Aspe etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Aspe etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020(e)ko irailaren 10(a), osteguna

ASPE - Anaya

 


Harritua geratu nintzen ikusi nuenean, ez dira oikoak taberna iskin hormetan eskegita aurkitzea, koadroak balira bezala, eta bitxikeri hau atsegina egin zitzaidan.
Kirol batzuetan ohikoagoak dira horrelako oroigarriak; nork ez ditu ikusi Euskal Herriko tabernetan zintzilik, aretoko horma garrantzitsuenean gainera, Marino Lejarreta txirrindulariaren argazkiak, eskertza zintzo bat sinatuaz. Edo futbol taldeen posterrak, jokalari guztiak bata bestearen ondoan serio daudela, taberna barrako leku hobenean, aldare batean baleude bezala.
Iñaki Perurena ere ohikoa da tabernetako zintzilikarioetan, hirurehun kiloko harri zahar bat bizkarrean altxatzen ari dela ageri da beti, ahalegin basatiak irribarrea ahotik kentzen ez diola. Baina eskalada bide baten krokisa taberna horma batean eskegita sekula ez nuen ikusia nik.



   Pirinioetara joan etorrian geldialdia derrigorrezkoa izan dugu beti, kafe azkarra hartzeko, edo bokata lasai bat jateko, beti egin zaio tarte bat ohitura oni.
   Eskalada egun emankor horietako baten ostean bokata bila geratu ginen Puente la Reinan dagoen Anaya tabernan. Ez zegoen inor barran eta itxaron aldia luzea egiten ari zitzaigun, gose geunden. Ez dut gogoratzen ikusten lehena ni izan nintzen, edo egun horretan nirekin zegoen laguna izan ote zen, buruan dut biok batera gerturatu ginela horman eskegia zegoen koadro bitxi hori aztertzera, eta tentuz begiratu genuela partekatzen zuen informazioa, argazki handi batean Aspe mendiaren hego horma ageri zen, Anaya eskalada bidearen krokisa zuen marraztua.



Bakarka saiatzeko asmoa nuen Anaya bidea, soka lagun bila dei batzuk egin ondoren B plana zen hau. Azken orduan Xabi elkartu zitzaidan ahalegin horretara, Nerearekin aterata zegoen bi jai egunak pasatzera, Nerea prest zegoen eskaladak irauten zuen ordu luze horietan zain egoteko; muxu handi bat zuretzako Nerea. 
Xabierren deia atseginez jaso nuen, furgoneta martxan jartzen ari nintzan unean izan zen, Aisan geratu ginen afaltzeko.



Gogoko dut Aisa, Pirinioetako herri asko bezala, gustu handiz dastatzen dut isurtzen duten lasaitasuna, heldutasunaren patxada dela iruditzen zait.
Naiz eta Aisa, Aspe mendiaren magalean ezkutatua egon, astebururo mendizale andana hurbiltzen zaio, herriko egunerokoa hankaz gora jarriaz. Mendizaletasuna gehitzen doan kirola da.



Gure furgoneta langa ondoan utzi genuenerako kotxe ilara luzea zegoen bidearen bi alboetara, lasai ibili ginen goizean, Nereak gurekin egin behar zuen Aspe hego hormako hurbiltzea, ondoren irakurtzen lasai geratzeko asmoa zuen, honek eskalada burutzeko presa zertxobait arintzen zuen.



Atzetik, hurbiltze bidean, lauko sokada zetorren. Aisako lepoan hasten den "murciélagos" ertzan pare bat zenbiltzan. Aspeko hego hormaren azpira iritxi ginenean bi sokada zeuden beraien igoerekin hasten. Ez nuen espero horrelako Pirineismorako afiziorik.
Hego hormako horietako sokada bat Anaya bidean zegoen. Sorpresa gozoa izan zen Iosu Ulazia eta Igor Lasa zirela konturatu nintzenean, horrelako ezusteak atseginak ditut, ez dut imajinatzen leku hoberik lagun zaharrak agurtzeko.




Asko gustatu zitzaigun Anaya bidea Xabier eta niri, bidea ongi trazatua dagoela iruditzen zaigu, bati bat lehen partean, ez baita erraza kalitatezko horma bilatzea zati horretan.




Hirugarren luzearen azken zatian, bideak eskuinera trabeska nabarmen bat egiten du, guk bilera bat inprobisatu beharrean izan ginen, ezin izan genuen luzea bukatu, friend eta fisureroz muntatu genuen bilera diedro batean. Sokak kriston igurtzimendua egiten zuen, nahiago izan genuen aukera hau erabili. Ondorengo luzea pareta gorriaren azpiraino egin genuen, zelaitxoan dagoen bloke handia arte.




Bigarren zatiko arroka gorriak eskaintzen duen eskalada ezin hobea da, gozatu egin genuen arrakala leun horiek igotzen. Txalotzekoa iruditzen zait, zati honetan, sortzaileek egiten duten seguru mugikorren erabilpena, bi luze oso, bilera barne, seguru fixorik sartu gabe, ez da ohikoa, are gutxiago klasiko bihurtu den bide batetan.



