2021(e)ko urriaren 24(a), igandea

Pic de la Cascada - Bizi Bizitza bidea


 Harri artetik atera nuenean, urteetako hilobi jelatutik, eskuan indarrez eutsi nion, kemena berreskuratuz, babestuago nengoela sentitu nuen.

 Pico de la Cascada orratz ikusgarrirantz altxatu nuen tramankulua, erregearen aginte makila balitz bezala, nire esker ona adierazi nion, leku babesgabe horretatik onik bueltatzeko giltza eman zidalako.




Argazkian ageri den pioleta Cascada glaziarrean aurkitu dut, bertan urteak zeramatzan seinale da. Zuetako batek galdu izan balu, edo norena den jakin ezkero, idatzi, gustura itzuliko diot, niri kriston mesedea egin bai dit.



Unai Mendiaren proposamenari bai esatera ausartu nintzenean, burura etorri zitzaidan aspaldian izan genuen solasaldia; eskalatzeko lagunak bilatzearen zailtasunaz ari ginan sakon hitz egiten, dastatzen genituen zerbezak zintzotasun giroa leuntzen zutelarik. Linas de Broton geunden, El último Bucardo aterpean mokadua egiten, Ordesatik jaitsi berri.

-Eskalada lagunak topatzeko hik daukan erraztasuna estimatzen diat nik!; esan nion Nafarrari, -Kapaz izatea Bizcochito bezalako bide batetarako bost lagun desberdin aurkitzea txalotzeko modukoa dek!; bota nion lagun arteko konplizitatean.

 -Bai, telefono dei asko eskatzen dizkit horrek!; esan zidan Iruñakoak ohikoa duen bihurri aurpegia jarriaz.




  Arrazoi, nire proposamena ala etorri zen ere, telefono deia batez, asmakizun batekin zetorren.

 -Asmazak Marbore inguruan zein bide eskalatu nahi diaten?.

Íñigo eta Iñakirekin egon berria nintzen sakontasun amaigabe horretan, eta, Pic de la Cascada orratza begi ameslariaz kontenplatu nuen orduan, bera igotzeko handinahia sortu zitzaidan.

 -Ederra izango ukan bide hori eskalatzea!; esan nion Unairi, nahi gabe, nire oroitzapenetan sakonduz; -Brouillardeko orratza gorria etortzen zaidak burura, ikusi nianean adsorbatu egin zidan, nirea egitea beste asmorik ez nian, Pic de la cascada orratza igo nahi diat!.




Ez da batere erraza izan. Estrategia pausoz-pauso gauzatzen joan behar izan gara, materialez, eta, ez naiz eskaladarako trasteaz ari, oso eskas gindoazen eta. Beraz, erabakiak zaiak izan dira, momentuan hartuak. Askotan, aurrera segitzeko balantza, gainezka egiteko arriskuan zegoela. Kontatuko dizuet gure abentura, seguru, norbaiti, baliagarria egingo zaiola. 



Aurretik, eguraldi iragarpen oneko hiru egun genituela atera ginen etxetik, larunbata eguerdian, astelehenean bueltatzeko hitza eman genien etxekoei.



Arratseko lauretan Gavarnien ginen, eta, esan beharra daukat, urte luzeetan zehar, Pirinioetako leku kuttun honetara egin dudan bidaiarik azkarrena izan zela hau. Baina, errekor pertsonalak ez zidan asko iraun, bi egun beranduago ordutegia hobetzea lortu bai genuen. Garbi utzi nahi dut kopilotua nintzela.




Beti esan izan da, egoerak jartzen gaituela gure tokian, eta, oraingoan ez da beste era batera izan.

Coll de Tanteseko lepoa behatoki aparta da Gavarnie zirkuaren osotasuna ikusteko, eta, guk kontenplatzen genuena, Pic de la cascada urrunean puntu minimoa zela, zalantza, eta, kezka pizteko modukoa iruditu zitzaigun. Argi ikusten zen, negua jadanik sartua zegoela paraje paregabe hauetan, Alois, hirugarren solairuan kokatua dagoen izotz jauzi ikusgarria, hotzaren magiaz, sortua zela. Garbi zegoen ez genuela erraza izango gure orratzera iristea.



