2020(e)ko uztailaren 25(a), larunbata

ANSO - ESPELUNGA - Sin Perdón





Erraza egiten zaigu barkamena eskatzea, norbait iraintzen dugunean konpontzeko erabiltzen dugun hitz magikoa da. Askotan okerra kontzienteki egiten dugu, jakin barkamena eskatu ondoren dena konponduko dela. Umetatik ikasi dugun estrategia da; maleziaz gaiztakeria burutu ondoren, zintzo aurpegia jarri, barkamena eskatu eta listo, funtzionatzen duen formula da. Nik gaur horrelako bihurrikeria egin dut.



Zortez, anitz eskalada bide on daude gure natur inguru eder honetan, estiloz eta graduz desberdinak, nik denak ditut gustuko, soka lagunaren dohainek eta nahiek egiten didate bide bat edo bestea aukeratzea.



Oraingo honetan Nacho Merino izan dut soka kide. Nacho Madrilen jaiotako gazte bat da, gaur egun Jakan bizi dena. Lehen eskalada irteera genuen Nachok eta biok, ez giñan pertsonalki ezagutzen, sare sozialen bidez genuen bata bestearen berri.



Eguna adostua geneukan, lekua eta bidea falta zitzaigun. Logistikaren arrazoiaz Anso bailara ongi etortzen zitzaigun biori. Zein horma ere logikaren barruan sartzen zan, Espelungako paretak goizean itzala dauka, uda egun beroetarako oso aproposa. Bidea aukeratzea zailagoa egin zitzaigun, nik "más gasolina" eskalatu nahi nuen, baina Nachok egiña zuenez baztertua geratu zan. Nachok "culo spray" komentatu zuen aukera bezala, nik Enekorekin egiña nuen bide hau. "Urdaburu" ere or zegoen, baina biok eskalatua genuenez beste bat beharko zuen izan. Azken aukeran, "sin perdón" geratzen zitzaigun, ezin nuen momentu hau pasatzen utzi.



Aurreko mendean zabaldutako bide honek jarraitzaile falta sumatu du urte mordo hauetan; nork nahiko zuen joan honelako bide batetara?



Nik bide honen existentzia jakin nuenetik nahi izan nuen eskalatu. Orain urte batzuk entzun nuen igoera bat izan zuela. Ziotenez, eskalatzaile hauek, Mikel eta Tron ziran, ez omen zuten ongi pasa bidea igotzen, ez zitzaien "sin perdón" gustatu.
Normala izaten da honelako eskaladetan informazio eske deitzea. Eskalatzaile hauek ezagunak ditut, beraien telefonoa ba dut ere, baina ez nien "sin perdón" bideari buruz informazio eske deirik egin, banekien zein izango zen eskalada honi buruzko beraien iritzi eta aholkua, eta nik aholku hori entzunda ezingo nuen Nacho "sin perdón" bidea igotzen animatu, zerbait ezkutuan nuela ibili beharko nintzen, barkamenaren prezioa altuagoa izango zen, beraz, bidea igotzeko gogoak zintzotasuna gainditu zuen, niretzako gorde nituen xehetasun guzti horiek.



"Sin perdón" bidea eskalatzea lortu genuenean, idatzi dudan guzti hau kontatu nion Nachori eta, ondoren barkamena eskatu nion.



Gogo biziz hasi nintzen eskalatzen, itxaropenez nindoan metroak irabazten bideari, era askean igotzea ea posible genuen erantzunaren bila gindoazen.
Arraro egin zitzaigun hasierako bi luzeetan bideak arrakala eder bat uzten zuela, eskubi aldean, konturatu ginenean, eta ezker aldeko zati belartsutik jotzen zutela gora. Guk arrakalatik igo genuen, nire iritziz zati honek kalitatez hobetzen du bidea.



 Sabai erraldoiaren luzea eskalatzean jaso nuen bilatzen ari nintzan lehen pista, bidean zehar aurkituko genuenaren erantzuna. Direktisima deritzon bide batekin egiten ari ginen aurre, dena zuzen hartzen duen hauetariko bide klasikoarekin. Garai bateko eskalada estiloa izan zen hau, eskalada artifiziala izaten zen bide hauen ardatza, eta berdin zitzaien eskalatzaile hauei zailtasun handiko zati hauek alboetara zeharkaldiak eginez era askean gainditzeko aukera egotea, direkto joango ziran gorantz, zegoena zegoela, gailurraren bila. Eskalatzaile horietako batzuek erabili zituzten teknikak gaur egungo etikarekin ez datoz bat, bidean gora ikusi ahal genuen bezala.



Sabai ikusgarria gainditu ondoren paretak bertikaltasun gehiago hartzen du, eta plaka eskalada da ondorengo bi luzeak eskaintzen dutena, laugarren eta bosgarren tiradak dira hauek.
Azken luze honetan, bosgarrenean, nik seigarren tiradarekin bat egin nuen; bosgarrenaren bilera plaka liso batean dago muntatua, bilera hau deserosoa izatetik aparte plaka tekniko baten erdian kokatua dago, bilera egin ezkero tranpa sentsazioa handia da, A0 erraldoi bat izango zen bilera. Zati hau gainditu ondoren bideak diedro fisuratu handi bat hartzen du, nahiko zikina, zortez bere eskalada itxura baino hobea suertatu zen. Beraz, krokisean markatu dugun bezala, bi luzeak batean eginda 7b+ izango da. 



Zazpigarren tiradak hasiera oso polita dauka, ezkata baten antza duen harri laxa dotore batetik igo beharra dago, ondoren trabeska batzuekin segitzen du, nahasteko erreza da zati hau, bere denbora eskatzen du tirada honek.
Zortzigarrengo luzeak berriro ere sapai erraldoiaren izaera berdina dauka, direktisima teknika agresiboa, edo agian oraingoan okerragoa da, luze desplomatu honetan gantxeatzeko zuloak eskuz eginak daude, eta pikatu batetik bestera mugitu behar zara modu ez naturalean kakoetatik zintzilikatuz, librerako ez dago inongo aukerarik.
Ezin dut esan ez zaidanik gustatu bidea, garaian eta lekuan jarri besterik ez gara egin behar, orain hogeita hamar urte zabaldua da, eta orduan beste era batetara eskalatzen ziren horma zahar hauek. Niretzako "sin perdón", Espelungako horma ikusgarrian lehen bidea izanik, txalo bat merezi du, eta gure eskura edukitzeak lagundu egin gaitzake alpinismoan sakondu nahi dugun edonori.



Baina nire iritziz, eta uste apala da hau, gaur egun, eta zortez, ez daude horrelako bide asko, lehen baino hobeto zabaltzen dira gaur egun eskalada bideak, mimo gehiagoz. Orain horrelako bide bat ezinezkoa izango zen. Naiz eta artifizialean gainditu behar izan sabaia erraldoi horiek, seguru naiz errespetu gehiagorekin tratatuko genukeela haitza, arrokak ematen duen aukera guztiak gehiago aprobetxatuko genituzkeela. Orokorrean helburua ez da horma igotzea, nola igotzea baizik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina