotan gertatzen den bezala, non gailur batek mendizaleen uholdea jasaten duen, hemen denak antzekoak dira.
Isilik, ertz zorrotzak zeharkatuz, harkaitzetan behera, askatasuna arnastuz, behe-haranerako bidea hartu genuen.


Ez da nahita izan, eguraldi txarrak behartu nau.
Leiho zabalaren beste aldean euri etengabeak zuhaitzen hostoak jotzen ditu soinu erlaxagarri bat sortuz. Ni, leiho horretatik paisaia berdeari begira, gorputza oraindik nekaturik, mendiko kronika bat idazten saiatzen ari naiz. Ez zait erraza egiten aurrean dudan mihisea nire burmuinean ditudan bizipenekin margotzea, bizitakoaren marrazki zehatza egitea, sentsazio bakoitzerako koloreak aukeratzea, uholde handi batek irauten duena eraman diezadake margolana bukatzea.
Kolore primarioak erabiltzen ditut nik kronika abstraktu hauek egiteko; kolore gorria eskalada-bideen emozioa marrazteko da, kolore biziz plasmatzen dut ezezagunak sentiarazten didana. Urdina, deskribatzen saiatzen naizen leku horretan egoteak sortzen didan ilusioa irudikatzeko erabiltzen dut, egindako ahalegin guztiak merezi duen mezua helarazi nahi du. Eta horiaren beroak laguntasuna adierazi nahi du, mendizaletasunaren zutabe indartsuena, adiskidetasuna.
Beraz, orain, dudan pintzelik lodiena pintura horiko potoan sartzen dut, eta ondo busti ondoren, traza handiz marrazten dut; << eskerrik asko Iñaki eta Markel margolan hau posible egiteagatik.