2023(e)ko martxoaren 9(a), osteguna

ZIORDIA ERTZA - Bidelagun

 

Proiektuaren berri izan nuen lehen une hartan, harridura sortu ez ezik, beldurrak eta aurreiritziak areagotu ere egin zitzaizkidan, sorkuntza hori egiteko behar bezain duina eta merezia ez nintzela sentiarazi zidan; Euskal Herriko hormarik esanguratsuenean bide berri bat zabaltzea proposatzen ari zitzaidan Aritz, asmo handikoa proiektu horretan bidelagun izatea.

Harrituta begiratu nion, kezkati, leku sakratu batean sartzeko tentatzen ari zitzaidan, eta ni zalantzaz beterik nengoen; - horma hori tenplu bat da, eta txapuza bat egiten badugu? Aritzen azalpenak entzun ondoren, trazatua zein izango zen jakitun izan nintzenean, harrotasun puntu bat piztu zitzaidan, eta proiektuan bidaide izatea erabaki nuen.



Ziordiako ertza, Nafarroan egon arren, Arabako Egino eskalada eskolaren barruan kokatu izan da beti: Iztar-ezur itxura duen bizkarrezur hau 70. hamarkadan izan zen eskalatua lehen aldiz. Saialdi asko, sokada ezberdinen artean, behar izan ziren monolito erraldoia gainditzeko. Ahalegin horretan, gazte ausart horiek, hainbat aldaera ireki zituzten horman zehar, eta gaur egun horietako bat, kirol eskaladarako hornitua izan bai zen, Ziortzako ertza bidea kontsideratzen da.

Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio badu, laurogeiko hamarkadan Vicente Peralesek idatzi zuen eskalada-gidari begiratu bat ematea proposatzen dizuet, " Egino, paseos en vertical " , eta kontatzen ari natzaizuen honetaz ideia bat egingo duzue.


.


Denbora dexente behar izan dugu Aritz Azkuek eta biok Bidelagun bidea eskalatzeko. Eta ez naiz eskalada egun efektibotaz ari, bost egunetan sortu bai genuen bidea, baizik eta, inbertitutako denbora osoaz ari natzaizuet; hiru urte luze behar izan ditugu bidea txukundu, bukatutzat eman eta krokisa argitaratzeko erabakia hartu dugun arte.
Eguneroko konpromiso saihestezinak eta erdian harrapatu gintuen covid maltzurra izan dira proiektua denboran luzatzeko arrazoiak. Hiru urte horietan, gure proiektua astiro gauzatzen ari zen bitartean, beste bide bat gehitu zitzaion Ziordia ertzeko jaiari: Gokyo, Donostiako lagun batzuen eskutik. Zorionez, azken sorkuntza honek, gure bidearen ondoan hasten dena, oro har, monolito handiaren eskuinaldean dauka bere jokalekua.
Hiru bideen artean sortutako errespetua eta sinbiosia izan dira bidearen izena aukeratzeko orduan inspiratu gaituzten arrazoiak; Bidelagun. Horixe goraipatu nahi izan dugu, eskalada estilo ezberdinen arteko ulermena, baina batez ere, eta hau letra maiuskulaz idatzita uzten dut, eskalatzaileen arteko ADISKIDETASUNA, Aritz eta bion arteko adiskidetasun lotura.



Eli Azurmendiren margo bikaina.

Premia larri bati erantzun nahian; etxe ondoan eskalada bideak sortzea: eta ez naiz xehetasunetan sartuko, luze jo dezakedalako, nahiz eta istorio interesgarria izan, agian beste batean kontatuko dut.

  Esaten ari nintzaizuen bezala; Goierrin eskalada bide berrien sorkuntzan murgilduta nengoela, bere antzinako distira berreskuratzeko ahalegin bakarti titaniko batean idortua, eztarri egarritsu baterako ur freskoko trago bat bezala agertu zitzaidan Aritz Azkue (Galdakao 1980); malda astuna igotzen nindoan, zama eta erantzukizun gehiegi motxilan sartuta, ezinean, lehen urrats txarrean oreka galdu eta nire zama guztiarekin hankaz gora erortzeko arriskuan. Aritzek, bere betiko irribarrearekin, bizkar-zorroaren pisua arindu zidan, eta Goierriko eskalada berriro loratzen ikusteko ilusioa partekatu genuen. Horregaitik, magnesioz zikindutako behatz lodi eta itsusi hauekin idatzia uzten dut; eskerrik asko adiskidea. Aipatu beharrekoa da ere, bidearen izena Nerearen ideia izan zela, Aritzen bikotearena.



Bidelagun bideak ziordia ertzaren ezker aldetik jotzen du gora, sabai handiaren eskuineko muturretik abiatzen da, eta eskalada librean plaka bertikal horiek gainditzeko modua aurkizen du. Berehala monolitoaren ertzaren bila doa, metalak imanaren erakarpenari jarraitzen dion bezala. Lehen tirada ondoren, eta ia trazatu guztian zehar, ertzaren ondoan joaten da paralelo, bidekide duen ertz klasiko bidearekin bat.

Iñaki Mendizabalekin egindako errepikapena.

Lehen tirada honek, aipatu dudan denbora dilatazio horretan, aldaketa bat izan zuen. Hasierako trazatuan sabai handiaren ezker aldetik egiten zuen gora, eta zeharkaldi luze batean, kalitate ezin hobeago eskaladan, bileraren segurtasunera iristen zen. Luze ikusgarri honek hurrengo luzeek dituzten zailtasun-antzekotasunekin jarraitzen ez zuenez gero, 6a pluseko luze bat da, eta zeozer gogorragoa bilatzen, orain deskribatuko dudan luzea sortu genuen. Krokisean lehen luze hau trazadura etena batekin markatua geratzen da, eta aipatu nahiko nuke aldaketa zailtasun iritzi bat segitu dugulako dela, zeren biak edertasunean pareko dira.



Etzanda dagoen diedro batean hasten da Bidelagun bidearen behin betiko lehen luzea, eta berehala plaka trinko eta tentera pasatzen da; Parabolta dago hemen. Ondoren, pitzadura orizontal eta zabal batekin topo egiten du, lau zenbakidun kamalota beharrezkoa da. Hemen kokatzen dira luze honen zailtasun handienak, arrakala hau eskuin-ezker zeharkatzen. Gero, pitzadura sistema bertikal bat segitzen du bilera arte; iltzea dago kokatua.
Bigarren luzea; nire iritziz, ikusgarria da, mugimendu elegante asko ditu eta haitza ezin hobea dauka. Eskuin-ezker tendentzia du, beti ertzarekiko paraleloan eta harri bertikalaren bila. Lehen luzeko arrakala sistemak segida du hemen eta honi jarraitzen dio metro batzuetan. Hau bukatzean, sabai handi bat baino lehenago, plaka konpaktu batetik gora tiratzen du. Eskalada pauso gogorra du zati honek, haitz plaka bertikala; parabolt batez babestua dago. Zuhaitz batzuetara iritsi bezain laster, ezkerrera biratzen du, eta sabai txiki bat gainditu ondoren, luzearen bigarren zati konplexuan sartzen da, plaka tekniko batean. Ezkerretara dagoen diedro nabarmenean bilatzen du segurtasuna eta bilera muntatu ere.

Lehen luzearen aldaera.

Hirugarren luzearen berezitasuna, bileratik atera eta berehala zailtasunekin topatzen dela izan daiteke. Eskuinetik ezkerrera egiten den pasabide tekniko bat da; horrela, bilera gainean dagoen sabaia gainditzen du, eta, ondoren, pitzadura handira sartzen da berriro, kontrako norabideko zeharkaldi batean. Sarrera hori gainditu ondoren eskuinera egiten du zertxo bat sabai nabarmen bat saihestuz. Azken zatian plaka liso eta konpaktu batekin egiten du topo, ezkerrera tiratuko dugu hemen, beste bide bateko parabolt batzuetatik gertu, eta hortik eskuin tendentzia hartuta orratzaren puntara iritsiko gara. Tirada oso luzea da hau, 55m.



Laugarren luzearekin hasteko lehendik orratzatik errapelatu behar dugu atzeko muino txikira, hamabost metroko errapela da zelai malkartsuraino. Bidelagun, Ziordia ertza bidearen ezkerretara kokatzen den bilera batetik, zelaian hamar metro beherago, zuhaixka batetan, hasten da.

Horma tente batetik jotzen du gora, betiere ageriko eskaladaren bila, nork bere burua babesteko aukeraren bila. Buruhaustea izan zen guretzat laugarren luze hau, buelta asko eman genizkion ekipamenduari dagokionez egokiena izango zenari. Zabaldu genuenean garbia atera zen luzea, baina ikusi genuen konpromezu asko hartzen zuela eskaintzen zuen harriaren kalitaterako. Gainera, eta Iñakirekin egin nuen errepikamen batetan gertatu zitzaigun, bidetik ateratzeko arriskua zegoen. Beraz, parabolt batzuekin hornitzea erabaki genuen.

