Beti pentsatu dut Ausa-Gazteluko eki-ertza gutxietsi
dagoela, eta hori horrela izateko arrazoiak ez direla falta; bidearen lehen
luze originala, 60. hamarkadan eskalada artifizialean zabaldutako tirada, eta,
ondoren seguru kimikoekin hornitua izan zena, gaur egun 7a+ tekniko bezala
graduatua, zailegia bideari homogeneitatea ematekoa dela. Bigarren luzea berriz,
ertz zorrotzetik doana, III+ gradua dauka; txakurra eta katua bezain
desberdinak dira bi zati hauek. Niri beti ederra iruditu zait ertz airetiko
hau, natura-ingurune bakar baten parte da, Txindoki mendiaren hego hormaren
behatoki aparta.

Beraz, kontatu dizuedan desoreka hori aldatzeko
beharra sortu zitzaidan, eta bigarren luzearen zailtasunekin bat zetorren ertz
erakargarrira iristeko aukera errazagoa bilatzeari ekin nion. Ezin dut esan
erraza denik bilatu dudan aukera, baina ez da berezko linea bezain gogorra,
eta, gainera, erakargarriagoa egiten saiatu naiz jarrita utzi dudan material
finkoarekin, iltze mordoxka batekin. Marra ahal dudan heinean garbitu dut,
helduleku batzuetatik belarra kendu eta harri bloke zalantzagarri batzuk sikaz
erantsi.
Ausa-Gazteluko eskalada oso oparoa da, hiru sektore
desberdinekin. Oro har, mendiko eskalada da aurkituko dugun estiloa, material
finkoz hornitutako hiruzpalau bide izan ezik, gainerako guztietan guk kokatu
beharko ditugu friend-ak eta fisuak. Ausa-Gazteluko ertzaren horma
handiko bi sektoreek, goikoak eta behekoak, eskalada estiloan antza dute, ez
ordea zailtasun-mailan, eta ausartzen naiz esatera goiko sektorea hastapenerako
egokia dela, baina behealdean eskalatu ahal izateko maila handia behar dela. Beheko haitzen sektore izkutua leku fresko eta atsegina da eskalada
praktikatzeko. Kirol eskaladarako ekipatutako bide pare bat kenduta, gainerakoa
mendi eskalada da. Nahi duenarentzat hemen doa blog baten esteka bat eskalada
gune honi buruzko informazioa eskaintzen duena:
Ausa-Gaztelu eskalada

Leku eta momentu horretan Ausa-Gazteluko ertzean behar
nuela egon ez dut zalantzarik; lehen bileran zutik, Xabier Artolaren eskalada
segurtatzen, ordurarte itzalpean egondako Txindokiko tontorra eguzkiaren izpi
herabeak ukitzen hasi zutela. Instant errepika ezin horretan gertatu zen. Jakitun izan nintzen denboran jarraitu ninduen misterio bat, bitxikeria bat, argitu
nuela, Ordiziar eskalatzaile beteranoak, Javier Mirallesek, aspaldi, Txindokin
eskalatu gabeko ertz bat ezagutzen zuela modu berezian adierazi zidanean; etxeko postontzian gutuna agertu zitzaidan argazki batekin, bertan haitz
puska tentea agertzen zen. Nik, gutun misteriotsua sinatuta ez bazegoen ere,
berehala antzeman nuen nork bidali zuen. Ez zizkidan datu gehiago eman, berak
hain gustuko duen ziurgabetasun-giro hori sortuz, agian nire
balizko aurkikuntza atsegingarriagoa izan zedin. Baina haitz enigmatikoa
denborarekin lausotzen joan zen, harik eta bat batean, argi eztandak kolore
biziz janzten zuen hezur luze harritsua agertu zitzaidan arte. Ezagutzera joan
beharko nuke, eta, jakina, motxilan eskaladarako traste guztiak eramanez.
Eguna argitu gabe zegoen oraindik Zaldibiako
“Depositoetatik”, motxila arina bizkarrean nuela, Txindokiko hego ertz
misteriotsuaren bila irten nintzenean. Pisuzko bi arrazoi nituen hain goiz
ibiltzeko; oso luzea da harkaitzezko plaka trikorainoko bidea, eta, eguraldia ez
zen oso egonkorra, eguerditik aurrera ekaitza arriskua aurreikusita zegoen.
Hego haize iraunkorrak deseroso jartzen zuen Oiduiko galtzada dotorean aurrera
egitea, susmo txarra hartzen nion nekez argitzen hasten ari zen egunari; -
hemen horrela badago goran ze izango da. Ikustea joatea beste erremediorik ez
nuen.

Motxilan material gutxi neraman, eskalada erreza
aurreikusia nuen, edo behintzat horixe aurkitu nahi nuen; gero errealitatea
beste bat izan zen. Errekontako lepoa, Ausa-Gazteluko gailurrak Aralarko
goi-ordokiari bide ematen dion tokia, zeharkatu eta Ataburuko galtzada hartu
nuen; milaka urtetako mendi bidea da, non denbora aktibo horretan, milioika
abelburuen apatxek moldatu dituzten zoruko lauza higatuak. Alotzako ordokiaren
behealdean Elutxetako borda dago, ez nintzen haran paregabe horretara
barneratu, 4x4 ibilgailuen arrastoen orbainak hartu nituen, malda tenteak
zeharkatzen dituztenak, gero eta indartsuagoa zen hego haize bati aurrera
eginez, Beltzulegiko bordara iristsi nintzan. Haizeen babesean dago korta
ikusgarri hau, zulo handi baten sakonean. Hemen ere oso nabarmena da mendi
berde hauetako antzinako biztanleek ez zituztela beren kokalekuak edonon
eraikitzen, geografia-istripuez baliatzen zirela eguraldi txarretik babesteko
eta beren ganadu preziatua salbu edukitzeko.

Hemendik Egurraleko lepora, Larrunarriko azken
maldara, paseoa dago. Nire helburua den haitz pilarraren ikuspegi zuzena ematen
du zeharkaldi honek, korapiloa sortu zitzaidan eztarrian, pentsatzen nuena
baino tenteagoa antzematen da horma.
Gailur preziatuaren azpitik, alderik alde, zeharkatzen
duen erlaitz zabala pasealeku erakargarria da amildegian zehar. Txindoki
mendebalde ertz famatura eroso iristeko aukera ematen du bide honek.
Erlaitzaren hasieran haitz zutabe ikaragarria dago, Tximista hegala
bukaezinaren gain-gainean, totem erraldoia, nire hurbilketa luzearen arrazoia.
Muga psikolojikoa zeharkatua nuen, eskalatzeko gogoa
txikitzen hasten den marra; hurbilketa luzea denean, bi ordu baino gehiago,
hainbeste erakartzen zintuen hormari beste begi batzuekin begiratzen hasten
zara, proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jarriz, nekeak erraza dena
konplexu bihurtzen du. Haize bortitzak ere ez zuen aurrera egiten laguntzen;
aitzitik, oso desatsegina zen. Baina abortatzeko eta beste baterako uzteko
arrazoi nagusia izan zen zein bertikala eta trinkoa den obelisko harritsu
handiaren hasiera, material gutxi nuen eskalada horri segurtasunez ekiteko.

Ezin nuen totem erraldoia burutik kendu, errebantxa
eskatzen zidan, Txindokiko Tximista hegaleko bidexka ibiliaren gainean
eskalada-bide bat irekitzeak motibatu egiten ninduen.
Ez da erraza izan egun aproposa aurkitzea, ia egunero
goierriko zerbino txikiaren gainean laino itxia zegoen; ipar haize hezea da uda
atipiko honen egunerokotasuna. Itxaronaldi honek estrategia aldaketa ekarri
zidan, hurrengo saiakera Amezketatik gora egingo nuen.

Furgonetarekin Ariñateko pista hondatuan barrena sartu
nintzen, nik berak baino gehiago sufritzen nuela mendi bide horretatik gora,
torloju guztiak kirrinka egiten zioten hamaika zulori aurre eginez, une batetik
bestera desmuntatuko zela zirudien.
Ibilgailua Muitzeko galtzadaren hasieran utzi nuen,
bide honek Larraone tontorraren azpiko mendi-mazela belartsua zeharkatzen du,
eta behin arroil ikusgarrian Egurraleko lepora igotzen da. Oraingoan, nahiz eta
motxila aurreko saiakeran baino astunagoa izan, osoago iritsi nintzen zutabe ikaratzailearen azpira, aurreko
ordutegia ordubete jaitsiz. Ez nuen denbora galdu, berehala hasi nintzen
prestatzen eskaladarekin hasteko, urrun nengoen muga psikologikotik.

Haitz plaka trinko batean du hasiera Tximista pilarra
bideak, erregela oparoak diren arren, alboko heldulekuak asko, zailak dira
antzematen. Sabai batek mozten dio kontinuitatea plaka trinkoari, hemen dago
bidearen zailtasuna, beso onak eskatzen dituzten mugimendu atletikoak. Oztopo
hori gahindituta, hormak inklinazioa galtzen du, eta hori eskertzen da,
zailtasun gutxiko eskalada batean pitzatutako irtenune bat irabazteko. Hemen
bilera muntatzeko aukera dago, friendak erabiliz ez dugu arazorik izango lan
horretan, erlaitz bat dagoenez erosoa gertatuko zaigu elkargunea. Eskuinerantz
jo nuen trabestia txiki batean, hemen mugimendu delikatu bat dago, irteerako
horma luzeko arroka pitzatuko plakaren gainean jartzekoa. Ez da zaila azken
zati hau, ondo babesten da ere, tentuz eskalatzea baino ez du eskatzen.
Ertzaren hasierako harkaitz irtenean bilera muntatu
nuenean, txindokiko gailurrerantz begiratu nuen, mendizale batzuk zeuden
harrituta nire eskaladari begira; mendizaletasuna modan dago, ez mendiko
eskalada, bitxi sentitzen naiz.