Anso etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Anso etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020(e)ko uztailaren 25(a), larunbata

ANSO - ESPELUNGA - Sin Perdón





Erraza egiten zaigu barkamena eskatzea, norbait iraintzen dugunean konpontzeko erabiltzen dugun hitz magikoa da. Askotan okerra kontzienteki egiten dugu, jakin barkamena eskatu ondoren dena konponduko dela. Umetatik ikasi dugun estrategia da; maleziaz gaiztakeria burutu ondoren, zintzo aurpegia jarri, barkamena eskatu eta listo, funtzionatzen duen formula da. Nik gaur horrelako bihurrikeria egin dut.



Zortez, anitz eskalada bide on daude gure natur inguru eder honetan, estiloz eta graduz desberdinak, nik denak ditut gustuko, soka lagunaren dohainek eta nahiek egiten didate bide bat edo bestea aukeratzea.



Oraingo honetan Nacho Merino izan dut soka kide. Nacho Madrilen jaiotako gazte bat da, gaur egun Jakan bizi dena. Lehen eskalada irteera genuen Nachok eta biok, ez giñan pertsonalki ezagutzen, sare sozialen bidez genuen bata bestearen berri.



Eguna adostua geneukan, lekua eta bidea falta zitzaigun. Logistikaren arrazoiaz Anso bailara ongi etortzen zitzaigun biori. Zein horma ere logikaren barruan sartzen zan, Espelungako paretak goizean itzala dauka, uda egun beroetarako oso aproposa. Bidea aukeratzea zailagoa egin zitzaigun, nik "más gasolina" eskalatu nahi nuen, baina Nachok egiña zuenez baztertua geratu zan. Nachok "culo spray" komentatu zuen aukera bezala, nik Enekorekin egiña nuen bide hau. "Urdaburu" ere or zegoen, baina biok eskalatua genuenez beste bat beharko zuen izan. Azken aukeran, "sin perdón" geratzen zitzaigun, ezin nuen momentu hau pasatzen utzi.



Aurreko mendean zabaldutako bide honek jarraitzaile falta sumatu du urte mordo hauetan; nork nahiko zuen joan honelako bide batetara?



Nik bide honen existentzia jakin nuenetik nahi izan nuen eskalatu. Orain urte batzuk entzun nuen igoera bat izan zuela. Ziotenez, eskalatzaile hauek, Mikel eta Tron ziran, ez omen zuten ongi pasa bidea igotzen, ez zitzaien "sin perdón" gustatu.
Normala izaten da honelako eskaladetan informazio eske deitzea. Eskalatzaile hauek ezagunak ditut, beraien telefonoa ba dut ere, baina ez nien "sin perdón" bideari buruz informazio eske deirik egin, banekien zein izango zen eskalada honi buruzko beraien iritzi eta aholkua, eta nik aholku hori entzunda ezingo nuen Nacho "sin perdón" bidea igotzen animatu, zerbait ezkutuan nuela ibili beharko nintzen, barkamenaren prezioa altuagoa izango zen, beraz, bidea igotzeko gogoak zintzotasuna gainditu zuen, niretzako gorde nituen xehetasun guzti horiek.



"Sin perdón" bidea eskalatzea lortu genuenean, idatzi dudan guzti hau kontatu nion Nachori eta, ondoren barkamena eskatu nion.



Gogo biziz hasi nintzen eskalatzen, itxaropenez nindoan metroak irabazten bideari, era askean igotzea ea posible genuen erantzunaren bila gindoazen.
Arraro egin zitzaigun hasierako bi luzeetan bideak arrakala eder bat uzten zuela, eskubi aldean, konturatu ginenean, eta ezker aldeko zati belartsutik jotzen zutela gora. Guk arrakalatik igo genuen, nire iritziz zati honek kalitatez hobetzen du bidea.



 Sabai erraldoiaren luzea eskalatzean jaso nuen bilatzen ari nintzan lehen pista, bidean zehar aurkituko genuenaren erantzuna. Direktisima deritzon bide batekin egiten ari ginen aurre, dena zuzen hartzen duen hauetariko bide klasikoarekin. Garai bateko eskalada estiloa izan zen hau, eskalada artifiziala izaten zen bide hauen ardatza, eta berdin zitzaien eskalatzaile hauei zailtasun handiko zati hauek alboetara zeharkaldiak eginez era askean gainditzeko aukera egotea, direkto joango ziran gorantz, zegoena zegoela, gailurraren bila. Eskalatzaile horietako batzuek erabili zituzten teknikak gaur egungo etikarekin ez datoz bat, bidean gora ikusi ahal genuen bezala.



Sabai ikusgarria gainditu ondoren paretak bertikaltasun gehiago hartzen du, eta plaka eskalada da ondorengo bi luzeak eskaintzen dutena, laugarren eta bosgarren tiradak dira hauek.
Azken luze honetan, bosgarrenean, nik seigarren tiradarekin bat egin nuen; bosgarrenaren bilera plaka liso batean dago muntatua, bilera hau deserosoa izatetik aparte plaka tekniko baten erdian kokatua dago, bilera egin ezkero tranpa sentsazioa handia da, A0 erraldoi bat izango zen bilera. Zati hau gainditu ondoren bideak diedro fisuratu handi bat hartzen du, nahiko zikina, zortez bere eskalada itxura baino hobea suertatu zen. Beraz, krokisean markatu dugun bezala, bi luzeak batean eginda 7b+ izango da. 



Zazpigarren tiradak hasiera oso polita dauka, ezkata baten antza duen harri laxa dotore batetik igo beharra dago, ondoren trabeska batzuekin segitzen du, nahasteko erreza da zati hau, bere denbora eskatzen du tirada honek.
Zortzigarrengo luzeak berriro ere sapai erraldoiaren izaera berdina dauka, direktisima teknika agresiboa, edo agian oraingoan okerragoa da, luze desplomatu honetan gantxeatzeko zuloak eskuz eginak daude, eta pikatu batetik bestera mugitu behar zara modu ez naturalean kakoetatik zintzilikatuz, librerako ez dago inongo aukerarik.
Ezin dut esan ez zaidanik gustatu bidea, garaian eta lekuan jarri besterik ez gara egin behar, orain hogeita hamar urte zabaldua da, eta orduan beste era batetara eskalatzen ziren horma zahar hauek. Niretzako "sin perdón", Espelungako horma ikusgarrian lehen bidea izanik, txalo bat merezi du, eta gure eskura edukitzeak lagundu egin gaitzake alpinismoan sakondu nahi dugun edonori.



Baina nire iritziz, eta uste apala da hau, gaur egun, eta zortez, ez daude horrelako bide asko, lehen baino hobeto zabaltzen dira gaur egun eskalada bideak, mimo gehiagoz. Orain horrelako bide bat ezinezkoa izango zen. Naiz eta artifizialean gainditu behar izan sabaia erraldoi horiek, seguru naiz errespetu gehiagorekin tratatuko genukeela haitza, arrokak ematen duen aukera guztiak gehiago aprobetxatuko genituzkeela. Orokorrean helburua ez da horma igotzea, nola igotzea baizik.

2020(e)ko otsailaren 9(a), igandea

RALLA DE ALANO-Canal central- Suspiro de invierno

Ralla de Alano iazko argazki batetan, gorriz gure igoera.


   Egun argiaren zahi egotea adostu genuen Iván Urzelai eta biok erabakia hartu aurretik. Gau ilunean iritsi ginen Techeras parkinera, Ralla de Alano urrunean sumatzen zen forma beltz bat besterik ez zen.
   Lo zakuaren goxotasuna uzteko gogo handirik gabe, besoa luzatu nuen furgonetaren atea zabaltzeko. Tristea iruditu zitzaidan lehen irudia, kolore ilun goibelez eginiko margo lan baten tankera hartu nion Ralla de Alano mendiari. Margolariak, elurra, zuri kolore ilun itzali batez marraztua zuen. Haitza, koadroaren espazio gehiena hatzen zuela, kolore gris beltz eze bat zen. Elur kanal bakanak, mendiaren zainak balira bezala, odoletan zeuden, likidotze jarioak haitza orbantzen zuen. Freskotasuna falta zitzaion irudiari.
   Guri ere egoerak etsi egin gintuen, eskalada tresna prestaketa konbentzimendu handirik gabe burutzen aritu ginen, gauzatzera gindoazen igoerak zentzutasuna galdu balu bezala . - Bertaratuko gaituk eta erabakiko diagu -.



   Motxila bizkarrean jarri eta martxan hasteak on egin gintuen, animotsu gindoazen maldan gora, edozein gaiez mintzatzen, Ivanekin ez da solasaldi konturik falta izaten.
   Elurretara iritsi ginenean, eta krampoiak jantzi, - Ez dago hain gaizki -, esanez kontsolatu ginen. Erabakia hartua genuen, gora gindoazen.


   Ralla de Alanos ipar kanala mendiren ipar pareta erdi erdian dagoen pitzadura nabarmena da, oso bistakoa. Lehen neguko igoera Alberto Urtasun Iruñako eskalatzailearen eskutik etorri zen, Suspiro de invierno izenez ezagutzera eman zuen, eta IV/4+ zailtasunak gainditu behar izan zituen. Baldintza lehorragoetan egina homen dago bigarren errepikapena eta M5 zailtasunak eman zizkioten eskalatzaile horiek. Guk ere oso lehor topatu dugu pareta, baina ez ditugu zailtasun horiek gainditu behar izan eskalada burutzeko. Aukera eta bariante dexente ditu bide eder honek.


   Bidearen lehen zatiko erresalte lehor, zeharkaldi trakets eta kanal zabal batzuk gainditu ondoren paretaren azpian geunden, horma bitan banatzen duen kanal handiaren hondoan. Senak eskuinetik tiratzeko agindu zidan, lehor zegoen harriz eta lurrezko malkar batetik, goran, zeharkaldi motz bat eginez, kanal handia hartzeko aukera begiztatzen zen.


   Kanal handiak eman zion burutzen ari ginen igoerari zergatia, elurra bi hormen artean estutzen zen, giro alpinoa handituz, sentipenak sortu zigun baikortasunak azkartu zuen gure igoera erritmoa.
   - Hemendik Picazo pasatu da -, esan nion Ivani estugune batetik ateratzen ari zenean. Bere gainean nengoen ni, harri handi batetan eta bat batean azaldu zitzaidan paraboltean muntatu nuen bileran.


   Bitan banatzen da kanala puntu honetan; eskuinera jo ezkero, elur malda luze bat segituz, gainean ikusten zen mendi puntara errez iritsiko ginen. Ezkerretik tiratzen bagenuen berriz, arroila eder batetik, zailagoa, mendi puntara iristea ez zen ain nabarmena. Bigarren aukera hautatu genuen, lirainagoa zelako, erakargarriagoa.
   Tirada luzea izan zen, soka oso bat, lepo batera iritsi arte, parabolta zegoen kokatua. Hemendik aurrera tontorrera zuzen tiratu genuen, haitz erresalte bat gainditu ondoren kanal batzuk hartzera. Arazorik gabe bi luzetan mendi puntan giñan.


   Soka, eskularruak bustiak zeuden, hezetasun itzela izan genuen kanalean, eguzki goxotan jarri genituen gauza guztiak lehortzen.
   Gustora geunden burututako igoeraz, nahiz eta baldintza honetan ez bilatu kanala atsegingarria izan zen eskalada, baldintza hobeagoetan oso gomendagarria da neguko eskalada hau.
  Denbora dezente zen Ivan eta biok elkar ez genuela eskalada egiten, asteburu bikaina pasatu dugu batera.  









2019(e)ko abuztuaren 29(a), osteguna

ANSO - Nora hoa ardi galdu hori, Misterios del Oeste, Neorrurales MALLOS DE AGUERO - Meteo Blues, L'emoi et le jeu

   
   Zaia egin zait sarrera hau idaztea, bloggean eskegitzerakoan zalantza asko izan ditut, hausnarketa sakon bat egin beharrean izan naiz. Hau da nire buruari egin diodan galdera; egokia da burutzen ditudan eskaladen berri ematea? Ni ere harritu naiz, hainbeste urte eta gero krisialdi honekin hasi izana, proiektua ekin berritan izan nituen zalantza berberak dira hauek, burutzen ditudan eskaladen balio falta nabarmen bat da.
   Barne eztabaidaren konklusioak azaldu nahi dizkizuet: Ez dut uste burutu ditudan eskalada hauek ohikoak direnik, denak dute, eginak izan diren era gaitik, edo, soilik, eginak izan diren arrazoiagatik, berezitasun bat. Sarrera honetan deskribatzen ditudan eskalada hauetariko batzuk lehen errepikapenak dira, hau da, zabaldu izan zirenetik ez ziran eskalatuak izan. Sarreran agertzen diren bide guztiak bakarka eginak daude, eta, gaur egun, hau, berezitasun bat da.
   Burutu ditudan eskalada hauek, beste askorekin batera, esfortzu handi bat daramate atzetik, asko saiatu naiz teknikoki eta psikologikoki hobetzen burutu ahal izateko, amets baten emaitzak dira.
   Aurreiritziak alde batera utzi ditut, egiten dudana gehiago baloratzen saiatu naiz, eta plazer handiz, hemen doakizue nire azken abenturak.





  Uste osoa daukat azaltzen dudan lehen eskalada honetan, Luzio Egigurenekin bat egin dudala. Ziur naiz Oreretako eskalatzaileak, Anso bailaran, Ur horman, "Nora hoa ardi galdu hori" zabaldu zuenean nik nire errepikapenean izan ditudan sentsazio berberak izan zituela, burutik gauza berdinak pasatu zitzaizkigula. Uste dut bakardadearen hutsuneak pertzepzioan eragin zuzena duela, biderkatu egiten dituela sentsazioak. Bakarka, paretan galdua zauden irudipena handitzen da, horma izugarri batean murgildua zaudenean ardi bat bezain ahula senti arazten dizu, burua zalantzaz betetzen zaizu eta burutzen ari zaren ekintza bera kuestionatu dezakezu.
   Ez zen nire lehen asmoa Luzioren bidea igotzea, konpromezu gehiago duen beste bide bat eskalatzeko asmotan nenbilen.
Aurreko gauean izandako ekaitza izan zen aldaketaren erruduna, edo, zergatik ez onartu? azken momentu arte gauzak egin gabe uzteko dudan ohitura txarra.
   Ez zuen euri gehiegirik egin, tximista eta trumoiak ordea asko izan ziren. Goizean, esnatzerakoan, telefono mugikorrak ez zebiltzan, Anso bailara osoa inkomunikatua zegoen, jendearen kezka eta beharrak ikusirik gauza serioa zela zirudien.
   Ni ere teknologia berrietara ohitu egin naiz, telefonoa bihurtu zait erreminta garrantzitsu bat. Lehenago aipatu dudan bezala, azken momentu arte utzi nuen eskalatzea pentsatzen nuen bidearen krokisa deskargatzeko eginkizuna.
Ezinezkoa izan zen, hutsean geratu nintzen, noraezean, krokisarik gabe eskalada bidea ezin aurkitu ibili nintzen, plan B baten beharrean.



 Luichi krokisa

   Nora hoa… bidea ia guztiz ekipatua dago, soilik friend gutxi batzuk sartu beharra daude, lehen metroetatik oso argia da trazatua, nik egun horretarako behar nuena.
   Gustatu zitzaidan bidea, ongi eskalatuta atera nintzen hormatik, bide guztia librean eginda, azken luzea behetik kateatzea ez nuen lortu, bai ordea soka goitik nuela.
   Lehen luzeak plaka pauso oso fin bat dauka, juxtu bilerara iristen ari zarela. Aderentzi batean ezin mugitu zaudela, dinamiko bat egin beharra dago helduleku on batetara, ez da erraza pauso hau.
   Hirugarren eta laugarren luzeak trantsizio hutsak dira, bidearen azken zatian dagoen horma ederrera eramaten zaituzte.
   Bostgarren luzea, eta ondorengo guztiak asko gustatu zitzaizkidan, haitzak kalitate handikoa da, mugimendu zoragarriak eskaintzen ditu. Azken tirada da zati guzti honetan gogorrena. Plaka desplomatu batetik doa, laja bertikal batzuetatik, helduleku auskor eta arraroak eskaintzen ditu zati honek, azken tetxoara iristea, eta bertatik irtetea da gradua ematen dion mugimendua.









 
   
Anso bailarara egin dudan irteera honetan ezin zuen falta Christian Ravier eskalatzailearen bideren bat, Frantsesak marra dezente zabaldu ditu Veral ibaiak milurtetan zehar zintzelatu dituen horma ikusgarri hauetan. Asko gustatzen zait Christianen bideak eskalatzea, oso garbiak iruditzen zaizkit, bere sorkuntzetan antzinako Alpinismo esentzia aurkitu dezakezu, bide zirraragarriak izaten dira, eta, normalean, errepikapen batean, ez da erraza sentsazio horiek topatzea.
   Misterios del oeste bidea igo dut pilar del paso horman, ikaragarri gustatu zait. Ravierren bide gehienetan bezala bidearen hasiera bilatzea kosta egin zitzaidan, ondoko beste bide klasiko batekin nahastu nintzen, eta, bide honen lehen luzea igo eta ondoren rrapelatu beharrean izan nintzen. 
   Bidearen xehetasunik aipagarriena azken luzearena da, nire susmoa da pareta zati bat erori egin dela, haitza mugitu izanaren zantzuak daude. Nire ustez zailtasunean ez dio eragiten honek, krokisean agertzen den antzeko gradua iruditu zitzaidan, esposizioan aldiz zati delikatua dela uste dut, segurtasun materiala kokatzeko ez dago aukera handirik.

 Corcueraren krokisa








   Hirietako erosotasuna, estresa, zarata, utzi eta, landan, edo, mendian, herri ezeroso, lasai, isil batean bizitza berrasteari izena ere jarri diote, Neorrularak omen dira pertsona hauek. Niretzako heroi batzuk dira, bi potro/obario ongi jarriak dituzten pertsonak, ez dute beste izenik behar.
   Neorrurales bidearen hirugarren luzean dagoen diedro finak atentzioa deitu zidan ikusi nuen lehen aldian, Kantuona bidea eskalatu ondoren izan zen, orain dela urte batzuk izan zen hau. Orduan ez nekien bertan bidea zegoenik, eta eskalada bide berriak irekitzeko nire sen aseezinak, bertan bide bat zabaltzera bidaltzen zidan. Ondoren, bidea zabalik zegoela jakitun izan nintzenean, eta bide honen krokisa ikusi nuenean, tristura sartu zitzaidan, ez diedroa zabalik zegoelako, normala iruditu zitzaidan, diedro hori zabaltzeko ainbeste parabolt erabili behar izanak tristetu ninduen.
   Gustatu zait Neorrurales bidea, oso ongi pasatu dut eskalatzen. Bidearen xehetasun batzuk azaldu nahiko nituzke.
   Lehen luzea eskalada librean kateatu nuen, hasietako horma tentean ezkerretara egin nuen, horma horretan kokatua dagoen bigarren parabolta txapatu ondoren ezkerrera tiratu nuen ain zuzen ere, azken parabolta, horma horretan dagoen hirugarrena, pausoa ezkerretik gainditu ondoren txapatu nuen, tartean tótem urdiña erabiliz aseguratu nintzen. Horrela eginda zailtasuna 6c iruditu zitzaidan.
   Hirugarren luzeko diedroak ez zuen nire itxaropenean huts egin, eskalada fina eta gogorra eskaini zidan. Penaz, diedroaren irteeran pauso bat ezin izan nuen librean egin, krokisak ere A0 markatzen du. Horma tente bat da hau, likenez zikina, helduleku hauskorrak ditu. Ziur naiz denborarekin, eskalatzaileak pasatzen diren einean, tramu hau garbitzen joango dela, helduleku hauek asentatzen, eta ziur pausoa askatua izango dela.
   Neorrurales bidea Gerardo Telletxea eta Xabier Inziartek zabaldua da. Neorrurala, nola ez, Gerardo bera da, hau ere ikusi behar,¡¡¡ Bi Potro!!!











   Agueroz asko idatzi dut azken bi-hiru urte hauetan, aurkikuntza bat izan zen niretzat. Ez da ohiko lekua, eta, nire ustez, ez luke sekula izan beharko, naiz eta batzuk, tamalez, taladroaren erabilera bereizi gabe pareta hauek bezatzen saiatzen diren.
   Oraingoan ere Christianen bi bide dakarkizuet. Lan zaia daukat eskalada hauetan jaso ditudan sentsazioak deskribatzerakoan, saiatuko naiz bideen xehetasunak argitzen, zuendako norbaitek baliagarri izango dituelakoan.


   Metro Blues bideak Peña Sola mendebal aurpegi ikusgarria zeharkatzen du. Udan, beroa itogarria denean, eta batit bat goizez, oasia fresko bat da horma zati hau, hemen beti dago haize korronte bat.
   Peña Sola mendebal aurpegi hau oso tentea da, arrokak marroi kolore argia dauka, eta itsura konpaktua erakusten du.
   Metro Blues bideak, lehen bi luzetan, pantza zona bat zeharkatzen du, bidearen zailtasun handienak hemen kokatzen dira, hauetako pantza nekagarri bat gainditzean hain juxtu ere.
   Hirugarren eta laugarren luzeak berriz plakerogoak dira, mugimendu finagoak eskatzen dute, hirugarrenak batit bat, non, ez ohiko plaka gris batean erantsia zaudela, helduleku txiki batzuk hartuz, abilezia erabili beharko dugu airoso atera ahal izateko.
   Gailur ikusgarrira iristean, orratz bat da Peña Sola, Aguero herria juxtu oinen azpian duzu, egun sargori horretan, umeen algarak ozenki iristen zitzaizkidan kanpineko igerilekuan jolasean ari zirela. Torrijos bidetik rapelatzea falta zitzaidan nik ere bainu freskagarri bat hartu ahal izateko.









   L'emoi et le jeu bidea beste joko bat da, Meteo Blues bidea baino gradu gutxiago dauka, aldiz konpromezu handiagoa du. Bidea zabaltzen bederatzi iltze erabili zituzten sortzaileek, nik berriz iltzeak sartu gabe igo dut. Ziur naiz bidea errepikatu gabea dagoela, beraz lehen errepikapen bat izango zen nirea.
   Bide hau Christian Ravier eta Phillipe Martinsena da, hemen doakizue igoeraren xehetasun batzuk.



   Lehen luzeak, Christianek beti hain gustuko izan dituen diedroetariko bat hartzen du. Beste garai bateko eskaladetara eramaten gaituzte honelako diedroek, oraindik, arrakalak eta diedroak eskalatzea posible ziren garaietara, Christian bezalako eskalatzaileek, pareta hauetan nabariak diren bideak aurkitu zitzazketen garai erromantikoetara.
   Bi pieza fixo daude soilik kokatuak lehen luze honetan, iltze bat hasieran, eta espita ondoren, tiradaren erdialdean azken hau. Kostatu zitzaidan, eskaladaren une batzuetan, seguru fidagarriak jartzea, asko begiratu ondoren ateratzen joaten ziren kokapenak, fisurero sorta on bat eramatea gomendatzen dizuet. Haitza tentuz ibili beharrekoa da, ezin duzu edozein gauzatara heldu, eta are gutxiago nahi eran tiratu. Bilerara iritsitakoan, zer eskalatu duzun kontziente zarenean, gustura egoteko luze bat da lehen tirada hau.
   Bigarren luzeak ezkerretara jotzen du, krokisak espit bat markatzen du, nik ez nuen espit hau ikusi, agian ez nuen nahikoa ezkerretara jo, bileratik atera eta pantza bat eskalatu nuen dezente delikatua zena, ondoren diedroa berriro hartu nuen. Bilera erlaitz baten gainean kokatua dago, oso erosoa da.
   Hirugarren luzeak bi zati oso desberdin ditu, lehen zatian diedro eskalada da orokorrean, bigarrenean berriz, biratxo batetik eskuinetara tiratu ondoren, horma zati gris batean sartzen zaitu, delikatua eta zikina iruditu zitzaidan tramu hau.
   Laugarrena ere haitz kalidadez exkaxa da, zaila ez izan arren tentuz ibili beharreko arroka duena, zortez, seguru onak kokatzen dira. Gailurra, tirada batean ahal egiteko, aldi berean eskalatzea beharrezkoa izango duzue, nik hirurogeita hamar metroko soka neraman eta juxtu iritsi nintzan punta ikusgarrira.
   





   Jaitsiera oinez egin nuen ipar-ekialde kanala erabiliz, ferrata moduan hornitua dago bide hau.