Mendizale egin nintzen sistematik ihesi. Eskalatzen
hasi nintzen arautik aldentzeko. Hau izan zen nire gazte jarrera. Orain,
heldutasunaren muturrera iristear nagoela, normaletik irtetearekin konformatzen
naiz; sistemaren ikur garrantzitsuenari, norberaren autoari, uko egin izanak
zeharkaldi zoragarria egiteko aukera eman dit.
Ez daramat ondo nire goizeko
erritmoa trukatzea, eta are okerrago mendiko eskalada baten aurrean ordutegi
logikoa aldatu behar izan ezkero. Beraz, Taxis Tenako furgonetak goizeko
zortzirak eta laurdenetan Escarrillako kanpinetik jaso ninduenean,
atzerapenekin nenbilela iruditzen zitzaidan. Nire erreguak ez ziren aski izan
biltzeko ordua aurreratzeko. Ez nengoen asko estutzeko egoeran, hori edo ezer
ez zegoen mahia gainean. Hamabost minutu geroago, zortzi eta erdietan,
taxilariarekin izandako solasaldi alaiaren ondoren, Panticosako bainuetxera
iritsi ginen. Kotxez eta jendez gainezka zegoen leku idilikoa, Pirinioetako
txokorik eder eta zigortuenetako bat da hau, mendeak daramatzate bere
edertasunaz jabetu nahian. Taxilariari funtsezko zerbitzuagatik ordaindu
ondoren, 30 euro izan zen bidaia, eta nire eskerrak beroenak emanez, motxila
astuna sorbalda zurratu gainean ipini eta, atzera begiratu gabe, Bachimañako
bidea hartu nuen. Karibeko ordutegi honek bide hasieran mendizale talde handi
bat elkartzea eragin zuen. Era askotako mendizaleak zeuden multzoan; adineko
matrimonioa makil parearen erritmo metalikoa segiz aurrera egiten zutenak,
beren seme-alaben kexengatik martxa hartzea ezinezkoa zaien bikotea, mota eta
kolore guztietako Runnersak, eta neska eskalatzaile euskaldun sokada bat, hitz
egitea eta ibiltzea bikain uztar zezaketenak. Ezin izan nion jakin-minari eutsi
sokak eta eskalada-kaskoak motxiletatik zintzilik ikusi nituenean, eta galdetu
behar izan nien non zuten eskalatzeko asmoa. Bachimañako orratzera, Makalu
bidea egitera, zihoazela erantzun zidaten. Nire planei buruz galdetu
zidatenean, mirespen oihu batek ihes egin zien, antisistema bidea zuten
etorkizuneko eskaladen artean.
Atsegin handiz utzi nuen Bachimañako bide ibiltaria,
eta fraidearen aldapan gora jo nuen, Bachimañako orratzaren bila, markatu
gabeko bidezidor malkartsuei jarraituz. Pozak ez zidan asko iraun, madarikatzen
hasi nintzen, urrunean, orratz lirainaren azpian, jendea zegoela ikusi nuenean,
berriro nire erritmoa aldatu beharko nuela pentsatze hutsak nahigabetu egiten
ninduen. Zortez, ez zen horrela izan, horma azpian zegoen hirukotea “via de los
guardas” eskalatzeko zeuden; ohiko bidea dela dirudi, ni paretan egon nintzen
denboran beste bi sokada sartu ziran bide honetara. Makalu bidea ere maiz
egiten dela ziurtatu nuen, bi sokadak egin zuten aipatu dudan denbora tartean.
Horri gehitzen badiogu ertz luzean zegoen bikotea, eta noski, ni eta nire
bakardadea, eskaladarako leku oso ezaguna dela esan dezaket. Honek harritu
ninduen, Pirinioetan eskalada ez da izan sekula popularra. Honen arrazoia;
Paraboltaren miraria da.
Laudorioak besterik ez ditut Mikel Zabalzarentzat eta
Sonia Casasentzat bide honi buruz, izugarri ona iruditzen zait, zirrararte
gozatu nuen granito paregabe honen pitzaduretan nire esku hondatuak sartzen
nituenean. Bachimañako ertz zorrotzera iritsi nintzenean, abentura honen
eginkizun nagusia bete nuen, antisistema bidea eskalatzea, hortik aurrerakoak
nire ikuitu pertsonala izango zuten. Bachimañako gailurrera segitu nuen
ertzetik eskalatzen, orekari bat soka ahulean bezala, soka bildua eta materiala
motxilan gordea neukan, alde bateko eta besteko airea sentituz. Bachimaña eta
Pico de los Arnales ertzak bereizten duen ebakian lur hartu nuen eta zeharkaldi
luze batean, orientazio senak gidatuta, Pondielloseko lepoaren bila abiatu
nintzen. Ez da erraza terreno kaotiko horietan mugitzea, harrikaria da dena,
harrobi erraldoi bat, babesgabeko leku horietan bide laburrena ez da ibilbide
onena.
Mendi lepoak leku magikoak dira, eta Pondielloseko
igaroleku zabala, Garmo Negro gailur puska ikaragarriaren azpia, itxaropenaren
sorginkeria da; bere edertasunak liluratuta, helmugara iritsi zarela iruditzen
zaizu, atseden hartzeko eta ikusteko lekua da. Baina ez da horrela, zuretzat
babesgabeko zerua da, bizitza sortzen den haranera jaitsi behar duzu.
Nire aurrean haran ezezagun bat zabaltzen zen, eta
horrek txunditzen ninduen, Sallent de Gallego herria amildegiaren amaieran
zegoela baino ez nekien. Motxilaren gehiegizko pisua, eskalada-soka zintzilik
eramatea, arraroa egiten zitzaidan, txango honen helburu nagusia zein izan zen
gogoratzeko ahalegina egin behar nuen, ibilaldiko ordu asko ziran ordurako.
Arratsaldeko seietan Sallent de Gallegon nengoen autobus geltokiaren bila,
guztira etenik gabeko hamar orduko jarduera izan zen. Haran basati honen azken
zatian nahiko lan izan nuen bidezidor estuari jarraitzeko, pare bat lekutan
zuzendu beharrean izan nintzen, baina letra maiuskulaz idatzi behar dut
paisaiaz txunditu ninduela. Espero nuen bezala ez zegoen autobusik Escarrilara
bueltatzeko, eta turisten anabasa horretan autostop egiteak errefus egiten
ninduenez, Taxis Tenari deitu nion. Bost minututan hartu eta Escarrilla eraman
ninduten. Tarifa hamalau eurokoa da.
Leku bat ezagutzen duzula pentsatzea, handik pasatze
hutsagatik, akats bat da, Escarrillatik askotan pasatua nintzen eta ez nuen
ezagutzen. Nik lau egun eman ditut Tena bailarako herri bildu horretan, eta inguruan
kokatzen hasi naiz. Kokatzearena geografikoki da, zeren etnologikoki egitea
benetan zaila da, egun hauetan, jende asko egon arren, inor ez da bertakoa.
Escarrilla aukeratu genuen herriak gure familiak
atseden egun atseginak igarotzeko behar dituen bi baldintzak betetzen
dituelako; igerilekua duen kanpina dago eta eskalatzeko aukera du. Eskaladari
dagokionez, hori baita blogg honen funtsa, bada horma interesgarri bat, Peña
Solana deitzen diote. Berrehun metroko altuera du gehienez, eta hegoaldera begira
dago. Pixkanaka eskalada-bideak gehitzen doazen arren, proiektu gogor batzuen
aztarnak ikusi ditut, kontuan hartzeko lekua izan daiteke. Udan, goiz mugitzen
bagara eta azkar eskalatzen badugu, eroso ibili ahal izango gara eguzkiak gogor
estutu baino lehen.
Nik bi bide eskalatzeko aukera izan dut: Diedro Sajuma
klasikoa eta Roc Revelation. Azken honen lehen bi luzeak eskalatu nituen;
aurreko eguneko ekaitzak ez zuen horma egoera onean utzi, eta azken zatiko
sabaietatik soka bakarrean rapelatzen ibiltzeak ez ninduen askorik motibatzen.
Edertasuna da iraultza.
la próxima avisa que te acompaño
ErantzunEzabatusiempre que sea razonablemente asequible....
abrazo!
Un poco de compañía me vendría bien, ya he comenzado a hablar con el perro.
ErantzunEzabatu