Serradeseko aterpean deskantsua hartu gabe egin genuen aurrera gure bidean, arratsari argitasun apurra irabazi nahian genbiltzan, zeharkaldi luzea hasi genuen. Gure idea, Ekaitzen aholkua segituz, hirugarren solairua zeharkatzea zen, Aloisen azpitik, cascadako glaziarra hartu arte.

Larri ikusten ari nintzan nire burua, ur jarioak, udako baldintzetan salto batez gainditzen direnak, izoztuak zeuden, hankaz gora joateko arrisku handiarekin, jakitun gainera, aurrerago, Aloisen menpe geundenean, gauzak askoz zailagoak izango zirela.

Buelta hartu genuen, zentzuz hartutako erabakia dudarik gabe. Brecha de Rolanera igotzea adostu genuen, gaua han pasatzeko, hurrengo egunean, argi berriarekin, gauzak beste kolore batez ikusteko itxaropenez.




Ederra izan zen ilunabarra. Are ederragoa egunsentia, indar berrituak aurkitu ginen, aukeratutako ibilbide berriarekin jarraitzeko prest.

Bizkarrean generamatzan motxila astunak, Coll de la Cascada deritzon lepoan hustu genituen. Harri handi baten azpiak eskaintzen zigun babesa aprobetxatuz, bibaka atondu genuen, eta, gaua pasatzeko trasteak utzi genituen, goizeko hamarrak ziran.

Marbore dorreen hegoalde eguzkitsuan zehar berotutako animoak, iparraldeko amildegi hotza ikuskatzean kolpez hoztu zitzaizkigun. Coll de la Cascada lepo zorrotzetik behera elur pala jelatuak ziran nagusi.




Gudarik gabe amore emateko prest ez dagoenaren amorruarekin, oztopo zuria hasten zen punturaino jaisteari ekin genion, zuhurtziaren marra zeharkatuz. 

   Mantu zuriaren gainean oinen indarrez egindako koxkara itxaropentsua izan zen, gaineko kapa haustea lortzen genuen, oinak erantsiak geratzen ziran elur jelatuan.

Unaiek, irizpide onez, ekarritako zapatilentzako gomazko kranpoiak elkar banatu genituen; batek eskuina, ezkerra besteak. Kirol zapatila arin batzuen gainean jantzi zuen Unaiek berea, nik berriz trekking bota batzuk neraman.

Soka lotu genuen, eta, horrekin, gehi, eskuetan generamatzan makilak, ziran gure segurtasun bakarra. Oraindik aukera txiki bat geneukan, baherantz hasi ginen jaisten amildegi zuriaren barrenera.

Ez zen batere erraza izan, hiruz pa lau zatietan gorriak ikusi genituen. Azkenean, saiatuen zortez, glaciar de la cascada ertzera iristea lortu genuen, pico de la cascada orratzaren azpira.




Eguerdiko hamabietan hasi ginen paretari metroak irabazten, tenperatura ez zen hotza, eguna aurrera joana zegoenez goxatua zeukan giroa.

Kontatu beharra daukat, ez ginela Bizi bizitza bidetik hasi, eskuinago dagoen bistako diedro batetik baizik, "los ojos del circo" bidearena omen da zati hau. Ekaitzen bidearen lehen luzeak ez zuen batere itxura onik, oso hautsita ikusten zen. Berak dioenez, beraiek pasatu zirenean, hasiera horretan haitz metro asko elurrez tapatuak omen zeuden.

Guk egindako sarrerak haitz ona dauka, eta, eskalada mugimendu politak ditu. Tirada luze batean, berrogeita hamar metro, erlaitz batean uzten dizu. Hurrengo luzea ezkerretara hartu genuen, terreno errazean, bilera Bizi bizitzaren bigarrenean muntatuz.




Hirugarren tiradak horma tentearen azpian jartzen zaitu. Bizi bizitzaren parabolt bileratik aurrerago beste bat dago muntatua, bi iltze dira, guk azken hau hartu genuen 7c luzea hobekien babesteko.

Ongi saiatu behar izan nintzan luze hau kateatzeko, pauso oso finak ditu, hankak ongi kokatzea, eta, fidatzea dira gakoa luze honetan.

