2023(e)ko maiatzaren 13(a), larunbata

ETXAURI - En tu cabeza rapada

 

Nondik has ninteke istorio hau kontatzen ulergarriagoa izan dadin? Agian berrogei urte atzerago Etxauriko Zerbinitoren azpian, Manu Beriain eta Carlos Garcia irribarretsu eta pozik agertu zitzaizgunean, egindako balentriaz harro. Edo, bide paregabe hau eskalatu ondoren, nire xehetasunak kontatzen has ninteke, ba dago zer kontatu. Eta zergatik ez Nafarroako eskalada gida berria eskuetan lehen aldiz izan nuenean, Xabierrek lanera ekarri zuen eguna. Bai, une hori hartuko dut ardatz:



Ez da kritika bat, sentimendu bat baizik, tristura sortzen didan begi-bistakoa, jabetua bai naiz, lurraren errotazioa bezala, inertzia hau geldiezina dela. Baina honek ez nau axolagabe uzten, kontatzera noa: gero eta handiagoak diren eskalada-gidak ikusten ditudanean, kirol berezi honen bilakaeran garrantzitsuak izan diren eskalada bide batzuen istorio txikiak lekurik gabeak sumatzen ditudanean, lerro eta zenbaki hutsetara kondenatzen dituztenean, zalantzan jartzen dut egindako ahalegin guztiak, pasatako beldurrak, merezi izan ote zuten.

 

Baina dena ez da denboraren amnesiaren kulpa, gauzak besterik gabe aldatzen doazela, guk ere, gure jarrera arduragabearekin, erru handia dugu. Bere garaian ez genituen eskalada asko idatziak utzi, krokis xume bat ere ez genuen egin, garrantzirik eman ez geniolako galdu egingo dira.



Ez da ohikoa Etxaurira soka doble eta friend sorta hartuta joatea, eskalada garbia eskaintzen duten bideak urriak dira. Xabier Artolak ez zuen zalantzarik izan nire asmoak azaldu nizkionean motxila trastos betetzeko, benetan eskertzen diot jestua.

Etxaurin eskaladan jarduteko eguna aproposa izango zela bistakoa zen, Goierrin xirimiriak ez zuen tregoarik ematen, ipar haizea bizi zebilen mendi gainetan, hezetasun honek lainoak iragartzen zituen Nafarroako haran parekorik gabe honentzat, ona Javier Olague sektorean dagoen bide ikaragarri honetan aritzeko.



Behatoki apart honetara iritsi ginenean laino beltz lodiak abiadura bizian pasatzen ziren gure gainetik. Tarteka euri txikia egiten zuen arren ez zen pareta bustitzera iristen; ain egarri dago lurra. Sektoreari izena ematen dion bidetik hasi ginen eskalatzen, berotzea zen asmoa, bai lortu ere.






Eskertu nuen "En tu cabeza rapadara" sartu nintzenean lehenago berotu izana, hotzean sartzea astakeria izan daiteke. Motza da lehen luzea, hamar metro izango ditu, hori bai, gogorrak. Sabaia batean kontzentratzen da zailtasuna, ezkerretik eskuinera tetxu hau zeharkatzean. Arrakala teknika eskatzen du, eskua sartuz egiten dena, zortez harria nahiko leuna da zati honetan.



Ez da bigarren luzearen kasua, arantzaz betetako harria dauka, eskuak sartzea eskatzen duten eskalada pausuak; bide latz honetatik jaisten zarenean, tigre batekin borrokatu zarela dirudi, eskuak eta besoak odoletan izango dituzu.

Arrakala zabala du bigarren luze honen hasierak, lauko frienda hartzen duena, bi eraman genituen guk, eta mugitu behar izan nituen zati hau babesteko. Luze amaiezin honetan utzitako material bakarra fisurero exzentriko zahar bat da, puntu honetan hiru seguru on sartu ondoren hasi nintzen benetako festarekin. Enpotreak ez dira txarrak, egiten jakin behar dira, bai ordea hankak, finak dira paretak atzera etzaten duenarentzat. Arnas estuka, birikak besoak bezain puztuak, zentimetroak irabazten dizkiozu infernuko pitzadura honi, oso luze fisikoa da, aerobikotik asko dauka. Atzera botatzen den zatitik ateratzen zarenean arrakala zabaldu egiten da eta bi hormen artean sartu behar duzu gorputz osoa. Tximinia hau zaila eta jasangaitza egin zitzaidan. Luze jo nuen zati hortatik atera ahal izateko, mugimendu milimetrikoak egin behar izan nituen gorputzeko zati guztiak erabiliz grabedadeari irabazteko. Garraxi ozena atera zitzaidan nire eztarri lehorretik bilera iriitsi nintzenean, era askean kateatzea lortu nuen, nire ustez, Euskal Herriko eskaladaren historian mugarri izan zen bideetako bat, amets bertikal bat bete zen.



Manu Beriainekin (Ordizia 1965)  elkartu naiz Ordiziako taberna batean, irrikitan nago entzuteko "En tu cabeza rapada" bidearen lehen eskalada egin zutenaren xehetasunak. Manu 80. eta 90. urteetan Euskal Herriko eskalada panoraman punta-puntakoa izan zen, beste bi Ordiziarrekin batera, Rikar Otegi eta Ramon Senperena, eta bere garaian Daltonak egin zuten moduan, Goierriko herri txiki hau eskalada munduan ezaguna egin zuten. Eskalatzaile indartsu honi zor dizkiogu esanguratsuak diren bide askoren sortzailea izatea, adibidez; Jentilbaratzako Bimba Mazinga suntsitzailea, berak dardara bat ere egin gabe aixa igotzen zuena. Baina, batez ere, eta hau eskalatzaile gutxik dakite, Araotzeko korea sektorearen bultzatzailea izan zen, lehena izan bai zen sabaia erraldoi horretatik zintzilikatu eta bide bat ekipatzen, Panoramix berea dugu. Mito bat izan zen, eta da, Manu, eskalatzaile generazio batentzat.

Irribarretsu eseri gara tabernaren izkinako mahia batean, barre algaraz begiratzen ditu nire esku zartatuak; - Atzokoak ahal dira zauri horiek?. - Bai, borroka latza izan uan.

- Manu, kontatu nola izan zen "En tu cabeza rapada" lehen igoera.
- Ikuskatua nuen pitzadura, hau, 80. hamarkada erdialdera izan zezakeen. Ordesan bide batzuk zabaldu eta beste batzuk librean eskalatu ondoren, tartean Pedrizara bidai bat egina nintzela, Carlos Garcia eskalatzaile Naparrarekin batera animatu nintzen arrakala basati horretan sartzea. Ez genuen material askorik, ez gaur eguneko friendak, Galayar friend astun bakan batzuk genituen, fisurero handi sorta batekin batera. 
- Gaur egun bi luzetan egiten da bidea, zuek ala egin zenuten? 
- Bai, luze motz bat egin eta bilera muntatu genuen friend eta fisureroz. Bigarren luzea eskalatu ondoren berriz goiko zuhaitzetan egin genuen bilera.
- Orain lehen bileran bi parabolt daude, eta bigarren luzearen bukaeran Javier Olague bidearen bilera joaten zara. Gure inguruan dagoen eskalada ikusita, eskertzekoa da errekipatzaileei lehen igoera honen espiritu garbia errespetatzeagatik.
- Gustatu zaizu bidea Mikel?
- Asko, eredu bat iruditzen zait, kirol honek aurrera egiteko duen bide bakanetakoa.


  

 












 












1 iruzkin: