Grandes Jorasses etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Grandes Jorasses etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022(e)ko uztailaren 21(a), osteguna

GRANDES JORASSES . Manitua


Orain hartu du zentzua honek, Leschauxeko glaziarrean, Grandes Jorasses ipar horma ikusgarriaren azpian.
Ez zen etxetik bidai arin hau egiteko tramankulu guztiak hartuta irten nintzenean izan, ez, bihotzean korapiloa nuen, agur tristea izan zen. 
Ezta Bilboko aireportuan Genevarako hegazkina hartu nuenean ere, hain gustuko ditudan itxaronaldi horietan, hildako denbora betetzen duten galderaz betetako begirada gurutzatuetan.
Ez, hemen eta orain izan da, gainditze pertsonalaren tenplu honen azpian, zentzutasunaren muga zeharkatzen den leku honetan.


Hiru alditan zeharkatu dut ate hau, oraingoa laugarrena izan behar da.
Lehenengoa aurreko mendean izan zen, Internet existitzen ez zen garaian, Alfonso Vizan handiarekin batera egin nuen balentria. Dena eman genuen Madrildarrak eta biok horma beldurgarri honetan, Mcintyre-Colton bidea igotzea lortu genuen, mendizaletasunak onartzeko zailak dituen estilo eta etikan.
Harkaitz eta izotzezko katedral honetan sartu nintzen bigarren aldian Chemari paregabearekin nintzan. Hain gustuko dugun “ikusten goaz” jarrera zirraragarrian Croz ertza eskalatu genuen. Orduan ere ez genuen begiratu zer egin zuten edo zer egin behar zuten besteek, horman sartu ginen eta kitto.
Hirugarren aldian nire Alpista ametsa gauzatzea lortu nuen, No Siesta bide mitikoa eskalatuz nortasun handiko alpinista batekin batera, Kepa Esquibrano Bilbotarra. Hartan, bagenekien bidea baldintza onetan zegoela, No Siesta eraikitzen duten izotz lineak formatuak zeudela. Ezinezkoa izango dut ahaztea orain begira nagoen gailur urrun horretan konplizidadez besarkatu ginen une hori.



Ziurgabetasunaren marra gurutzatu behar dudan laugarren aldi honetan Iñaki Mendizabalekin batera nago. Chamonix ongi ezagutzen duten lagunek esan digute Manitua bidea egoera onean egon daitekeela, saiatzekotan orain dela unea. Nire mendizale ibilbidea amaitzear dagoela, eta gaztetasunaren eraginari ihes egin ezinik, Oñatiarrarekin harrizko dimentsio honetan murgildu nahi dut, eta mugak gainditzeko indarrak batzen direnean baino lortzen ez den adiskidetasun ituna zigilatu.


Iñaki Mendizabalek hilabete bat darama Chamonixen. FEDMEko gazte alpinista taldean sartzea lortu du Oñatiarrak, eta taldeak Alpeetan zuen egonaldia bukatu duenean bera hemen geratu da, granitozko dorre guzti hauek eskalatu nahian. Bera bezala taldeko beste neska eta mutil batzuk geratu dira. Plazera handia izan da haiekin hitz egitea, inbidiaz entzun ditut epe laburrean dituzten milaka planak.


Chamonix ez da aldatu, berdin jarraitzen du, hiperaktiboa, kaloriak erretzen mota guztietako ariketa fisikoak eginez; txirrinduaz, korrika, patinez... kaletik paseatzea eskalada soka bularrean zintzilik eta pioleta parea eskuetan ohikorena da, alferrekoaren konkistatzaile aitzindariak emendatzen.


Kranpoien hortz zorrotzei esker malda izoztuan aurrera gindoazen, Lechauseko aterpea atzean utziz. Glaziarrean kanpatzeko asmoa genuen, hormatik gertu, hurrengo egunean, frontalen argiaren laguntzaz, hurbiltzea azkarragoa izan zedin.


Ez geunden bakarrik glaziarraren zoru jelatuaren gainean, Poloniako bikote bat ere horman sartzeko prest zegoen, Walker ertza igo nahi zuten. Beraiekin batera erreka solidoaren ordeka batean kanpatu genuen.


Kezka handia generaman pareta ondoko glaziarrari buruz, uda beroa suertatzen ari zen eta errimaiaren egoerak zalantzak sortzen zizkigun, pasatzea ahalko genuen? Harrigarriki ongi lo egin nuen, gorputzari beharrezko deskantsua emanez.


Ederki orientatu ginen gau ilunean glaziar pitzatuan barrena, eta arazorik gabe iltzatu genituen pioletak Croz bidearen hasierako elur pala tentean, pozten ginen igarotzea lortu izanaz.



Lehen zati hori, Manitua bidea hasten den horma tenteraino, delikatua da, haitz txarrekoa, zabortegi bat. Tarte horretan elurra badago azkarrago eta seguruago igo zaitezke, baina dena ez da posible, neguko eskalada eta zailtasun handiko haitz eskalada bateragarriak dira une eta leku gutxietan.


Pareta tentera iritsi ginenean, guk ezkutua deitzen diogu, bikote bat zegoen horma izugarriarekin hasteko prest. Hauek ere Poloniarrak ziran. Eskalatzeko tresneria asko zuten, hormako hamaka eta guzti, Lafaille bidea errepikatu nahi zuten.
Topaketa atsegina izan zen, ustekabekoa, hitzaldi labur baten ostean azkar utzi genituen atzean.


Manitua bidea hasten den lekuan, Ezkutuaren azpian, katuoinak jantzi genituen, ordurarte kranpoiez harri biluzian gora ibili ginen. Bizkarretik motxilak kendu eta petate moduan prestatu genituen, soka osagarriarekin igotzeko.
Aldaketa atsegina izan zen; harria ona zen, eguzkiak berotzen gintuen, estutu genezaken, motxilaren pisua desagertu zen.



Diedro fisuratu handi batek markatzen du Manitua bidearen noranzkoa. Oso onak iruditu zitzaizkigun luze guztiak, 6C inguruan gehienak. Ia horma osoa lehor zegoen, aldiro tarte heze edo izotzezkoak agertuz, baina azkar eta seguru gindoazen pareta ikaragarriari metroak irabazten.


Dena politegia zen, harik eta ezkutuko azken luzearekin topo egin genuen arte, astindu ona eman zigun, ia hiru ordu egon ginen igaro ahal izateko.
Bi aldaera ditu azken luze honek, jatorrizkoa dena, A3+, eta librean egiten den Lafaille bidearena, 7C. Guk, eskuartean genuen krokisa jarraituz, lehenengo horretatik tiratu genuen. Esan beharra dago, halaber, askoz ere nabarmenagoa dela, diedro desplomatu batean iltze linea batek markatzen dizu norabidea.


Errez hasi nintzen harresi itogarrian gora, hasieran librean, gero iltzetik iltzera, desplome gogorrean. Errazegi nioan, eta ez zen normala, A3+ ematen diote luze honi, argi zegoen Manituak gutun bat zuela ezkutatuta; horman sartua nengoen, azken pitoitik zintzilik, amildegiaren amaiera zen, non sabaia moduko bat eratzen duen. Zer norabide hartu erakusten zidan buril zahar batek. Torloju herdoildua bakarrik ateratzen zen harkaitzetik, txaparik gabea. Burila urrunegi zegoen zintzilik naukan iltze eskasetik iritsi ahal izateko. Iñakiri eskatu nion soka osagarriari gure iltze sorta lotzeko. Iltzerik txikiena hartu nuen, laua, eta laxa mehe batean iltzatu nuen, nire pisua jasateko kapaz izango zenaren uste handirik gabe. Eutsi egin zidan. Posizio berri horretatik, aurrekoa baino metro bat gorago, ahal nuen guztia luzatu nintzen, eta lortu nuen fisurero txiki baten kablea txintxeta itxusian lotzea.


Azkarregi ahoskatu nuen gainditua nuela, itxuraz horrela ikusten nuen; granitozko plakak makurdura galtzen zuen hemen, naiz eta lehen begiratuan heldulekurik ez ikusi, hura gainditzeko gai ikusten nintzen. Librean probatu nuen, helduleku minimo batzuk hartuta. Eskuin hanka ongi kokatzea lortzen nuen, ezkerra berriz airean zegoen sabaia gainditu ezinik. Eskuin eskuaz jaurtiketa dinamiko luze bat egiten saiatzen nintzen, nire irismenetik kanpo sumatzen nuen zimurtasun batera nindoan, ez nuen harrapatzen, ustezko heldulekua ukitu ere ez nuen egin. Hori zen azken mugimendua, gainditzen banuen pitzatutako diedro betera iristen nintzen. Behin, bitan, hirutan, lautan saiatu nuen pauso madarikatua.


Manituak gutun bat zuen ezkutatuan, eta nik beste bat. Iñakiri eskatu nion jaisteko eta berak probatzeko.
Larritu egin nintzen Iñaki buril ziztrin horren gainean hegan ikusi nuenean, erraz gainditu behar zuela pentsatzen nuen. Oñatiarrak tentuz aztertu zuen haitz plaka eta hautsitako buril zahar baten zantzuak aurkitu zituen. Ondatutako buril hau bestearen gainean kokatua zegoen. Eta orain zer? metro eskas batengatik aurrera segi ezinik geratu behar ahal ginen? Baina ba zegoen alternatiba: Manitua bide mitikoaren aske bertsioak, azken luze honetan, Lafaille bidearena hartzen du, 7c graduatua dago, nondik doan bilatzea geratzen zitzaigun.


Telefono mugikorra erabakigarria izan zen zeregin horretan; nork esan behar zidan niri horretara Iritsiko nintzela? Web orri bat kontsultatzea aski izan genuen gure akatsa zuzendu eta bidearen friki bertsiora pasatzeko, metro batzuk ezkerretara espit sorta zegoen, zaila jakin gabe ikusteko.


Egunaren azken argitan iritsi ginen krokisak bibak on bat bezala markatzen zuen puntura, 7C luzearen bilera ondoan, izotzez betetako zulo estu bat zen.
Luzaro aritu ginen zulo txiki hori konpontzen, izotza pikatzen. Emaitza: gutako bat zuloaren zirrikitu batean sartu behar zuen, oso estu, ezin mugi, ibilgetuta. Besteari sukalde lanak egitea tokatuko zitzaizkion; elurra urtzea ura egiteko, zopa eta janaria prestatu. Ez zen oso erosoa, baina pozik geunden.


Eguzki goxo batek esnatu gintuen gure zulo babesgarrian. Argi sorta epel bat zen, tontor harroen atzean jaiotzen zena. Gosaldu eta eskaladarako trasteak prestatzen hasi ginen, bart gaueko maniobra bera eginez, baina alderantziz: kendu eta jarri, jarri eta kendu. Hain erraza eta aldi berean hain delikatua, zeozer erortzen bada, akabo.


Mendi botak eta kranpoiak jantzita ekin genion egunari, Croz bideko azken zatiko elur pala nabarmenetik gora igoaz. Eta egun osoan horrela ibili ginen, pioletekin eta kranpoiez eskalatzen: uztailean, Europa osoa bero olatu itogarri baten barruan eta gu neguko eskalada egiten.


Croz bideak horma beldurgarri honetatik irtetzeko aukera desberdinak ditu. Guk jarraitu genuena Manitua bidea eskalatu zuten Txekiar sokada baten proposamena zen, beraiek marraztutako krokisari jarraitzen genion. Izotza bilatzen duen aukera da hau. Ez dakit Slavko Sveticic alpinista Esloveniar apartak 1991ko uztailean bide hau bakarka zabaldu zuenean irteera berdina erabiliko zuen, guk hortik jo genuen. Chemarirekin Croz ertza eskalatu nuenean ere ez ginen hemendik irten, azken horma tentea zuzen eskalatu genuen. Oraingoan, zeharbide delikatuak eginez, izotza bila ibili behar izan ginen horma erraldoian zehar.


Ezin esan dezakegu irteera hau egoera onean zegoenik, ezta pentsatu ere, juxtu xamar zegoen izotzez, eta eskalada mistoa erabili beharrean izan ginen zati askotan. Baina oso oroitzapen onak ditut eskalada tarte honetaz, gozatu egin nuen.


Arratsaldeko lehen orduan Iritsi ginen gailurrera, ipurdia arroka batean jartzeko irrikaz nengoen. Etengabeko egarria nuen ere, deshidratazio punturaino, horma hauek lehortu egiten zaituzte. Jaitsiera luzearekin hasi aurretik, sukaldea atera genuen eta elurra urtzen hasi ginen, ura egin eta trago bizigarria egiteko.


Harrotasuna nabaria zen gure begiradan, euforia egoera puntu batean geunden. Iñakik ez zuen denbora galdu eta bere lagunak gure zoriontasunaren partaide egiten zituen whatsappen bidez, niri oraindik astunegia egiten zait telefonoa.


Croz puntatik jaisteko, errazenak, bi aukera dira. Nik aurreko bietan, Croz ertza eta No Siesta bideak eskalatu nituenean, zuzen kanal hautsi batetik behera jo nuen rapelatzen. Azkarra da baina ez oso segurua, harriak erortzen dira, are gehiago lehorte honekin. Gainera ez genuen lehen errapela bilatu, beraz bigarren aukerara pasatu ginen, Wimper ertza jaistea.
Horretarako, Jorassesen ertzari jarraitu beharra dago Wimper puntaraino, eta han, hegoalderantz doan ertz zorrotzetik jaisten hasi.
Arista honen bukaeran rapel bat egin genuen glaziarrera, Reposoir izenez ezaguna den lekura. Hemen beste bi rapel egin beharra daude ondoko glaziarrera eta serak handi batzuen azpitik zeharkatu beste ertz bat hartzera. 


Hiru alditan egona nintzen Boccalatte aterpean, eta laugarrenean ere besteetan bezala nenbilen, aurkitu ezinik. Gaua itxia zelako aitzakia dut. Baina, hamargarrenean ere berdin ibiliko nintzela ziur, leku zail batean eraiki zuten aterpea, ezohikoa, eskalatzaileoi gustatzen zaigun bezala.


Ondo lo egin genuen gau labur horretan, etxeko lanak bete eta zamak kentzen dituzunean bezala. Eta biharamunean bai, Boccalatteko aterpeko eskenatoki bikainean telefonoa atera eta senideei eta lagunei ongi nengoela esan nien, nire zorionaren parte egin nituen.


 














 







 




 









 





 








 



 



 

2011(e)ko urriaren 22(a), larunbata

GRANDES JORASSES- No Siesta bidea





Eskalada bidaia honetan pentsatzean, abentura klasikoetako filmetan agertzen diren pertsonaia latz eta serioak gogoratzen ditut: Gizon ondu bat bere mendiko etxolan dago, hau da bere erretiroa, bere eguneroko errutinan murgilduta. Bat-batean antzinako lagun bat azaltzen zaio akzio pixka bat eskaintzen. Gizonak, asko pentsatu gabe, dena utzi eta laguna segitzen du abentura egarriz. 
 Nire kasuan ia gauza bera gertatu zen: Lasai nengoen Iturtxoko azienda zaintzen. Bat-batean korreora Keparen mezu bat iritxi zitzaidan, sei esteka desberdin eskegiak zituen. Lehenengoa  klikatzean, nire begi aurrean aspaldian desiratutako eskalada baten informazioa azaldu zen. Berriarekin batera, nire ametsatako bidea igarotzen den horma hotz eta ilunera joateko gonbidapena zetorren. Segituan motxila prestatzen hasi nintzen.  
  No siesta bidearen eskalada eta Grandes Jorasses hormaren baldintzak azaltzen ziren artxibo haietan. Gehiago ez nuen behar izan dena utzi eta abentura bila irteteko.



      Chamonixek estresa sortzen dit. Iritsi eta berehala hasten gara gora eta behera zoroak bezala. Eskaladan beharko ditugun gauzei azken ukituak eman nahi dizkiegu. Nekatu egiten nau lan aspergarri honek.
    Azaroan gaude, urte sasoi honetan oporrak hartzen dituzte bailaran bizi diren gehienek, beraz, denda asko itxiak daude. Montenbers-ko trena ere konpontzen ari dira. Dena dago hankaz gora.
    Kepa eta biok, azkenean, ados jartzen gara zer igo eta zer utziko dugun auzian, estrategiaren puntu batzuetan eztabaida izan dugu. Petatearen asuntoak ni ez nau konbentzitzen. Ez zait logikoa iruditzen pareta tramu txiki bategatik petatearen deserosotasuna bide osoan sufritu behar izatea.  Ala ere prest azaltzen naiz nire petate txikia motxilan sartu eta behar denean ateratzeko, baina logikaz aukera hau ez da ona ere. Azkenean soilik motxilekin goaz. Nire motxila zaharkitua erabiliko dugu behar denean paretatik zintzilik igotzeko. Janari asuntoan ez gara urri ibili, Lechaux aterperaino behintzat mordoa eramaten dugu.



   Lasai goaz gau hotzean glaziarretik gora, frontalen argiek laguntzen digute izotz laberintoan paretarako bidea bilatzen. Pittin bat harritua noa, normalean hasierako une horiek urduritasuna eta ezin egona eragiten didate, gaur oso lasai noa, aterpean egon garen ordu gutxi horietan ere lo egin dut. 
  Gaua da oraindik pareta azpira iristen garenean. Gasezko sukalde txikia ateratzen dugu eta te bat prestatzen itxaroten diogu egun sentiari.  


Lehen erresaltearen azpian
   Izotzaren kalidadea lehen partean ez da oso egokia. Konkretuki luze bat tokatu zaigu barrukoak mugitu dizkiguna. M7-ko erresaltearen aurreko tiradaz ari naiz. Oreka hutsa izan da; plaka etzan batetan geunden, pioletak izotz "miserable" batean iltzatzen saiatuz. Seguruak hurrun eta eskaxak dira, nerbioak ezin dominatu gabiltz, brutala.


   Konturatzerako eguna joan da, gure atsekaberako ez dugu gaua pasatzeko pentsatua geneukan lekura iristea lortu. Nekatuak gaude, gaua gainean dugula gauden leku bertan bibaka egitea adosten dugu. Ezkutua izeneko hormaren azpian gaude.
   Oso desatxegina izan da bibaka, ez ditugu mendiko botak kendu ere egin lo zakura sartzeko. Eserita itxaron diogu egun sentiari.
   Goizean goiz gaude berriro martxan. Zailtasun teknikoak handitzen doaz, zortez, izotzaren kalitatea ere. Azkarrago eta seguruago mugitzen gara gaur. Egun argi dexente dugula haitz pareta tentearen azpira iristen gara. Denbora dugunez bi luze soka fixoaz ekipatu ditugu eta bibakatzera izotz maldetara jaitsi, bihar beste egun bat izango da.
  Gau hau ere oso deserosoa suertatu zaigu.


   Libre- artifiziala erabiliaz metroak nahiko erraz irabazten dizkiogu pareta tenteari. Gogotsu goaz eskalatzen. Gaur gustatuko litzaiguke paretatik ateratzea. 




   Azkeneko tiradak benetako izotz eskalada dira.Urre koloreko haitzean marraztutako izotz zurizko lerro lirain bati jarraitzen diogu. Tramu batzuetan izotza juxtu xamarra azaltzen bada ere, gehiago saiatu beharra suposatzen du honek, azkar goaz. Azken tirada frontalaren argiaz lagunduta eskalatzen dugu. Irteera haitz hutsean egiten dugu, bukatzeko dugun gogoaz baliatuz erraz gainditzen dugu zailtasun hori.



   Gailurrean gaude!!!, ezin dut sinetsi, Kepa eta biok besarkatzen gara, gure bihotz hoztuak berotasuna behar dute. Lo zakuaren epeltasunean, elur gainean etzanda, ezin ditut malkoei eutsi, emozionatua nago. Leku magiko batetan nagoela sentitzen dut, munduaren gainetik. Aita etorri zait burura. Alfonso ere hemen dago, berarekin neukan hitzartua igoera ikaragarri hau, tamalez ezin izan genuen batera burutu. Nik denei eskerrak emanten diet. Zoriontasuna existitzen bada, hau behar du izan.