Nahi eta ezinean bizi gara; urdai azpikoaren zapore koipetsua gustuko dugu, baina barazki egosiak jaten ditugu, gantzak saihestuz.
Askatasuna dugu maite, baina amesten dugun askatasun prefabrikatuan ustez
beharrezkoak ditugun gailuak pagatzeko gure burua gatibu daukagu.
Eskalada dugu gustuko, baina ez dugu onartzen bere arriskua, kapaz gara horma
baten nortasuna aldatzeko, segurtasunaren izenean, gure gabeziak onartu ezean, eta dena Instagramen argazki bat jartzeko; baina nere buruari galdetzen diot... salbuespenak egon ahal daitezke?
Jamoncito vegetal bidea eskalatu berri naiz Ordesako horma kaotikoan, Nacho
Merinorekin batera igo dut, eta ziurtatzen dut ez dela suzedaneo bat, urdaiazpikoaren gantz koipetsua dariola eskalada mokadu bakoitzeko, kalitate ziurtagiria duela, ezkur hobenekin elikatutako urdangetatik ateratako pata negra dela.
Bide hau eskalatzeko bi motibazio desberdinak mugitzen ninduten: alde batetik bere estiloa, Ordesan dagoen bide zailenetako batekin egin behar genuen aurre, eta bestetik, bidearen sortzaile bezala siñatzen duten hiru handiak oso laguntzat ditut, beraien bidearen errepikapena egiteak, hein handi batean, beraiengana gerturatzen ninduen, eta estu saiatu beharrean gogoz pizten nintzen, nire kidetasuna
adierazteko ilusioz.
Udan eskalatzeko itzala beharrezkoa bihurtu da, ez dago pertsona zentzudunik
atzoko beroarekin eguzkitanjardungo zenik, salbuespenak kenduta, gure aurrean sokada ausart bat genuen cascadako horman, errukitu genituen Fraucatako itzal suspergarritik.
Esan dudan bezala, jamoncito Vegetal Fraucata horman dago, eta eguraldi iragarpenak adierazten zuenari kasu egin nahi eta ezin horretan berandu genbiltzan,
goizeko hamarrak ziran lehen luzearekin hasi giñenerako.
Kuriosoa da lehen tirada hori, eskalada pauso bitxiak egin behar dira gainditzeko;
diedro, arrakala, artesi eta sabai nahasketa berezia; gogoratzen dut Diedro de las Audibras bidea Santi Graciarekin eskalatu nuenean
sentsazio berdina izan nuela, - hau 6b bada zer izango da aurrerago aurkituko duguna?
Komunikazio akats baten erruz, lehen hiru luzeak bietan egin genituen, nahiko
deseroso soka marruskadura gaitik, ezker eskuin trabeska egiten du nabarmen
bigarren luzeak. Hirugarrenaren irteera, bilera iristea, oso delikatua da, bloke kaosa dela eta.
Laugarrena bideari zailtasuna jartzen dion luzea da, ezohiko tirada, horma tenteak
lehen bistan ez du egin daiteken itxurarik, eta barruan zaudela, poliki aurrera egitean,
zortez babes eta helduleku aukerak azaltzen doaz, gustuz eta beharrez hartzen
direnak.
"Luzearen irteeran, diedro irekian, atzera egiten duen sekzioa da hau, babesa beharrezkoa nuen zati zail hori gainditzeko; soka gorria friend more batetik pasatzea lortu nuen, ez zegoen gaizki, justu kabitzen zen zulo errektangular batean kokatua zegoen, nire kalkuluen arabera erorikoa eutsi zezaken. Azpiko segurua ordea, fisurero ertain bat zen, arri bloke zatitu bateko arrakalan sartua zegoena, ez zidan konfiantza ematen, zalantzazko hotsa ateratzen zuen harri zahar horrek ukabilez jotzen nuenean,
zetorkidan eskalada pauso gogorra hobeto babestu
beharra zegoen.
Diedro irekiak kanaltxo estu bat dauka erdian, pauso gogorrarekin hasi eta berehala, bertan fisurero bat kokatzeko aukera ikuskatzen zen; besoei ahalegin handia eskatuz fisurero on bat sartzea lortu nuen, baina ez nuen arnas pittin baten bila atzera egiteko aukerarik ikusten, segidan jo behar izan nion pausoari.
Gogotxo nindoan, luzea kateatzeko itxaropenez. Ezker eskua kanaltxoan sartu nuen eta blokeo luze bat egiten saiatu nintzan urrutian ikusten zen laxa on batetara, luze geratu zitzaidan mugimendua. Ezin egonean, nekez dardarka, erregleta batekin egin nuen topo, eta nituen indar apur guztiak ateraz, kanaltxoko eskua itxaropentsua zen
erregleta horretara pasaz, laxa salbatzailearen bila lantzatzea bat izan zen. Behatz
puntekin ukitu nuen laxa, nire eskuin eskuko azal gogorrak sentitu zuen guratsu nuen
heldulekuaren zimurtasuna, baina ez zen nahikoa izan nirea egiteko, eskutik alde egin zitzaidan.
Ez nuen ezer sentitu airean nengoenean, egun osoan gure aldamenean izan
genituen enarak bezala, Cotatueroko espazio irekian txori bihurtu nintzan une
izugarrian, umil, onartu nuen nire porrota".
Orain luze horretan pentsatzen dudanean, eta nola saiatu nintzan bera gainditzen,
pozik naiz, Ordesako hormetan erorikoa arte borroka egiteak, niretzat, eskalatzaile
bezala, oso positiboa da, are gehiago, bileraren babesean nintzela, eta Nachok, luzea egin ondoren, txoko eroso horretara iritsi zen momentuan zoriondu
ninduelako.
Bosgarrena ere ez da luze makala, Nachori tokatu zitzaion, eta ongi saiatu behar
izan zuen gainditzeko. Krokisak bi iltze markatzen zituen trazatu aldrebes horretan,
bakarra txapatu zuen, paperean bigarren agertzen zena, bestearen arrastorik ez
genuen aurkitu, eta horrek, konpromisozko terrenoetan asko esan nahi du. Orokorrean luze oso ona iruditu zitzaigun.
Seigarren luzeak bilera Diedro de las Audibrasekin partekatzen du, bide ezaguna
niretzat, eta alternatiba tentagarria zen aurrean ikusten nuen sufrikarioarekin
bukatzeko. Baina ez, gu jamoncitoren zapore koipetsu bila etorriak giñan, pata negra urdai betekada egitea, egongo zen denbora dietetarako.
Luze honetaz ere, aurrekoan egin dudan moduan,
xehetasunez azaldu ahalko nituzke eskalada mugimendu eta sentsazio guztiak, oso
biziak ditut oraindik, tope saiatu nintzan kateatzeko. Baina ez zaituztet,
aitona gaztetako kontuekin asten denean bezala, nekatu nahi, joan eta dastatu
besterik ez duzue egin behar.
Ezin dut esan Jamoncito Vegetal bidea oso ona denik,
Fraucatako bide gehienekin gertatzen da, gure hoberena eta txarrena azaleratzen
du, baina bere helburua lortu du, salbuespena izatea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina