Ansabere etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Ansabere etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko ekainaren 27(a), larunbata

ANSABERE - Borrokan aske



   Munduan dauden gatazka armatuen berri ematen duten kazetariak guda korrespontsalak dira. periodista hauek diote Heredoto Greziarra izan zela lehen guda kronista. Heredoto, orain bi mila eta bostehun urte jaio zen Grezian. Historialari eta bidaiari amorratua izan zen, ikusten zuen guztiaz idazten zuen. Berak utzitako bederatzi liburuetatik, "historia" izenekoak, dakizkigu garai korapilatsu haietan gertaturikoak. Bi mila urte igaro diren arren gizarteak berdin jarraitzen du, jendeak arazo berberak ditu, gatazka armatuak eta gosea ez dira gure garaitik kanpo geratzen. Gaur egun, kazetari ausartei esker, berehala izaten ditugu gatazka horien berri, beren krudelkeria guztiarekin kontatzen dizkigute.

Linzako parajeak  
   
  Ofizio noble honen omenez, beti erakargarri nau kazetaritzak, saiatuko naiz Ansabereko orratzetan gertatu zen borrokaldia deskribatzen. Kontuan hartu behar duzue, ni, sasi idazle bat naizela, hatzak harriari heltzeko eginak ditudala, ez ordenagailuko teklak sakatzeko. Spigolon gertaturiko bataila kontatzea merezi duenez, ostiral honetako guduaren kronika duzue "Borrokan aske" bidean.
 

Goiz jarri ginen martxan  
    
  Goizeko zazpi eta erdietan Linzako aterpeko aparkalekuan geratuak ginen Arkaitz Iurrita eta biok. Egun argitsua zetorren, beroa. Erritmo bizian hasi ginen maldan gora, egunari denbora irabazi nahian. Motxilak ez ziren beste borroka batzuetara eramaten ditugunak bezain astunak, arin gindoazen. Ordu eta erdi exkaxean Petretxemako lepoan ginen. Azkar, eskaladako materiala soinean jantzi genuen denbora galdu gabe, puntu horretan dago Pirinioak banatzen dituen irudizko muga.

Petretxemako lepora iristen

   Ez generaman eskalada material asko: soka sinplea, hamalau zinta espres, joku bat mikrofriend, eta frienak soilik 0,5 eta 0,75, Ekaitz eta Asierren krokisak adierazten duen bezala
.
 

Paretera gerturatzen

   Motxilak Petretxemako lepoan utzi genituen, jaisterakoan erosoago izango zelako, Linzako aterpera itzuli behar genuenez Espigoloko horma ez zitzaigun eskura geratzen.
   Horma itzalean zegoen, Petite aiguille d´Ansabere bikainaren pareta zati horretan itzala eguerdiko ordu batak arte hedatzen da. 



   Lehen luzeak 7a gradua du, tirada horretan egin behar izan genuen borroka ere horrelakoa izan zen guretzako, oso luze delikatua da. Haitza hautsia dauka eta seguru fixoak urriak dira, frienaz babes batzuk bilatu daitezke baina ez dira kokapen onak. Borroka mota honen abisu argia zen. 

Arkaitz lehen luzean

   Bigarren luzeak 7c gradua du, okerrenerako prestatuak gindoazen eta ongi eutsi genion erasoari, guk 7b edo 7b+ proposatzen dugu. Zoragarria, mundiala, ederra... kalifikazio gehiago ere baditut. Plaka eskalada da, haitz oso onean. Eskalatzailea kapaz bada bere emozioak menderatzeko, beldurrari heusteko, goza egin dezake tirada honetan. Hirurogei metro luze ditu. Seguroak oso urruti daude. Mikro pare bat sartzeko aukera dago tarte batetan. 


Bigarren luzea

   Hirugarren luzeak 8a gradua du, hemen bai hartu genuela jipoia, ez genuen usaindu ere egin. Bloke paso gogorra dauka hirugarren eta laugarren txaparen artean. Pasatzeko asko estutu beharra dago.

Hirugarren luzea kamara eguzkitik babesten

Hirugarrena goitik

   Laugarren luzeak 7a+ gradua du, guretzako 7b. Oso ona. Espigolo eta Zutopistes bideekin partekatzen du bilera. Azken bide honekin, Zutopistes, lehen hamabost metroak komunak dira. Ekipamendu aldetik ongi dago, zutopistes bidearen identitatea erabat errespetatzen du partekatzen duten zatian. 

Laugarrena. Zutopistes bidearekin komunean

   Bostgarren luzeak 7a+ gradua du, guretzako tirada honek ere zailtasun gehiago dauka 7b+. Ongi eutsi genion erasoaldiari eta airoso atera ginen borrokalditik. Oso luze polita eta gogorra da.

Bosgarren luzea

   Naiz eta bidearen estiloa deportiboa izan, sortzaileek abentura bide baten sentsazioa lortu dute tarte askotan. Oso bide ona dela deritzogu Arkaitzek eta biok. Trazatu ausarta eta espektakularra lortu dute Ekaitz eta Asierrek.

Pirineoak bere osotasunean agertzen zaizkigu gure aurrean.

   Eta egoera zail guztietatik zeozer ikasten delako hemen Espigolon jasotakoa;
   Borroka mota hau askea da, norbanakoa, batak ez du bestea gainditzen, ez bai dago galtzailerik, ez eta irabazlerik. Pertsonala da, norberaren borroka bere gaitasunen kontra. Mendizaletasuna kirol bat baino gehiago delako, horrek egiten du liluragarri. 


!!! Aupaaa ¡¡¡  !!! Gora Mendia ¡¡¡

2011(e)ko maiatzaren 18(a), asteazkena

ANSABERE- BELLEFONT BIDEA

     

Ansabereko orratz handiaren ekialde aurpegia


      Gaur Kukua entzun dut ere. Berriz, motxila eskalada materialez beteta eta patrika diruz hutsik harrapatu nau. Beti gertatzen zait. Logikoa da ere. Zertarako behar dut dirua mendian ? 
      Asko estimatzen dut nik txori lotsati hau. Alfer fama dauka, baina, nik ez dut hori pentsatzen. Nola izango da alferra egun osoa kantuan pasatzen duen animali bat ?  Ez al da garrantzitsua bere abestiekin basoetako bazterrak alaitzea ?  Zer izango zen guretzako Kukurik gabeko udaberri bat ? Helburu materialik gabeko ekintzak, benetan gustu onez egiten direnean, asko estimatzen ditut nik.

Hiru errege mahia eta Petretxema Lizako lepotik

Nahiz eta luzeagoa izan oinez egin beharrekoa, Linzako aterpetik Ansabereko hormetara gerturatzea bururatu zitzaidan, Linza autoz etxetik hurbilago daukat. Goizeko bost erdietan atera nintzan etxetik. Zortzietako Linzan nengoen. Berehala jarri nintzen martxan. Hiru errege mahia mendira doan bidea hartu nuen Linzako lepo arte, eta handik, Petretxemaren azpitik, Anso leporaino. Beste aukera bat  dago, zuzenagoa,  Atxeritoko aterpe ondotik pasatzen dena, baina terreno okerragoa da, leku Karstikotik doa, ibiltzea zailduz. Goizeko hamar erdietan granpoiak jazten ari nintzan Ansabereko orratz handiaren azpian.

Altura hartzen paretan zehar

Niri gertatu zitzaidan bezala, udaberrian elurra topatu daiteke hasierako parte honetan. Ohikoa dudan moduan oraingoan ere krokis gabe nindoan. Nahiz eta etxean ongi irakurri nuen bidearen deskribapena, akatsa izan nuen eskaladaren hasieran, ez nuen antzeman tximini oblikuoa, eta pareta behe partetik eskalatzen hasi nintzen. Hiru luze gehiago egin behar izan nituen bide originala hasten den lekura iristeko.

Sokada bat pareta erdian

 Harria ukitzearekin bat, behin Enrikek bide honetaz esan zidana oroitu nuen.
 - Oso haitz txarra zegok. 
Batzuk espabilatzeko bizkarrean makilarekin eman behar digute, eta askotan horrela ere ez gara iratzartzen. 
Gogorra egin zitzaidan igoera. Azkenengo bi luzeak tortura izan ziran. Ain prekarioa zen dena, harria eskuetan desegin behar zitzaidala zirudien, aurrera egiteak arreta izugarria eskatu zidan. Azken aurreko luzearen bilera iltze bakar batean egin nuen, ez zegoen beste aukerarik, eta okerrena, tirada osoaren seguro bakarra bera izan zela. Era bat hustu nintzen, dena emana nengoen. 
Lainopean iritsi nintzen orratza handiaren gailurrera. Era bat flipatua nengoen, nolako marroian sartua egon nintzan. 
Punta harritxu horretatik hanka egiteko presa nuen, ez zen giro, Rapel batez behera egin nuen, orratz erraldoiaren eta Petretxema mendiaren leporaino. Azken luze motza ere azkar igo nuen, Petretxemako gailurrera doana, irrikaz nengoen pareta hau bistatik kentzeko. Arratseko zazpiak ziran, pozik nengoen oinez eta sokarik gabe ibili ahal nuelako.



Gailurrean laino artean paretan dena eman eta gero