Jaitsiera beste gauza bat izan zen, zerua erori zitzaidan gainera, ezin nuen sinetsi begi bistan nuena, sutan jarri nintzan. Xabier atzetik haluzinatua zetorren, ez zen gutxiagorako nire maldizio erretolika entzunda.
Ba dira gustu txarrez eginiko gauza asko, ikustearekin soilik begietan min egiten dizuten horietakoak, hau horrelako bat da; errapeletara eramaten zaituzten pintura marka gorriaz ari natzaizue.


Ba dakit zertarako sortuak izan diren marka horiek, zein funtzio bete nahi duten, baina uste dut ez direla beharrezko, inguruari izugarrizko kaltea egin diotelako, leku eder hau zatartzen dutelako, egoismo hutsa da; ez al dira aski beti erabili izan ditugun harri dorreak? hitoak?, lekua ez da hain konplikatua, errapelak dauden lepoa bilatzeak ez du arazorik. Noski, lehenik krokisa begiratu, edo gurekin hartu behar izan dugu, eta dirudi hau lan nekeza dela.


Errapelen kanal hau Aspera igotzeko ohiko bide bat da, neguko baldintzetan bati bat, eskalada gidatan azaltzen da. Hego horma eskalatu ondoren jaisteko erabilia izan da ere, "hitoak" or daude; zer beharra dago marka itsusi horiek egiteko? Espero dut pinturarena joera ez bihurtzea, bestela gureak egin du.


Asko gustatu zait Anaya bidea, benetan gozatu egin genuen Xabi eta biok, Aspeko hego horma aurkikuntza zoragarri bat izan da niretzako.













 












 

 




2020(e)ko urtarrilaren 9(a), osteguna

ASPE-Edil / PALA DE IP-Ursi


   
   Mendiak asko ematen digu, baina kentzen ere badaki. Mendiaren bueltan hasi nintzen Nanorekin harremanetan, eta mendiak bera pertsonalki ezagutzeko aukera ezabatu dit.
   Ez nuen Nano aurrez agurtzeko paradarik izan, gure harremana telefono eta Whatsapp bitartez izan zen soilik, gaur egun ziber laguna deituko genioke.


   Eskalada gida baten bueltan idatzi zidan lehengoz Nanok, euskaraz idatzia zegoen Whatsappa bidali zidan, bitxia egin zitzaidan. Nano Bisaurin bailarako eskalada gida bat prestatzen ari zen, Zuriza inguruan zabalduak ditudan bide batzuk sartu nahi zituen gida horretan, libururako textu bat idazteko ere eskatu zidan. 
   Nano Zaragozan jaioa zen, eta Aragues Del Puerton zuen bizilekua, mendi gidari bezala irabazten zuen ogia. Nanok euskaraz egiten zuen, euskalduna zen alegia.
   Nanorekin izan nuen azken harremana, Whatsappez hau ere, Bisaurin inguruan bide berri bat zabaltzea gonbidatu nuen unean izan zen, ez zen posible izan, Nepalera zihoala erantzun zidan, Himlung mendira.
   Berri txarrak buelta ziran gailur zurien erreinutik, Nanok ezbehar baten ondorioz bizia galdu zuen, Himlung puntatik jaisten ari zela suertatu zen zorigaitza, kolpe handia izan zen askorentzat.
Doluak behartzen duen samin denbora ondoren, iristen joan zaizkit Nanoren bizitza gorabeheratsuaren pasarte batzuk, ezagutzen ez nituen ibilera konprometitu eta irekiaren adibideak.
   Nanok ez zuen bizitza arruntaren aldeko apustua egin, askatasuna eta gutxiengo taldeen eskubidegatik borrokak mugitu zituen bere oinak.
   Nano Kurdistan herrian ibili zen brigadista moduan, Hevale Cita zen bere borrokalari izena, Rojavan egon omen zen, Siriako Kurdistan probintzian, eta Raqqa askatzeko borroka gogorretan parte hartu zuen Kurduei laguntzen. Anai mendia omen da Hevale Cita Kurdo hitzaren esanahia.


   Mendiak Joseba Iztueta ezagutzeko aukera eman dit, Gabiria herriko semea, Goierritarra, nik asko estimatzen dudan gertutasuna, herritar batekin alpinismo ona egiteko aukera ez dut aspaldian izan.


   Josebarekin egin ditudan lehen eskaladak Candanchu aldera eraman digu, bi bide kateatu nahi genituen egunean, Intermission eta Edil. 
   Elkarrekiko izan genezakeen kezka eta zalantza baztertua geratu zen lehen pioleta kolpearekin batera, baldintza ezin hobeak ziran izotz eskaladarako eta, gehien gustuko genuena egiten ari giñan, eskalatzen. Intermission bidetik hasi genuen gure kateatzea, Tortiellas paretan dagoen bide bat dugu hau, klasiko bihurtu da azken urteetan, oso gerturatze motza eta erosoa dauka, zailtasun baxua du ere.


  
   Ziztu batean igo genuen intermission, izotz eskaladaz gozatzen. Gailurreko ertzera iritsi ginenean, gure aurrean, airoso, Aspe mendi ederraren ipar aurpegia azaldu zitzaigun, helburua genuen. Ondo elurtuta zegoen Edil bidea, marra zuria nabarmen ikusten zen. Rabada eta Navarro eskalatzaile mitiko Aragonesak zabaldu zuten bide hau. Sokada mañoak udan igo zuten Aspeko ipar aurpegia, gaur egun neguan egiten da gehien bat, urtaro hotzak ematen dio bideari kalitatea, Pirinioetako negu bideen onenen zerrendan sartzerainokoa.



   Edil bideak bere hasieran luze zail bat du, tetxoaren tirada. Mixto eskalada da, M6 zailtasuna dauka, besoak ondo berotzen dizkizun horietakoa. Sabai honen ondoren izotz marra paregabe bat hasten da, zailtasun handirik gabe eskalada zoragarri bat oparitzen duena, kutsu alpinoz betea dago mendi kuttun hau.
   Ez zen lehen aldia Aspe mendiko bide on honetara etortzen nintzela, orain urte dezente bakarka saiatu nintzen Edil igotzen, tetxoko luzea eskalatu ondoren jaitsi egin nintzan, baldintzak orduan ez ziran oraingoan aurkitu ditugunak bezalakoak.


   Josebarekin egin dudan bigarren irteerak Pala de Ip mendira eraman gaitu, Ursi bidera. Aurtengo negu hasiera honetan, Pirinio mendietan dauden alpinismo baldintza ezin hobeak aprobetxatu nahian etorri gara.


   Ez zen lehen aldia ere bide honetara nentorrela, bakarka sartua nintzen negu gorrian. Gogoratzen dut lehorragoa aurkitu nuela pareta, lehen zatiko luzeekin latz borrokatu nuela, eta ondoren, lehen elur zelaira iritsi nintzenean, egoeraz gehiegi pentsatzearen ondorioz jaitsi egin nintzela.


   Beste itxura bat azaltzen zuen oraingoan Ursi bideak, elurrak eta izotzak marra garbi markatzen zuen. Baldintzak ez zetozen bat Ursi bidearen neguko lehen igoera izan zenaren krokisarekin, marrazki zaharkituak eskalada mistoa markatzen zuen leku askotan gu izotz garbiaren gainean pasatu ginen. Ursi bidea lehena era askean eskalatzen nire lagun miña nuen Alfonso Vizan izan zen.


   Lehen zatiko azken luzean ordea gauzak aldatu ziran, pareta tente lehor bat azaldu zitzaigun bidea mozten. Klaru zegoen egun hauetako errepikapenek pasarte hau ezkerrean zegoen izotz jauzi batetik gainditu zutela eta eskalatzaile hauen ibiliaz izotza gutxituz joan zela, guk ez genuen garbi ikusten hortik era askean ateratzeko aukerarik genuenik, beraz zuzen tiratu genuen diedro tente batetik, era askean, dena ematen, gogorra iruditu zitzaigun.



   Izotz asko zegoen bidean, baina ez torloju onak sartzeko haina, bi edo hiru bilera muntaian asko saiatu behar izan genuen zerbait itxuroso egiteko; torloju erdi sartuak, iltze falkatuak, brikolajea.



   Bide hau ez da marra zuzen bat oikoak diren izotz lineak bezala, ez da nabaria ere, zeharkaldi ikusgarri asko ditu paretaren puntu ahulenak bilatzeko.




   Oso dinamikoa egin zitzaidan igoera, luzeak azkar, denbora asko galdu gabe igo genituen, arratseko lauretarako Pala de Ip gailurrean ginen, baina oraindik jaistea geratzen zen.


   
   Ipar kanaletik egin genuen behera, baina lehenik, Pala de Ip ipar mendebal ertza segituz bizkarrera jaitsi ginen, horrela ipar kanalaren azken zatia saihestu egin genuen. Bizkar honetatik, ipar aldera pala bat jaitsi ondoren,eta elur zelai bat gurutzatzen ekialde norabidean, ipar kanalera iritsi ginen.


   Ilargi argia lagun genuela, leher eginda, baina oso pozik, arratseko zortzietan furgonetan ginen berriro, Formigal eski estazioko Sarrios parkingean genuen utzia ibilgailua.


   Alpinismoaren kutsu hoberena aurkitu dugu bide ikaragarri honetan, pioleta kolpe bakoitzarekin, paretari irabazi diogun metro bakoitzeko, mendizaletasunaren handitasuna dastatzea lortu dugu.