2023(e)ko maiatzaren 21(a), igandea

RIGLOS - Alpinismo Deportivo

 


Ez zen aurrez pentsatua izan, besterik gabe sortu baitzen, berezko. Azken bi eskaladetan, denboran atzera eginez, etorkizunera urrats handia eman dut.

Furgoneta gidatzean noa niretzat ezinbestekoak diren lekuetarantz, Pirinioetara, Riglos kasu honetan. Oraindik indar berritu gabe nago, gorputzaren nekea eta besoetako zauriak agerikoak ditut; egun bat pasatu da soilik “En tu cabeza rapada” suntsitzailea eskalatu nuenetik. Iñaki Mendizabal dut ondoko eserlekuan. Errepide nostalgikoan aurrera goaz, elkarrizketa interesgarri bati eutsiz, hilabete batzuk igaro dira azkenekoz egon ginenetik, Patagonian egon berria da Oñatiarra eta gauza asko dizkit kontatzeko.




Afaldu nahian gabiltza, ez bai dugu gurekin jateko ezer ekarri, eta ezinezkoa gertatzen ari zaigu, errepideko taberna guztiak, bezeroz beteta ezagutu ditudanak, itxita daude: ez al dago Pirinioetan sekula baino jende gehiago? Ez dirudi, negozioak ixten ari dira.
Ayerben azken itxaropena dugu bokata soil bat jan ahal izateko, badakigulako Rigloseko taberna itxita dagoela, eta aterpea gainezka egoten da autobusetan datozen taldeengatik.


Aritz Aparicioren krokisa

Murillo herri hutsetik igarotzean, Rebekaz gogoratu naiz, kanpineko sukaldean lan egiten du, agian, zorte pixka batekin, zabalik dago. Bingo!!! Jangela zabalean giro hotza dagoen arren, bi mahaitxo baino ez daude okupatuta, hanburgesa zaporetsu pare bat dastatzen ditugu. Oraingoan ere gainditu egin da neska madrildar atsegin hau, gustuko ditut erabiltzen dituen zaporeak. Azken unean izan bada ere, luze hau kateatu dugula sentsazioa dugu. 




Herriko sarrerara iristen garenean, Riglos seinalez, margoz eta hesiz beteta dago, argi geratzen da pasatu nahi badugu hiru euro ordaindu beharko ditugula, eta gaua egokitutako parking handietan igaro nahi izan ezkero hamar euro direla.
Gauaren anonimotasuna aprobetxatuz, buelta eman eta hilerrirantz abiatzen gara, hor, oraindik, ez dago ordaindu beharrik: larriak dira turismoak eremu askotan sortzen dituen egoerak, bertako biztanleentzat arazo bilakatuz; prezio igoerak, nortasun galera, ingurumena aldatzea…ni benetan tristatzen nauena herri horietako jendearen eskuzabaltasuna galtzea da. Inoiz jende apal horien abegi ona sentitzeko poza izan dugunok, ongi etorriak ginela hautemanez, gehiago sufritzen dugu egoera kezkagarri honekin.




Haizea dabil indartsu gau osoan, furgoneta astintzera iristen da, lo zakuaren goxotasunean gehiago kuzkurtzen erreakzionatzen dut. Goizeko freskuran haize zakarrak gogor jotzen du oraindik, funtsezkoa dugu eskalada-helburua aldatzea; aurreikusi genuen bidea haize basati honen eraginpean dagoenez, Viserako Malloan babesa bilatzen dugu, eta horrek are gehiago konprometitzen gaitu, eskalada gogorra izango zena, orain, maiuskulaz idatzitako eskalada bihurtzen da.




Lasai nago, datorrenerako gehiegi, badakit garaia iritsi dela, pozik nago ere. Orain hogei ta hamar urte zabaldu zuten “ Alpinismo Deportivo” bidea Willy Bañales eta Jon Lazkanok. Bide puska hau sortu zutenetik, nire alpinista egoak lerro hau eskalatzera deitu nau. Denbora guzti horretan ez dut aurkitu norekin egin. Gogoan dut Arkaitz Yurritarekin serioski hitz egin nuela bide izugarri honi buruz, baina ez genuen gure denbora erabili saiatzeko ere. Gainerakoan, han egon da, Mallo Frechineko kanal ilunean itxita, denbora luze horretan igoera gutxi batzuk jasotzen, eskalatzaile ausart horiengan sentsazio ezberdinak sortuz, mirespenaren eta arbuioaren artean. Eta bat batean, udaberrian loreak ernatzen diren moduan, ametsak forma hartzen du; ipar haize indartsuak izkina batean babesa bila bultzatu gaitu, Iñakik komentario batekin bide honen hazia jaurti du, eta nik, soilik, Willy eta Joni diedan miresmenaz hitz egin dut, Pirinioetako eskaladaren historian bide honek duen garrantziari erreferentzia eginez. Hitz horiek eragina izan dute, hazia ureztatu izan balute bezala izan da, elikatu balute bezala, hazia ernetu da.



Bidearen krokisa behar omen dugu, Rigloseko eskalada-gidaren trazu soila ez da nahikoa, nigatik balitz ezer gabe joango ginateke. Iñakik pare bat lortu ditu telefono dei gutxi batzuekin; bata bere garaian Willyk berak egindako marrazkia da, oso basikoa da. Bestea, zehatzagoa, Ariziok eta Rubenek bidea errepikatu ondoren marraztu zutena da. Azken hori aukeratu dugu, errekarriz jositako inguru tente horretan orientatzeko. Krokisa aztertzean konturatzen gara Bizkaitarrak balentria hau oso material gutxirekin lortu zutela, fisurero joku batekin. Guk bi friend joko handi eta txiki gehitu dizkiogu, hiru zenbakia kenduz; damutu gara hartu ez izanaz.




Lehenengo luzea abisu bat da, beroketa fisiko mentala, ondoren datorrenerako. Bide basati hau diedro batean hasten da, trinkotasun zalantzagarriko pitzadura batean, eta handik metro batzuk egiten ditu, bat-batean desagertu eta Rigloseko ohiko horma kaotiko batean sartuz. Luze guztian ez dago material finkorik kokatua, haitz zubi bat kenduta. Hau erresistentzia erlatiboko harri txiki bat da, kordino fin pare batekin eraztunduna, azken mugimenduak babesten ditu, bilera iristea, benetako proba mentala bihurtuz.




Alpinismo Deportivo bidea luzez-luze deskribatu nezake, tirada guztiak ditut buruan grabatuak, baina ez dut egingo, ez dut nahi erabiltze manuala sortu. Horrelako bide batek sortzen dizkigun zalantzak gudu-zelaian argitu behar ditugu, garaipenaren zaporea beti gozoagoa izango da. Baina norbaitek galderaren bat balu, edo zalantzaren bat argitu nahia, lasai deitu niri, gustuz erantzungo dizuet bide bakar honi buruzko galderak.
 



Willyrekin hitz egin dut, ikaragarrizko ilusioa egin dio gure igoerak, estima handian dauka bide hau, harro dago sorkuntza honegatik. Zalantzak sortzen dizkio ere; - batzuek esan didate bide osoa hornitzeko, horrela gehiago eskalatuko dela, hobeto aprobetxatuko dela, ideia hau zeharo baztertzen dut. Orduan bi aukera geratzen zaizkit, dagoen bezala utzi, duela hogeita hamar urteko espita ziztrinekin hornitua, edo, berhornitu, parabolt eta inox-txapak jarriz espitak dauden lekuetan, horrela belaunaldi berriek bide honetaz gozatzen jarraitu ahal izango dute. Nire iritzia ematera ausartzen naiz, Willyk galdetu zidalako: ni berhornitzearen aldekoa naiz, beti, material finko gehiago sartu gabe. Bilboko eskalatzaile handiari azaltzen saiatzen naiz, niretzat, bide honek oraindik ere Rigloseko eskaladaren esentzia gordetzen duela, helduleku txikiek jatorrizko ukimenari eusten diotela, errekarrien hauts fina senti daitekeela, eta hau horrela dela izaera duen bide bat delako, eskalatzaile gutxiren eskura dagoena. Berhornitzea egin beharra dago, baina ez du hainbeste presarik, nik espit pare bat probatu ditut eroriko banarekin eta eutsi egin diote.

























 

1 iruzkin: