2023(e)ko abuztuaren 6(a), igandea

AGUJA DE BACHIMAÑA - Antisistema

 

Mendizale egin nintzen sistematik ihesi. Eskalatzen hasi nintzen arautik aldentzeko. Hau izan zen nire gazte jarrera. Orain, heldutasunaren muturrera iristear nagoela, normaletik irtetearekin konformatzen naiz; sistemaren ikur garrantzitsuenari, norberaren autoari, uko egin izanak zeharkaldi zoragarria egiteko aukera eman dit.



Ez daramat ondo nire goizeko erritmoa trukatzea, eta are okerrago mendiko eskalada baten aurrean ordutegi logikoa aldatu behar izan ezkero. Beraz, Taxis Tenako furgonetak goizeko zortzirak eta laurdenetan Escarrillako kanpinetik jaso ninduenean, atzerapenekin nenbilela iruditzen zitzaidan. Nire erreguak ez ziren aski izan biltzeko ordua aurreratzeko. Ez nengoen asko estutzeko egoeran, hori edo ezer ez zegoen mahia gainean. Hamabost minutu geroago, zortzi eta erdietan, taxilariarekin izandako solasaldi alaiaren ondoren, Panticosako bainuetxera iritsi ginen. Kotxez eta jendez gainezka zegoen leku idilikoa, Pirinioetako txokorik eder eta zigortuenetako bat da hau, mendeak daramatzate bere edertasunaz jabetu nahian. Taxilariari funtsezko zerbitzuagatik ordaindu ondoren, 30 euro izan zen bidaia, eta nire eskerrak beroenak emanez, motxila astuna sorbalda zurratu gainean ipini eta, atzera begiratu gabe, Bachimañako bidea hartu nuen. Karibeko ordutegi honek bide hasieran mendizale talde handi bat elkartzea eragin zuen. Era askotako mendizaleak zeuden multzoan; adineko matrimonioa makil parearen erritmo metalikoa segiz aurrera egiten zutenak, beren seme-alaben kexengatik martxa hartzea ezinezkoa zaien bikotea, mota eta kolore guztietako Runnersak, eta neska eskalatzaile euskaldun sokada bat, hitz egitea eta ibiltzea bikain uztar zezaketenak. Ezin izan nion jakin-minari eutsi sokak eta eskalada-kaskoak motxiletatik zintzilik ikusi nituenean, eta galdetu behar izan nien non zuten eskalatzeko asmoa. Bachimañako orratzera, Makalu bidea egitera, zihoazela erantzun zidaten. Nire planei buruz galdetu zidatenean, mirespen oihu batek ihes egin zien, antisistema bidea zuten etorkizuneko eskaladen artean.


Atsegin handiz utzi nuen Bachimañako bide ibiltaria, eta fraidearen aldapan gora jo nuen, Bachimañako orratzaren bila, markatu gabeko bidezidor malkartsuei jarraituz. Pozak ez zidan asko iraun, madarikatzen hasi nintzen, urrunean, orratz lirainaren azpian, jendea zegoela ikusi nuenean, berriro nire erritmoa aldatu beharko nuela pentsatze hutsak nahigabetu egiten ninduen. Zortez, ez zen horrela izan, horma azpian zegoen hirukotea “via de los guardas” eskalatzeko zeuden; ohiko bidea dela dirudi, ni paretan egon nintzen denboran beste bi sokada sartu ziran bide honetara. Makalu bidea ere maiz egiten dela ziurtatu nuen, bi sokadak egin zuten aipatu dudan denbora tartean. Horri gehitzen badiogu ertz luzean zegoen bikotea, eta noski, ni eta nire bakardadea, eskaladarako leku oso ezaguna dela esan dezaket. Honek harritu ninduen, Pirinioetan eskalada ez da izan sekula popularra. Honen arrazoia; Paraboltaren miraria da.




Laudorioak besterik ez ditut Mikel Zabalzarentzat eta Sonia Casasentzat bide honi buruz, izugarri ona iruditzen zait, zirrararte gozatu nuen granito paregabe honen pitzaduretan nire esku hondatuak sartzen nituenean. Bachimañako ertz zorrotzera iritsi nintzenean, abentura honen eginkizun nagusia bete nuen, antisistema bidea eskalatzea, hortik aurrerakoak nire ikuitu pertsonala izango zuten. Bachimañako gailurrera segitu nuen ertzetik eskalatzen, orekari bat soka ahulean bezala, soka bildua eta materiala motxilan gordea neukan, alde bateko eta besteko airea sentituz. Bachimaña eta Pico de los Arnales ertzak bereizten duen ebakian lur hartu nuen eta zeharkaldi luze batean, orientazio senak gidatuta, Pondielloseko lepoaren bila abiatu nintzen. Ez da erraza terreno kaotiko horietan mugitzea, harrikaria da dena, harrobi erraldoi bat, babesgabeko leku horietan bide laburrena ez da ibilbide onena.




Mendi lepoak leku magikoak dira, eta Pondielloseko igaroleku zabala, Garmo Negro gailur puska ikaragarriaren azpia, itxaropenaren sorginkeria da; bere edertasunak liluratuta, helmugara iritsi zarela iruditzen zaizu, atseden hartzeko eta ikusteko lekua da. Baina ez da horrela, zuretzat babesgabeko zerua da, bizitza sortzen den haranera jaitsi behar duzu.




Nire aurrean haran ezezagun bat zabaltzen zen, eta horrek txunditzen ninduen, Sallent de Gallego herria amildegiaren amaieran zegoela baino ez nekien. Motxilaren gehiegizko pisua, eskalada-soka zintzilik eramatea, arraroa egiten zitzaidan, txango honen helburu nagusia zein izan zen gogoratzeko ahalegina egin behar nuen, ibilaldiko ordu asko ziran ordurako. Arratsaldeko seietan Sallent de Gallegon nengoen autobus geltokiaren bila, guztira etenik gabeko hamar orduko jarduera izan zen. Haran basati honen azken zatian nahiko lan izan nuen bidezidor estuari jarraitzeko, pare bat lekutan zuzendu beharrean izan nintzen, baina letra maiuskulaz idatzi behar dut paisaiaz txunditu ninduela. Espero nuen bezala ez zegoen autobusik Escarrilara bueltatzeko, eta turisten anabasa horretan autostop egiteak errefus egiten ninduenez, Taxis Tenari deitu nion. Bost minututan hartu eta Escarrilla eraman ninduten. Tarifa hamalau eurokoa da.


Leku bat ezagutzen duzula pentsatzea, handik pasatze hutsagatik, akats bat da, Escarrillatik askotan pasatua nintzen eta ez nuen ezagutzen. Nik lau egun eman ditut Tena bailarako herri bildu horretan, eta inguruan kokatzen hasi naiz. Kokatzearena geografikoki da, zeren etnologikoki egitea benetan zaila da, egun hauetan, jende asko egon arren, inor ez da bertakoa.


Escarrilla aukeratu genuen herriak gure familiak atseden egun atseginak igarotzeko behar dituen bi baldintzak betetzen dituelako; igerilekua duen kanpina dago eta eskalatzeko aukera du. Eskaladari dagokionez, hori baita blogg honen funtsa, bada horma interesgarri bat, Peña Solana deitzen diote. Berrehun metroko altuera du gehienez, eta hegoaldera begira dago. Pixkanaka eskalada-bideak gehitzen doazen arren, proiektu gogor batzuen aztarnak ikusi ditut, kontuan hartzeko lekua izan daiteke. Udan, goiz mugitzen bagara eta azkar eskalatzen badugu, eroso ibili ahal izango gara eguzkiak gogor estutu baino lehen.


Nik bi bide eskalatzeko aukera izan dut: Diedro Sajuma klasikoa eta Roc Revelation. Azken honen lehen bi luzeak eskalatu nituen; aurreko eguneko ekaitzak ez zuen horma egoera onean utzi, eta azken zatiko sabaietatik soka bakarrean rapelatzen ibiltzeak ez ninduen askorik motibatzen.


Edertasuna da iraultza.


 









 



























 




2 iruzkin:

  1. la próxima avisa que te acompaño
    siempre que sea razonablemente asequible....

    abrazo!

    ErantzunEzabatu
  2. Un poco de compañía me vendría bien, ya he comenzado a hablar con el perro.

    ErantzunEzabatu