Esan dudan bezala, deskribatutako hasierako gune bertikala igaro ondoren, helburua goiko sabaia izango da, pasatu egin behar da harri trinko ederreko plaka bat hartzeko. Gainean dauden zuhaitz batzuetan egiten da bilerara.



Bosgarren tiradak bidearen luzerik onena izendatzeko txartelak ditu, naiz eta ez dituen eskalada pauso gogorrenak, mugimendu ikaragarri politak dauzka. Berrogei metro luzera du eta bilera paregabe baten saria dauka bukatzean, erlaitz erosoa artea zuhaitz sendo baten babesean.

Hurrena, seigarrena, gailurraren gertutasuna agerikoa dela, oztopo natural batekin egiten du topo, sabai handi eta lisu bat. Sabaia hau sahiestea helburu duen luze honek, lehen itxurari aurre eginez, kalitate handiko eskalada ezkutatua dauka. Sabai handi honen azpian putreek habia egiten dute. Beraz, umatze-garaia kontuan hartu beharko dugu ahalik eta traba gutxien egiteko. Sabaiaren azpitik igaroko gara zailtasun handirik gabeko eskalada batean, eta metro batzuk gora egitean parabolt batekin egingo dugu topo, hemen bilera egin daiteke, baina aurrera segitzea gomendatzen dut. Luzea hau zapore atsegina uzten duen horietakoa da, gustu naturala dario mugimendu bakoitzeko, zentzumen guztiak asetzea lortzen duen tirada horietako bat. Paraboltetik aurrera diedro ireki eta tente batetik egiten du gora, heldulekuetan eta aseguramendu puntuetan eskuzabala. Erdibidean, diedro irekiak sabai txiki batekin topo egiten duenean, ezkerrera biratzen du horma tente eta pitzatu baterantz. Tarte hori eskalada-mugimendu politak eginez gainditzen da, beste sabai txiki batera eramango gaituztenak, han, eskuinera egiten du zeharkaldi luze batean zelai eseki batera iritsi arte, bilera erosoa muntatzen da bertan.




  Azken luzeak, zazpigarrenak, pitzadura zabal eta tente bat erakusten digu aurrean, zelai esekira iritsi garenetik igotzeko irrikan egon garen pitzadura. Aurrez aurre erasoko diogu pitzadura erakargarriari, eskuak bere sakontasunean sartuta; friend on bat eta iltze zahar bat erabiliko ditugu pasabide zail hori babesteko, azken piton hori jada jarrita zegoen eskuineko horman. Hiruzpalau mugimendu egin ondoren, sabai baten azpian, eskuinera egiten du iltze lerro zahar batekin bat egin arte, eta hortik iristen da desiratutako gailurrera.



   Zutaz hamaika kondaira entzunak nituen, eta zuk idatzitako eskalada kronika dezente irakurriak. Goierriko hormetan eginak zenituen lanak ongi miatuak nituen, eta askotan sufrituak ere. Goizetan, Jentilbaratzako paretan uzten zenituen magnesio arrastoak arratsean segitzen nituen nik, eta esan behar dizut, Olentzero bezalakoa zinela niretzat, zure atzetik ibili arren inon topatu ezin. Hau 2010eko kontuak dira.
   Hurrengo urteko udaberrian Unai Leterekin geratu nintzen Urdianen eskalatzeko, eta lan bilera baten ondoren zurekin zetorrela jakinarazi zidan. Urduri nindoan topaketara, baino ikusi zintudanean… txikia, ximur betea eta irrifartxu, jajajaja; arrazti ederra pasatu genuen. Etxera itzuli nintzen Zaldibiako Haitzarte eskalada eskola erakutsiko zenidala hitzematearekin, eta Nereari lagun berria nuela esanez, irribarre biribila neraman ahoan.
   Bi mila eta hamabian, egun batetik bestera, goizak libre edukitzera pasatu nintzan; orduan konturatu nintzen zergatik berandutu ginen elkarrekin topo egiten. Eskalada goizak ezagutu nituen, eta nireak bihurtu nituen ere. Ulertu nuen nola maite duzun Goierri eta, nire erreinu bilakatu nuen. Ogibidea aldatzea bultzatu ninduzun; gogoan dut Balerdira eskalatzera gindoazela hartu nuela erabakia, eta suhiltzaile bihurtu nintzen. Zure akatsak ere nireak bihurtu nituen; txapa gutxi, dibertsio asko, jejejee. Eskalada mota hori ezagutzen hasi nintzenetik, ordutik hona berritzen saiatu naizen eraldaketa izan da. Mila adibide jar nitzake, baina bada une bat, juxtu ere bide honetan, memorian grabatuta daukadana. Bidelagun bidearen azken luzea irekitzen nengoela blokeatuta egotera pasatu nintzen momentua: dardarka nituen oinak,izerdi hotza bizkarrean, beldurraren ondorioz barre inozoa ahoan. Adorea eskatu nizun egoerari buelta emateko eta zuk ahoa frutaz beteta zeneukala esan zenidan: - ezin badek jeitsi adi eta nik emango zioat!!. Jajajaaa. Esaldi horrek helduleku kamutsak erregleta on bilakatu zituen, itsaspenean nituen oinak erlaitz zabalak bihurtu, eta kokatuak nituen friend eta fisuak 12ko parabolta gaitik aldatu ziran, adorea bilatu nuen. Tontorrean nintzen jadanik, nik proposatutako bidea bukatua, zuk erakutsitako teknika eta estiloa erabiliz gainera. Pozik nengoen Bidelagun izan ginelako. 
   Eta zerk eraman ninduen Ziordiako ertzean bide posible bat ikuskatzera?: Bi mila eta hamabostean, Club Vasco de campingo kideak, Antton Gorrotxategi buru zutela, Ziordiako eskubiko paretan eskalatzen zenbiltzan. Gu garai hartan Lizarrustin, Gorokarastako horman, tope goxatzen genbiltzan ere eskalada bideak marrazten. Lanera bidean nindoala, Ziordiako paretei begiratzen nien, errepideari jaramonik egin gabe askotan, eta lineak antzematen nituen, denbora batera Anttonek egia bihurtzen zituenak. Gogo itzela nuen zonalde horretan bide bat irekitzeko baina Lizarrustik harrapatuta nindukan; eskalada tradizional estiloa, km0an, ederra zen. Gorokarastan bide berrien aukerak desagertzen zindoazen eran Ziordiako momentu iritsi zela antzeman nuen. Zazpika bidearen eta Ziordiako espoloiaren artean dagoen kofaguneak deiadar egin zidan eta informazioa bilatzen hasi nintzen. Lanerako bidean nindoala, Ziordiako irteeran geratu nintzen, eta reflex argazki kamerekin argazki on parea atera nizkion hormari. Eta tate!!, belarrak erdi tapatuak, arrakala sistemak antzeman nituen. Eskalada garbian bide posiblea ikusi nuen, baina gogorra izango zela zirudien. Interneten ordutxo batzuk sartu nituen ere eta ez zen ezer agertzen, argi zegoen zonalde horretan ez zegoela biderik. Nire ideia planteatu nizunean asko harritu ninduen zure aurpegiak. Ez omen zenuen pareta hori ikusita, naiz eta zazpika bidea bakarka egina izan. Raro-raro.
   Kostau zaigu bidea bukatzea baino pena merezi izan du. Eskertu nahi dizut bukatzeko presioa sartu ez izana. Eskerrak ere Nereari, bideari izena emateagatik. Mikelek eta biok ez genuen izen txukun bat bilatzen. Ziordiako espoloi bide mitikoari omenalditxo bat egin nahi genion bidearen izenarekin baino ez genuen izen politik lortzen eta Nereak bere lehen burutazioarekin dianaren erdian eman zuen; izen bat bi esanahirekin, bikaina.
ARITZ AZKUE  






 




















5 iruzkin:

  1. Gaur Gokyo bidea egon gara eskalatzen, Josetxo eta ni. Rapelatzerakoan egon naiz begiratzen ea nondik joango zen zuen bidea. Asmatua diat bai.
    Gero beheko seguruak ikusi eta argi geratu da ez zela erraza izango.
    Bi bide berrikin uste diat espoloia berrezkuratuko duela eskaladan wuki behar zuen lekua. Estetika paregabe daka eta ezin begiak kendu.
    Aio Mikel!!

    ErantzunEzabatu
  2. Arrazoi duzu, Xabi, bi bide berri hauek distira ematen diote berriro Ziordia ertzari, Euskal Herriko eskalada paisaian izan zuen lekua ere berreskura dezake.

    ErantzunEzabatu
  3. Zoragarria istorioa nola kontatzen dezun, beti bezela... Oso polita ta unkigarrie. Eskerrik asko egiten dituzuen bideak egiteagatik ta zuen estiloan egiteagatik! Mila esker artistak!!!

    ErantzunEzabatu
  4. Eskerrik asko Josema! Ea Eginoko eskalada eskola gaurkotzeko duzuen proiektua aurrera ateratzen den

    ErantzunEzabatu