Hurrena, 8a, Unaik ederki kateatu zuen. Soka finkatu eta, jaitsi egin zen, nahikoa genuen egun horretarako.





Hurrengo egunean gauzak errazteko, azken bi tirada hauek soka batez finko utzi genituen. Eta, geratzen zitzaigun bigarren soka, lehen luzea finkatzeko erabili genuen.

Coll de la cascada leporako igoera oztoporik gabe egin genuen, tenperaturak pittin bat gora egin zuenez elurra bigunagoa zegoen, arrastoa hobetuz, hurrengo egunean baldintzak mejoratuko diren esperantza dugu.

Gaua pasatu genuen tokiak ez zuen aitzakiarik; babestua zen, erosoa, eskaintzen zizkigun bistak paregabeak ziran, zeruan zegoen ilargi bete argitsuak laguntzen zuen horretan.

Egunsentia ez zen hotza izan, baina, gure bibak lekuaren alboan genituen ur putzu sakonak jelatuak zeuden. 

 Lehen argiekin, gosaltzen denbora asko galdu gabe, martxan jarri ginen. Dagoeneko gerturatzeko bidea ezagutzen genuen, eta, honek, gehi, arrastoa egina zegoela, azkarrago jaistea ekarri zuen, hori bai, kontu handiz ibili behar izan genuen.



Horma azpian hotz egiten zuen, baina, ez genion denborarik eman gure gorputzak ondoeztu zitzan, berehala sokatik gora jarri ginen igotzen.

Neketsua izan zen 8b luzearen azpira iristea, soka dinamiko minimo batzuetatik gindoazen igotzen, eta, ikara pixka ematen zuen honek.

Bidearen luze gogorrenari bistaz ez ziola eman behar argi zuen Unaiek. Pausoak probatuz, eta, markatuz, egin zuen lehen igoera azkar bat. Soka bildu zuen ondoren eta, jo zion serio, oztopo handirik gabe kateatzea lortuz. Nik ez nuen probatu ere egin, sokatik igo nintzan.



Hurrengoa bai, biok bistaz kateatzea lortu genuen, Unai aurretik eta ni atzetik ginela. Baldintzak apartak ziran luze tekniko hauetan aritzeko, tenperatura bost graduen bueltan egongo zen, eta, hezetasun arrastorik ez zegoen.

 Azken luzean geunden dagoeneko, haitz plaka konpaktua utzi eta, arrakala zabal bat artzen duen tiradan. Luze hau ere arazorik gabe kateatzea lortu genuen biok.




Orratz desiratuaren gainean geunden dagoeneko. Tamalez, bion arteko besarkada beroa betikotzeko aukerarik gabe, argazki kamera azken bileran utzitako petatean geratu bai zen. Ez du axolarik, ziur naiz ez dugula momentu hau sekula ahaztuko.









 











































 

3 iruzkin:

  1. Ayer vi la piada con el ipad sin conseguir traducirla, enganchado a las fotos que he revisado tres o cuatro veces.
    Hoy tengo el placer de leerte.
    Vaya rutón, vaya aventura. Unos soñando con líneas famosas a horas de avión, y otros tachando proyectos extraordinarios "detrás de casa".

    Me flipan tus aventuras y tu capacidad de exprimirte.
    Del blanquito me siguen asombrando, pero ya no me sorprenden. Papi, papi on sight por segunda vez, y continúa que te pego...

    Vaya par
    Enhorabuena
    y no dejes de explicarlas en esa mezcla de euskestellano traducido con que google me obsequia

    ErantzunEzabatu
  2. Gracias Albert!!! Por tus palabras, y pertenecer a este pequeño grupo de locos, buscadores de la belleza pétrea. Enamoradizo, a primera vista, de formas, volúmenes, tonos... de las paredes y rocas. Gracias, por contribuir a que este no deporte siga consiguiendo emocionarnos.
    Una abracada amic.
    mikel

    ErantzunEzabatu
  3. Casinos Near Me - Book your hotel in St. Louis
    St. Louis Casino is 전라북도 출장안마 your closest option for finding your 정읍 출장마사지 next hotel 김해 출장샵 stay with all of 이천 출장샵 our amenities. Find a Hotel in 부산광역 출장안마 St. Louis.

    ErantzunEzabatu