Ausa-Gazteluko eskalada oso oparoa da, hiru sektore desberdinekin. Oro har, mendiko eskalada da aurkituko dugun estiloa, material finkoz hornitutako hiruzpalau bide izan ezik, gainerako guztietan guk kokatu beharko ditugu friend-ak eta fisuak. Ausa-Gazteluko ertzaren horma handiko bi sektoreek, goikoak eta behekoak, eskalada estiloan antza dute, ez ordea zailtasun-mailan, eta ausartzen naiz esatera goiko sektorea hastapenerako egokia dela, baina behealdean eskalatu ahal izateko maila handia behar dela. Beheko haitzen sektore izkutua leku fresko eta atsegina da eskalada praktikatzeko. Kirol eskaladarako ekipatutako bide pare bat kenduta, gainerakoa mendi eskalada da. Nahi duenarentzat hemen doa blog baten esteka bat eskalada gune honi buruzko informazioa eskaintzen duena:
Leku eta momentu horretan Ausa-Gazteluko ertzean behar
nuela egon ez dut zalantzarik; lehen bileran zutik, Xabier Artolaren eskalada
segurtatzen, ordurarte itzalpean egondako Txindokiko tontorra eguzkiaren izpi
herabeak ukitzen hasi zutela. Instant errepika ezin horretan gertatu zen. Jakitun izan nintzen denboran jarraitu ninduen misterio bat, bitxikeria bat, argitu
nuela, Ordiziar eskalatzaile beteranoak, Javier Mirallesek, aspaldi, Txindokin
eskalatu gabeko ertz bat ezagutzen zuela modu berezian adierazi zidanean; etxeko postontzian gutuna agertu zitzaidan argazki batekin, bertan haitz
puska tentea agertzen zen. Nik, gutun misteriotsua sinatuta ez bazegoen ere,
berehala antzeman nuen nork bidali zuen. Ez zizkidan datu gehiago eman, berak
hain gustuko duen ziurgabetasun-giro hori sortuz, agian nire
balizko aurkikuntza atsegingarriagoa izan zedin. Baina haitz enigmatikoa
denborarekin lausotzen joan zen, harik eta bat batean, argi eztandak kolore
biziz janzten zuen hezur luze harritsua agertu zitzaidan arte. Ezagutzera joan
beharko nuke, eta, jakina, motxilan eskaladarako traste guztiak eramanez.
Eguna argitu gabe zegoen oraindik Zaldibiako
“Depositoetatik”, motxila arina bizkarrean nuela, Txindokiko hego ertz
misteriotsuaren bila irten nintzenean. Pisuzko bi arrazoi nituen hain goiz
ibiltzeko; oso luzea da harkaitzezko plaka trikorainoko bidea, eta, eguraldia ez
zen oso egonkorra, eguerditik aurrera ekaitza arriskua aurreikusita zegoen.
Hego haize iraunkorrak deseroso jartzen zuen Oiduiko galtzada dotorean aurrera
egitea, susmo txarra hartzen nion nekez argitzen hasten ari zen egunari; -
hemen horrela badago goran ze izango da. Ikustea joatea beste erremediorik ez
nuen.
Motxilan material gutxi neraman, eskalada erreza
aurreikusia nuen, edo behintzat horixe aurkitu nahi nuen; gero errealitatea
beste bat izan zen. Errekontako lepoa, Ausa-Gazteluko gailurrak Aralarko
goi-ordokiari bide ematen dion tokia, zeharkatu eta Ataburuko galtzada hartu
nuen; milaka urtetako mendi bidea da, non denbora aktibo horretan, milioika
abelburuen apatxek moldatu dituzten zoruko lauza higatuak. Alotzako ordokiaren
behealdean Elutxetako borda dago, ez nintzen haran paregabe horretara
barneratu, 4x4 ibilgailuen arrastoen orbainak hartu nituen, malda tenteak
zeharkatzen dituztenak, gero eta indartsuagoa zen hego haize bati aurrera
eginez, Beltzulegiko bordara iristsi nintzan. Haizeen babesean dago korta
ikusgarri hau, zulo handi baten sakonean. Hemen ere oso nabarmena da mendi
berde hauetako antzinako biztanleek ez zituztela beren kokalekuak edonon
eraikitzen, geografia-istripuez baliatzen zirela eguraldi txarretik babesteko
eta beren ganadu preziatua salbu edukitzeko.
Muga psikolojikoa zeharkatua nuen, eskalatzeko gogoa
txikitzen hasten den marra; hurbilketa luzea denean, bi ordu baino gehiago,
hainbeste erakartzen zintuen hormari beste begi batzuekin begiratzen hasten
zara, proiektuaren bideragarritasuna zalantzan jarriz, nekeak erraza dena
konplexu bihurtzen du. Haize bortitzak ere ez zuen aurrera egiten laguntzen;
aitzitik, oso desatsegina zen. Baina abortatzeko eta beste baterako uzteko
arrazoi nagusia izan zen zein bertikala eta trinkoa den obelisko harritsu
handiaren hasiera, material gutxi nuen eskalada horri segurtasunez ekiteko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina