Iñakiren soka eusteko egokiagoa iruditzen zait nagoen leku hau. Jatorrizko bilera bidearen azpian dago, Iñaki eroriko balitz, nire gainera eroriko litzateke. Bilera irteerako eskalada pausoa gogorra da, eta, gainera, arrisku handia du erlaitzaren gainera jausteko. Luzera honen lehen asegurua metro batzuk gorago dago, aipatu dudan mugimendu konprometitua gainditu ondoren txapatzen da. Tarte delikatu honetan, ordea, friend on bat sartzeko aukera dago, eta jarriz gero, asko murrizten da erlaitzaren gainera erortzeko arriskua. Iñakik asko arriskatu zuen baldintza horietan aurrera egitean.
2024(e)ko azaroaren 23(a), larunbata
BALERDI - Kuku Kantu Zu Beti Gertu
2023(e)ko urtarrilaren 10(a), asteartea
BALERDI - Gezurtero / Maitasuna ta Askatasuna
Goiz osoan ezin izan
dut burutik kendu. Balerdira doan malda astuna igotzen ari nintzela gertakariak
kontzientzia ziztatzen ninduen. Soilik eskalatzen hasi naizenean, frienda hanka
azpian sentitu dudanean, aldendu zait une batez pentsamendutik.
Eguberri egunean hasi
nintzen bide hau zabaltzen, azaldu ditudan hitz sentikorrak buruan bueltaka
nituela, eta ez nintzen bukatzeko kapaza izan. Lehen luzearen azken zatian eman
nuen buelta, haitz plaka konpaktu batean, konpromezua gehiegikoa zela hausnartu
nuen. Iltze eta taladrorik gabe sartu nintzen hormara, harkaitza aldatzeko
tentazioak ez ziezadan bertan behera utzi eskalada-bide perfektuaren amets
utopikoa.
Atzeraka egiten duen
diedro pitzatu batetik hasten da Gezurtero, nabardura horrek harriarekin garbi
jolastera bultzatu ninduen; friendak aitzakirik gabe sartzen dira hasierako
arrakala honetan, eraman bi joko handi hirukoa barne.
Soka auxiliarraren
puntara mailua eta iltze sorta lotu nituen bigarren saiakeraren egunean.
Itxaropentsu nindoan, haitza ez zulatzeko diedroaren bukaeran sumatu nuen
pitzadurak iltzea sartzeko aukera zuela zirudien.
Obtimistegi jokatu
nuen eta hirugarren eguna, nire baikortasunean azkena izan behar zuena,
aldrebestua atera zen. Aurreko gauean euri dexente egin zuen Balerdiko horma
nabarmen bustiaz. Goizean garbi esnatu zenez, hego haize lehor bihurriaz,
Azkaratera jo nuen horma lehortuko zenaren itsaropenez.
Zenbat eta gehiagotan
igo lehen luzea gehiago gustatzen zait, soka goitik nuela igo nuen hirugarren
aldi honetan, fin ibiltzea eskatzen du.
Araiz haraneko horma
ikaragarri honi buruz idazten ari naizen une hau aprobetxatuz, beste eskalada
bide bati buruz hitz egingo dizuet, ireki genuenean ez bainuen blog honetan
ezer idatzi.
Sabaiak gaindituta,
maitasunak eskuinera egiten du bigarren luzean, eta kalitate handiko
harkaitz-plaketan murgiltzen da, edertasun handiko eskalada-mugimenduetan. Ajuju ibilbideko lehenengotik metro gutxira antolatzen du bilera.
Erlaitz hori irabaztea izango da hurrengo lana zailtasun gabeko zeharkaldi
batean.
Hormaren beste aldera
egiten du maitasunak, eskubira, Txapelatxa bidearen haitzera, Ajujuk zuzen
jarraitzen du diedro nabarmen batetik gora. Oso ona da hirugarren luze hau,
ikusgarria. Sarrera fina du, totem urdin on batek babesten duena; hortik
aurrera, eskaladak ere ez du aitzakiarik, harkaitza kalitate handikoa da.
Hurrengoa bideari
zailtasuna ematen dion luzea da, sabai txiki bat gainditzea, indarra eskatzen
duen eskalada-pasabidea da, mugimendua aseguratzen du parabolt batek.
Bosgarrenak, azken
luzea izanik, graduz apala bada ere, asko betetzen zaitu, amaiera ona ematen
dio bide bikain honi.
Eskalada abentura
txiki hau, Maitasuna ta Askatasunarekin gertatu zitzaidan moduan, beste
abentura handiago batez itzalia geratzeko arriskuan egon da. Benetako hitz
sinple hauek idazten ari nintzela, Iñaki eta Albertoren deia jaso nuen abentura
erraldoi batera gonbidatuz, maiuskulaz idatz daitekeen neguko eskalada batera.
Dena utzi nuen, pioletak hartu eta bi eskalatzaile handi hauekin elkartu
nintzen. Ondorioztatu ahal izan dezutenez, ez dugu bidea bukatzerik lortu,
lehen kapitulua baino ez dago idatzita; gauza on eta zail guztiek denbora behar
dute gauzatzeko. Ea istorio polit hau amaitzea lortzen dugun.
2020(e)ko azaroaren 27(a), ostirala
BALERDI - Namaste - Chimenea Este - Murciana
Namaste!!!
Entzun al duzue hitz ederragorik? Ez da soilik bere
ozentasuna atsegina egiten zaidala, hitza laguntzen duten ponpa eta keinuak are
borobilagoa egiten dute: bi eskuak zabalik bular altueran, bata bestea ukitzen
ari direla, burua makurtu eta, hitza apalki aireratzen da, umiltasunez eta
errespetuz, edonor, eta, edozer, agurtzeko asmoz.
Ekialde urrun eta barearekin izan nuen lehen harreman
hura, oraindik, ahaztu ezina dut, txunditurik bueltatu nintzan Euskal herrira.
Eguzkia jaiotzen den lurretan pasatu nituen hiru hilabeteak, oso biziak izan
ziren niretzako, mundu berri bat zabaldu zitzaidan begi aurrean, eta aldaketa
handiak eragin zituen nire izakeran.
Urteen joan etorriak data horretatik aurrera
zenbatzen hasi nintzen, Nepalera bidai egin nuen data ardatz nuen, mila bederatziehun
eta laurogeita bederatzi.
Ordiziako kale estu eta grisak ziren nire
unibertsoa; laurogei garren hamarkada asaldatuan kokatu behar nauzue,
bortizkeria dastatzen zen giro batean, biolentzia politikoaren ondorioz ia
egunero hildakoak burutzen ziren aldi ero batean, gazte askorentzat drogak
askatasun alternatiba ziren garai negargarrian.
Nepalen, hautsez betetako bideren batean geratu ahalko
zen gazte hura, edo Kathmandu hirian, Thamel auzoko ostatu merke batean.
Baliteke Himalayak begi-bistan zuela suertatzea, mendi zuriak aho zabalik
begiztatzen hari zela, Goierritik atera zen mutil-koskor inuzentea ez zen
berriro bueltatu; motxila bizkarrean, bi eskuak elkarturik bularraren altueran,
burua makur baina irriabartsu, topatzen zuen edonor Namaste agurtzen geratuko
zen.
Namaste bidearen testigua jaso besterik ez dut egin nik,
Balerdiko hormetan ohizkoa gertatzen ari zait, paretaren hasiera soilik
eskalatua topatzea normaltzat hartu dut: Ajuju bideak Félix Ubierna bidearen
diedro paregabean du hasiera. Shot the Sheriff bideak berriz, anonimoan geratu
den beste abentura saiakera batean.
Beraz, Namaste bidea sortua zegoen, Balerdi mendiaren
azpiko horma handiaren oinetan dagoen laxan dago, nik soilik pareta handian
gora luzatu besterik ez dut egin.
Aitor Arrieta eskalatzaile Donostiarrak zabaldu zuen
lehen luze hori 1983an bakarkako saio batean.
Laurogei garren hamarkada, eta Balerdiko hormak, eskalada
kontuetan, urte oparoak izan ziren, Araiz bailarako pareta eder honen urrezko
garaiak izan zirela pentsatzen dut nik.
Donostiar talde bat zen Mallozarrera gerturatzen zena, eta hauek ere, gazte guztiak bezala, askatasun eta bizipen egarriz zeuden. Juancar Sanzen
bloggean sarrera bikain bat aurkitu dezakezue garai hauek primeran deskribatzen
dituelarik, estekadura atxikitzen dizuet gozatu dezazuen. http://lakasta.blogspot.com/2020/03/erase-una-vez-balerdi.html
Ni ere bakarka hasi nintzen Namaste bidetik gora, laxa
handiaren ertza ikustearekin jakin nuen goiko pareta ikusgarrirako sarrera
izan beharko zuela.
Lehen egunean Aitorrek zabaldutako beheko luzea eta
bigarren bat gehiago eskalatu nituen.
Nire harridurako, zuhaitz erraldoia, hagin sendo eta
lirain bat zen, denbora eta gizakien begietara ezkutuan egon dena. Behategi
ikaragarri horretatik, jainkoa balitza, Araiz aran guztia agurtzen du.
Umiltasunez, Namaste mutua esan ondoren, kordinoa zintzilikatu genion, apaingarri moduan, enbor sendoa bitan banatzen den tokian, eta
errapelatu egin genuen.
EKI TXIMINIA/CHIMENEA ESTE
Ideia eta susmo txarrik hartu aurretik, zer dela eta ipurdi masaila inguruan oinazea dudan argitzen saiatuko naiz.
Balerdiko Chimenea este, edo eki tximinia bidean
sartu ginan Xabier Artola eta idazten ari den hau.
Deigarria da Balerdiko eki tximinia; zauri sakon eta
zartzakatu bat da, mallozarraren horma handian dago, sakonik gabeko aho zabala balitz bezala zabaltzen da.
Noiz izan zen lehen aldiz eskalatua ez dut garbi, hirurogei
eta hamar garren hamarkadan izango zela ustea dut. Jaso dudan informazio
bakarra, eta hau Jesús Marí Rodríguezen Escaladas en Guipúzcoa liburuan
agertzeari esker da, krokis kaskar batean; bi gazte AUSART, eta ausart hitza
letra handiz jartzen dut, izan ziren pribilegiatuak, naturaren kapritxo basati
hori eskalatzeko. Txalogarria iruditzen zait balentria, txapela kentzekoa,
Ignacio Núñez, eta Jesús Ayestaranek egin zutena.
Zailtasun hau gainditu ondoren, berezko bideak zuzen
tiratzen du, ez zitzaidan batere erakargarria egin, eta eskuinean ikusten zen
arteka handi batetan egin nuen bilera.
Gure kalkuluen arabera, Namaste bidearen hagin handia
gertu behar zuen egon. Arrokaren kapritxo ikusgarri bat aprobetxatuz, erlaitz handi eta nabarmena, eskuinera
egin genuen trabeska batean. Hogei eta hamar metro luzea ondoren,
zuhaitz ederraren magaletan geunden. Namaste bidetik egin genuen errapel.



.jpeg)






