2020(e)ko irailaren 10(a), osteguna

ASPE - Anaya

 


Harritua geratu nintzen ikusi nuenean, ez dira oikoak taberna iskin hormetan eskegita aurkitzea, koadroak balira bezala, eta bitxikeri hau atsegina egin zitzaidan.
Kirol batzuetan ohikoagoak dira horrelako oroigarriak; nork ez ditu ikusi Euskal Herriko tabernetan zintzilik, aretoko horma garrantzitsuenean gainera, Marino Lejarreta txirrindulariaren argazkiak, eskertza zintzo bat sinatuaz. Edo futbol taldeen posterrak, jokalari guztiak bata bestearen ondoan serio daudela, taberna barrako leku hobenean, aldare batean baleude bezala.
Iñaki Perurena ere ohikoa da tabernetako zintzilikarioetan, hirurehun kiloko harri zahar bat bizkarrean altxatzen ari dela ageri da beti, ahalegin basatiak irribarrea ahotik kentzen ez diola. Baina eskalada bide baten krokisa taberna horma batean eskegita sekula ez nuen ikusia nik.



   Pirinioetara joan etorrian geldialdia derrigorrezkoa izan dugu beti, kafe azkarra hartzeko, edo bokata lasai bat jateko, beti egin zaio tarte bat ohitura oni.
   Eskalada egun emankor horietako baten ostean bokata bila geratu ginen Puente la Reinan dagoen Anaya tabernan. Ez zegoen inor barran eta itxaron aldia luzea egiten ari zitzaigun, gose geunden. Ez dut gogoratzen ikusten lehena ni izan nintzen, edo egun horretan nirekin zegoen laguna izan ote zen, buruan dut biok batera gerturatu ginela horman eskegia zegoen koadro bitxi hori aztertzera, eta tentuz begiratu genuela partekatzen zuen informazioa, argazki handi batean Aspe mendiaren hego horma ageri zen, Anaya eskalada bidearen krokisa zuen marraztua.



Bakarka saiatzeko asmoa nuen Anaya bidea, soka lagun bila dei batzuk egin ondoren B plana zen hau. Azken orduan Xabi elkartu zitzaidan ahalegin horretara, Nerearekin aterata zegoen bi jai egunak pasatzera, Nerea prest zegoen eskaladak irauten zuen ordu luze horietan zain egoteko; muxu handi bat zuretzako Nerea. 
Xabierren deia atseginez jaso nuen, furgoneta martxan jartzen ari nintzan unean izan zen, Aisan geratu ginen afaltzeko.



Gogoko dut Aisa, Pirinioetako herri asko bezala, gustu handiz dastatzen dut isurtzen duten lasaitasuna, heldutasunaren patxada dela iruditzen zait.
Naiz eta Aisa, Aspe mendiaren magalean ezkutatua egon, astebururo mendizale andana hurbiltzen zaio, herriko egunerokoa hankaz gora jarriaz. Mendizaletasuna gehitzen doan kirola da.



Gure furgoneta langa ondoan utzi genuenerako kotxe ilara luzea zegoen bidearen bi alboetara, lasai ibili ginen goizean, Nereak gurekin egin behar zuen Aspe hego hormako hurbiltzea, ondoren irakurtzen lasai geratzeko asmoa zuen, honek eskalada burutzeko presa zertxobait arintzen zuen.



Atzetik, hurbiltze bidean, lauko sokada zetorren. Aisako lepoan hasten den "murciélagos" ertzan pare bat zenbiltzan. Aspeko hego hormaren azpira iritxi ginenean bi sokada zeuden beraien igoerekin hasten. Ez nuen espero horrelako Pirineismorako afiziorik.
Hego hormako horietako sokada bat Anaya bidean zegoen. Sorpresa gozoa izan zen Iosu Ulazia eta Igor Lasa zirela konturatu nintzenean, horrelako ezusteak atseginak ditut, ez dut imajinatzen leku hoberik lagun zaharrak agurtzeko.




Asko gustatu zitzaigun Anaya bidea Xabier eta niri, bidea ongi trazatua dagoela iruditzen zaigu, bati bat lehen partean, ez baita erraza kalitatezko horma bilatzea zati horretan.




Hirugarren luzearen azken zatian, bideak eskuinera trabeska nabarmen bat egiten du, guk bilera bat inprobisatu beharrean izan ginen, ezin izan genuen luzea bukatu, friend eta fisureroz muntatu genuen bilera diedro batean. Sokak kriston igurtzimendua egiten zuen, nahiago izan genuen aukera hau erabili. Ondorengo luzea pareta gorriaren azpiraino egin genuen, zelaitxoan dagoen bloke handia arte.




Bigarren zatiko arroka gorriak eskaintzen duen eskalada ezin hobea da, gozatu egin genuen arrakala leun horiek igotzen. Txalotzekoa iruditzen zait, zati honetan, sortzaileek egiten duten seguru mugikorren erabilpena, bi luze oso, bilera barne, seguru fixorik sartu gabe, ez da ohikoa, are gutxiago klasiko bihurtu den bide batetan.



Jaitsiera beste gauza bat izan zen, zerua erori zitzaidan gainera, ezin nuen sinetsi begi bistan nuena, sutan jarri nintzan. Xabier atzetik haluzinatua zetorren, ez zen gutxiagorako nire maldizio erretolika entzunda.
Ba dira gustu txarrez eginiko gauza asko, ikustearekin soilik begietan min egiten dizuten horietakoak, hau horrelako bat da; errapeletara eramaten zaituzten pintura marka gorriaz ari natzaizue.


Ba dakit zertarako sortuak izan diren marka horiek, zein funtzio bete nahi duten, baina uste dut ez direla beharrezko, inguruari izugarrizko kaltea egin diotelako, leku eder hau zatartzen dutelako, egoismo hutsa da; ez al dira aski beti erabili izan ditugun harri dorreak? hitoak?, lekua ez da hain konplikatua, errapelak dauden lepoa bilatzeak ez du arazorik. Noski, lehenik krokisa begiratu, edo gurekin hartu behar izan dugu, eta dirudi hau lan nekeza dela.


Errapelen kanal hau Aspera igotzeko ohiko bide bat da, neguko baldintzetan bati bat, eskalada gidatan azaltzen da. Hego horma eskalatu ondoren jaisteko erabilia izan da ere, "hitoak" or daude; zer beharra dago marka itsusi horiek egiteko? Espero dut pinturarena joera ez bihurtzea, bestela gureak egin du.


Asko gustatu zait Anaya bidea, benetan gozatu egin genuen Xabi eta biok, Aspeko hego horma aurkikuntza zoragarri bat izan da niretzako.













 












 

 




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina