2020(e)ko abuztuaren 23(a), igandea

LIZARA - PUNTA FETAS - Xiberotarren besta

 

Festarako garai hobeak izan dira Euskal herrian; txokoak alaitzen dituzten herri jai guztiak bertan behera geratu dira, gaueko taberna eta dantzalekuak itxi dituzte, pertsonen arteko harremanak murriztu, familia eremuetara soilik mugatzeko eskatu digute agintariek. Parrandarako garai txarrak dira hauek, juerga kontuetan ere itxaropenera kondenatuak gaude.



Ni ez nago etsitzeko prest, golfo xamarra daukat gorputza, Zuberotar bikote baten festa gonbidapena iritsi berri zait, onartu dut.
Ez gaizki hartu nire hitzak, ez ditut arauak hautsi behar, ez naiz ez-solidario bihurtu, bakarka festa izango da nirea.


Arroka festa gonbidapenak ugariak dira, eta hauetariko jai batzuk jarraitzaile asko mugitzen dituzte; "la fiesta del bíceps" adibidez, gihar puztuen gehiegikeria.
Beste jai batzuk esklusiboagoak dira, minagoak; "la fiesta del Paca", psikotropoak kontsumitzeko apartak.
Ba dago gau guztia parrandan pasatzen dituztenak ere, "noche de juerga" adibidez, Sirula mendi ikusgarrian, kalimotxoa eta speed, Euskal punk garaietan bezala.
Ni Jean Pierre Riok Lizaran egin duen azken jai deialdira gerturatu naiz, lagun fidela dudan Izarrekin batera, "Xiberotarren besta" deitu diote parranda honi.
Musika jaialdi handietan egiten den moduan kanpatzeko tresnez joan gara gu ere, ez genuen festa ikaragarri honen detaile bakarra galdu nahi.


Arratseko bostetan utzi genuen Lizara aterpetxeko kotxe parkinga, aho zapien muga dugu hau. 
Motxila astuna neraman bizkarrean, eskalada materiala, jana eta lotarako tresnak.
Bisaurin mendiaren bide arruntetik gindoazen, Foraton lepo zabaletik gora. Gaztetako oroitzapen neketsuak dakarzkit tontor lodi honen hego malda astunak. Neguan eskiak jantzita maiz igo dut aldapa bukaezin hau, baina tontorra zapaldu nuen lehen aldia uda garaia izan zen. Gabardito aterpetxean lo egin ondoren goizeko freskuran atera ginen gailurra zapaltzeko irriki Marron eta bere parapenta, Lazkaotar koadrilarekin batera, Ramon Baztarrika, Jon Lasa eta Imanol Murua.
Gogoratzen dut eguzkiak errukirik gabe jotzen gintuela hego malda astunean, pauso bat gora egitea lan neketsua zela, tontorra zapaltzea, ahalegin zentzugabe hori, zalantzan jartzeraino. Nekearekin bukatzeko atzera egitea nahikoa nuen, eta aukerak euliaren burrunbak bezala ziztatzen zidan burmuinean. Eta orduan Imanolek bota zituen askotan gogoratu izan ditudan hitzak, gerora egin izan ditudan eskalada eta mendi igoeratan burura etorri zaidan esaldi ahula; “ez dut pentsatu nahi zer izango den Himalayako mendietan igoera bat”.
Etorkizunari begira egin ziren hitz horiek orain iragana dira: Nire bizitza bideak munduan zehar bazter asko ezagutzera eraman naute, Himalaya barne, eta lur urrun eta exotikoetan mendi maldak parekatzeko aukera izan dut, sarritan Imanolen hitzak burura etorri zaizkidalako. Beti pentsatu dut aspaldiko uda hartan, mendizale gisa lehen igoera izan zitekeen horretan, Bisaurin mendiaren hego malda nekagarrian, nire bizitzako igoerarik gogorrena bezala.


Nostalgia beteak diren burutazio hauei, traketsagoak diren beste pentsamendu batzuk buruan lekua irabazten ari zintzaizkidatenean, punta Fetas hego pareta ederra nire oinen altueran agertu zitzaidan, soilik zeharkaldi atsegin batek banatzen gintuen hain estima dudan paretaz, eta bat patean alaitsu gindoazen harri blokeetatik saltoka, Izar aurrean nuela beti.

 


Eskertu nuen buruko kapela hartu izana. Arropa guztiak jantziak nituen, ez zegoen bero usainik paradisuan, kanpin denda eta lozakuaren berotasuna ez nituen luzaroan zain eduki nahi.


Ezingo nuke esan gaua erosoa izan zenik, ezta gutxiago ere, magina buelta eman nituen postura egokia bilatu nahian, baina eguna argitu zenean, eta leku miresgarri horretan esnatzean, gaitz guztiak uxatu ziran; bibaka egitearen xarma ez da lo egitea, edo gaua pasatzearena soilik, egunsentiaren argitan, aukera duzunean inguratzen zaituen handitasuna begiztatzeko, eta zein leku pribilegiatuan zauden ulertzeko, orduan aurkitzen dut nik magia.

 


Paseo atsegina izan zen, soilik hamar minutu dira bibakatzeko denda arinetik eskalada tokira.
Motza iruditu zitzaidan, gorputza berotzeko astirik ez nuen izan; hiru arropa kapa eta buruko kapela nituen jantzita, eta eskuak hotz sentitzen nituen.
Eskaladarako prestatu nintzen, Izar soka luze batekin lotua nuen jadanik, bere ur eta janarekin, eroso egongo zela ez nuen dudarik.


Bidearen krokisak arrakaletarako esku larruak komenigarriak direla azaltzen du, kasu egin nuen aholkuari eta ez nintzen damutu. Horma tentea pitzaduraz josia dago, bidearen sortzaileek zalantzak izango zituzten zein arrakala aukeratu, nik garbi nuen, urrunean ikusten nituen bi baraboltak markatzen zizkidaten bidea.


Aurretik kateatzea lortu nuen luzea, estutu on bat emanda noski, eta ikaragarri gustatu zitzaidan.
Frienak errez kokatzen dira luze honetan, baina kontuak atera behar nituen, joko bat neraman soilik, esku estua izatea eskatzen du situazio honek, ezin duzu nahi bezain beste babestu, bada ez bada teoria.


Bigarren luzeko hasiera hormak txunditu ninduen, ederra eta egingarria ikusten zen, gerora ematen zuena baino gogorragoa suertatu zena. Bigarrengoz, soka goitik nuela, kateatzea lortu nuen. Pitzadura kaos bat da plaka lirain hau, eta zurea egiteko ongi saiatu beharko zara. Era askean igotzeko parabolt marratik pittin bat eskuinera ibili nintzan ni, agian era honetara deseroso sortatu daiteke txapak ipiniz igotzerakoan, baina zuzen askoz gogorragoa da, eta bat dator sortzaileek proposatzen duten zailtasunekin.


Ondorengo zatiak atzera egiten duen diedro bat segitzen du. Diedro honen erdian, parabolt batean, bilera markatzen du krokisak. Nik neure aukerak aztertu ondoren, neraman materiala, aurrera tiratzea erabaki nuen, bi luze batean eginez, izugarrizko tirada ona geratzen da horrela, 45 metro inguru.


Hirugarren luzeak ezkerrera egiten du, kanal zabal batetara, nik kanal hau segitu nuen gailurreraino. Gero ikusi nuen bideak, agian, kanal hau utzi eta ezkerrerago trabeska segituz horma zati konpaktuago batetara iristen dela, horma honen gainean errapela dago.


Atsegina izan zen gailur pikotsuan argazkia egitea, gustuko ditut haitz tontor zorrotz hauek, ez dute lekurik seinale fisikoak jartzeko; harri dorreak, gutunontziak, gurutzeak… beti izango da gozagarria leku ezezagun batetara iritsi zaren sentsazioa.


   Bueltakoan kanal zabala eskalatzen jaitsi nuen beko errapelarte. 
   Izarrek betiko ongietorri beroa eskaini zidan, ahoa irekiz nagiak atera zituen, loaldi gozoa egin zuenaren seinale.


Bakarka egiten diren festek biharamun tristea izaten dute, memoria kolektiboa falta zaie. Inork ez ditu aipatuko, ajearen ondorioak bistakoak dituela, parrandaren xehetasunak; zein ederki pasatu zuen hire dantza frenetikoa ikusten, zenbat barre egin zuen dantzalekuaren pistan hegan ikusi zintuenean, eta festa bukatzear zela bion arteko argazki selfia atera zuenekoa.


Ez, ez dira horrelako gauza garrantzitsuak egongo bakarka egiten den jai batetan. Soilik hik gogoratuko dituk festaren xehetasunak; oztoporik gabe iritsi zitzaizkizun naturaren musika doinuak, argien jolas guratsua eszenategia apaintzen zuenean, koreografiaren zailtasunak, ahalegin handiz dantzatzea lortu zenuena, eta naiz festara bakarrik joan izan ongi pasatu zenuela.

1 iruzkin: